Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 2 de agosto de 2018

"Lehen arte ikasgaia duzu: ikusleak egin behar du margoa" Xabier Egaña

Arabako lautadan, Gasteiz, bere baitan hainbat kontzeju biltzen dituen hiria. Horietan bat da Forondako Andetxa. 2010ean hasi eta iaz artean, bertako Done Mikel eliza margotu zuen Xabier Egaña margolariak. Bertara ekarri gaitu, ikusi ditugu margo ikusgarrien gainak, margo ikusgarrien azpiak erakutsi dizkigu artistak, Migel Anjel Elustondoren erreportajea ARGIA astekarian.



Xabier Egaña Albizu (Areeta, 1943)
Xabier Alvarez de Eulateren eskutik hasi zen oinez artearen bidean. Lucio Muñozek Arantzazuko (Gipuzkoa) santutegian egindako erretaula ikusi eta lotu zen horma-irudiak margotzen. Margoak ditu eginak Arantzazun, Zarauzko San Pelaio elizan eta frantziskotarren kaperan, Iñurritzako pilotalekuan, Arrigorriagako igerilekuan, Sopelako San Pedro plazan edo Leioako Lauro Ikastolan... Erbestean, Puerto Ricoko elizetan eta Alemaniako Mühlen eta Münster hirietan. Bestalde, euskarazko hainbat liburutan ageri dira bere lanak. Ilustratuak ditu, besteak beste, Lewis Carrollen Alizia herrialde harrigarrian, Bitoriano Gandiagaren Uda batez Madrilen eta Gabon dut Anuntzio, Cervantesen Patxi Ezkiagaren On Kixote Mantxako antologia, Zamorako abadeen Apaizak ere torturatuak… Eta beti, giza irudia du margolan guztien gai nagusia.

Nola egiten zaio aurre hormatzarrak margotzeko prozesuari?

Prozesua… Xabier Alvarez Eulaterekin hasi nintzen ni. Erriberrin ezagutu nuen, 18ren bat urte nituela. 1962, eman dezagun. Atera kontuak, arte edo margolaritza libururik ikusi gabeak ginen garai hartan. Etxean janari-denda bateko egutegia, gurasoen logelako gurutzea, eta zenbait argazki. Horraino heltzen zen gure iruditeria guztia. Erriberrin ikasten ari ginela, sendagai baten erabilera-orri bat aurkitu nuen –tarte zuriak ere bazituen–, eta paper tximur hartan marrazki batzuk egin eta Eulateri erakutsi nizkion. Interesgarria iritzi zion, eta Picassoren liburu zenbait utzi zizkidan. Orduantxe zabaldu zitzaidan lehen aldiz zerua, edo artea, esentzian: askatasuna, deformazioa, ez antzak… Orduantxe hasi zen, niretzat, errealitatea bizitzari buruz hitz egiteko aitzakia izaten. Eta errealitatea da mingotsa, da ederra, da gogorra, da adeitsua, eta da… den bezalakoa.

Eta horixe ageri da eliza honetako hormetan?

Nola edo hala, bai. Hor dituzu paterak, adibidez. Oso gogoan nituen paterak. Hala ere, oraingoak ez bezalakoak dira nik margotutakoak. Oraingoak plastikozkoak dira, eta nik margotutakoak, aldiz, egurrezkoak, garai hartakoak. Kanariar Uharteetako itsasertzaren kontra jotzen zuten, txikitzen ziren, eta ezpalekin batera, patera haietan zetozenen askoren hilotzak agertzen ziren ur ertzean. Nire barruan josita zegoen irudi hori, hainbat eta hainbat marrazki eginak nituen, eta eliza honetako hormetara ekarri nuen gaia. Ikusten ez ditugun munduak dira, edo ikusten ditugunak baina ikusi nahi ez ditugunak. Eliza honetako hormetan, paterekin batera, giza irudi bat margotu nuen. Ez dakit zer ari den, begira dagoen, ikusten ari den edo ezer sentitzen ari den. Ez dakigu nondik datorren, ez nora doan. Alegia, ez dago irakurketa ofizialik. Nik irudi bat jarri nahi izan nuen, hilotz anabasa hari eta giza hondakin haiei begira. Beheraxeago, mutiko horixe…

Danborra jotzen ari da.

Irakurria duzu Latorrizko danborra?

Gunter Grassen nobela. Bai.

Hortxe duzu latorrizko danborraria. Nazismoa salatu nahi du, ez hitz egitea erabaki du, danborra jotzea besterik. Hau txikitzen du, hura puskatzen… Bera margotzeko gogoa nuen, pateren tragediari ezetz esateko nahia, ez dela posible, injustizia hutsa dela. Danborrariaren aurrez aurre, beste giza irudi bat jarri nuen, oihuka hura ere: [Edvard] Munchen Garrasia. Munchek, ordea, ez du garrasi egiten mundua gaizki dabilelako, bera gaizki dagoelako baizik: margolaria da, krisi handi batean sartuta dago, eta hortik haren orroa. Parez pare jarri ditut biak: bata gizarte injustizien kontra garrasika; bestea, bere baitako ondoeza kanporatu nahi duela.

Ezker horman ageri da gai hori, beste hainbat elementurekin batera. Eskuin horman, beste hainbat osagai. Elementu zentrala, berriz, erdiko horman, Jesu Kristo gurutziltzatua da.

Begira, egun batean, aldamioan gora igota margotzen ari nintzela, gizonezko bat sartu zen elizara. Istripua izana zuen, nonbait, eta baldar zetorren. Igeltseroarekin hizketan hasi zen, eta pixka batera, aldamiotik jaitsi nintzen, zer ote zen. [Juan Ignazio] Lasagabaster zen, Gasteizko Santa Maria Katedrala fundazio zuzendaria. Poz eman zidan. Eta ordu arte egindakoa ikusi eta laster esan zuen: “Honek eliza izan behar du”. Nik ez nuen sekula horrelakorik pentsatu. Hainbat zirriborro eginak nituen, marrazki mordo bat, baina eliza izan behar zuen, ez zuen, ez nekien. “Eliza izan behar du”. Horrek, mugak ezarri zizkion nire lanari, ez estuak ere, baina lana zedarritu zuen.


Eliza, baina ez nolanahikoa.

Bai, bada. Zer esan nahi du “eliza” izan behar duela? Zer da “eliza”? XVI. mendean egin zuten Andetxako eliza hau, eta bi mende geroago eraberritu. Bertan ezkondu dira hemengo herritarrak, egin dituzte hiletak, bataioak… Eliza topagune izan da herri txikietan. Kontatu izan didate, haurretan hainbat jolas eta bihurrikeria egin izan zituztela eliza honetan bertan. Gauza asko. Margotzen hasi nintzenean, Kristo margotu nuen lehenengo. Tamainagatik, eta margoagatik.

Ez gaiagatik?

Gaiari buruz ez nuen dudarik. Banekien. Gurutziltzatzea nahi nuen, gurutzetik jaitsiera, piztuera… Kristau sinesteen nahaste-borraste bat. Kristo hila da, Aita Jainkoak galtzarbeetatik eutsi dio, eta lagunek eskailera bat jarri dute, Kristo jaisten laguntzeko. Zirriborroak eginak nituen, margotzera igo… eta ez zuela funtzionatzen konturatu nintzen. Besterik behar nuela, gogoan neuzkan elementuen arteko erlazioak gorabeherak zituela. Problemak sortu ahala, soluzioak bilatzen jardun behar izan dut… Lanean hasi eta konturatu nintzen hiru ordu baino gehiago irauteko gauza ez nintzela. Nekagarria zitzaidan. Modu trinkoan lan egiteko ohitura dut. Hasi eta segi, hormaren kontra borrokan.

Zer da “hormaren kontra borrokan”?

Horixe! Jendeak ulertzen ez duena, horma zuri baten kontra borroka egin behar duzula, horma hori noiz isilik dagoela, noiz garrasika, eta horma horrekin elkarrizketan jardun behar duzula, tamaina, margo edo konposizioari buruz. Goizeko bederatziak aldera lanean hasi, eta eguerdi arte egiten nuen lan. Arratsaldean, berriz, etortzeko ohitura nuen, neuk bakarrik, baina ez margotzera, begiratzera baizik. Hartzen nuen aulki bat, jartzen nintzen elizaren erdian eta margotutakoari begiratzen hasten nintzen. Besterik gabe, begiratzen. Jendeari esaten nion: “Begiratzen egotea ez da nolanahiko lana. Gela ilun batera sartu eta kandela bat piztea duzu: distraituta baldin bazaude, ilunpe hutsa da, baina erne baldin bazaude, kandelaren argi izpi horrek zer edo zer hautematen uzten dizu, zer edo zer ikusten. [Hunkiturik ari da] Inork ere ez daki zer den “zer edo zer” hori, baina bada “zer edo zer”. Eta horrexen bila etortzen nintzen hona arratsaldeetan.

Eta aurkitzen zenuen erran delako “zer edo zer” hori?

Lehentxeago edo geroxeago, beti ikusten nuen “zer edo zer”. Eta ez dakit zer zen ere: batean, bateko margoa; bestean, besteko giza irudiaren tamaina. Mundu bat sortzen da zeure barruan, hurrengo goizean zeurekin batera hormara dakarzuna. Eta egindakoari ukituak egingo dizkiozu, edo aurrera joko duzu, besterik gabe. Esate baterako, badut lagun bat, Jesus Mari Goñi matematikaria, goizean goiz Iruñean trena hartu eta Gasteizera etortzen zitzaidana. Trenetik jaitsi, bizikleta hartu eta Andetxara etortzen zen, niri laguntzera. Behin, irudi baten buruarekin ari nintzen. Jesus Marik margoak-eta ekartzen zizkidan, hura niri laguntzen beti. Eguerdian, bazkaltzera joan eta esan zidan: “Badakizu zenbat aldiz margotu duzun delako buru hori?”, eta nik: “Behin”. Eta berak: “Ez, 25 aldiz!”. “Kontatu egin ote dituzu, bada?”, “Bai!”. Ez zen txantxetan ari, egia zen. Izan ere, hormak zimurrak ditu, itzalak egiten ditu, une jakin batean gustuko duzun margoa, hurrengoan ez zaizu gustatzen.

Batean gustatzen zaizu, hurrengoan ez, baina margotua duzu.

Kasu hartan, goiz osoa eman nuen buru txar bat margotzen, harik eta “Oraintxe bai!” esan nuen arte. Baina “Oraintxe bai!” esatea da zailena, ez baitago inolako neurririk, eta zirriborroak ez baitu ezertarako balio. Nire zirriborroetan buru bat ageri zen, edo ehun buru, baina ez dago zirriborroetara begira buru bat kopiatzen jarduterik. Barruan duzun buru horixe aterarazi behar duzu, eta hortxe dator borroka, eta hortxe hasten da hormatzarra zuri agintzen, zure lana gidatzen, bidea zuzentzen… Eta eginda dagoenean, ez atzera begiratu. Horixe da okerrena. Pentsatu ere ez atzera egitea.

Zer esan nahi duzu?

Esate baterako, eman dezagun tailerrean nagoela, margotzen. Nekatu naiz eta utzi diot lanari. Kaleko jantzi naiz, banoa, eta atzera begiratzea bururatu zait: zast! Ikusi dut zer edo zer. Arraioa! Hartu pintzela eta banoa, ikusi dudan xehetasun hura kontuz-kontuz ukitzera… eta orduantxe zer edo zer erortzen zait, edo zikintzen ditut kaleko arropak, edo… Atzera begiratzeak zer edo zer aurkitzera jartzen zaitu. Izan liteke halabeharrez gertatzea ere, baina kontua da behin eta berriz eta askotan gertatzen dela. Eliza honetan ere hainbat aldiz gertatu zait.


Hormatzar margotu ederrok ikusi arren, ikusleok ezin ulertu obrak bere baitan gordetzen duen mundua, haren esanahia.

Horixe da arazoa. Hainbat eta hainbat elementu ageri dira eliza honetako hormetan. Ikusleek zenbait elementu bai, ezagutuko dituzte, baina beste asko ez. Jendeak azalpenak behar ditu eta, horretarako, liburuxka argitaratu dugu Jesus Mari Goñik eta biok, testuz eta argazkiz, ikusleek uler dezaten. Esate baterako, horma guztietan beti ageri dira bertikala eta horizontala. Margolariak marra horiek intsinuatu egin behar ditu eta ikusleak, aldiz –eta horixe da zailena–, marra haiek ikusteko ahalegina egin behar du. Ahalegina egin. Horixe duzu lehen arte ikasgaia: ikusleak egin behar du margoa. Alegia, arbolak daudela ikusi ez ezik, zergatik dauden arbola horiek hor galdetu behar dio bere buruari, zergatik dituzten tonu jakinak, zergatik…

Klabeak dira hormatzar margotuotan barna ibiltzeko, bistan dagoena ulertzeko.

Klabe bat, oso inportantea, eta ikusleari dagokiona, esango dizut. Krisalida bat margotua dut hormetarik batean. Jakina denez, krisalidak tximeleta bat du barruan. Tximeleta hori pupatik indarrez ateratzen saiatzen bazara, hil egingo zaizu. Krisalidak bere buruz hautsi behar du zetazko pupa. Andetxako eliza honetara datorren ikuslea ere krisalida bat da, tximeleta gordea du bere barruan. Pupatik irteten den ez den, ikuslearen gorabehera da. Nik, aztarnak eman dizkiot, bideari jarraiki dakion. Norberak egin behar du bide hori, nahi duen eta ahal duen neurrian. Eta ez da erraza, artea ikustea ez baita lantegi erraza; baina ezta irakurtzea ere, edo zinema ikustea. Ikustea lortuz gero, berriz, tximeleta egingo da ikuslea ere, zer bat politagoa, ederragoa, tximeletagoa. Dena delakoagoa.

Bestela ikusiko du mundua.

Platonek dioenez, haitzulo baten barrualdeari begira bizi gara. Itzalak ikusten ditugu han, eta uste dugu horixe dela errealitatea. Halako batean, ordea, itzuli, haitzulotik kanpoaldera begiratu, eta bestelakoa da errealitatea. Horrelaxe Andetxako elizan, eta artean, oro har: zein da artistak ikusten duen errealitatea, eta ikusleak ikusi beharko lukeena? Hori oso prozesu gaitza da, arreta jartzea, jakin-mina izatea, galderak egitea esan nahi baitu. Eta munduak ez du horretarako abagunerik ematen, korrika eta presaka bizitzera behartzen gaitu, distrakziotik distrakziora.

Emakumearena
“Egun batean, Andetxako parroko Pablok [Corres] Itun Zaharrean ageri den Kananeako emakumearena irakurri zuen, nola andre hura Jesusi joan zitzaion, esanez gaixorik zuela alaba, eta sendatzeko. Jesusek, orduan: ‘Gaixoak sendatzera etorri naiz mundura, ez txakurrei jaten ematera’. Esan egin behar da, gero!... Emakume horrek, orduan: ‘Jaun aberatsen mahaitik erortzen diren papurretatik ere jaten du txakurrak’. Eta hurrengo egunean, emakume hori margotu nuen horman, nire zirriborroetan ez bazegoen ere”.

Intuizioa
“Goiz oso bat eman nuen zaldi baten ipurdia margotzen. Etsita nengoen. Ez aurrera ez atzera. Pablo etorri zen, parrokoa, eta gauza bera, gauzak ez zuela itxurarik, kaka zaharra zela. Nik, neure buruari orduan: ‘Hobeko dut bertan utzi, hau ez baitoa inora!’. Biharamunean etorri, eta bost minutuan egina nuen ipurdi hura. Aurreko goizean ezin, hurrengoan berehala. Eta nola da posible? Neuk besterik ez dakit, baina neuk ere ez dakit! Intuizioa”.

XXI. mendeko eliza
“Eliza hau XVIII. mendean eraberritu zuten, ezin genuen gertari hori aldatu, ez ukitu ere, baina XXI. mendea margotzea erabaki nuen hasieratik. Ez dut elizan ezer hautsi beharrik izan, oraingo mendea erantsi diot, besterik ez. Neure buruarekin zintzo jokatu nahi izan dut, oraingo garaiarekin leial izan. Jendeari ez zaiola gustatzen? Batzuek esan didate hasieran ez zitzaiela batere gustatu eta orain, aldiz, guztiz liluratuta daudela”.

Azken hitza: Inkultuak
“Gure buruak arteaz jantziak baditugu, hainbestean moldatuko gara margolanei begira. Hala ere, begiek ikusten dutena baino harago jo behar da beti, sinbologiara, eta, zoritxarrez, horretan guztiz inkultuak gara”

No hay comentarios: