Gaurkoan, herritarra
genuen Xabier Arzalluzen hileta-ospakizunak bildu gaitu Azkoitiko parrokian,
bere familiaren inguruan. Euskal Herrian eta kanpoan oso ezaguna izan dela eta
bere egitekoa herrian eraginkorra eta esanguratsua izan dela ez dago esan
beharrik ere. Une hau, bizitza amaitzean eta mundu honetako gorabehera guztiak
bukatzean, Jainkoaren ordua da, Misterioaren ordua, Isiltasunaren unea, Xabier
Arzalluz izan denaren geroaren ordua. Eta une hau Xabier Arzalluzek berak izan
duen fedean bizi nahi dugu. Fededuna eta eliztarra izan da eta berak ere bere
azken orduari fedez eta itxaropenez begiratu dio bizitza amaitzen ikustean,
bakean, eta bere bizitzaren azterketa eginez. Goian Bego. Elizaren antzinako
otoitz berarekin esaten dugu: “Emaiozu, Jauna, betiko atsedena eta argi egin
biezaio Betiko Argiak”.
Ordu hau esker onaren eta
oroimenaren ordua ere bada, batez ere, etxekoentzat. Xabier, lehenik eta behin,
familia kristau batean jaio zen eta berak osatutako familian, senarra, aita eta
aittitte izan da. Batez ere zuek ari zarete bizitzen bere heriotza, maitasun
estuak bakarrik eman dezakeen sakontasunarekin: “Iraun gogor eta sendo…
badakizue-eta Jaunak ez duela saririk gabe utziko zuen nekea”. Eman eskerrak
Jainkoari eta gorde zuen bihotzean aitaren oroimen ederra.
Xabier Arzalluz Euskadin
sortu, herriak moldatu eta lehendik datorren ondarea bere eginik, herriari emana
bizi izan da. Herrigintza eta gizartegintza izan da bere bokazioa, kristau
bokazioa, fedea bizkarrezur zuela. Eztabaidagarri diren guztiak alboan utzita,
uste dut esan daitekeela bere bokazio hau jarrera bikainez bizi izan duela: buru
eta bihotz lanari emana, sendotasunez, buru argiz, gizon zuzena izanez,
elkarrizketan sinetsiz eta une askotan zubi izaten jakinez, bakearen alde.
Gurutzea eramatea ere egokitu zaio eta jakin izan du eramaten.
Gaur egun, askotan eta
askorentzat bokazio politikoaren izen ona galduta dago, balioa galduta. Egia da
herriaren zerbitzuan bizi garenok eta erakunde ezberdinetan gaudenok –eta ni ere
barne, izan ere, ez ni ez Eliza ez gaude besteri ezer harrokeriaz erakusteko–,
alegia, egia da iritsi gintezkeela, Jesusek Ebanjelioan erakusten digun eran,
itsuen itsuaurreko izatera eta “denok zulora erortzeko arriskuan… besteen begiko
lasto-izpiari begira eta begian dugun habeaz konturatzeke”. Norberaren
ideologia, estrategia eta interesa oinarrizko giza eskubideen gainetik jartzen
ditugunean itsu bihurtzen gara, ez gara besteen egoeraz jabetzen eta,
Ebanjelioak dioen bezala, itxurazale bihurtzen gara. Apaltasuna eta entzumena,
hau da, entzuteko gaitasuna, eta herri sena, herria maitatzea dugu beharrezkoa
politika-zerbitzu ona egin ahal izateko. Frantzisko aita santuak Urteberriko
Bakearen Egunerako mezuan dion eran, herrigintza eginkizun noblea eta duina da:
“Eginkizun eta erantzukizun politikoa etengabeko erronka dira beren herria
zerbitzatzeko eta bertan bizi direnak babesteko agindua hartzen duten
guztientzat; zeregin politikoa, bukatzen ez den desafioa da etorkizun duina eta
bidezkoa eraikitzeko baldintzak eratzen lan egin behar dutenentzat. Politika,
pertsonen bizitza,askatasun eta duintasunari funtsezko errespetua izanez egin
ezkero, maitatzeko era benetan bikaina bihur daiteke”.
Amaitzera noa. Egiteko
hau izan du munduan Xabier Arzalluzek. Orain, kristau elkartearen bihotzean,
aldare aurrera ekarri dugu. Eta orain Jainkoaren aurrean apalik, eusko lur
gainean etzanik dago eta otoitz egiten dugu gaur horrela Jainkoaren eskuetan
utziz bere bizitza osoa, eta orain aurki beza bere Jaun eta lagun izan duen
Jesus bera. Eta otoitz egin dezagun gure alde ere, Jaunak argi gaitzala eta gure
bihotz barruan dugun hoberena besteei eskaintzeko gai egin gaitzala.
Felix Azurmendi,
parrokoa
Azkoitia,
2019-03-02
No hay comentarios:
Publicar un comentario