Jesusen hitza

jueves, 14 de abril de 2022

Alkarregaz ibili, alkar zaindu

 



Bizkaia Irratia 2022

Alkarregaz ibili, alkar zaindu

 

Eguen Santu barri batez, zuekaz guztiekaz bat egiten dogu Bizkaia Irratiari esker. Hamabi urtetan zehar, egun honetan goizean, zeuokaz bat egiten dogula Arratiatik Bizkaira, Gorbeia magaletik Kantauri itsasoraino. Handia eta zabala da Eguen Santuko mahaia. Handi eta zabalagoa egin daikegu irratiari esker. Nahiz eta alkar ezin ikusi, Jaunaren Berbeak batzen gaitu.

Ibilbide hau gugaz hasi eben batzuk hil dira eta ez dagoz gugaz. Batzuk etxekoak eta familikoak. Bihotzean, gogoan eta otoitzean ditugu. Beste batzuk gaixorik entzuten dozuez gogoeta honeek. Jainkoaren laztana ez daitela inoiz falta zuen ohe ondotxuan. Beste  batzuk kotxean edo sukaldean, beharrean entzuten dozuez. Danok osatzen dogu alkartea.

Aurten, zuekaz bat egiteko orduan, abiapuntu ezin hobea dogu. Joseba Segura gure gotzaiak garizuma eta pazkorako idatzitako eskutitza. Emauseko ikasleen katekesian oinarritzen da. Ebanjelioan agertzen dan kontakizun aparta. Zoragarria. Eta hortik adar bi ataratzen dauz. Lehenengoa: alkar ibili. Ospatu barri dogun sinodoa gogoan. Horixe esan gura dau sinodoak. Alkarregaz ibiltzea. Eta bigarrena: alkar zaindu, jagon. Sufridu barri dogun pandemia gogoan. 

Urte gogorra izan doguz. Eta nekean aringarri izan dogu eukaristia, komuninoa, alkartea. Eta zalantzatan argigarri izan jaku Jaunaren Berbea, komunioaren osagarria. Eta bakardadean lagungarri izan jaku mezea, alkartea, senideak. Baina lehendabizi, jo daigun iturrira, bertan ezagutzen dogu maite gaituan Jainkoa, zaintzen gaituan Jainkoa.

 

 

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 24, 13-35)

 

            Jesusen ikasle bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen jazotako guztiez berbetan egiten eben alkarregaz. Eta, berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken eta eurekin joian; hareen begiak, ostera, itsu egozan eta ez eben ezagutu.

            Jesusek esan eutsen: «Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?» Hareek gelditu egin ziran, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas eritzonak, erantzun eutson: «Zeu izango zara Jerusalemen egun honeetan jazo dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer jazo da, ba?»

            Hareek erantzun eutsoen: «Jesus Nazaretarrarena; profeta ahaltsua zan egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan Berak askatuko ebala Israel; baina badira hiru egun hori jazo dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik itzi gaituela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeruak agertu jakezala esanez etorri jakuz. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan daben lez aurkitu dabe; baina Bera ez dabe ikusi».

            Orduan, Jesusek esan eutsen: «Bai zentzun bakoak zareela, bai motelak profetek esana sinisteko! Ez al eban, bada, Mesiasek guzti hori sufridu behar, bere aintzan sartzeko?» Eta, Moisesegandik hasi eta profetarik profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen.

            Joiazan herritxora hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban. Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez gugaz, berandu da eta iluna gainean dogu». Eta herrian sartu zan hareekin gelditzeko.

            Hareekin mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta emon egin eutsen. Orduan begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben; baina Jesus desagertu egin jaken.

            Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan bihotza sutan, bidean berba egiten euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak batuta aurkitu ebezan, honan inoela: «Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu jako».

            Ikasle biek bidean jazotakoa kontatu eutseen eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben.

 

Alkarregaz ibili

 

Emauseko ikasleak legez, gu be bidean goaz. Garizuma bidea da. Pazkora doan bidea. Bizitza bidea da. Jainkoarengana doan bidea. Erromesaldia bidea da. Santutegi batera doan bidea. Errezago egiten da bidea alkarregaz. Berbetan. Hau edo bestea alkarrizketan.

Bidea egiteko era asko dagoz. Bata da bagabundoa. Hara hona, eskean. Nora jakin barik. Nora ez dakiela. Beste era bat, bidea egiteko, turistea da. Ha eta bestea ezagutu gura. Bisitau nahi. Presaka, astirik bez. Eta beste modu bat da erromesa, peregrinoa. Harek badaki nora doan. Helburu bat dauka. Urkiola edo Begoña, Arantzazu edo Aralar. Eta santutegi hori izango da zain daukagun zeruaren irudia.

Emauseko ikasleei gertatu jakena, guri be gertatzen jaku sarri. Bizitzaren golpeak. Bihotzaren ardurak. Nekea. Etsipena. Gaixo larri bat. Maite dogun baten heriotza. Lan barik geratzea. Ezkontzak huts egitea. Seme-alaben ardurak. Hain astuna jaku bizitzaren motxilea edo morrala, ahaztu egiten dogula nora doan gure bidea.

Edo okerrago dana. Konturatu be ez gara egiten Jesus bidelagun dogula, gugaz datorrela. Bidean gagozala. Emauseko ikasleak be ez ziran konturatu. Tristurak begiak itxi. Bihotza estutu. Ezin arnasa zabal hartu. Jesus hurreratzen jake. Hurreratzen jaku. Eta entzun. Gure ardurak, bere ardurak dira. Gure kezkak, bere kezkak dira. Bere pausua, gure pausura. Entzun, entzun eta entzun. Entzun eta gero, orduan egiten dausku berba. Eta guk ezin ulertu. Ezin begiak zabaldu.

«Gelditu zaitez gugaz, berandu da eta iluna gainean dogu», dinotse ikasleak aurrera doan Jesusi. Alkartasuna da giltza. Giltz horrek zabaltzen dauskuz otoitzaren eta eukaristiaren bideak. Eta afaria bananduz, otoitzean, eukaristian… zabaltzen jakez begiak.

Ez gara umezurtzak! Maite eta jagoten gaituan Aita-Ama dan Jainko bat dogu. Gure bidea ez doa alperrik. Ez gara galdu. Jainkoa dogu zain, bere besoak zabal zabalik. Horixe ikasi dogu garizuman zehar. Basamortuan zein mendian, beharrean zein etxean, eleizean eta eleizatik kanpo… Jesus bide lagun.

Eta bidean, Jesus dogu lagun. Gugaz ibili dabil. Hau suertea! Bihotza sutan! Hobe ez!

 

Garizumako geografia…

 



 

 

Zaindu, jagon

 

Jagon, zaindu, arduratu, kargu hartu, kasu egin, kontu egin, begiratu. Era asko gauza bera edo antzekoa azaltzeko. Alkarri lagundu. 2.000 urte inguru dira San Paulok hau idatzi eutsiela Galaziako fededunei. Pandemia hau dela eta, zenbat aldiz ez ete dogu hau berau entzun. Nork zaindu? Nor jagon? Zelan arduratu?

 Urteak eroan doguz, nire gorputza nirea dala eta nire gorputzagaz nik gura dodana egin behar dodala. Eta bat batean, kontuz! Nik egiten dodana nire gorputzagaz eragina daukala bestearengan! Eta ez abadeak hori esaten, zientzialari zentzundunak baino. Ez ete da ardura hau askoz kristauagoa?

Lehengo eta behin gure burua zaindu. Gu geu. Gu ez bagagoz ondo zelan lagundu besteari? Zelan jagon elkar? Bizimodu prisatsu honetan, beti arineketan hona eta hara, prisaka eta arineketan lotu barik, tartea atara gelditu eta hausnartzeko, otoitz egiteko, gaixo bati edo lagun bati deitzeko. Hainbat zeregin daukagun gizarte honetan, ausartak eta balienteak izan inportanteena aukeratzeko, gure barrua lantzeko. Hainbeste dispertsino eta arreta gune dituan gizarte honetan, erdigunea bilatu eta jagoteko aukerea hartu. Gaixorik banago, ezinduta, ibili ezinik, medikuak edo etxekoak esandakoa betetzen ahalegindu.

Bigarren, maite dogun hori jagon, zaindu. Etxeko edo familikoa, hurrekoa eta urrunekoa. Gozotasunez zuzendu, zuzendu beharra badago. Lagundu batak besteari alkarren kargak eroaten, ze, holan beteko dozue Kristoren legea (Ga 6,2). Ez ibili besteagaz konparatzen. Ez aspertu ona egiten. Adorea galtzen ez badogu, jasoko dogu uzta bere sasoian. Erea daukagunean, egin deiegun ona guztiei, batez be fedean senide doguzanei.

Eta holan, hirugarrenez, alkar maite, alkar jagon, alkar zaindu. Danok goaz barku edo txalupa berean. Nik egiten dodan ona, danon onerako da. Egiten dodan kaltea, danon kalterako izango da. Nik egin barik itxi dodana, beste baten lepoaren gainera joango da.

Eta hemen, Jesusen mahaitik jaten dogunok, suerte handi bat dogu. Gure burua zaindu, maite doguna zaindu, alkar zaindu. Baina jakin dakigu Jesusen Jainkoak gu zaintzen gaituala.

Egin gaitualako. Maite gaitualako. Gure zoriona gura dauelako. Zorioneko hau jakin bakarrik ez, bihotz bihotzez hau ezagutu, sentidu, gozatu dauenak. Ez gagoz bakarrik bidean. Senide eta adiskide asko ditugu. Batez be Jesus, lagun eta bideko.

Harek zaintzen, jagoten gaitu.

Kopla honegaz amaituko dogu. Esan edo kantatu eizu ugari, sarri, askotan, eten barik. Egizu kanta baino gehiago, egizu otoitz, errezu, eskari eta esker otoitz…

 

Zaindu egizu zeure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen alkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

Harroak gara, pentsatu dogu:

“Gure esku dana dago”.

Birusak dino: ez gagozela

Jainkoa baino gorago.

Zaindu egizu zeure burua

ta zaindu maite dozuna,

zaindu gaitezen alkar guztiok

bat dogu etorkizuna.

 


https://youtu.be/aWk_ahZ2yJs )


No hay comentarios: