Goazen 2024 Jarri bidean

jueves, 23 de noviembre de 2017

Joseba Legarza: Urkiolatik zerura



Hileta eleizkizuna eguenean, azaroak 23, 12:00etan Urkiolan.
Berba barik itxi gaitu barriak. Joseba hilda aurkitu dabe. Bere bihotzak ezin eutsi hainbeste aldakuntzari. 47 urte Urkiolan emonda, Don Bittorreri aurrea hartu deutso zeruko bidean. Antonio laguna be senide barik itxita. Domekan egin jakon omenaldiaren barri emon genduan sarerra bategaz hemen. Manu Etxebarriaren bertsoak eta Inocencio Ojangurenen argazkiekaz.
Eskerrik asko Joseba, egun handira arte!

Josebaren heriotzaren barri izan ostean, Manuk egindako kopla zaharra eta bederatzi puntukoa:



                     AGUR  T´ERDI  JOSEBA  LEJARZA



 

Eguzkitik goi argia

edurretik ur garbia

gure Joseba gaurtik hasita

zeruko izar barria.



           ***



Agur t´erdi Joseba

danon izenean

gure artetik joan

zoazenean.

Lan asko egin dozu

misio bidean

Ekuadorren eta

Urkiola aldean,

kristautasunean

alaitasunean

zintzotasunean

euskaltasunean,

orain Jaunagaz beti

bake-pozean.

Agur t'erdi Urkiola eta eskerrik asko


 
Domekan egin jakon herri omenaldi eta eskerrak emoteko mezea Urkiolako taldeari. Hona Manu Etxebarriak botatako bertsoak. Arratiako Elizaren partez be gure esker ona!

Urkiolan mende erdiz egiten lan ederrak
misiolari guztioi danon partez eskerrak.


1-.
Ekuadorren misiolari euskal talde handia
lagunduaz irakasten kristau bide barria
mugabako maitasunak biztutako argia
beti izan da zuontzat Jainkoaren grazia.

Urkiolan mende erdiz egiten lan ederrak
misiolari guztioi danon partez eskerrak.

2-.
Ekuadorren amaituta Urkiola aldean
euskaldunon misiolari egunero lanean
maitasuna beti zuon bihotzeko atean
herritarrak zuzenduaz beti bizi-pozean.

Urkiolan mende erdiz egiten lan ederrak
misiolari guztioi danon partez eskerrak.

3-.
Urkiolan amaiturik zuon behar gozoa
pozez bete deuskuzue gure herri osoa
orain arte egindako lan eder ta sendoa
lekuko lez geratzen da oinarrituz geroa.

Urkiolan mende erdiz egiten lan ederrak
misiolari guztioi danon partez eskerrak.

4-.
Abadeak egin jakuz urteokaz eskastu
eta horrek egoera neurri baten aldatu
halan da be Urkiola ez jakunez amaitu
eleiztarrok egin daigun Urkiolan jarraitu.

Urkiolan mende erdiz egiten lan ederrak
misiolari guztioi danon partez eskerrak.

                                Juan  Manuel  Etxebarria  Ayesta  ( 2017- 11-19 )

No hay comentarios: