Zeanuriko gazte batzuk
Arantzazura joan ginan. Pello Zabalari alkarrizketea egin geuntsan Bittoriano Gandiagaren
ganean, bere bizitza hobeto ezagutzeko. Bitoriano Gandiaga Artetxe, 1928an jaio
zan, Bizkaiko Mendatan, eta txiki txikitatik frantziskotar egin zan. Hamahiru
urte zituala Arantzazuko seminariora joan zan. Abade ikasketak Arantzazuko,
Foruko, Zarauzko eta Erriberriko komentuetan egin zituan. Frantziskotar 1940an
sartu zan eta abadetu, ostera, 1954an abadetu zan.
Noz ezagutu zenduan Gandiaga? Ze harreman izan
zenduan beragaz?
Mutikotan 10 urterekin
hemen Arantzazun egon nintzen. Nik banekien hemen fraileak zebiltzala, baina
fraile artean ez nuen inor ezagutzen. Estudiante gazte nintzela ezagutu nuen.
Hemen, komentuan, abitua jantzita teologoak zeuden; eta bera, Gandiaga, kolegioan
zegoen, eskola ematen eta hemengo Araotzen parroko, eta orduantxe ezagutu nuen.
Gainera, sasoi
horretan Elorri argitaratu zuen. Lehendik ere entzunda
nuen haren berri; beti zerbait zegoenean euskara kontuetan, bagenekien Gandiaga
horretan zebilela. Gero elkarrekin bizi izan ginen eta, orduan bai, orduan
hurbileko harremana izan genuen.
Zelangoa zan Gandiaga?
Oso ondo ezagutu zuten
ikasleek. Berarekin eskola izan zuten eta haiek bai, ondo ezagutu zuten. Gogorra
zen, oso gogorra irakasle moduan. Eta bere geroko krisi pertsonala hor egon zen:
batetik, hezkuntza erlijioso zorrotzetik zetorren eta, bestetik, baserri
mundutik. “Orbelaun” zan bere baserria. Gauzak egin, denbora aprobetxatu eta
eskoletan ere beti puntual. Horretan bere buruarekin karratua zen eta ez zion
ezer parkatzen bere buruari. Berarekin ikasi ikaragarri ikasten zen, baina oso
exigentea zen, oso gogorra. Eta langilea ere bai, lanean demasa zen.
Eta horrexek ekarri
zion bihotzekoa. Ez zuen osasun txarra, osasuna oso ona zuen. Eta, hala ere,
bihotzekoa eman zion, buruko estutasunagatik. Medikuek esan zioten denbora
galtzen ikasi behar zuela eta Denbora
galdu alde liburua orduan etorri
zen.
Orduan, imaginatu
zenbateraino zen estua bere buruarekin. Esaterako, komentuan errezuetara joan
behar izaten zuenean, ba errezuak izaten ziren 6:45ean eta berak mendira joan
gura izaten zuen zizak-eta batzera. Orduan, goizeko 4,30etan jaiki, mendira
joan, ekarri ziza pila bat eta gero errezuetara, zintzo-zintzo korura.
Denbora galtzen
ikasten zebilen. Mendi punta-puntara joan eta handik arbola gaztetxoren bat
ekarri, gero hemen landatzeko eta beti zerbait egiten. Eta, bueno, lasaitzen
joan zen, idazteak ere lasaitzen laguntzen zion.
Bestetik, auzoan oso hurbilekoa eta maitagarria zen guztiekin.
Eskoletako fama bat bereganatu zuen, baina klasetik kanpo ez zen holakoa.
“Berarekin ikasi ikaragarri ikasten zen, baina
oso exigentea zen, oso gogorra.
Eta langilea ere bai, lanean demasa zen”
Zergaitik aukeratuko eban fraile izatea?
Gaur fraile izatera ez
dator inor, ze fraile bizitzan egin daitezkeenak egin daitezke kanpoan ere; besteen
onerako gauzak egin ditzakezu. Baina garai hartan, baserriko bizitzatik nora
joan? Norbaitek nahi bazuen ikasi, ez zegoen unibertsitatera joaterik. Gaztelerarik
jakin gabe etorri zen Gandiaga hona eta lanak izan zituen gaztelera ikasten. Gero
ikusi zuen Arantzazun bazegoela zeregina.
Gainera, Gandiaga
baserriko bizimodutik zetorren eta inguruko jendearekin arin egin zituen
harremanak. Inguruan gazteak zeuden, baserri ingurukoak, eta gazteekin batu eta
beste herri batzuetara eramaten zituen, beste leku batzuetan baserriko lanak
nola egiten zituzten erakustera. Horretan baserriaren alde asko egin zuen.
“Baserriaren alde asko egin zuen”
Zelango bizimodua daroazue hemen fraileak gaur
egun?
Fraileak… Kanpotik
begiratuta ematen du, hor ze ote dabiltza.
Baina Gandiagari bezala, minutuak falta zaizkigu gauzak egiteko. Baina dibertitu
eta umorea jarri, eta bertsoak kantatzeko denbora ere badaukagu.
Lehenago asko ginen
komentuan eta astia ateratzen genuen gustuko lanak egiteko. Asko ginenean
egunean 8-9 ordu ateratzen genuen bakoitzak nahi zuena egiteko, gure gustuko
lanak egiteko. Norberaren lanak egiteko denbora zegoen inork molestatu gabe.
Hori lujoa zen. Orain gutxiago gara, edadeko jendea daukagu. 27 gaude eta 17
laurogeitik gorakoak eta gazteenak be hirurogeita gutxi; denok gara aititak,
eta orain ez daukagu horrenbeste denbora geure lanak egiteko.
Noz idazten eban?
Han kolegioan
bizitzeak asko lagundu zion horretan. Guk hemengo (komentuko) martxa segitzen
genuen: meza, otoitza eta gainerako fraile betebeharrak. Komentuko ordutegia
itxia zen eta kolegioko erritmoa askeagoa zen. Eguen arrastian koadrilako meza deitzen zuena ospatzen
genuen eta bertan parte hartzen zuen. Eta hor gustura ibiltzen zen; hortxe
askatu zen eta bizitzari buelta eman zion. Hori, gero, produkzioan ere ikusten zen.
Azkeneko urteetan kantuak idatzi zituen, abenduan ateratzen
zituen. Garizumako kantak ere egin zituen, pila bat kanta egin zituen
garizumakoak. Gero bere erronka izan zen piztuerari kantuak ateratzea,
aleluiatxo bat ere lortu zuen. Buelta eman behar izan zion bihotzekoari, baina
batez ere burukoari.
Gero kolegiotik hona
etorri zenean komentura bere ilusioa zen idazteko denbora izatea eta gustura
pasa zituen azken urte hauek, hamaika urte inguru. Hirurogeita gutxirekin
etorri zen eta azken urteak lan eta lan eman zituen bere gogoko zereginetan.
Gaixoaldian ere, beti
hain gauza guztiak puntu puntuan egitekoa zenez, beste guztiak baino lehenago
iratzarri, argiak iratzartzen zuen hura, gu jaiki baino lehen. Gauzak ikusi eta
beti pentsatzen; orduan esalditxo bat edo zeozertxo idatzi, gero zerbait
gehitxoago idatzi eta horrela; poesia osorik ez zuen idazten hasi eta amaitu. Paper
punta batean zeozer apuntatu eta horrela egiten zuen. Menditik ibiltzen zenean ere
pentsatu eta hitz edo esalditxo bat idazten zuen.
“Gauzak ikusi eta beti pentsatzen; orduan esalditxo bat edo zeozertxo idatzi, gero zerbait gehitxoago idatzi eta horrela;
poesia osorik ez zuen idazten hasi eta amaitu”
Gizarteagaz arduratzen zan?
Gizon konprometitua
zen. Beti konpromiso gogorra, salatzailea eta horretan izugarria da bere
olerkaritza guztia. Konpromisoa hartu zuen Hiru
gizon bakarkan baina orduan euskararekiko eta Euskal Herriarekiko. Hiru gizon bakarka erdia baino gehiago
musikatuta dago; kantari handiak erabilitakoa da.
Natura ere oso maite
zuen. Inguru hau guztiau berak zaindu zuen eta esan dudan moduan baserritarren
munduak ere ardura handia ematen zion.
Zer zan Arantzazu beretzat?
Orbela baino gehiago (barreka). Gandiagak
hemen igaro zuen bere bizitza guztia. Hura beti zebilen batera eta bestera,
ezagutzen zituen hemengo txoko guztiak… segituen bilatzen zituen trikuharriak… Bazekien
non egon zitezkeen lehenagoko aztarnak. Arantzazu
dena zen beretzat.
Gandiagak berak zaindu
zituen inguru hauek denak, segarekin garbitzen zituen. Gaur ez lituzke gustura
ikusiko desbrozadorarekin egiten diren lanak. Makinak akabatzen ditu bitxo
guztiak, barraskiloak, bareak … Gandiagak disfrutatu egiten zuen natura
behatzen, entzuten… natura maite zuen. Azken urte hauetan pena ematen du denak,
ez dago bitxorik, eta txoriak ere gero eta gutxiago datoz inguru hauetara.
“Gandiagak disfrutatu egiten zuen natura
behatzen, entzuten… natura maite zuen”
Orain bere hutsa sentitzen dozue? Non dago orain
Gandiaga?
Gabonetan, 24an
erronda egiten dugu. Badaramatzagu 34 urte erronda egiten. Beti berarekin
egiten genuen; berak hasi zuen ohitura hori. Azken 12 urteetan ez da izan
gurekin eta berak eramaten zuen erritmoa jarraitzen ahalegindu gara. Bertso
batzuk finkoak abesten ditugu eta beste batzuk, berak egiten zuen moduan,
urteko gauza printzipalak hartuz. 60 pertsona inguru batzen gara. Habanera
musikarekin egiten ditugu letra berriak, urtean gertatzen direnekin.
Zuok Arratian egingo
duzuena ere gauza ederra da; betiko ospakizunak herrira zabaltzeko beste modu
bat da.
Igorreko KT Gandiagaren bertsoak aurkeztu ostean |
Orain bera gogoratzen
duen Gandiaga Topagunea dago hemen.
Bere izena jarri diogu berak zaindutako lekua delako eta bere ekarri guztia
Arantzazun dagoelako. Gandiaga beti hemen eta beti zeozer egiten. Hor ikusten
diren zuhaitzak denak berak jarrita daude.
“Bere izena jarri diogu topaguneari, berak
zaindutako lekua delako eta bere ekarri guztia Arantzazun dagoelako”
Eskerrik asko Pello,
hain argi eta apal azaltzearren Gandiaga nor zan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario