“Jesus
eta emakumea” gaia erabiliko dau bere berbaldian Ana Berrizbeitiak, martxoaren
13an, barikuz, Igorren. Hitzaldia. Igorreko Kultur
Etxean izango da arrastiko 7etan.
Pil-pilean dabil, emakumearen
eskubideak eta zereginak gizartean murriztuta dagozela-eta, ahalegin berezia
egin behar dela bere askatasun bidean.
Eleiza katolikoan ere gai hau
gero eta indartsuago entzuten da. Frantzisko aita santuak be andrearen zeregina
eta duintasuna sustatzera deitu izan dau. Aspaldi dabilz andra fededun eta teologoak
ahalegin horretan. Arantzazuko parrokiko arduradun izan zan Mari Jose Arana
horren eredu garbia dogu. Arratiako parrokietan ere emakumearen beharra nahi
eta nahi ezkoa izanik gogoeta honetan sakontzeko aukerea izango dogu.
Abiapuntua Jesusen jarrerak
ikustea eta ikastea izango da.
Zeregin honetan lagunduko
deusku Ana Berrizbeitiak. Ana Berrizbeitia teologoa da, Bilboko Teologia
Institutuko irakaslea. Oraintsu arte Bizkaiko Pastoral Kontseiluko lehendakari
ordea. HEMEN erlijio gogoeta aldizkariaren erredakzio kontseiluko kidea.
Gehiago jakiteko:
Txundigarria da Jesusen
inguruan hainbeste emakume izatea: Magdalako Maria edota Betaniako Marta eta
Maria ahizpak bezalako adiskide minak; Salome bezalako jarraitzaile leialak;
odoljarioa zuen emakume kutsatua; Feniziako emakume jentila. Ez da inongo
profetari buruz beste horrenbeste esaten. Zer ikusten ote zuten emakume judutar
haiek Jesusengan? Zerk erakartzen ote zituen horrela? Jesusen beste era bateko
jarrerak, zalantzarik gabe. Jesusek ez zien aiherraz eta mespretxuz begiratzen,
begirunez baizik; defenditu egiten zituen eta samurki hartzen, inork ez bezala.
Gizarte hartan nagusi ziren
estereotipoak kolokan jarri zituen Jesusek. Emakumea bekaturako okasio eta
egokiera omen zelako, gizasemeei arretaz ibiltzen erakusten zietenean,
erantzukizuna gizonezkoena eta hauen haragizalekeriarena zela irakasten zuen
Jesusek: "Emakume ezkondu bati
irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean" (Mateo 5, 28‑29).
Emakumearen ideal nagusia
ama izatea zelako ustea ere aldatu zuen Jesusek. Behinola, Jesusen ama goretsi
zuen jendarteko emakume batek, kultura hartan emakumeak zituen ezaugarri
nagusienak goraipatuz: sabel emankorra eta bular ugariak. Hona zer esan zion: "Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta
bularra eman zizun emakumea!". Jesusek beste era batera ikusten zituen
gauzak. Bizitza honetan dena ez da seme‑alabak izatea. Bada emakumearentzat
horl baino garrantzitsuagorik: "Hobeki
esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak! (Lukas 11,27‑28; Tomas 79, 3). Erreinuari
buruzko mezua entzuteko eta erreinuan sartzeko gai izatea du emakumeak bere
handitasunaren abiapuntu.
Beste
batean, Marta eta Maria ahizpa adiskideen etxean zelarik, zuzendu egin zuen
Jesusek emakumearen egiteko bakarra etxeko lanak egitea deneko ustea: "Marta, Marta, gauza askorengatik
zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik hoberena
aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko". Ezin da emakumea etxeko
lanak egitera mugatua gelditu. Badu egiteko hori baino gauza hobe eta
erabakigarririk: Jainkoaren hitza entzun.
Ausarki
erreakzionatu zuen Jesusek judutar
gizartean gizasemearentzat eta emakumearentzat erabili ohi zuten moraltasun‑kriterio
edo irizpide ezberdinaren aurrean. Adulterioan harrapatutako emakume bat eraman
zioten behin Jesusi, harrika hiltzeko asmoz (Joan 8,1‑11). Ez zuten, ordea, aipatu ere egiten emakumearekin zegoen
gizonezkoa, nahiz eta hari Torah lege‑liburuak agintzen zion ez gutiziatzeko
lagun hurkoarena zen emaztea. Legea egitean, gizasemeak hartzen zituzten
gizartean erantzukizundun gisa. Hobena zigortzean, aldiz, emakumeak zigortzen
zituzten erruduntzat (Irteera 20,14‑17). Jesusek
ezin izan zuen eraman itxurakeria matxista hura: "Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehenengo harria". Salatzaileek
alde egin zuten lotsaturik. Haiek izango ziren herrixka haietan
adulteriogilerik handienak, ziur aski. Kontaeraren bukaera hunkigarria da.
Maiteki eta begirunez mintzatzen zaio Jesus han, umiliatua eta lotsatua dagoen
emakumeari: "Emakume, ez al zaitu inork ere gaitzetsi?". Emakumeak,
ikaraz erantzuten dio: "Inork ere
ez,Jauna". Orduan, Jesusek: "Nik
ere ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta aurrerantzean ez egin bekaturik". Emakume
hark ez du gaitzespen beharrik. Jesusek konfiantza du emakume harengan, onena
nahi du harentzat eta bekaturik ez egitera animatzen du. Jesusen ahotik,
ordea, ez da inolako gaitzespenik ateratzen.
Jose Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario