Abenduko izarrak

sábado, 7 de octubre de 2023

Laudate Deum-en hamar ideia nagusi

 


(José Ignacio García SJ) 2015eko maiatzean, Frantzisko aita santuak Laudato si' entziklika argitaratu zuen. Idazki horretan, gure garaiko ingurumenaren auziari buruzko ikuspegi katolikoa zedarritu zuen, “ekologia integrala” zeritzonaren bidez, ingurumena eta gizarte arloa erabat lotuta daudela adieraziz. Hilabete batzuk geroago, 2015eko abenduan, Klima Aldaketari buruzko Alderdien XXI. Konbentzioa bildu zen, COP 21. Klima aldaketari aurre egiteko Konbentzioa sinatu duten estatuen bilera da. Parisko topaketa hartan, Laudato si'ren mezuak oihartzun handia izan zuen buruzagi politikoen hitzaldietan.

Zortzi urte geroago, zientziak jarraitzen du gure planetaren narriadura klimatikoaren erakusgarriak ematen. Ondorioak gero eta gogorragoak dira, eta eraginik bortitzena, bereziki, herrialderik ahulenek eta pobreenek jasaten dute. Aurtengo abenduan, berriro bildu zen konferentzia, oraingoan Dubain (COP 28). Frantzisko aita santuak topaketa horren alde egin nahi du, egoera oso larria dela eta orain arteko erantzuna guztiz eskasa izan dela jabetuta. Aita Santuak oraingoan akordio bat lortu dadin nahi du, "drastikoa, sendoa eta denen konpromisoa lortuko duena". Baina eraldaketa ekonomiko eta sozialaren bidean jarriko gaituen nazioarteko multilateralismo berria hauspotzeaz gain, Laudate Deum, Goretsi Jainkoa (izen hori du exhortazioak)  katolikooi ere zuzentzen zaigu. Aita Santuak eszeptizismoak eta aurreiritziak gainditu eta klimaren egoera larriaz jabetzeko gonbita egiten digu.

Laudate Deumeko 10 ideia nagusi

Testu honen motibazioa hau da: egoerak okerrera egiten jarraitzen du eta pertsona ahulenek jasaten dituzte ondorioak.

Horregatik, eta egoera are larriagoa delako, partekatu nahi izan ditut orri hauek zuekin. (4)

Dagoeneko ezin da zalantzan jarri klima-aldaketaren jatorria gizakia bera dela –jatorri antropikoa duela, alegia–.

Behartuta nago begi-bistakoak diruditen zehaztapen horiek egitera, Eliza Katolikoaren barruan ere mespretxuzko iritzi ez oso arrazionalak zabal dabiltza-eta. Ezin dugu jada zalantzan jarri aldaketa arriskutsu horien ezohiko abiaduraren arrazoia ezkutaezina dela (14).

Sasoiz gabiltza kalte are larriagoak saihesteko.

Premiazkoa da begirada zabalagoa izatea; izan ere, aurrerakuntzak miresteaz gain, beste eragin batzuei ere begiratu behar diegu, seguruenik orain dela mende bat imajinatu ezinak zirenei (18).

Paradigma teknokratikoa honetan datza: pentsatzea «errealitatea, ongia eta egia espontaneoki jalgitzen direla botere teknologiko eta ekonomikotik» [1].

Hotzikara ematen du konturatzeak «ezagutzak eta lortu ditugun beste gaitasun batzuek egundoko ahala ematen digutela. Hobeto esan, ematen diote ikaragarrizko nagusitasuna, gizadi eta mundu osoaren gainean, ezaupide hori daukanari eta, batez ere, erabiltzeko ahal ekonomikoa duenari. Gizadiak inoiz ez du izan horrenbeste ahalmen eskura eta ezerk ez du bermatzen ondo erabiliko duenik, batik bat orain arte nola darabilen ikusita. [...]. Noren eskuetan dago eta noren eskuetan egotera irits daiteke horrenbesteko boterea? Guztiz arriskutsua da gizadiaren parte txiki baten eskuetan bakarrik egotea.». [2] (23).

Paradigma teknokratikoaren berezko pentsamenduak itsutu egiten gaitu eta ez digu uzten ikusten boterea handitzeak ez diola aurrerakuntzarik ekarri gizateriari.

Paradigma teknokratiko horren aurka esaten dugu gure inguruko mundua ezin dela aprobetxatzeko bakarrik izan, inolako neurririk gabe, inolako mugarik gabe. Ezin dugu esan, ezta natura gure bizitza eta proiektuak garatzen ditugun "esparru" hutsa denik ere: "naturaren parte gara, eta elkarrekin uztarturik gabiltza"; beraz, [3] "mundua ez da kontenplatzen kanpotik, barrendik baizik". [4] (25)

Krisi honek ez du izate fisikoarekin edo biologiarekin bakarrik zerikusia; ekonomiarekin eta guk hura ulertzeko erarekin ere loturik dago.

Etekinik handiena kosturik txikienarekin lortzearen logikak, arrazionaltasunez, aurrerakuntzaz eta promesa engainagarriz mozorrotuta ere, ezinezko bihurtzen du denon etxearekiko benetako kezka eta baztertuak gora egiteko edozein arrangura izatea. Azken urteotan konturatzen gara, hainbeste profeta faltsuren promesen aurrean leloturik eta liluraturik gaudela; batzuetan, behartsuak eurak ere engainuan jausten dira, eurentzat eraikitzen ez den munduaren engainuan. (31)

Multilateralismoa berreratu behar dugu, areago, birsortu egin behar dugu.

Epe ertainean, globalizazioak berezko kultura-trukeak, elkar gehiago ezagutzea eta populazioak integratzeko bideak bultzatzen ditu eta "behetik hasten den" multilateralismoa eragiten du, eta ez soilik boterean dauden eliteek erabakitakoa. Herrialde askotako borrokalariek elkarri lagunduta, hainbat eskakizun sortzen dira mundu osoan behetik, oinarrietatik, eta boterean daudenak presionatzera iritsi daitezke. Espero dezagun hori gertatzea krisi klimatikoari dagokionez. Horregatik diot berriro ere «herritarrek botere politikoa —nazionala, eskualdekoa eta udal mailakoa— kontrolatzen ez badute, ingurumenari egiten zaizkion kalteak ere ezin direla kontrolatu». [5] (38)

Izaki sentikor gisa agertu eta, aldi berean, funtsezko aldaketak eragiteko ausardiarik ez izatearen logika gainditu behar dugu.

COP28 (Dubai) historikoa izatea lortzeko benetako interesa badago, gizaki gisa ohoratu eta goratuko gaituena, orduan, trantsizio energetikoak loteslea izan beharko du eta hiru ezaugarri izango ditu: eraginkorra izango da, nahitaezkoa eta erraz monitorizatzeko modukoa. Hori guztia, prozesu berriari ekiteko izango da eta hiru alderdi nabarmen izango ditu: drastikoa izango da, sendoa eta denon konpromisoa duena. Ez da hori orain arte egindako bidean gertatu dena. Prozesu horrekin bakarrik berreskuratuko litzateke nazioarteko politikaren sinesgarritasuna, modu zehatz horretan bakarrik izango baita posible karbono dioxidoa nabarmen murriztea eta gaitz okerrenak garaiz saihestea. (59)

Benetako fedeak bizitza osoa eraldatzen du, norberaren helburuak aldatzen ditu, besteekiko harremana eta sortutako guztiarekiko loturak argitzen ditu.

Aldi berean, «mundu honetako kreaturak ez ditugu errealitate natural huts bezala ikusiko. Berpiztuak estaltzen ditu misteriotsuki eta asebeterantz orientatu. Bere giza begiez kontenplatu zituen zelaiko lore haiek berak eta hegaztiak, orain bere presentzia argitsuaz beterik daude.» [6] «Unibertsoa Jainkoagan garatu zen; eta Jainkoak dena hartzen du. Beraz, mistika dago orri batean, bide batean, ihintzean, pobrearen aurpegian». [7] Munduak amaigabeko Maitasuna du kantu, zelan ez zaindu? (65)

Ez dago aldaketa iraunkorrik aldaketa kulturalik ez badago, gizarteen bizimoduan eta sinesmenetan heldutasunik ez badago, eta ez dago aldaketa kulturalik pertsonengan aldaketarik ez badago.

Goretsi Jainkoa da gutun honen izena. Izan ere, Jainkoaren lekua hartu nahi duen gizakia bere buruarentzako arriskurik okerrena bihurtzen da.

 

Denon Etxearen zaintzari buruzko koordinatzailea (Espainiako probintzia)

[1] LS (Laudato si'), 105

[2] LS, 104.

[3] LS, 139.

[4] LS, 220.

[5] LS, 179.

[6] LS, 100.

[7] LS, 233.

 


No hay comentarios: