Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana azaroari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz.
Hilabete honi eskeinitako atala luzea danez, zati bitan emongo dogu:
1.- Domu Santu, Arimen Eguna eta linoa
2.- San Martin, txarribodak eta ikatzgintza,
Eskerrik asko Manu!Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.
Azaroa, Zemendia edo Azila. Hilabete hau, bere izenak adierazten deuskunez, haziarekin
lotuta dago. Herriko esaera zaharrak dioenez, “ orri erorte gari ereite...”
sasoi honetan, behin irailaz gero lino, gari eta abarren ereitean sartzen ziran
gure aurrekoak. Gaur egun, linoa eta hainbat euskal lurraldetan garia bera ere
historia bihurtu da.
Beraz, sasoi honetan, lurrak landu eta ereitzak eginda ixten ziran gero
hurrengo urteko udan uztak lortzeko.
Behin ereitzak eginez gero, beste ekintza batzuk nagusituko dira gure
baserrietan. Bata etxean bertan, linoaren kultura eta bestea basoan,
ikazgintza.
Beste alde batetik, kristautasuna sartu ahala, Eleizeak ospakizun handi bat
kokatu eban hilabete honen hasierako egun bietarako: Domu Santu eta Arimen
eguna.
Hilabete honi eskeinitako atala luzea danez, zati bitan emongo dogu:
1.- Domu Santu, Arimen Eguna eta linoa
2.- San Martin, txarribodak eta ikatzgintza,
1-. Azaro, azaro, erein eta itxaro
2-. Azaro euritsu, urte garitsu
3-. Azila hotz, negua hotz, azila bero, negua bero
4-. Zemendian San Martinek orio zaragiak aurretik zein atzetik bota
5-. Hazileko ortzia, neguko eguzkia.
1.- DOMU SANTU
Azaroaren lehenengo egun hau, izen ezbardinekaz ezagutzen da. Domu Santu,
Domuru Santu, Domuru Santuru, Domini Santu, Dome Santoe (Z), Omiasaindu(BN)
dira entzutetsuenak.
Kalendariora bagoaz, egun hau beti da jai eguna eta egun handi bihurtu da
kristautasuna zabaldu den neurrian.
Hiletak eta olatak banan-banan ospatu arren, zemendiaren batean santu
guztien eguna ospatzea erabaki zuen Eleizeak eta harrezkero, gure eleizak
bete-bete egiten dira hildakoak gogoratzeko.
Hilerri edo ortusantuak egiten hasi arte, eleiza barruetan lurperatzen ebezen
hildakoak eta familia bakoitzak bere sepultura tokia zeukan kokatuta eleiza
barruan.
Domu Santu egunean, olatak eroaten ziren sepulturara. Familiako sepultura
gainean, haginadura eta guztizko mantel zuria ipinten zen erdian zapi beltz bat
ebala. Antzina, opariak eroaten ziran, zakuto bete gari, ogia eta abar baina
azken urteotan dirua. Sepulturaren aurrekaldean, kandelargi edo zurlanduzko
argizaiolak ipintzen ziran, nork gehiagoka ere erakutsiz.
Olatako ogiak, meza ostean, batu egiten ziran eta sakristiara eroan.
Batzuk, abaderentzet ziren, beste batzuk monagiloentzat eta gainetikoak herriko
umeentzat.
Urteak joan urteak etorri, hilerri edo ortu santuak egiten joan ziren,
eleizari deutsala edo inguruan eta eleiza barruan sepulturak bakarrik itzi,
sendi bakoitzari bere ohiturazko tokia adieraziz.
Gerora, Domu Santu egun honetarako, hilerri edo ortusantuak apaindu egiten
ziran eta egiten dira. Eleizan, eleizkizun otoitza egiten da eta azkenean
hilerrira bisita errespontso eta guzti.
Aspalditxotik, nitxo edo panteoiak erabiltzen dira hobiratzeko eta azken
urteotan gorpuak erre egiteko joera zabaldu da eta gero hautsak ortusantu zein
mendi-erreketan bota edo etxean gorde.
Egiten dana egiten dala, gaur egun ere gure herrietan ia-ia herri osoa
alkartzen da egun honetan eta giro paregabea bizi izaten dogu eleizkizunaren
inguruan.
2.- ARIMEN EGUNA
Azaroaren bian, arimen eguna ospatzen da. Asteguna danez ospakizun
familiarragoa egiten da. Meza eta ortusantura joan-etorria errespontsoa
bitarteko dala.
Egun honetan, purgatorio edo garbitokiko arimen aldeko nobena edo
bederatziurrena egiten hasteko ohitura handia zegoen.
Katekesian entzuten genduenez, hildakoen arimak ez ziran sartzen zeruan
harik eta lurrean txarto egindako hutsak garbitu arte. Garbitze horretarako,
bizidunen otoitzak ziran beharrezkoak
eta holantxe sortu izan dira arimen aldeko hainbat eta hainbat otoitz.
Eleizako sineskeraz aparte, herri mailako ipuin edo eta esaunda ugari ere
sortu izan da arimak zeruratzeko kontuan.
Herritar eskoren ustez, lurrean zeozer bete barik hildakoen arimak eleizaz
eleiza eta ermitarik ermita ibiltzen omenei ziran gauiluntzeko abemarietako
kanpaietatik egunsentiko kanpaietararte. Aikomenzan bi ipuin edo esaunda
esanguratsu:
ARIMAK LAMINDAON
Gaubiluntzetan
antza, arima koadrilla ikaragarria, elia ibilten ei zan eleiza eta ermitarik
ermita euren munduko okerrak arteztu arteraino.
Baten,
aberatsen baten arima ei ebilen sokorru baten Lamindaoko elezportalean eta ba
hango baten batek barruntatu ere egin ei eban eta joan ere bai. Eta badaezpada
“aitearen” bat egin eta badinotso:
-Nor
zaren beist, zer ofreziduten jatzu?
-Ba
urlia naiatzu eta honantxe eta honantxe urli lekutako etxeko orma zuloan
honenbeste hamaseiko gorri itzi nituen gordeta eta senitarteko inori esan barik
hil, eta inori esan barik hilez gero ezin da bat sartu zeruan, horixe mesedez
esango bazeunskio gurekoren bati?
-Hori
baino ez bada egingo jatzu, baina ez zaitez honenbeste estadio barruan arrimatu
nigana, zagoz hor geldi eginbeharrok egin arte.
Eta
gizon horrek emon ei eban parte eta familiak hartu ere bai diruon gozamena eta
zati bat hamarrenak eta limosnatan emon seguru eleizeari. Handik gehiago ez ei
zan ikusi arima hori, zeruak hartuko eban!
GAUEKO
TXARRI-ELIA: ERDIA TXARRI ETA ERDIA ARIMA.
Baten
antza, hortik Gallotik Kolasiñorantz joan ei zan andre bat abemariak jo eta
gero, eta Galloko kurtzeroko oilarraren ondotik joiala, txarri-eli edo txarri
banda bat agertu jakon irrintza eta urrumotsean.
Andre
hori, odolak ur egiteko moduan zegoen zer egin ez zekiela. Apur bat konortera
etorri zanean, barriro ere abemariak errezatu eta orpoetan har barik ekin eutson
etxera-bideari.
Behin
etxeraz gero, bizitako guztia kontatu eutsen berekoei. Etxekoek burlazartzat
hartu eutsoen kontatutako guztia esanez:
-Txarri-eli
batek urten badeutsu bidera, zergaitik ez dozu ba ekarri bat etxera, urtean
zehar hazi eta jateko?
-Zagozie
ixilik! -erantzun eutsen harek andreak-; horreik ez dira izan kortatxietako
moduko txarriak, horreik erdia txarri eta erdia pertsona-arimak izan dira,
hilez gero kondenaturik dabiltzanak mundurik aramaio harik eta euren bizitzako
mantzinkerien ordea betatu arte. Horrekin kontuz! Horrengandik hobe egun argiz
apartatu, zein norberari behar ez danaren bat egin. Barriro dinotsuet, kontuz! eguna
egunezkoentzat da eta gaua gauezkoentzat; honeek azkenengook, norbera bila joan
barik ere laster gainetu litezke gero! Gauari errespetoa izan behar jako,
ezbeharrak gertatu egiten dira eta!
Harek
andreak, hain esan zituen berbok barrutik eta bene-benetan, etxekoak ere hartan
geratu ziran eta ez eben komertazino hori gehiago atara euren artean,
badaezpada!”
3.- LINOAREN BEHARLEKUA
Euskal Herrian, ehun modernoak sartzen hasi arte, linu eta artilezko oihal,
jantzi eta abarrak egiten ziran.
Artile eta linu irutea andrazkoen beharlekua zan eta udagoien eta neguko
gauiluntzetan goruetan eragoioen bakarka edo taldeetan ikaragarrizko tertuliak
eginaz.
Artilea errez lortzen zan. Behin uda joanez gero, ardiak mutildu egiten ziran
eta mendira bota. Lana edo artilea haria egiteko zein koltxoitarako erabiltzen
zan, lastamarragazkoa baino erosoagoa zalako. Behar zanaren gainetikoa saldu
egiten zan.
Abarka trailak eta egiteko, ardi baltzaren lana nahasten zan, horretarako
azuri baltzak ere hazi egiten ziran artaldeetan.
Linuaren prozesua luze eta gogorragoa zan eta batek baino gehiagok kontatu
zein kantatzen izan ditu linuaren penak eta nekeak.
Esaera da izan ere baina,” linoaren atsekabeak, amaigabeak ” izaten ei ziran.
Linua, irailaren azkenean edo urrian ereiten zen hurrengo urteko San Juan
inguruan batzeko.
Linua, eskuz ateratzen zan, sustraitik eta egun batzuetan sikatzen itzi
linaza soloan bertan.
Gero eskutadak egin eta etxera eroaten zan, jo eta hazia garantzeko.
Hazia gorde egiten zan hurrego urterako eta lastoa edo belarra putzu edo
errekara eroan ondo beratuteko.
Hamabost bat egun igaro ondoren, linu-sorta guztiak hartu eta etxe aldera
eroaten ziran. Eskutaden estukinak desegin eta zabal-zabal jartzen zan linua
larrainean sikatu eta azala usteltzeko.
Gero, etxeko atarian, linarrian zanpatu edo mazoaz jo egiten zen dana, azal
ustel eta sastaparra guztiak bota arte.
Hurrengo beharra, ezpatatu eta trangatzea zan linuaren harigaia harrotu eta
biguntzeko. Jarraian, andrazko eta gizonezkoen linu-afaria.
Hurrengo pausua subarasketa zan.
Subaratsak linua harrotu eta bigundu egiten eban eta baten barik hiru
bider eginez gero hobeto.
Behin horraz gero, orrazketa zetorren, zarrantxa izeneko tresna bat zan,
ohol luze baten puntan hamar-hamabi zentrimetrotako untzeak zituena orrazi
modura. Harigai xeheagoa nahi izanez gero, orraztualdi gehiago emon behar
izaten jakon. Guztietatik xehe edo finena amukoa edo kirrua zan, izara,
atorra edo gizonezkoen alkondarak
egiteko erabiltzen zana; muiloa latzagoa eta mukerra edo burutxa bastuena.
Hori guzti hori egin ondoren, irun egiten eban gorulariak goruetan ekinaz.
Irute horren azalpena adierazteko zer
politagorik R.M.Azkuek jasotako iparraldeko “ Oh!, Pello, Pello “ abesti
famatua baino: Aikomen:
OH! PELLO, PELLO
1-.
Oh! Pello, Pello
logale nauk eta
jinen niza oherat?
Irun ezan eta
gero, gero, gero
irun ezan eta
gero, gero bai.
2-.
Oh! Pello, Pello
irun diat eta
jinen niza oherat?
Astalka zan eta
gero, gero, gero
astalka zan eta
gero, gero bai.
3-.
Oh! Pello, Pello
astalkatu diat eta
jine niza oherat?
Harilka zan eta
gero, gero, gero
harilka zan eta
gero, gero bai.
4-.
Oh! Pello, Pello
harilkatu diat eta
jinen niza oherat?
Irazki zan eta
gero, gero, gero
irazki zan eta
gero, gero bai.
5-.
Oh! Pello, Pello
irazki diat eta
jinen niza oherat?
Jos ezan eta
gero, gero, gero
jos ezan eta
gero, gero bai.
6-.
Oh! Pello, Pello
josi diat eta
jinen niza oherat?
Argia dun eta
bihar, bihar, bihar
argia dun eta
jinen hiz bihar.
No hay comentarios:
Publicar un comentario