Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 1 de diciembre de 2022

Lauaxetaren pentsamendua eta jarduera: Sebastian Gartzia Trujillo

 

Liburu barri bat landu eta argitaratu dau Sebastian Gartzia Trujillok. Behar eta neke askoren emoitza. Gaia Lauaxeta olerkariaren pentsamendu erlijiosoa eta jardueraren azalpena. 327 orrialdetan Esteban Urkiaga poetaren bizitza eta lan poetikoa eta kazetaritza lanak aurkezten deuskuz. Lauaxetaren pentsamendua eta jarduera, Leioa, 2022.

Ikuspegi zehatz eta original batetik: Esteban Urkiagaren euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna  bere erlijiotasunaren emoitza laikoak ete dira? Bere heriotza martiritza bat legez ulertu daiteke?  Itaun sakonak beraz, ikerlariak argitu gura dauzenak. Horretarako,oinarrian, Lauxaterai buruz dagoen bibliografia zabala lantzen dau. Bere originaltasuna, ordea, fedearen ikuspuntua erabiltzea litzateke,alderatu poetaren lana Ebanjelioko Jesusen berbakaz eta erlijioaren Jainkoagaz.

Lanaren tratamendua bibliografian oinarritzen da. Pena bat. Kapitulurik indartsuenak, nire ustez, amaierakoak dira. Lauaxetaren pasioa, heriotza, kartzelako olerkiak eta testamentua. Eta idazleak justifikatu gura dauenaren giltza, azken honetan datza. Ebanjelioak idatzi ziranean ere, lehen lehen, Jesusen nekaldia (pasioa) eta heriotza idatzi ziran. Ondoren, bere berbak eta ekintzak. Azkenean, bere jaiotza. Liburu honetan Lauaxetaren jaiotza eta jesuitetan izandako heziketa da abiapuntua. Ondoren bere lana euskaltzale eta abertzale legez, bere “ordezkapen erlijioa” laikotuz, inoiz galdu barik bere sinismena. Eta azkenean, preso jausi ostean, eta frankistek fusilatu baino aurretik, kartzelan igarotako egunek barriro loratzen dabe bere barruan gaztaroan hazitako fedea.

Liburuaren egileak alkarrizketa bat osatu gura dau, zubi lana esan daiket, Lauaxetaren pentsamendua eta jarduera, alde batetik, eta kristau erlijio katolikoaren pentsalariak, bestetik. Argi geratzen da poeta miresten dauela eta goraipatu egiten dauz bere ideiak, koherentzia, zalantzak, bilakaera… Erronka gatxa, Vatikanoko II. Kontzilio aurreko erlijio giroa aztertzea gaur egungo pentsalari eta teologoen gogoetak eta paradigmak erabiliz.  Errezagoa, heriotzaren aurreko otoitz, poema eta pentsamenduak  aztertzeko unean.

Argi geratu dana, hauxe da, frankisten balek, Gasteizko kanposantuaren ormaren kontra poetaren olerkia mututu ebenean, fededun baten otoitza zerura jasoa izan zala eta zabaldu gure egunok arte. Martirien odolak fededunak sortzen badauz, martiri baten aurrean gagoz. Azkeneko hiru kapituluak nahiko dira liburu osoa justifikatzeko. Osorik irakurrita, azken aberatsagoa. Baina atzetik aurrera irakurtzea aholkatzen dot. Hobeto ulertzen dalakoan nago.

Jose Mari Kortazar    


No hay comentarios: