Olatz Mujika Zubizarreta naiz eta 46 urte ditut. Bi seme-alaba nerabe
dauzkat, eta egoera ekonomiko larria jasaten ari gara. Caritasera joan
behar izan dut laguntza eske. Itsaso Zubiriaren artikulu bat ARGIA aldizkarian.
Hilabetean lan txiki batzuk egiten ditut han eta hemen, baina ezer
gutxi, eta bikotekide ohiak seme-alaben elikadurarako ematen dizkigun
447 euro ditugu hilabetearen bukaerara iristeko. Caritasi esker egiten
dugu aurrera, etxearen hipoteka baitaukat ordaintzeko, eta elkarteak
laguntzen baitit gastu horri aurre egiten. Horrez gain, astean behin
etxe inguruko parrokiatik elikagai batzuk jasotzen ditut. Orain urte
batzuk, nork esango zidan niri eskean aritu beharko nuenik…
Komertzial lanetan aritu naiz hogei urtez. Orduko bikotekidearen
enpresan aritzen nintzen beharrean, eta zenbait inbertsio ere egin
genituen elkarrekin, nabe industrial bat erostea, esaterako. Gure
harremanak okerrera egin zuen, baina, eta orain hiru urte bereizita,
gaur egun urruntze agindua dauka nire bikotekide izan zenak. Ez zen,
imajinatuko duzuen bezala, separazio normala izan, eta ordutik aurrera
hasi zitzaizkidan kontu ekonomikoak okertzen. Hogei urtetan egindako
lanaren arrastorik ez dago paperetan, ez bainuen langile bezala
jarduten, emazte bezala baizik, eta gaur mila bat egun-edo edukiko ditut
kotizatuta Gizarte Segurantzan.
Hogei urtez egin nuen lan gizonaren itzalpean, eta hasteko, ez daukat
egindakoagatik tokatzen zaidan langabezia kopurua kobratzerik; eta
bigarrenik, beste lanen baterako eskatzen den esperientzia ezin dezaket
justifikatu, eta gainera jakina da 40 urtetik gorakoek gaur egun ez
daukagula lanpostu bat lortzeko aukera handiegirik. Horrez gain,
seme-alaben zaintzaren ardura daukadanez, etxean geratzeko aukera izan
dut, baina oraindik hipoteka ordaintzeko dagoenez, hori ere izugarrizko
karga da hilero.
Laguntza sozialetara jotzeko beharrean ikusi dut neure burua, baina
horretan ere zailtasunak ditut, senarraren eta bion izenean dagoen nabe
industrial hura baitaukat ondare. Ez dut zentimo bakar bat ere jasotzen
eraikin horretatik, ordea, noizbait eduki genuen negozio hark porrot
egin baitzuen. Baina oraindik bion izenean mantentzen denez, arazoak
jartzen dizkidate laguntzak jasotzerako garaian.
Beraz, goiz batez erabaki nuen, guztiz konbentzituta ez bazen ere,
Caritas bezalako elkarte batera gerturatzea laguntza eske. Bada urte eta
erdi lehen aldiz joan nintzela, eta benetan eskertuta nago ematen ari
zaizkidan guztiagatik. Haiengatik izan ez balitz, kalean nengoke
dagoeneko, hileroko hipoteka ordaindu ahal izaten baitut eurei esker.
Eta zailena, askotan, laguntzaren beharraz jabetzea izaten da: “Nola
joango naiz ba ni Caritasera?”. Baina egun txarrak bizitzea egokitu
zaizula eta laguntza behar duzula onartzen duzunean ematen da pausorik
handiena. Hortik aurrera borrokan jarraitu beharra dago, zulotik
ateratzen ahalegindu beharra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario