Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 30 de junio de 2016

Hurrengo pausoa

Rufino Iraola

Manifestazio eta ekintza asko burutzen da, helburuei dagokienez, emaitza eskasekin eta auto-konplazentzia handiarekin. Antolatzaileak oso pozik agertzen dira, milaka lagun manifestatu direlako, eta hurrengo egunean egunkari batzuetan hori islatuko dela pentsatuta; elkar besarkatuko dute hainbeste jende erakartzea lortu dutelako, eta pozez gainezka ospatuko dute. Manifestazio askotan ikusi ditut protagonistak ezpainetan alderik aldeko irribarrearekin pankartak biltzen eta hurrengorako gordetzen, txalo zaparrada izugarria entzun ondoren.


Baina manifestazio horrek edo ekintza horiek izango zuten, bada, jende asko biltzeaz gain, beste helbururen bat? Eta zenbateraino bete dira helburu horiek? Zenbait kasutan oso portzentaje txikian, hutsaren pare. Jakina, antolatzailez gain, bada beste talde bat ere: hain zuzen, egoera jasaten duena, eta egoera horren kontra egiten da manifestazioa. Arrakastaren aipamena eta goraipamenak, maiz asko, talde horri destinatuak izaten dira; gutxi gorabehera, honako mezu inplizitu honekin: «ikusten duzuen bezala, ez gaude geldi, ahal den guztia ari gara mugitzen, ez dezazuela pentsa ezer egiten ari ez garenik…» Emaitzak, ordea, kostata iristen! Nahiz eta hori ez den oztopo berriro ere antolatzen jarraitzeko, horrek betetzen baikaitu, badakigulako, ondorioak ondorio, ekintza bera oso arrakastatsua izango dela.

15-M baino mugimendu eta mobilizazio arrakastatsuagoak ez dira asko izango, eta gauza dezente egiten ari zen. Hala eta guztiz ere, norbaitek erabaki zuen –denak ez ziren alde egongo, noski!– hurrengo pausoa eman beharra zegoela. Mugimendu horrek, masa-mugimendu moduan lan eginez, unean uneko injustizien kontra borrokatuz, segur aski mobilizazio aldetik bermatua zeukan arrakasta.

Hala ere, gehiengoak, alderdi politiko bilakatzea erabaki zuen, hau da, hurrengo pausoa ematea deliberatu zuen. Eta bide horretatik landu nahi ditu 15-M mugimenduak planteatzen zituen errebindikazioak. Seguru nago, pauso hori eman gabe, jende gehiago aterako zutela kalera; baina alderdi politiko bihurtzeak ez al dio ematen beste indar bat, beste efikazia bat, nahiz eta problema asko sortu eta kritika ugari jasan behar, batzuk justifikatuak, beste batzuk kalumnia hutsak?

Bizitzako edozein planteamendutan hurrengo pausoa oso inportantea da. Arrakasta hutsak, maiz asko, ez du emaitza onik izaten. Espiralean bueltaka ipintzen du, penagarri.



No hay comentarios: