Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

jueves, 26 de mayo de 2022

Errogatiba bideak 03



Arratiako kultur ondare ez-materialaren erakusgarri ditugu errogatibak. Ohitura honek bere inguruan batzen ditu Arratiako herri guztiak. Baina ezin ulertu beste kultura eta sasoi ezbardinetako erromesaldietatik aparte. Erreportaia honetan lau sinbolotan sakonduko dogu: bidea, arbolea, mendia eta ura. Oraingoan arbolea.


Errogatibea eta arbolea



2011.eko errogatibean, Arratiako haretxa eroan genduan Urkiolara eta, bedeinkatu eta gero, santutegiko arduradunek esandako tokian landatu. Hantxe dago, igoerako eskeileratan, eskoira, nahiko goian. 


Ez genekian orduan erromesaldiak eta arboleak, kultura eta mendeetan, izan daben hain lotura estu zabala.

         Erromes edo peregrinoaren bide lagun da arbolea. Bidean eta helmugan. Erromesak bilatzen dauen misterioaren erdigunean eta ibileraren amaieran.

         Arbola bakoitzak bere esangurea dauka. Budista eta hinduen tenpluetako pippal edo odol gorriko pikondoa emonkortasun ezaugarri da. Eskandinaviako lizar edo Yggdrasil haretxa arbola mitikoa da, munduari eusten deutsona, erroak Jainken lurrean sarturik. Attisen kultuaren pinondoak hilezkortasuna adierazten dau. Altare sintoisten ondoan landatzen dan sakaki arbolaren moduan, beti berde, beti bizi. Egiptoko sikomoroak jainkoen ziurtasuna eta babesa azaltzen dabe.

         Eta kristau kurutzea? Oso zaharra da kurutzearen ezaugarria. Badago Txinan, Egipton, Knossos eta Kretan. Erromesaren sinbolo iraunkorra kristau erromesarengan. Biziaren arbolea. Jakituriaren arbolea. Gizaki barri dan Kristoren biziaren arbolea. Bariku santuan Kristoren odolaz bustia. Salbamen frutuaz betea Pazko domekan.

         Edengo lorategiaren arbolan aurkitzen dogu bere arketipoa. Hirugarren egunean sortuak izan ziran frutua emoten daben arbolak (Gn1,29). Ona eta txarra bereizteko jakituriaren arboleak mugatzen dau giza izaera (Gn 3,22). Bere jaustea adierazten dau, aldi berean bere jasoera, Jainkoak irabazleari biziaren arbolaren frutua emongo deutso eta (Ap 2,7). Bibliaren hasieran eta amaieran.


         Jesseren arbolaren gainean egiten dau berba Isaias profeteak, handik sortuko da kimu barria (Is 11,1-2). Kristau artean eta literaturan arbola horrek emoitza parebage eta kontaezinak emon dauz. 

         Arbolea sarritan kultugai izan da, biziaren ezaugarria, kosmoaren irudia. Zeru lurrak batzen dituena. Izaki eta gizakien joan etorri etenbakoaren sinboloa. Gizakiaren hazkundearen sinboloa. Erromesaren bidean hori guzti horren oihartzunik badago. Konzientzia biztuz. Barritzeko beharrizana izartuz. Bidearen helmugan aurkituko dauan sakratuagaz bat egiteko prestatuz.

         Txiripaz edo ez, azken ikasturte honetan, Arratiako familia askotan eta parrokietan Fedearen arbolea gaia landu dabe, fedearen ibilbidearen argigarri. Kantuz, eskulanez, katekesiz, ospakizunez. 

         Ur-ertzean bizirik
zenbat zuhaitzondo
sasoian zelan ez dau
fruiturik emongo?
Uren pozez ez jako
lehorrik igongo,
danean ondo eta
danontzako ondo.
 (1. Salmoa).

         Aurten be, Arteako herria izanik errogatibaren antolatzailea eta sakatzailea, arte landare bat eroango da Urkiolara, artea eta urkia, bailara eta mendia, egunerokotasuna eta betikotasuna, asteguna eta jaieguna buztartzearen ezaugarri moduan.

Jose Mari Kortazar

(Testu honen oinarrian, ideia asko honi zor deutsadaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona, 2013, 240-252. or)

 


No hay comentarios: