Abenduko izarrak

sábado, 13 de abril de 2019

Garizumako otoitzaldia Iñaki Jauregiren eskutik

Apokalipsi liburuan, Zazpi elizei egindako idaztiak oinarri lez hartu dauz Iñaki Jauregik garizumako otoitzaldia gauzatzeko. Eliza bakoitzaren egoerea azaldu ostean, itaun bi egitera animatu gaitu: Zer dinotso honek Arratiako Elizari? Zer dinosku honek guri? Tarteka kantu eta antifonak erabili dauz. Atoan igaro dira erretiroaren ordu biak.

Joanek Asia Txikiko zazpi elizari egindako idaztiak dira. Zazpi zenbaki sinbolikoa da. Osotasunaren irudia da: zazpi eliza, zazpi idazti, zazpi tronpeta...

Kreazinoa ere zazpi egunetan jartzen da.

Zazpi idaztiak zazpi eliza hareik biz dabezan egoerak adierazten dabezan egiazko idaztiak dira. Joanek,  eliza bakoitza bere deratsunekin eta bere argaltasunekin deskribazten dau. Zazpi eliza honek Eliza unibertsalaren irudi dira, tokiko eliza bakoitzean agertzen dana; Jainkoaren Berbea aldarrikatu eta eskerrak emotera alkartzen dan tokiko eliza bakoitzean.

Laster berton laburpen osoa...











ARRATIAKO ELIZA  GARIZUMA 2019.

ZURE AURPEGI BILA

Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna;
Zu zaitugu argi eta salbamen,
Zu, Jauna, biziaren babes.

Uste on izan Jaunagan eta izan gizon;
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Nola den aita bere aurrentzat bihotz-bera,
Halantxe, Jauna, fededunentzat da onbera.

1. Efesoko Elizari
 2. Esmirnako elizari
 3. Pérgamoko elizari
 4. Tiatirarako elizari
 5. Sardesko elizari
 6. Filadelfiako elizari
 7.  Laodiceako elizari 


Juanek Asia Menorreko  zazpi elizari egindako idaztiak dira. Zazpi zenbaki sinbolikoa da. Osotasunaren irudia da: zazpi eliza, zazpi idazti, zazpi tronpeta…
Kreaziñoa ere zazpi egunetan jartzen da
Zazpi idaztiak zazpi eliza hareik bizi dabezan egoerak adierazten dabezan egiazko idaztiak dira. Juanek eliza bakoitza bere edertasunekin eta bere argaltasunekin deskribatzen dau. Baina irudiz beteriko idazti honeik gizaldi guztietako elizarentzat baliagarri dira. Zazpi eliza honeik Eliza unibertsalaren irudi dira, tokiko eliza bakoitzean agertzen dana;    Jainkoaren Berbea aldarrikatu eta eskerrak emotera alkartzen dan tokiko eliza bakoitzean.
 
1. EFESOKO ELIZA

2,1 Idatz iezaiozu Efesoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak: 2 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eramanpena*. Badakit ezin duzula jende gaiztoa jasan, eta,benetan apostolu izan gabe, beren buruak apostolutzat zituztenak aztertu eta gezurtitzat utzi dituzula. 3 Baduzu eramanpenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe. 4 Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna*. 5 Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez, eta itzuli lehengo jokabidera. Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila. 6 Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten* egintzak gorroto dituzula.
     7 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari, Jainkoaren paradisuan dagoen bizi‑arbolako fruituetatik emango diot jaten.
Jainko Jauna Efesoko elizarengana zuzentzen da esanez eskutik daroala, bere babesean daukala. Zazpi izarrak daroaz eskutik, zazpi elizak daroaz eskutik.  Hona zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak. Euren ekintzen kandeleroetan  Kristoren egia daroen kristau alkarteak mundu osoa argiz betetzen dabe.
Arratiako eliza ere eskutik daroa. Gure eliza honetan Jesus bera dago. Nigan ere. Eskutik garoaz, naroa. Horrek konfiantzaz bizitzera eroan behar gaitu. “Hain maite izan eban Jainkoak mundua, bere Semea bialtzeraino”
 Abestia: ZURE ESKUETAN DOT BIZIA, ASKATU NAGIZU, JAUNA HAUNDIA!
Kristau alkartean dagoan Aintzaz beteriko Jainkoak ezagutzen ditu bere ekintzak. Ezagutzen ditut zure ekintzak” Jauna poztu egiten da  barrutik jatorkozan bere aurkako erasoen  aurka eta kanpotarren  pertsekusiñoen aurka leial irauten dauan gotzainagaz. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eramanpena*.    Baduzu eramanpenik eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe.”
Jaunak ezagutzen ditu nire ekintzak. Ezagutzen dau gure eliza ere. Bizi dogun egoera makalaz, larriaz ere jabetzen da
 Kristo jabetzen da Efesoko Elizaren fideltasunaz.
 Zerbait baloratzen bada fideltasuna da. Leial jokatzen dot, pertsonalki? Leial jokatzen dau gure Elizak bizi dogun egoera honetan? Jesusenganako leialtasuna bizi dau gure Elizak?
Baina badago zerbait Kristok Eliza honi aurpegira botatzen deutsona: Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna*. Hasierako Jainkoarekin eban alkartasunaren irudia ez da gaur eguneko Efesoko elizaren jarrera. Jainkoaren aintza bilatu beharrean euren haunditasunaren bila dabiltza. Kristo bere emaztea dan Elizaren  hasierako maitasunaren epeltasunagatik  minduta  agertzen da.
 Egoera honetan Kristok bere ikasleak bihotzbarritzera deitzen ditu. Euren  bihotzean sartu, euren pekatuaz jabetu eta garai bateko maitasuna bizkortzera. Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez, eta itzuli lehengo   jokabidera.
Hasierako maitasuna galdu dau gure Arratiako Elizak? Nik ere, garai bateko Jainkoarenganako maitasuna galdu egin dot? Garizuma bihotz barritzeko garaia da. Zertaz bihoitzbarritu behar dau Arratiako Elizak? ….eta nik?
Abestia: BIHOTZ BARRIA GUGAN SORTU,                                                              ARNAS BIZKORRA BARNE MUINETAN EMOIGUZU.
Baina guzti hau esan ondoren Kristo Eliza honengana zuzentzen da kontsolamendua eta errekonozimendua adierazteko: Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten* egintzak gorroto dituzula.
Efesoko Elizari dinotsona kristau guztiontzat da baliagarria, entzuteko belarriak dituen guztientzat. Bakar bakarrik Jainkoaren Berbea entzun eta norbere bihotzean  onartzen dauanak, eta bizitzan frutua emotera daroanak irabazi ahal dau betiko bizitzako koroea.
Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari, Jainkoaren paradisuan dagoen bizi‑arbolako fruituetatik emango diot jaten.
 Zazpi idaztietan garaileari koroe bardina eskeintzen jako: betiko bizitza.  Elizako ikonografian bizitzaren zuhaitza Kristoren kurutzeaz identifikatua izan da.


8 Idatz iezaiozu Esmirnako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak: 9 Ezagun‑ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna; halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte* besterik ez diren horiek. 10 Ez izan beldur jasan behar izango duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez* atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen‑koroa, betiko bizia, emango dizuet.
     11 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren zigorrik jasango.
 Esmirnako Elizaren idaztian heriotzaren aurrean betiko eta garaile atera dan lez agertzen da Kristo. Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak. Kristo munduko agintari guztien gainetik dagoenak, heriotzaren gainetik baita ere, konfiantza eta animoa ezarri nahi deutsiez, enperadorearen kultoa arbuiatzearren, pertsegiduta aurkitzen diran kristiñauei.
Nor da niretzat Jesus? Bera da nire Jauna, gauza guztien gainetik jarrita daukadana? Bera da Jainkoaren Semea, gure bizitza bizitzaz bete dabena?
 Jesus Jauna jabetzen da Esmirnako alkartean bizi dabezan zapalkuntza, pobrezia, irainakaz. Baztertuta bizi dira. Uri aberats eta komertzial  baten ekonomiko pobrezia bizi dabe. Inguruan dagoan gizarteak  barre  eta burla egiten deutsie. Gainera judioak dira gogorrenak. “Satanasen sinagoga” deitzen deutse Kristoren heriotza eta berbizkundearen kontrako doktrinak zabaltzen dabezan judioei. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan arren Satanasen elkarte* besterik ez diren horiek
Abestia: ZAGOZ NIREKIN, JAUNA, LARRIALDIAN
Ostera, gizonen aurrean pobrezian bizi diran honeik, Jainkoaren aurrean aberats bakarrak eurak dira, inork kenduko ez deutsien altxorra daukielako. Dana kendu ahal izango deutsie, inkluso heriotzaz meatxatuko dabez, baina ezerk ez inork ezin izango deutsie kendu betiko bizitza.
Abestia: JAUNA DOT ARGI ETA SALBAMEN
Ez ete da gure Eliza lar aberatsa munduko aberastasunetan, Jainkoaren aurrean aberats izateko? Lar konsideratua, oraindikan? Haundi izatearen ametsez? Ez ete daukagu  haundi izataren egarria? Ez ete dogu bilatu behar elizaren  txiki bihurtzea (decrecimiento) Neuk, pertsonalki, zelan bizi dot   pobrezia? Neu ere ez ete naz haundiguran bizi?
 Jaunak ez deutsez ezkutatzen  izango dabezan arazoak. Ez izan beldur jasan behar izango duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur batez* atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen‑koroa, betiko bizia, emango dizuet.
Fededun izateak, Jainkoagan sinisteak ez deuskuz bizitzak dakarskuzan  nekeak kenduko. Alderantziz: Gaur egun kristau izatea, eliztar zareala esatea…gutxietsia da.
Baina erasoaldiak eta espetxeak ezin ditu bildurtu. Proba horretan euren fedearen testigantza emon ahal izango dabe. Erasoaldia laburra izango da apur batez atsekabetuak izango zarete. Ondoren eguzkiak argi egingo dau eta pazko garaipenaren koroa hartuko dabe Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen‑koroa, betiko bizia, emango dizuet.
Jainkoari leial izateak ondorioa dauka: Pazko garaipena. Pazkora garoazen bidea kurutzetik igarotzen da.
Abestia: ZU ZARA GURE POZA KURUTZ SALBATZAILEA


12 Idatz iezaiozu Pergamoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho-biko ezpata zorrotza duenak: 13 Badakit ongi non bizi zaren: Satanasek bere tronua duen lekuan. Nirekiko leial iraun duzu, eta ez duzu ukatu nireganako fedea, ez eta Antipas nire lekuko leiala zuen artean, Satanas bizi den toki horretan, hil zuten egunetan ere.
     14 Badut, ordea, zertxobait zure aurka: hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk; hark irakasten zion Balak‑i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera* bultzatuz. 15 Era berean, zuk ere badituzu nikolaiten irakatsiei jarraitzen dieten batzuk. 16 Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz.
     17 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat* ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.
  Jauna aho-biko ezpata zorrotza duena lez  azaltzen da. Berak ez dau onartzen kristau fedearen eta pagano erlijioaren arteko sinkretismoa. Badagoz batzuk paganoen  bizitza eta oiturekin kontajiatu diranak. , hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk, hark irakasten zion Balak‑i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera* bultzatuz.  Bizitzea tokatzen jaken giroan, kristauak euren Kristorenganako fedea sendotasunez bizi behar dabe, Jainko eta Salbatzaile bakar lez. Horregaitik  bultzatzen ditu eta gonbidatzen ditu fede autormenean eta bizitza testigantzan leialtasunez jokatzera. Kristo eta Satanasen artean ez dago ezer baterakoirik.
Ez ete dogu guk ere gure kristau izatea, kurutzea hartu eta Jesusi jarraitzea (hauxe da kristautasuna!)   fede komodo bategaz lotzen? Kristiñauak garala dinogu,… baina neurri baten!. Ebanjelioa eta gaurko munduko baloreak bat egin nahirik: komodidadea,  bizitza lasaia, arrisku bako bizitza…, balore honeik ebanjelioarekin, kurutzearekin lotu nahia. Hau ez da Jainkoarentzat gogoko! Ezinezkoa da!
 Nahiz eta arriskuz beteriko egoera bizi,  Jaunak, Pergamoko alkartean, kristau leialak aurkitu ditu, euren fedea garbi mantentzearren edozertarako gertu dagozanak.   Kristoren fedeagaitik bere bizia emon eban Antipasen antzean.
Gaur Arratiako Elizara etorriko balitz, aurkituko leukez, gure artean,  pertsona leialak?
Abestia: HEMEN NOZU, JAUNA, ZURE NAHIA EGIN DAGIDAN!
 Bide zuzenetik aldendu diran Pergamoko kristau honei, Jaunak bihotz barritzera gonbidatzen ditu. Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz.
 Garaileari  betiko bizitza eskintzen deutse. Metafora bi erabiltzen ditu: mana eta izen barridun harri zuri bat. Garaileari mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat* ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.
 Zeruko janaria, mana,  azkeneraino ezkutatuta egongo da. Harri zuriak judeoen arteko epaiketetan erabiltzen zan ezaugarria adierazi ahal dau: Epaiketan epaileak  norbait libre gelditzen zala adierazteko erabiltzen ebana.  

18 Idatz iezaiozu Tiatirako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak sugarra bezalako eta oinak brontze goriaren antzeko dituenak: 19 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eramanpena; zure azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira.
     20 Baina badut zerbait zure aurka: bere burua profetesatzat duen Jezabel* horri utzi egiten diozula bere irakatsiekin nire zerbitzariak engainatzen, Jainkoarekiko desleial izan eta sasijainkoei eskainiriko haragia jatera bultzatuz. 21 Astia eman diot damu dadin, baina ez dio bere desleialkeriari uko egin nahi izan. 22 Hara, gaixotasun larria bidaliko diot berari, eta atsekabe handia berarekin desleialkerian bat egin dutenei, jokabidez aldatzen ez badira. 23 Haren jarraitzaileak heriotzaz joko ditut, eta jakingo dute eliz elkarte guztiek ni naizela buru‑bihotzak ikertzen dituena eta zuetako bakoitzari bere egintzen arabera emango diena.
     24 Zuek, ordea, Tiatirako besteok, ez duzue onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu <>* deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik leporatzen; 25 eutsi kementsu orain duzuenari, ni itzuli arte. 26 Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain, 27‑28 nik neure Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu, buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra* emango diot.
     29 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
 Jesus Jainkoaren Seme lez agertzen da. Hona zer dioen Jainkoaren Semeak.
Jesusen Jainkoarengan sinistu behar dogu. Ez dau balio Jainkoarengan sinisten dogula esateak. Ze Jainkogan? Jesusen Jainkoarengan!!!!.
 Hasieran  alkarteari goraipamen izugarria egiten jako. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eramanpena; zure azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira. Denpora eta erasoaldiak  igaro arren, fedean eta maitasunean iraun egiten dabe, ez dira hotzitu. Fede hori maitasunean eta elkar zerbitzuan agertzen da.
Baina goraipamen honi salakuntza gogor batek jarraitzen deutso. Mundukoikerietan jaustea, Jezabelen eraginez. Halan da guztiz ere bihotzbarritzeko aukera eskeintzen deutso.   
 Baina, barriro, Jaunak zintzo iraun dabeak goraipatzen ditu. Zuek, ordea, Tiatirako besteok, ez duzue onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu <>* deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik leporatzen; 25 eutsi kementsu orain duzuenari, ni itzuli arte.
Danak ez dira bardinak. Danetarik dago Eliza honetan…eta gure Elizan. Gaur jeneralizatu egiten da. Danak dira bardinak” esaten da. Ez da egia!!! Jakin behar dogu bereizten. Jainkoak bereizten dau.
 Garaileari, leial irauten dabenei, Jaunak bere ahalmenean parte hartzea  eskeintzen deutse, eta, azkenean, artizarra. Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain,  nik neure Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu, buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra* emango diot. Garaileak ez dau Kristoren agintaritzan bakarrik parte hartuko, baita bere argi diztiratsuan ere. Kristo da artizarra, gure bizitzak argiz betetzen dituana.
Abestia: BAI, MAITE DODALA, JAUNA, ZURE LEGEA
Hauxe da betiko Eliza: Gauza onez eta txarrez betea. Halan da be, Jainkoak maitasunez begiratzen deutso eta beti aukera barriak eskeintzen deutsoz. Zelan epaituko leuke Jaunak gure Arratiako eliza? Eta nik Jainkoarekin leial jokatzen dot? Ni zelan epaituko ninduke?
1 Idatz iezaiozu Sardesko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi izarrak dituenak: Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak; bizi denaren itxura duzu, baina hilik zaude. 2 Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik daukazuna*, erabat hil baino lehen. Zure jokabidea nire Jainkoaren aurrean behar bezain ona ez dela ikusi dut. 3 Oroit zaitez nola entzun eta onartu duzun mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea. Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala etorriko bainaiz, gutxien espero duzun orduan etorriko ere. 4 Baina badituzu Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz jantzirik, merezi baitute. 5 Garailea zuriz jantziko dute*, eta ez dut kenduko haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta honen aingeruen aurrean.
     6 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
 
Gainbeheran dagoan uria da Sardes. Kristau alkartea ere egoera antzekoan aurkitzen da. Alkarteak lehenengo espiritua galdu egin dau. Hilda edo hilzorian dago
Hona zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi izarrak dituenak: Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak; bizi denaren itxura duzu, baina hilik zaude
 Zelan ikusen dot nik Arratiako Eliza? Bizkaiko Eliza, Eliza orokorrean? Hilzorian? Ikusten deutsagu etorkizunik? Itxura bai, baina barrutik ezer ez! Ikusten dogunez, honelango egoera larriak bizitzea   ez da gaurkoa! Eta nire neure kristautasuna zelan bizi dot? Kristau izena bai, baina izana?
Jaunak heriotza egoera honetatik itxartu nahi dau eliza hau. Alkarteak berak uste dau bizirik dagoala, baina bere kristautasuna hitz huts bat da, ez dauka ezelango errealitaterik. Banaka batzuk bakarrik bizi dabe leialtasun hori. Beharrezkoa dabe bihozbarritzea. Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik daukazuna*, erabat hil baino lehen.  Zure jokabidea nire Jainkoaren aurrean behar bezain ona ez dela ikusi dut.  
Abestia: ERRUKI HUTSA DOGU, JAUNA, ERRUKIA TA MAITASUNA
 Kristoren hitzak heriotzaren lozorrotik itxartzeko gonbidapenak dira. Azaleko kristautasunetik, barruko bizitzarik ez daukan kristautasunetik itxartzeko deia. Oroit zaitez nola entzun eta onartu duzun mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea. Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala etorriko bainaiz, gutxien espero duzun orduan etorriko ere.
Elizan beti sortu dira fede ilun hori bizi izan dan egoeretan fede biziago bat bizitzeko taldeak sortu dabezan pertsonak (erlijioso ordenak) Gure Elizan  zerbait barria sortu beharrean ez ete gagoz!  Baina gaur egun sortzen dabiltzan  erlijioso komunitate, mugimendu  barriak… hori da Elizaren barriztapenera garoazen bidea? Ez ete dabe laikoek, gitxi izan arren, beste era bateko eliza bat, espiritualtasun barri bat sortzeko protagonismoa hartu behar?
  Baina Sardesen badagoz batzuk, gutxi izan arren, leial iraun dabenak. Hainbeste hildakoen artean badagoz bizirik dagozanak. Bateoko jantzi zuria zikindu ez dabenak. Baina badituzu Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz jantzirik, merezi baitute. Garailea zuriz jantziko dute*, eta ez dut kenduko haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta honen aingeruen aurrean. Jantzi zuriak Jainko aintzaren adierazgarri dira, betiko bizitzaren adierazgarri, Jainkoaren erreinuan parte hartzeko aukeratuak.
Guk, gure Elizan, ikusten ditugu leial irauten daben kristauak? Non? Nortzuk? Badago gaur egun, Elizan, eredu barriren bat?
 Sardesko elizaren laiño baltzak  desegin egingo dira leial iraun dabenen jantzi zurien eraginez. Gainera leial izan diran gutxi honeik  masa guztia fermentatuko daben legamiña izan ahal dira, euren neba-arrebak heriotzatik bizitzara  atera ahal izateko, Jaunaren laguntzaz.
Abestia:  ZAUDE GUREKIN ILUNA DA, ZUREKIN GAUA EGUNA DA.
 Apokalipsis liburuan hainbeste aldiz agertzen diran jantzi zuriak Paradisuaren adierazgarri dira. Gizakiak mundua dan eremu honetatik Paradisurako bidean darrai. Bertan sartzeko ezinbestekoa da Kristok, Berarengan sinisten eta jarraitzen deutsenei eskeintzen deutsen jantzi zuria.
Gure Elizak bizi daben egoera ere oso makala da. “Resto” ala “residuo” “hondakina ala hazitakoa” gara? Ez gaitu kezkatu behar gitxi izateak. Kezkatu behar gaitu ore (masa)  guztia fermentatzen dauan legamiña ez izateak. Arratiako Eliza ikusten dauanak, ze eliza mota ikusten dau? Erakargarria? Konprometitua?  Ni ikusten nabenak  zelango kristau mota ikusten dau? Nire bizitza estiloak, nire gauzak egiteko erak, nire alaitasunak, leialtasunak…. Jesusen  jarraitzaile izatea erakargarri egiten dau?


Idatz iezaiozu Filadelfiako eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza* duenak ‑‑hark irekia ezin du inork itxi, eta hark itxia ezin inork ireki‑‑: 8 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena. 9 Horra, Satanasen elkarteko* batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahozpez jartzera behartuko ditut, maite zaitudala jakin dezaten. 10 Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan. 11 Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure garaipen‑koroa inork ere ken ez diezazun.
     12 Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut harengan; bai eta neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.
     13 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
Filadelfia idazti hau hartu baino 80 urte lehenago terremoto batek desegin egin eban. Herri txiki eta garrantzi gutxiko uri bat bihurtu zan. Bertako kristau alkartea ez zan ugaria, baina espirituz handia zan. Jaunak, Esmirnako elizaren antzean, goraipatu egiten dau. Esmirnan lez, hemen ere kristauei, judeoen alkartetik jatorkez erasoaldiak. Idazti honen helburua konfiantza emotea da eta Jaunarenganako leialtasunean irauan dagien animatzea, esperantza sortzea.
 Kristo  “santu eta egiazkoa” izenburuekin agertzen da. Izenburu honeikin Jesus Jainko lez agertzen da eta “giltza” daukana. Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza* duenak ‑‑hark irekia ezin du inork itxi, eta hark itxia ezin inork ireki—Jesus da Jainkoarengana garoazen bidea. Bera Jainko eta gizon-emakumeen arteko bitartekaria. Bera Jainkoarenganako atea zabaldu ahal dauan giltza.
Benetan da niretzat Jesus egiazkoa Jainko bakarra?
Abestia: JESUS MUNDUKO ARGIA, JESUS ZINEZKO EGIA, JESUS BETIKO BIZIA
 Filadelfiako  alkarteak fedeari leial izanik iraun dau. Ez da berekautan itxi, misiñora zabaldu da: Jaunak ezagutzen ditu bere ekintzak eta bere lanak. Frutuak emongo dituala prometitzen deutso. Alkartea ugaritu egingo da. Lehen pertsegitzen ibili diran judio batzuk ere konbertidu egingo  dira. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena.  Horra, Satanasen elkarteko* batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahozpez jartzera behartuko ditut, maite zaitudala jakin dezaten.

Filadelfiako alkartea,
indargea izanik bere konfiantza osoa Jainkoaregan jartzen dauan alkartea da. Bere makaltasunean ezkutatzen da bere indarra: Jainkoaren berbea zaintzean eta besteen artean bere testigantza emotean.  Bere leialtasunagatik Jaunaren babesa izango dabe beti. Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan.  Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure garaipen‑koroa inork ere ken ez diezazun.
Gaur eguneko Elizak ere bere indargetasunean, makaltasunea, ezer ez izatean, baztertua izatean…. aurkitu behar dau indarra, Jainkoaren indarra. Bere indarretan barik Jainkoaren indarrean oinarritzen da Elizaren indarra.
Abestia:  ZU ZARA, JAUNA, GURE BIZITZA TA POZA
Munduan bizi dan elizak, mundu guztiari dagokiozan probak jasan behar ditu, baina Jaunaren babesean egongo da beti. Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut harengan; bai eta neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.
Jerusalengo Elizaren zutabeak Pedro, Santiago eta Juan egozan kontsideratuta. Ba pasadizu honetan Elizaren zutabe lez jarriak dira leial iraun dabenak.
Bibliako hizkuntzan pertsona bati izena jartzeak, izen jartzaileak  bere gain daukan aginpidea adierazi nahi dau. Jainkorengandik izena hartu dabenak  bere babesean aurkitzen dira, Jainkoarentzat  altxor preziatu bihurtzen dira.



14 Idatz iezaiozu Laodizeako eliz elkartearen aingeruari. Hona zer dioen Amen‑ek*, testigu leial eta egiazkoak, Jainkoak egindakoen sorburuak: 15 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina! 16 Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu. 17 Hau diozu: <>; eta ez dakizu gizarajoa zarena, errukarri eta behartsua, itsu eta biluzik zaudena. 18 Aholku hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan garbituriko urrea, aberats zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko, larrugorri lotsagarritan ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko, ikus dezazun.
     19 Maite ditudanei egiten diet agiraka nik eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta aldatu jokabidez. 20 Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu.
     21 Garailea neurekin eseraraziko dut neure tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen tronuan eseri naizen bezala.
     22 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
 Laodizeako herria aberatsa da. Nahiz eta lurrikarak jasan aurrera egiteko gai izan  dan herria da Laodizea. Lana eta lino industria dauka.
 Jauna hebreo hizkuntzako hitz baikor batez aurkezten da: “Amen” : Hau da “leial eta egiazko” dan testigu lez. Kristo Jainkoaren “Amen” da. Jesus ez zan izan bai eta ez. Beragan ez zan besterik egon “Bai” baino. Jainkoak egindako promesa guztiak Beragan baieztapena izan dabe. Kristo da Jainkoak elizari emondako baietza eta elizak Jainkoari emondako baietza.
Laodizeako elizaren jokabidea guztiz alderantzizkoa da, ez “bai” ez “ez” dan eliza. Eliza honek bai Jainkoari eta bai munduari atsegingarri izatea, zerbitzea  dauka helburu. Kristau alkartea, uri haretan bizi dan ongi izateaz kutsatuta dago eta epelkerian bizi da. Ongi izatearen kulturak ez dau Jainkoa ukatzen, alboratu egiten dau, ignoratu. (gaurko gure egoera: Ez da fedea ukatzen… alboratu baino) Ongia eta gaizkia konfundidu egiten dira. Indiferentismoa da nagusi. Pekatuaren sentidua ere galdu egiten da. Kontzientzia lokartu eta gaiztakeria ere onartu egiten dau. Hauxe da Laodizeako elizaren egoera.
 Laodizeako elizak ez dau berba baikor bat entzuten Jaunarengandik. Kristoren berarenganako  epaiketa  guztiz ezkorra da. Epelkeria hori Jainkoarentzat desatseginagoa da paganismoa bera baino. Egia eta leialtasuna dira Jesusen jarraitzaileen ezaugarriak. Hauxe da Laodizeako elizan falta dana. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina!
Abestia: ERRUKI, JAUNA, PEKATU EGIN DOGU-TA
 Laodizeako kristauak ondasunetan aberatsak dira. Gizarte eta komentzio mailan onartuak. Guztiz mundukoi bihurtuta dagoz. Mundukoiak dira. Euren ekintzak ez dabe  Kristogan daukien fedea adierazten. Ez dira egoera haretan bizi daben   Jainkoaren aurkako ekintzen aurrean kritikoak. Ez dira ez argi ez gatz. Eliza honen aurkako Kristoren berbea, eliza guztiei zuzendutako berben artean, gogorrena da. Kristorentzat iguingarria da euren jarrera. Kristok ez dau onartzen ambiguotasunik, azalkeriarik, barruko hustasunik. Laodizeako elizak  bomittuke kanpora, urrin, ilunetara  botatzeko mehatxua hartzen dau. Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu. Hau diozu: <>; eta ez dakizu gizarajoa zarena, errukarri eta behartsua, itsu eta biluzik zaudena.
 Laodizeako eliza Esmirnakoaren alderantzizkoa da. Hari dinotso Jaunak: “ Ezaguzten dot zure pobretasuna, baina aberatsa zara  Ostera Laodizea aberatsa sentizen da baina pobrea da. Aberatsa sentidurik, bere indarretan oinarritzen dau bere izatea. Esmirnakoa, ostera, indar gutxi izatean, Jainkoarengan sentitzen da indartsu.
 Laodizeako elizari dinotsona guri ere dinosku Jaunak: “Oxala, hotza edo beroa bazina!” Hotza dana, pekatari sentitzen dana jabetu ahal da bere pekatuaz eta konbertidu ahal da. Ez hotz ez bero danak, bere lozorroan, pekatuan darrai eta ezinezkoa jako konbertitzea. Suz beterik dagoan  Kristok, maitasunez erretan dagoan Kristok, hotz ez bero ez dana bere ahotik botaka egiten dau.
 Halan da be, ez dau azken berba. Eliza “pobre, itsu eta biluzik”  dagoan honi Kristok bere laguntza eskeintzen deutso. Eurak, hain komertziante onak diranak,  sutan  purifikatutako urrea erosi beharra daukie. Euren begiak garbituko daben kolirioa, euren bilustaunaz jabetu eta Kristoz jantziteko, bateoaren jantzi zuriaz. Aholku hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan garbituriko urrea, aberats zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko, larrugorri lotsagarritan ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko, ikus dezazun.
Jaunak beti eskintzen dau aukera. Urrunduta dagoan Eliza ere maite dau eta bereganatu nahi dau. Gure Arratiako Eliza ere bereganatu nahi dau. Ni ere, neure pobrezian, neure hoztasunean…. bereganatu nahi nau.
 Abestia:     JAUNAGAN DAGO ERRUKIA,                                                                      HARENGAN ASKATASUN UGARIA
Euren bihotz barritzea benetakoa bada, azkenean Laodizeako elizak kariñoz eta maitasunez beteriko hitzak entzuten ditu. Jauna euren bihotzetako ate itxien atzean jartzen da eta ate joka hasten da. Zabaltzeko eskatzen deutse, sartu eta eurekin afaldu nahi dabelako. Betiko Jauna da, ardi galduen bila dabilen Jauna. Maite ditudanei egiten diet agiraka nik eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta aldatu jokabidez.  Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu. Jauna bere semea maite eta zuzentzen dauan aita lez agertzen da.
 Dei honekin Jesusek Laodizeako kristauak, eta garai guztietako eta toki guztietako elizak, euren epelkeriatik atera nahi ditu eta federa gonbidatu. Azkenean  bere koroiaren hartzaile proba gainditzen dabenak izango dabe Jainkoaren tronuan jarteko aukera. Garailea neurekin eseraraziko dut neure tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen tronuan eseri naizen bezala.
 Abestia:
JESUSEK EBAN USTEA LORA FRUITU EGITEA.                                          ERRUKITSUAK IZAN GAITEZEN JESUS DA BIDEA.                         ERRUKIAREN ARGIA, PAZKO GABEKO SUZIA,                                    KRISTOREN ARGIZ JANTZI GAITEZEN ZABALDUZ GRAZIA.


No hay comentarios: