José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Juduak
harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Tradizioaren
arabera, Jainkoak berak eman zion
Lege hori bere herriari. Harengandik hartu zuten gauzarik onena zen. Lege
horretan dator egiazko Jainko bakarraren gogoa. Hor aurkitzen ahal dute behar
duten guztia, Jainkoari leial izateko.
Jesusentzat ere garrantzizkoa da
Legea, baina ez da jada erdigune. Beste esperientzia bat bizi eta komunikatu du
Jesusek: gainean da Jainkoaren erreinua; gure artean bidea nola urratuko dabil
Aita, mundua gizakoiago bihurtzeko. Ez dugu aski Moisesen Legea betetzea.
Aitari geure barrua ireki beharra dugu eta harekin lan egin beharra, bizitza zuzenago
eta anai-arreba artekoago egiten.
Horregatik, Jesusen arabera, ez da
aski «Ez hil» dioen legea
betetzea. Beharrezkoa da, gainera, geure bizitzatik erauztea oldarkortasuna edo
agresibitatea, gainerakoek gutxiestea, irainak edo mendekua. Inork hil ez duen
hark, bete du legea, bai; baina bere burua indarkeriatik liberatzen ez badu, ez
du artean Jainkoa errege bere bihotzean, alegia gurekin batean bizitza
gizakoiago bat eraiki nahi duen Jainkoa.
Behatzaile batzuen arabera, zabalduz
doa hizkuntza bat, gaur egungo gizartean oldarkortasuna handitzen doala
islatzen duen bat. Gero eta sarriago dira irainak, umilarazteko, gutxiesteko,
zauritzeko. Ukapenak, erresuminak, gorrotoak edo mendekuak eragindako hitzak.
Bestalde,
solasaldiak sarritan bihurtzen dira hitz zuzengaberen sare, han eta hemen
gaitzespena eta errezeloa ereinez. Maitasunik eta errespeturik gabe esandako
hitzak dira, elkar bizitza pozoitzen eta kalte egiten dutenak. Kasik beti
haserreak, kaxkarkeriak edo zitalkeriak eraginda.
Ez
da gertatzen hau guztia gizarteko bizikidetzan bakarrik. Arazo larria da gaur
egungo Elizan ere. Frantzisko aita santua sufritzen ari da «kristau batzuk
beste kristau batzuen kontra gerlan» ikustean: zatiketa, gatazka eta aurkaritza
biziz. Ebanjelioaren hain kontrakoa da egoera hori, non premiazko dei hau egin
beharra sentitu baitu: «Ez geure arteko gerlari».
Hona
nola mintzo den Aita Santua: «Min dut egiaztatzean kristau-elkarte batzuetan,
baita pertsona sagaratuen artean ere, baimentzen ditugula askotariko eratan
gorrotoa, kalumnia, izena belztea, mendekua, zeloa, norberaren ideiak ezarri
nahia edozein gauzaren truke, eta, are gehiago, pertsekuzioa bera, sorgin-ehiza
ankerra dirudiena. Nor ebanjeliza genezake portaera horrekin?»
Honelako Eliza
baten alde lan egin nahi du: «guztiak harriarazten dituena, elkar nola zaintzen
duzuen, elkarri nola hats ematen diozuen, elkarrentzat nolako bidelagun zareten
ikustean».
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario