Hona Koldo Katxoren hitzaurrea.
Jainkoaren hitza berri ona
bada, poztekoa izan behar da, ez al da?
Hain zuzen ere, hori ematen digu
Frantzisko aita santuak bere hitzaldi
eta idazkietan. Bere aita santutzaren egitarauan mezu hau helarazi nahi izan
zigun: EBANJELIOAREN POZA, ALAITASUNA.
Zalantzarik gabe, gure mundu
honek berri onak behar ditu, alaitasuna eta poza behar ditu. Horretarako Jesusen
Berri Ona guztiz onuragarria izan daiteke. Badakigu berri on hori ez dela
“merkea”, inozoa; Jesus bera ere bere bizitza arriskuan jartzeraino eraman
zuelako.
Mundu hautsi, gatazkatsu hau
gizakoiago bihurtzeko, giza-familia
handi eta jator bihurtzeko, bideak, ahaleginak, bitartekoak ezinbestekoak
izaten dira. Elizak aukera berri bat dauka urte honetan, FAMILIAREN SINODOA ospatzen delako; arazo eta egoera berriei erantzuten asmatuko
ahal dugu ebanjelioaren berri onetik eta alaitasunetik!
Gainera, aurten, 2015ean,
“euskeraren berri onak” ere aipa
ditzakegu, EGUNEAN EGUNEKO EBANJELIOA argitaratzen dugulako jesulagunok. Hiru
urtetan liturgiaren hiru zikloak Manuel de la Encina SJren ahalegin eskergagatik gozatu genituen fededun
euskaldunok. Ederki argitaratu zituzten Manolok
eta haren ekipo txukunak hiru liburukiak. Hemendik bihoazkie gure esker
onak bihotz-bihotzez.
Urte bat pasatu da, 2014.a,
jesuitek moldatutako liburutxo hori gabe. Egia esan, arrazoi batzuengatik
erabat ezinezkoa gertatu zitzaigun segida ematea. Penaz, aitortu beharra
dago, baina horrela izan zen.
Pena
horrek eraman gintuen denboraz gaiari heltzera eta, aipatu behar dut, Jesusen Lagundiko Loiola Probintzia
izan zenak lagundu digula ekonomikoki liburu hau burutzen. Mezulari argitaletxeari
eskerrak eskuan jarri digulako gaztelerazko liburua, Angel Pérez Gómez jesuita
donostiarrak eginiko iruzkin jakingarriekin. Baina argitalpen honen inguruan Dionisio Amundarain itzultzaile
zorrotz eta euskaltzale asperrezinaren lana ere funtsezkoa izan da. Uste osoa
dut bera gabe ezinezko gertatuko
zitzaigukeela ekimen hau aurrera eramatea. Beraz milesker irakurle
guztien izenean Dionisio lagun prestuari.
Eta bukatzeko, irakurle
lagunari, zuri ere eskerrak eman nahi
dizkizugu, liburutxo hau zabaltzeagatik eta zure iradokizun eta
sugerentziengatik. Jesusen Lagundiaren
lelo edo helburu bat da MAGIS, dena hobetu daitekeela onartuz, saia
gaitezen gehiago eta hobeto egiten. Kasu honetan EBANJELIOAREN ETA EUSKARAREN BERRI ONAGATIK.
Koldo KATXO SJ
No hay comentarios:
Publicar un comentario