Goazen 2024 Jarri bidean

sábado, 21 de mayo de 2022

Errogatiba bideak 02



Bidea egiteko hamaika arrazoi dago. Batzutan negozio bategaitik egiten dogu bidea. Besteetan hitzordu bat dogulako, Inoiz errekaduak egiten, edota altxorraren bila. Erromesaren asmoak bestelakok dira. “Zeharo bestelakoaren” bila doa erromesa. Jainkotasunaren arrastoen bila. Jainkotasunaren argi izpien atzetik.

           Latineraz “peregrinus”, bere lehen esangura ibiltaria edo atzerritarra zan. XI. gizaldira arte ez da asumitzen esanahia sakratuaren bila dabilanaren ibiltariagaz. 

Bide hau egitea, ezbardinaren bila ibiltea, kristautasunaren aurretikoa da. Bere arrastoak dagoz haitzuloetan, Carnaceko menhirretan, antzinako Mesopotamian (ziggurat izeneko eraikinak zerua eta lurra batzen ebazan), Egipton… Erromesa jainkotasunagaz bat egiteko asmotan doa.

Hasierako esangureagaz konturatzen bagara, erromesa edo peregrinoa “atzerritar bat da bere herrian”. Urte batzutan lur eta herri honen seme-alaba da. Giza izateari dagokiozan baldintza eta aukera guztiekaz. Herri hau maite dau. Herri honen lade lan eta negar egingo dau. Baina harago, sakonago, gorago joateko gose-egarri da. Peregrinazioa, errogatibea, sinbolo bat da. Jainkoaren Huriaren bila doan gizakiaren sinboloa. Zeruko Jerusalen hori, bere ibilbidearen iparra, santutegi bat, mendi bat, huri santu bat, ibilbide luzearen helburua izan daiteke.  “Erromes arimea” izatea deitzen jako honi.

Arratiako errogatiben gure kasu honetan, helburua santutegi eta mendi doguz, aldi berean. Mendia, kristautasun  aurretik be bai. Santutegia, Antonio santuen goi mendiko eleizeagaz bateatutako tokia.

Bidaia bera, neurritasun eta austeridadez egin behar. Errogatiban taldeka gainera. Garbitasun progresibo baten. Eleizean sartu orduko, errogatibak ospatzeko, azken garbikuzia egingo dau erromesak, bere herritarragaz batera, errukia ospatuz, parkamena eskertuz, santu eta santa guztien laguntzagaz. Hauxe da hasierako prozesioa, antzinako luzeago zan prozesio baten aztarna.

Jaunari kanta, ona da-ta!” entzungo da aurten ehunka arratiarren ahotan. Arratia maitatuz eta landuz, bestelako Arratia bat eskatuz, zuzenagoa, libreago, solidarioagoa.

(Testu honen oinarrian, ideia asko honi zor deutsudaz: Julien Ries, El símbolo sagrado, Barcelona, 2013, 240-252. or)

Jose Mari Kortazar


Monumento a las rogativas, Puerto Rico, América

No hay comentarios: