Abenduko izarrak

jueves, 18 de abril de 2019

Isildu, harritu, onbideratu

Eguen Santua Arantzazun

Aintzaka eta goraka eta aupaka emon geuntsan ondo etorria Jesusi Erramu domekan. Erramuak eta bihotza jasorik, haren ametsagaz, haren asmoagaz, haren barrionagaz bat egin gura dogula esan eta kantau genduan. Orduan eta aste osoan zehar.
Horixe barritu gura dogu gaur, eguen santu honetan, bihotza bero.

Agur bero bat, Bizkaia Irratiaren bitartez aurtengo gogoetatxo hau entzuten, jarraitzen zagozen guztiok. Agur bero bat Arratiako Igorretik, …… eta ….. izenean. Batzuk gaixorik ohean, besteak gauzak egiten etxean edo kotxean handik hona. Beste batzuk etxean edo egoitzan. Egin daigun ahalegin bat eta sartu gaitezen imaginazinoagaz eszena haretan…






        
Isildu

Isil isilik entzun beharko genduke eszena hau eta isil isilik imaginatu gu be hantxe gagozela. Jesusen berbak eta keinuak ikusi eta entzuten. Horretarako gure barrua isildu behar dogu. Giroa, lekua, tokia egin Jesusen Berbeari.

Nonahi zabaldu da ustea eze isiltasuna hutsune bat dela, berbarik eza besterik ez. Inportantzia kendu deutsagu besteari entzuteari zeozer esateko daukanean, eta halan jokatzen dogu, sarritan, gehien gura doguzanakaz. Entzuteko atentzinorik ez jartea errespetu falta bat da.

Isiltasuna sentitzen dogu dala gura bako bakardadearen antzekoa edo. Bakardade hori gizaki modernoaren gaixotasun bat da,  hau da, norbere buruagaz bakarrik egoteko desasosegua; jentez inguratuta be, bildurra euki geinkio bakardadeari. Eta bakardadea burrukatzeko, beste ertzera joan gara, zaratearen gizartera, zeinean beti egon behar dauan zeozer konektatuta: telebista, irratia, musika, teknologia barriak…

Ez gara jaio halako marmarra behar dogula inguruan etengabe. Geuk sortu dogu beharrizan hori.

Horri guztiari erantsi behar jako handitu egin dala kalean zaratea: obrak, trafikoa, klaxona... Agur gure baserrietako animalien zarata eta haizearen laguntasun aldakorra.

Gehiegikeria guztiak txarrak diran arren, argi dago ze gure gizartean faltan doguna dala isiltasun aberasgarria, eta jabetu beharko ginateke, gure osasun mentalaren onerako, ikasi beharko geunkela isiltasuna eregiten. 

Isiltasuna egin Jesusen berbea onartzeko lurrak hazia hartzen dauan legez. Amak umea altzoan hartzen dauan legez. Maitaleak maitatua besarkatzen dauan modura.

Barruko, bihotzeko isiltasuna egin ostean, entzun daigun, astiro, gogotsu, gaurko lehen irakurgaia:

Jesu Kristo gure Jaunaren Nekaldia San Lukasen liburutik

K Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:
+ «Baneban gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara Nik esan: ez dot gehiago Pazkorik ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan ere betera heldu arte».
K Eta kaliza bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:
+ «Hartu egizue eta banandu zeuen artean. Hara Nik esan: ez dot gaurtik gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
K Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon egin eutsen, esanez:
+ «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
K Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez:
+ «Kopa hau itun barria da, zuentzat isurtzen dan nire odolaz ezarria».

Harritu

Entzun eta entzun, pasarte honek ez deusku ia harridurarik sortzen. Eta gaur ahalegina egingo bagendu begi barriekaz ikusteko eta belarri garbiekaz entzuteko Azken Afariaren testu hau? Maitasun historia hau?
Nonon irakurri dot ze badagoala eleiza katoliko bat Malasian, non bere eleiztar urriak eslogan bat daukien ikusgai, dinoana: "Gaurko egunsentia ikusi ezin izan badozu, ez dau ardura. Bihar beste bat oparituko deutsut. Sinatuta: Jaungoikoa". Ez da haisera ederra?
Domekako mezatan edo etxera ekarri deuskuen komunioan ez badogu Jesusen laztana sentidu, Jesusek beste bat oparituko deusku. Bera ez da gugaz aspertzen.
Filosofia oro harriduratik sortzen da, harridureak itaunak egitera eroaten gaituelako. Eta harridurea, otoitz modura, eskerrak emotearen aldagai bat da.
“Ahalguztidunak lan harrigarriak egin ditu nigan”, esklamazino hori Mariaren ahotan jarten dau Lukasek, geure egin daigun, eta sarritan errepikatu. Zeozerk edo nonork emozionatzen gaituanean, ezin dogu emozino hori adierazo barik itxi. Poza ez da osoa, partekatu egiten ez badogu, konpartitzen ez badogu.
Asko daukagula-ta harridura agertzea, eta ez asko falta jakula-ta kexu bizitzea, jarrera horrek ondorio bat dauka, Kristo beragan sustraituta dagoana: bedeinkatuak garela jakiteak gonbidatzen gaitu partekatzera jaso doguna; poztasuna partekatu bai, baina baita beste batzuei falta jakezan dohainak be.
Zer kristinau gitxi jabetzen diran nondik datorren jaia. Erderazko bai "fiesta" bai "festival" berbak  festus berba latinotik datoz, zeinaren esanahia dan ekitaldi erlijiosoetara dedikatutako egunei dagokiena. Instituzionalizatu egin dogu "jai" ospakizuna (ospakizun liturgikoa), adierazteko gure poza Jaungoikoak deuskun maitasunagaitik, baina ez daukagu Jaungoikoak maitatuak sentitzearengan harrigarrizko esperientziaren lilura hori.
Eguen Santu honetan, egin daigun jai, benetako jai, Jesusegaz bat egin, bere mahaian jesarri. Mezatan edo ezinezkoa bajaku, otoitzean. Harritu Jainko Ona guganatu dalako. Apaltasunez onartu bere maitasuna.

Onbideratu

Izan zaiteze guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez

Nonogaitik dinogunean persona ona dala, pentsau ohi dogu persona atsegina dala, konfiantzea merezidu deuskuna, ezetariko kalterik egingo ez deuskuna. Jaungoikoaren seme-alabak bagara, gure barrurengo txokoan ontasuna daukagu, baina inperfektuak gareanez gaiztotasuna agertzen da askotan gure eginetan.
Ez dogu gure Jauna hartzen onak garelako, onak izateko baino, hobeak izateko. Ez gure merituz, Jesusen opariz baino.
Nahiz eta jendartean oso zabalduta dagoan ontasunaren ikuspegi txotxolo bat, zeinaren arabera ona izatea biguna edo ia leloa izatea dan; hau da, ontasuna sarritan agertzen badogu, gizartearen zati handi batek lelotzat joko gaitu. Baina ontasuna inteligentzia espiritualaren ezaugarri bat da, eta ez hainbeste izakerearen ezaugarri bat.
Baina ontasunari, portaera askatzaile eta solidario modura, bizkarra emoten deutsagunean, orduan hotzitu egiten da alkarbizitzea eta ondorioak dakarz deshumanizazioak.
Entzuleei gogora ekarri gura deutsiet Paul Ricoeur pentsalari handiaren gogoeta bat, berak erlijinoa lotzen dau ontasunaren praktikarekin, baina ingurumari honetan jarten dau: Gaiztotasuna sustrai-sustraikoa izan daitekeen arren, ez da izango inoiz ontasuna bezain sakona. Eta erlijinoak, erlijinoek, zentzurik badaukie, zentzu hori da askatzea gizakion barreneko ontasun hori, haren bila joatea erabat zokoratuta daukagun txoko horretaraino. Eta holan amaitzen dau: “Ontasuna sakonagoa da gaiztotasun sakonena baino”.
Hauxe da eukaristiaren muina, barru barrua.
Itxurak arren ontasuna dala oinarria eta iturria.

Egun Santu honetan, eukaristiaren misterioaren aurrean, isildu eta harritu ostean, onbidean abiatu gaitezan.
Kotxean, oinez edo ohean etzunda.
Isilik lekutxua egin Jesusen Berbeari.
Harritu ezaugarri horretan emoten jakun maitasun handiagatik.
Harridura hori otoitz bihurtu.
Eta onbideratu. Onari erreparatu eta onean sakondu.
Ona, egia, alkartasuna, alkarri laguntzea…

Egizue hau nire oroigarri.

Horixe ba. Isiltasuna, harridura, otoitza… egizue nire oroigarri. Jesusen oroigarri.
         Horixe ba. Ona, egia, alkartasuna, apaltasuna, alkarri laguntzea… egizue nire oroigarri. Jesusen oroigarri.


 

No hay comentarios: