José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Ezinezko
batez, egunen batean, Elizak Jainkoa ez dela Hirutasun esango balu, aldatuko al
litzateke zerbaitetan fededun askoren bizitza? Segur aski, ez. Horregatik,
txunditurik gelditzen da bat P. Varillon-en aitorpen honekin: «Uste dut,
Jainkoa Hirutasun ez balitz, ni segur aski ateo izango nintzatekeela [...]
Nolanahi den, Jainkoa Hirutasun ez bada, nik ez dut jada ezer ulertzen».
Kristaurik
gehienek ez dakite ezen Jainkoa Hirutasun bezala adoratzen dugunean, Jainkoa,
bere barnetasun sakonenean, maitasun dela, harrera eta samurtasun dela. Hau da,
agian, kristaurik gehienek behar duten konbertsioa: Jainkoa Botere bezala
hartzetik Jainkoa Maitasun bezala adoratzera igarotzea, poz-pozik eta
pixkana-pixkana.
Jainkoa
ez da izate «ahalguztidun eta betiereko» edozein bat. Izate boteretsu bat
despota izan daiteke, tirano txikitzaile, diktadore arbitrario izan daiteke:
mehatxu bat, alegia, gure askatasun koxkor eta ahularentzat. Izan ahal genezake
konfiantzarik ahalguztiduna bakarrik dela ezagut genezakeen Jainko batengan?
Oso zaila da mugagabeki ahalguztiduna den norbaitengan konfiantza ipintzea.
Ematen du, errazagoa dela fidakaitz izatea, zuhur izatea eta geure
independentzia segurtatzen saiatzea.
Alabaina,
Jainkoa Hirutasun da, Maitasun-misterio da. Eta haren guztiahaltasuna
soil-soilik maitasun-guztiahaltasuna da, atzeman ezineko samurtasun mugagabe
den guztiahaltasuna da. Ahalguztiduna, Jainkoaren maitasuna bakarrik da.
Jainkoak ezin du egin den-dena. Jainkoak ezin du maitasun mugagabeak egin
dezakeena baizik. Eta hori ahaztu eta maitasunaren ildotik irteten garen
bakoitzean, sasi-jainko bat eraikitzen dugu, existitzen ez den idolo arraro
baten antzeko bat.
Jainkoa
soilik Maitasun dela aurkitzen ez dugun bitartean, erraz jo genezake harekiko
harremanak norberaren probetxuaren edo beldurraren arabera gauzatzera.
Probetxua, Jainkoaren guztiahaltasunaz geure onerako baliatzera eragiten diguna.
Edota beldurra, baliabide-mota guztien bila jartzen gaituena Jainkoaren botere
mehatxagarriari ihes egiteko. Baina probetxuaz eta beldurraz ehotako erlijio
hau hurbilago legoke magiatik egiazko kristau-fedetik baino.
Fedetik
Jainkoa soilik Maitasun dela sumatzen eta geure bizitzaren hondoenean presente
eta pil-pil dagoen Maitasun baizik ezin izan dela aurkitzen dugunean, orduan
hasten da hazten, guztiz aske, gure bihotzean Jainko Hirutasunaganako
konfiantza; horretaz badakigu, Jesusen bidez, gu maitatu besterik ezin duela
egin.
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario