Abenduko izarrak

sábado, 25 de noviembre de 2017

Harribideko lagunekin solasalditxoa



Joan den azaroaren 19an, Aita Santuak deituta, Pobreen Munduko Eguna ospatu zen lehenengoz. Hori dela eta, Arratiako Cáritasek hainbat ekintza antolatu zituen Arratiko herrietan. 

Lehenengo hitzordua, azaroaren 16an, Igorreko parrokiako egoitzan izan zen; Harribide Fundazioko lagunekin solasaldi ederra izan genuen. Bertaratutako 15 lagunek, harriduraz eta emozioz entzun eta sentitu genituen, egun, Harribide Fundazioren babesean diren 3 mutil etorkinen testigantzak. 

Hirutik bik denbora dezente daramate Euskal Herrian, etxean balira bezala, sentitzen direla diote. Hirugarrena, oraintxu iritsi berri da, pateraz. Begietan ageri zaie zer bizi eta zer sufritu duten. 

Herrialde berebereek bizi duten pobreziatik ihesi, gurasoei ezer esan gabe, kamioi azpietan sartuta, eta paterara igota, bizimodu hobearen bila abiatu ziren hirurak. Aitzitik, bidea malkartsua eta latza izan da hirurentzat. Atzean utzi dituzte guraso, familia, lagunak… 

Gurera iritsitakoan, 2 mutiko zaharrenak, Bizkaiko Foru Aldundiak Zornotzan eta Loiun, bakarrik dauden adingabe atzerritarren harrerarako hezkuntza zentrora eraman zituzten. Hantxe egon ziren 18 urte bete zituzten arte, horixe baita, horrelako egoitzetan egoteko epe-muga.  Inolako babesleku eta babesik gabe, kale gorrian geratu ziren. 

Hemen ezer ez, eta Frantzia, Alemania, bezalako herrialdeetara joan zen hiruretako bat, han bizimodu hobea topatuko zuela pentsatuz, baina, han ere egoera ondo ez, eta berriro ere gurera etortzea erabaki zuen. Horrela hileak eta hileak eman zituzten, harik eta, Etxebarriko Harribide Fundaziokoekin topo egin zuten arte. 

Egun, beste 3-4 etorkinen batekin elkarbanatutako pisuetan bizi dira, eta ofizioan aritzeko ikasten ari dira. Zailtasunak zailtasun, egunero-egunero, bizimodu hobea emango dioten legezko paperak lortzea dute helburu, eta bide horretan, gogotsu ari dira lanean. 

Ainara Arregi

No hay comentarios: