Abenduko izarrak

sábado, 4 de noviembre de 2017

Erreforma: bostehun urte

Argazkia: La Croix egunkaria
Bostehun urte egin behar dugu atzeraka denboraren trenean, gatazka handi bat gogoratzeko. Herenegun, urriaren 31n, bete zen bosgarren mendeurrena Erreforma protestantea hasi zela. Martin Luterok, Witterberg-eko agustindar irakasle gazteak, egun horretan ezarri zituen indulgentziei buruzko 95 tesiak gazteluko eliza palatinoan, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean.


Historialariek diotenez, horrekin batera, gutun bana idatzi zien bere gotzainari eta Sajonian indulgentziak predikatzen ari zen prelatuari. Esaten zien: “Ez da egia San Pedro eliza eraikitzeko aurreraturiko diruagatik lorturiko indulgentziek salbamena bermatzen dutenik. Gotzainek predikatu behar dutena ez dira indulgentziak, ebanjelioa eta karitatezko egintzak baizik”. Eskandalu hura moztearekin batera, Elizaren erreforma sakona eskatzen zuen Luterok. Hark nahi zuena zen iparra galdutako Eliza hura ebanjelioaren argira berrekartzea.

Hamaika ipuin eta kontu-zahar entzunak gara Luteroren kontra pulpituetatik, eta gero herritarren artean zabaldu; seguruenik, oso zuzenak gutxi. Nik hau daukat gogoan: “Gau izarratu batean, Katalina emaztea eta biak leihotik zerura begira zeuden, eta Martinek esan omen zuen: ‘Hau zeruaren ederra!’, eta Katalinak erantzun: ‘Ez, ordea, zuretzat eta niretzat!’”. Apaiz askok deabrua bera balitz baino okerrago aurkezten zuten Lutero. Kondenazioaren ikurra bera zen!

Tomas Muro Ugalderen arabera, Luterok ez zuen nahi Elizarekiko haustura; haustura gero etorri zen, baina Luteroren hasierako intentzioen kontra. Dorpezia mordoa pilatu zen –Aita Santua eta Luteroren artean banatu beharrekoak– eta horrek eragin zuen etena, zeinek Europa osoa josi baitzuen oinaze eta heriotzaz: erlijio-gerra odoltsuak, pertsekuzioak, kalumniak, liskarrak, gorrotoz beteriko ekintza bortitzak, erlijioaren erabilpen politikoa…

Nortasun fuertekoa zen Lutero, eta prestua bezain tormentatua. Kontzientzia estuko gizona, zinez, eta eskrupuluak eskrupuluen gainean, desesperazio-punturaino eraman zutelarik. Beraz, haren krisi erlijioso sakonari eransten baldin badiogu bere izaera estu eta inkonformista, eta, horrekin batera, gogoan hartzen badugu Elizak eta kleroak bizi zuten egoera lasaka hutsa, nahi beharko Erreforma.

Erreforma ez dago konprenitzerik, burutu zuen gizona ezagutu gabe. Hemen ez dugu toki gehiago. Aurki aterako du ‘Hemen’ aldizkariak monografikoa Erreformari buruz, han ikusi ahal izango ditugu, luze eta zabal, hemen aipatu baino egin ez ditugunak.
Bai Horixe, DV: 171102

No hay comentarios: