Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 8 de diciembre de 2010

Xabier Lete: Jose Mari Setien gotzaiaren homilia bere hiletan

Senide maiteok! Xabier Leteren heriotzak bildu gaitu gaur hemen, Urnietako eliza honetan. Gauza asko esan dira eta asko idatzi da egun hauetan berari buruz. Azken urte hauetan, konturatzen zen hurbil zegoela berarentzat heriotza; eta susmo horrek eragin handia izan zuen bere bizitzan. Beraren barne-bizitza hain aberatsa izanik, esperientzia horrek ezin zuen axolarik ez balio bezala utzi. Xabier Lete ezagutu dugunok badakigu nolako jarrera hartzen zuen berak gertaera garrantzitsu horren aurrean, eta horrek ezin gaitu gu ere axolarik ez baligu bezala utzi. Zalantzarik gabe, honek guztiak lagundu egingo digu gaurko ospakizun hau era biziagoan egiten eta ospakizun honen esanahia era sakonagoan hausnartzen.



Ez gera hutsetik hutsera hiltzen, izate existentzialetik mugaz harandiko misterio batetara baizik, hori esaten zion Xabierrek bere buruari "bere" heriotzaren aurrean jartzen zenean. Izan ere, hiltzea gauza arrunta da, baina berak nabaritu zuen heriotzaren alderdi misteriotsua.

Lau galderaren aurrean jartzen zuen heriotzak Xabier, eta galdera horiei emandako erantzunak argitu behar zion, nolabait, bere bizitzaren esanahia edo sentidua. Bizitza ezin zitekeen soil-soilik zerbaiten hastea eta bukatzea izan, besterik gabe. Hortik zetozkion bere bizitzaren esanahiaren edo sentiduaren galderak. "Bere" erantzuna ematen ahalegindu zen Xabier galdera horien misterioari.

Lau ziren berarentzat gai nagusiak: Jainkoa, gizakion arteko maitasuna, giza sufrimendua eta, azkenik, heriotza.

Azken hamar urte hauetan nik berarekin izandako harremanak erakusten dit, galdera horiek ez zirela berarentzat teoria hutsa edota galdera intelektual hutsa. Alderantziz, bere bizitzari buruz, hau da, bere bizitzaren esanahiari buruz bere buruari bene-benetan egiten zizkion galderak ziren. Adore izan zuen galdera horiei aurpegi emateko eta, horrela, bere bizi-esperientzia era sakonagoan eta egiazkoagoan bizitzeko. Xabierren planteamendu hauek eta horien erantzun-ahaleginak ezagutzen ez dituenak, ez du bere osoan ezagutuko haren bizitza; ez du ezagutuko hortik -bere argi-ilunak eta guzti- lortu zuen "jakinduria". Xabierren poesia ez da "literatura" hutsa. Bere bizi-esperientziaren adierazpena da.

Esan beharra dago, galdera hauei erantzutekoan, fededunaren ikuspegian -edo, gutxienean, fededun izan nahi duenaren ikuspegian- jartzen dela.

a) Jainkoaren existentziari buruzko galderari erantzutekoan, Jesusen hitzak gogoratzen ditu: "Ez pentsa munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baina banaketa ekartzera etorria naiz" (Mt 10, 34). Eta gogoeta hau egiten du: Bakea ez, baizik gatazka ekartzera etorri zen. Izan ere, Jainkoarekiko atxikimenduak eta haren irudia litzatekeen hurkoarenak kontraesanean jartzen gaituzte mundutartasunarekin, gutasunaren harrokeriekin eta onizate epel eta egoistenekin. Jainkoarekin ez dago bakerik eta konponbide diplomatikorik. Jesu Kristoren Jainkoagan sinestea ezin daiteke gure bizitzarekin eta existentziarekin zerikusirik ez duen sinestea izan.

b) Maitasuna posible ote den galderari buruzko erantzuna aurkitu nahi duenean, San Paulok Korintoko kristau-elkarteari egindako gutunera jotzen du. Eta hau dio Xabierrek: Maitasunak erabatekoa behar duela izan aldarrikatzen zien Paulo ibiltariak. Maitasunak dena ulertzen eta barkatzen duela. Horrelako maitasuna posible ote den zalantzaren aurrean, zera aitortzen du: Ez jakituriak, ez mundu honetako ezagutza eta gaitasun guztiek, ez lukete deus balioko, «maitasuna faltako balitzaizu». Hala ere, Jainkoa maitasuna dela esaten du: Deus caritas est.

e) Sufrimenduari buruz dio, guk kristau sinestunok ezin dugula onartu manikeoek aldarrikatu zuten onaren eta gaizkiaren banaketa, hori onartuz gero lurrera letorkeelako erredentzioaren itxaropena. Baina galderak zutik dirau: zergatik orduan gaizkia eta gaizkiaren korrelato nagusia den sufrimendua?

d) Laugarren galdera nagusia, heriotzarena, otoitz bihurtzen du, aldi berean bere itxaropenaren aitormen den otoitz: Nik, agian, neronen esperientziari begiratuz, honela oihukatuko nioke Jainkoari: Jauna, erruki zaitez gutaz, eta mundu honetan elkar maite izan dugunok ez gaitzazu heriotzaren orduan eta heriotzaren bitartez bereizi; elkar maite izan dugunok elkar maitatzen jarraitu nahi baitugu eternitate osoan.

3. Senideok: Orain aurrean entzun dugun Ebanjelioko pasartean, beren fedeari buruzko galdera egiten zien Jesusek apostoluei: "Zuek ere alde egin nahi al duzue?" Eta Pedroren erantzuna: "Jauna, norengana joango gara? Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak". Baina Ebanjelio-zati horretan entzun dugu baita ere, "ikasle askok atzera egin zuela, eta ez ziotela Jesusi jarraitu nahi izan".

Hainbat ideologia desberdinen eraginpean aurkitzen den gaurko mundu sekularizatu honetan, askotan ez da lekurik gelditzen fedearentzat. Jainko salbatzailearengan sinestea ez da, inolaz ere, guztiz nabariak eta begien bistakoak diren gaiei buruzko ziurtasun osoa izatea. Are gutxiago, gu bizi geran mundu honetan. Fedearen argitasunak berekin du zalantzaren iluntasuna. Geure barruan benetako sinetsi nahia dugunean ere, horrela izan ohi da. Asko izango dira diotenak, «nik sinetsi nahi nuke, baina ezin dut». Xabierrengandik hurbil gaudenok, haren hitzak entzutean, esan dezakegu, hark ere bizi izan zuela esperientzia hori. Zalantza artean bada ere, sinestedun izan zen Espirituaren argiaren laguntzaz, argi hori gabe ez baita posible fededun izatea. Fedeak -harengan bezala gugan ere- itxaropen apalaren ondorio izan behar du; eta itxaropen horren oinarrian sinesteko benetako gure borondateak egon behar du.

Jainkoak gutako bakoitzari -eta Xabierri ere- digun egiazko maitasunak gugan sortzen duen konfiantzaz, otoitz egingo diogu; sinesgabea zen Unamunogandik hartu eta fededun zen Xabierrek bere egiten zuen otoitza: Jauna, kupi zaitez Xabier gaixo honetaz, baita gu guztiez ere, izaten jarraitu nahi baitugu hil ondoren ere; ez baitugu nahi ezabatuak izatea.

OHARRA: belztutako hitzak Xabier Letek berak esandakoak dira.




Xabier Letek halaxe nahi zuela eta, azken urteetan zaindu duten medikuetako batek, Felix Zubiak, bertso berri hauek kantatu zituen hiletetan, Mikel Laboak sortutako Ez nau izutzen negu hurbilak doinuarekin:



«Ez nau izutzen», esan zenigun

begietara begira.

«Negua dator nere albora,

bukatu da nere bira.

Gustora noa bake-bakean

Lourdes dagoen tokira,

nerekin dago, soma dezaket

irripar batez ari da».



Zure gaitzean, zer duintasuna,

zure hitzetan dirdira,

hartu atseden alboko gelan,

aitarekin errretira.

Eman arnasa, lagun zaiguzu

goiza gauaren segida,

egun batean gure arimak

berriz elkartuko dira. 

No hay comentarios: