Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 15 de julio de 2021

Bedian egin dau paradea Arratiko tranbiak

 


Bediako umeen udalekua herriko ondarea ezagutzeko tartea da, olgau eta ondo pasauez ikasteko tartea. Bai udaldekuko umeek (6-12 urte) bai Txiki-txokokoek (3-5 urte), euren hamabostaldiaren barruan tarte bana euki dabe herria ezagutzeko. 

Udalak urte asko daroaz Labayru Fundazinoaren bitartez herriko ondare immateriala batzen, eta aldi berean zabaltzen. Ondare hori zabaltzeko egiten diran ekintzen artean, aurten, umeen udalekuan eurei zuzendutako jarduera bat egin da. Labayruk, Onditz Mendizabal monitorearen bitartez, ibilbidetxu bat prestau, eta bertako jakingarriak erakutsi deutsiez umeei. 
 

 
 
Horretarako, Onditz Cosme bihurtu da, tranbiako gidaria.
 
Bediako umeek ez dakie Bediatik Arratiako tranbia ibilten zanik, eta plazan paradea eukiten ebanik. Horregaitik, Caritasek oin dala urte biko kanpainarako egindako tranbiaren panela udaletxera eroan, eta han ikusi eben umeek tranbia Bedian. Cosmek gainera, plazatik eta inguruko auzoetatik ibilteko, tranbiako tikeak banatu eutsiezan, batetik bestera igarkizunak, galderak, jolasak eginaz, eta argibideak emonaz. Holan jakin eben eskolea zergaitik deitzen dan Marcelino Uribiondo, udaletxea noiz egin zan, plazako monumentua norena dan, Bediakolea palazioaren izenak zer esan gura dauen, bidean ikusitako arbolak zeintzuk diran eta zelako orriak daukiezan, bolotan zelan egiten dan. 
Tranbiaren bitartez bidaia ederra egin eben, Cosme gidari zala, billete eta guzti.
 

Eskerrik asko Arratiako Caritaseri panela ixtearren, eta ekarteko-eroateko erraztasun guztiak emotearren.


Igone Etxebarria Zamalloa

No hay comentarios: