Abenduko izarrak

viernes, 16 de junio de 2023

"Gauza asko lor daitezke jendea batuz gero"

 

Gernikaldeko Caritasek udalerrian garatzen dituen proiektuak aurkeztu ditu, eta boluntarioek egiten duten lanari balioa eman die. Denetariko proiektuak dituzte martxan, tartean 7 eta 15 urte arteko umeei laguntzeko Amilotxak proiektua, idazten dau Ane Marurik Busturialdeko HITZAn.

Ikusten ez dena ere existitzen da. Behar, proiektu edota ekintza asko ezkutuan gauzatzen dira, eta ez dira ezagutzen, baina egin egiten dira. Boluntarioen lana da horietako bat, eta egiten dena ikusarazteko erabakia hartu du Gernika-Lumoko Caritasek. Udalerrian gauzatzen dituen proiektuak aurkeztu ditu, eta boluntarioek egiten duten zeregina ikusarazi.

Azpimarratu dute Caritasen oinarria boluntariotza dela, eta gaur gaurkoz 2.000 boluntario inguru ari direla lanean, Bizkaian; Gernikan, berriz, 20 inguru dira. “Proiektuak boluntarioek sostengatzen dituzte, eta langileona da horiei laguntzeko zeregina. Gernikan ibilbide luzea du Caritasek, gernikar batzuek justiziaren aldeko jarrera izan dutelako beti”, esan dute. Gehitu dute horrek ahalbidetu duela gaur egun proiektu berriak izatea, behar berriak eta ezberdinak identifikatzea eta horiei erantzuna ematea. “Ez da berdina gaurko pobrezia edo duela 20 urtekoa”.

Gernikaldean, guztira zortzi proiektu ditu martxan elkarteak. “Beti esaten dugu beharra daukan jendea leku guztietan dagoela, eta beharra ez dela beti behar ekonomikoa. Egon daiteke bakarrik sentitzen den jendea, edo gizarteratzeko arazoak dituena, hizkuntza ezagutzen ez duelako edo baztertuta bizi delako”, zehaztu dute. Saiatzen dira euren begirada zabaltzen eta pobrezia mota ezberdinei erantzuna bilatzen. Horretarako, Caritasekoek harreman “sendoa” dute gizarte zerbitzuekin zein norbanakoekin.

Boluntarioen sare “sendoa” dute, eta horien ezagutzen eta motibazioen arabera prestatzen dituzte proiektuak. Hala, harrera eta arropategia ditu Caritasek udalerrian. Bazterkerian dauden pertsonak edo bazterketa arriskuan daudenak gerturatzen dira Harrera zerbitzura, eta ze motatatako laguntza behar duten zehazten dute bertan: diru laguntzak, formakuntzaterako garraio publikoa ordaintzea, EPAra bideratzea edo alokairuen merkatua zelan dagoen azaltzea dira euren zereginetako batzuk. Zerbitzu hori martitzenero eskaintzen dute, arratsaldez.

Gutxieneko formakuntza bat eskaintzea ere euren zeregina dela diote: “Etortzen diren askok ez dute ikasteko aukerarik izan euren lurraldean, eta zaintza lanetan aurkitzen dute lanerako aukera. Ondorioz, iruditu zitzaigun garrantzitsua zela eurei gutxieneko formakuntza bat bermatzea, zaintza lan horiek ahalik eta hoberen egiteko”, azaldu dute. “Pertsona desberdinak aritu dira urteetan zehar Harrera zerbitzu hori mantentzen, sostengatzen eta pertsonei aukera berriak ematen. Horrek ahalbidetu du, neurri batean, proiektu berriak egitea, jende berria gerturatzea Caritasera”.

Arropategia da gehien ezagutzen den zerbitzua. Arropak jasotzen dituzte bertan, eta han dauden emakumeek sailkatu, garbitu eta zer eman daitekeen eta zer ez erabakitzen dute.

Amilotxak

Zerbitzu horiez gain, hainbat proiektu ditu elkarteak udalerrian. 7 eta 15 urte bitarteko umeei zuzendutako proiektua da Amilotxak izenekoa, eta hamabost neska-mutilei eskaintzen die zerbitzua. Proiektuak zeharkako hezkuntza bat bermatzea du helburu: ”Helburua ez da gazteei errefortzu akademikoa ematea, helburua da zeharkako hezkuntza bat eskaintzea: eurek ikustea ze garrantzitsua den higienea zaintzea eta janari osasuntsua jatea”. Gainera, jolasen bidez, taldean lan egiten ere ikasten dute. “Ze pozik datozen ikusten dugu, eta gure arteko harremanak sustatzeko baliagarria da proiektua”.

Diotenez, beti errutina berdinak mantentzen dituzte: askaria jan aurretik eskuak garbitzen dituzte, eta eguneko bizipenei buruz berba egiten dute. “Oso momentu polita izaten da; emozio eta esperientzia positiboak zein negatiboak kontatzen dituzte, eta euren artean laguntzen eta elkar entzuten dira”, azaldu dute boluntarioek. Gero, talde erantzukizunean oinarrituta jolasten dute. “Jolasen bitartez matematikak lantzen ditugu, baita diruaren erabilera ere”. Saioaren amaieran, emotikonoak erabiliz, euren emozioak zeintzuk diren transmititzen dituzte.
Datorren ikasturterako bolunatioak behar dituzte, eta herritarrei proiektuan parte hartzeko deia egin diete; eguenetan batzen dira, 17:15etik 19:15era. Boluntarioek nabarmendu dute “oso garrantzitsua” dela proiektua, txikienei laguntzen dielako.

Joskintza proiektua ere badu Caritasek, eta, saioetan, puntuz puntu eta gauza txikiak egiten ikasiz, partaideen arteko hartu emanak lantzea du helburu. “Janari faltaz eta diru faltaz aparte, bakardade handia ere badago gure gizartean. Eta hori ez da ikusten eta ez da onartzen, baina egon badago, eta beharrizan hori ere bete egin behar da”, azaldu dute. Boluntarioek diotenez, denetariko konponketak egiten dituzte saioetan, eta «beti» ikasten dute zerbait. Talde “anitza” direla onartu dute, baita “aniztasun horretan asko ikasten» dutela ere: «Josten ari garela beste kultura eta tradizio batzuei buruz ikasten dugu. Garrantzitsuena ez da josten ikastea, beste batzuekin elkarlanean aritzea baino. Gauza asko lor daitezke jendea batuz gero”.

Ortukide


Gernikako Udalak alokairuan dituen udal jabetzako lau ortutan Ortukide proiektua garatzen ari dira Caritaseko zenbait boluntario. Gaur gaurkoz sei erabiltzaile ditu, eta nekazaritza ekologikoa lantzeko teknikak ikasten ari dira bertan, baita zeharkako hezkuntza jasotzen ere; izan ere, hartu-emanak, elkarbizitza zein euskara bultzatzea ditu helburu proiektuak. “Nekazaritza teknikak ikasteko aprobetxatzeaz gain, bestelako gauzak ere ikasten ditugu. Batzuetan, gainera, Amilotxetako umeak ere ortura etortzen dira eta hartu-eman polita sortzen da. Ortukideek amilotxei azaltzen diete zer egiten duten eta zer lantzen ari diren”, azaldu dute. Ortukideko parte hartzaileak kolaboratzaileak dira, eta ortuari “ahalik eta etekinik handiena” ateratzen ahalegintzen dira, eurentzako eta Caritasera gerturatzen direnentzako produktuak lortzeko.

Proiektu horiez gain, badaude urtero egiten dituzten ekimenak ere. Ez dira proiektu finkoak, baina sentsibilizaziorako balio dute. Horietako ekimen bat da Haurtzaro Solidarioa.

Bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka antolatzen dute, eta urtez urte proiektu desberdinetara bideratzen dute azokan lortzen duten dirua. Iaz Ekuadorreko Hezkuntza Unitate Espezializatu Fiskoemozionalerako dirua bildu zuten. “Jendeak jostailuak ekartzen ditu, eta horiek banan-banan ikusi eta sailkatzen ditugu. Eguna heltzen denean, plazara jaisten gara, eta prezioaren arabera multzokatzen ditugu. Kuadrillan bat batzen gara, denak laguntzeko prest”, diote.

Erronkak


Caritasen boluntarioen lanean oinarritzen da, eta horietako gehienak dira emakumeak. Emakumezkoen kopurua %85 ingurukoa da, eta, bataz beste, 60 urtekoa. “Emakume nagusiak, eta elizagaz era bateko edo bestera lotura duenak izan ohi dira”, adierazi dute. Generoaren kontua “oso adierazgarria” dela diote: “Zaintzak modu zabal batean ulertuta, emakumeen esku daude, eta Caritasen boluntario izateak zaintza lanarekin lotura handia dauka”. Erreleboak ere ez dituzte bermatuta, eta jende gazteagoarengana gerturatu gura dute, “behar berriei erantzun berriak emateko”.

Proiektuak bultzatzeko hainbat finantziazio iturri ditu Caritasek; diru gehien urtean lau aldiz egiten dituzten kanpainetan lortzen dute, baina enpresa pribatuen edota norbanakoek donazioak ere jasotzen dituzte, eta administrazio publikoen laguntza ere izaten dute hainbat proiektutan. Gernikako Udalak, esaterako, diruz laguntzen ditu Gernikaldeko Caritasen zenbait jarduera. Zehaztu dutenez, Caritas Bizkaiak 11 milioi euroko aurrekontua dauka.

No hay comentarios: