Gabon zorion, zorion gabon!

domingo, 16 de junio de 2019

Errogatibea 2019 homilia, 3 bideo, 60 argazki eta 5 bertso Homilia, 60 fotos, vídeos y bersos

Klikatu irudian handiago ikusteko Clic en la foto para ampliarla

Bihotz-bihotzez agurtu nahi zaituet, errogatibea dala ta, Arratiatik Urkiolara etorri zarien guztiok! Ondo etorriak izan zaiteze!
Bardintasuna aukeratu dozue gai modura aurten. Oso balio handia emoten deutsagu etxean, gizartean eta edonon, baina bardintasuna lortzea ez da erraza izaten sarritan...





Klikatu hemen argazki sortea ikusteko eta gehitu zure argazkiak gura badozu
Clic aquí para ver una selección de fotos y sube las tuyas si lo deseas

Joseba Segura gotzain laguntzailearen homilia



Bihotz-bihotzez agurtu nahi zaituet, errogatibea dala ta, Arratiatik Urkiolara etorri zarien guztiok! Ondo etorriak izan zaiteze!
Bardintasuna aukeratu dozue gai modura aurten. Oso balio handia emoten deutsagu etxean, gizartean eta edonon, baina bardintasuna lortzea ez da erraza izaten sarritan.
Egia esan, oso desbardinak gara jaiotzez: bata ezaugarri batzuekaz, bestea, beste batzuekaz; bakoitza bere ahalmen eta limitazioekaz; batzuk urte asko betetzen dabez, beste batzuk umetan edo gaztetan hiltzen dira, gaixoak edo ezbeharrak jota; batzuk oso argiak dira buruz, beste batzuk esku-lanetarako trebeak dira.
Desbardintasunaren misterioak fede arloa be hartzen dau. Fedea dohaia dala autortzen dogu. Zergaitik dira batzuk fededunak eta beste batzuk ez? Gure artean, orain urte batzuk zergaitik ziran gehienak edo ia danak fededunak eta gaur, ostera, hain gitxi?
Desbardin jaiotzen gara eta desbardintasunen artean goaz aurrera bizitzan. Desbardintasun asko onerako dira, aberastu egiten gaitue.
Gaur egun guraso batzuk euren umeak “diseinatu” egin gurako leukiez: guapoak, dotoreak, akats bakoak… Hori ete da etorkizuna? Ez ete da hobe era askotako kolore, ezaugarri, kapazidade edo izaera artean bizitzea?
Irakurgaian entzun dogu: Jainkoak bere irudira egin ebazan ar eta eme, andra eta gizon. Hau da, antzeko eta era berean ezbardin egin ebazan, bere irudira. Jainkoaren izaera bera be ezbardintasun horretan agertzen da. Bat bera da, baina aurpegi, bide eta era desbardinetan agertzen dana. Jainkoak, ba, andra eta gizon egin ebazan, aita eta ama, bata bestearekin alkartzeko eta alkartasunean alkar aberasteko, bakoitza bere berezitasunekin. Batasuna aniztasunean eta aniztasuna batasunean. Berezitasun guztiak kendu ezkero, ez dogu ondo ulertzen ez batasuna, ez bardintasuna.
Bardintasuna eta berezitasunak onartzen eta ospatzen badoguz, zer eratako bardintasuna gura dau Jaungoikoak guztiontzat? Ba, hara: bizimodu duina bideratu ahal izateko baldintzak landu eta lortu daiguzala. Horixe da bardintasunaren alde jokatzea; horixe da gure erronka. Inor ez daitela alboratuta, bide baztarrean gelditu.
Kristo dogu horretan aurrelari edo bide-erakusle: lepradunak ikutu ebazan, emakumeak defenditu, danak tratatu ebazan Jainkoaren seme eta alaba lez. Hainbat eta hainbat gizon eta emakume joan dira bide horretatik.
Gaurko ebanjelioan ikusi daikegu hori. Jesusen indarrak osatu egiten dau emakumea eta bere duintasuna berreskuratzen deutso. Andra horrengan eta bere gaixoan ikusi daikegu gaur egungo hainbat andraren sufrimendua, tratu txarren eta matxismoaren era askoren eraginez.
Baina Jesukristoren indar osasungarria ere aurkitu daikegu gaur. Indar hori hartu eta zabaltzera deituak gara. Eta Eleizeak be badau nahikoa zeregin honetan. Frantzisko Aita Santuak behin eta barriro aitatzen dau, emakumearen eskuetan arlo zabalagoak eta ardura sendoagoak jarri behar dirala, erabagiak hartzean be parte izan dagien. Asko dago egiteko eta astirotxo goazala emoten dau.
Eskatu daiogun Jainkoari Jesusek izan eban askatasuna, mugak gainditzeko eta bide barriak urratzeko. Berak lagundu daigula, osatzen eta barriztau behar dana aldatzen. Eta eskerrak emon daioguzan alkartasunean ditugun legezko berezitasunakaitik, batez be andra eta gizon egin gaitualako, danok bere irudira, bere kreazioan lankide eta adiskide izateko.


“Haren irudi eta antzera
izan ginan gu sortuak”,
errogatiban eskatzen dogu
loretu basamortuak;
errukiz jantzi, Aita On horrek,
gure bihotz gogortuak
Bedeinka beti gure famili,
herriak eta ortuak!

Zorioneko gabiltzanean
Haren irudiko gara,
Jainko onaren barru-barruan
zoriona sortzen da-ta.
Eginbeharra bete ezkeroz
gabiz be Haren erara,
Bere irudi izango gara
zoriona gugan bada.

Bere irudi gure bizitza
heltzen bada gailurrera,
Bere irudi, goitik behera
jausten bada be lurrera.
Mendi, itsaso, herri, pertsona
guztietan dago Bera,
guk ezagutu, susmatu ezin
toki edo egoeran.

Bere irudi arrakastatsu
irabazle agertzean,
Bere irudi, aldi berean,
huts egiten dogunean.
Beraren bila gu ibiltzeko
deia eta gonbitean.
Bilatze horren iturria dan
betiko maitasunean

Zorionaren egarri hori
ito arren biztuko da,
hilazo arren egia beti
bizirik agertuko da,
kurutze baten josita ere
maitasuna jaikiko da,
fede apurraz, iluna arren,
mundu hau argituko da.





No hay comentarios: