Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 22 de diciembre de 2018

Egin lekua Jesusi, Maria eta Joanen bidetik



Non dago Jesus?

PENITENTZIAREN ALKARTE OSPAKIZUNA
2018 abendua
Egin lekua Jesusi, Maria eta Joanen bidetik



§      Sarrerako abestia

Kanta daigun guztiok edo besteren bat

§      Abadearen agurra

          Aitaren…

Orain eta hemen, guri parkatzeko
eta gu adiskidetzeko batzen gaituan
bake eta maitasunaren Jaungoikoa
egon bedi zuekin.


§      Oharra

Abendualdia Gabonetarako prestakizun luze bat da, geuregana behin eta berriz datorren munduko argia den Jaunari harrera egiteko prestatzeko aldi bat da. Prestaketa horretan gehiago sakondu nahi dugu Penitentziaren sakramentua ospatuz.

            Gaur egungo gabonetan, Jesus gordeta dago, Herodes barriak akabatu gura dabela pentsatu geinke. Honetan bardin dira merkatal gune handiak edo herri jaietako programak. Danatarik ageri da… Jesus izan ezik.

            Egin daiogun lekua Jesusi, gure bihotzean, gure familian, gure herrian. Horretarako laguntzaile on bi izango doguz: Joan Bateatzailea eta Nazareteko Maria.

Parkamen eta bihozbarritzearen bidea gugan hasi eban Jaunak betetasunera eroan gura dau bere etorreraren zain gagozala.

§      Abadearen otoitza

Egin dagigun otoitz. (Isilunea)

Egizu, Jauna, zure herriak erne itxaron dagiala zure Semearen etorrerea, gure Salbatzaileak erakutsiari jarraituz, argiak bizturik urten daigun Haren bidera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

HITZAREN LITURGIA



I. Ebanjelioa

            Juan Bateatzaileari entzuten deutsoenak, ondo gertatuko dabe Mesiasen etorrerea. Entzun dagiguzan haren berbak.

Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 3, 10-18)

       Aldi haretan, honan itauntzen eutson jenteak Joani: “Zer egin behar dogu?” Eta harek erantzun: “Soineko bi daukazanak, emon begio bat ez daukanari; eta jatekorik daukanak, bardin egin begi”.
       Etorri jakozan zergalari batzuk ere, bateoa hartzera, eta itaundu eutsoen: “Maisu, zer egin behar dogu?” Eta berak esan eutsen: “Ez eskatu erabagita dagoana baino gehiago”.
       Gudari batzuk itandu eutsoen: “Eta guk zer egin behar dogu?” Berak erantzun: “Ez behartu inor gogorkeriaz; ez ibili salaketan, dirua atarateko; konforme izan, daukazuen irabaziagaz”.
       Herria kezkatan egoan, eta euren barruan itaunka, Joan hori ez ete zan Kristo berbera. Joanek honan erantzun eutsen guztiei: “Nik urez bateatzen zaituet; baina badator ni baino ahaltsuagoa dana, ni ez naz-ta inor Haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. Eskuan dauka sardea, larraina garbitzeko eta garia bere garautegian batzeko; lastoa, barriz, amatatu ezin leiteken sutan erreko dau”.
       Honeek eta beste gauza asko esanez, barri ona irakasten eutson herriari.

Jaunak esana

Jauna dot argi eta salbamen!

Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;
badot uste on eta ez naz bildur.
Jauna da-ta nire indar eta kemen,
Bera izan da nire salbamen.

“Atarako dituzue urak pozetan, salbamenaren iturrietan.
Eskerrak Jaunari, Haren izena oihu egizue.
Ezagutuazo herrietan Haren eginen bikainak,
iragarri egizue Haren izen garaia.

Gogoeta:

Jainkoaren zuzentasuna iragarri eta aldarrikatzen dau Joan Bateatzaileak. Predikazio horren aurrean, jendearen itauna: Zer egin behar dogu ba? Hona Joan Bateatzailearen erantzuna: bihotz barritzea alkartasun ezaugarri zehatzetan gauzatu behar da. Preminan dagoenari lagundu, justizia praktikatu, beharra zintzotasunez bete.
Gure aurrean, gaur egun be, hamaika bide doguz zabal zabalik. Alkartasuna, justizia, ez indarkeria, maitasuna… Ebanjelioa bizitzeko eta gabonak kristau eran bizitzeko zer egin behar dogun kezkatzen bagaitu, entzun daiogun Bateatzaileari, lehengo egunean Mariaren baietza entzun genduan legez: Itxi Jainkoari berea egiten; jarri gaitezen bere eskuetan, bere altzoan; entzun daigun bere Hitza, bere Berba sortzailea, gu egin gaizan bere seme-alaba, bakegileak, justizia zaleak, erreinuaren ekintzaileak…
Abendualdi honetan, nire otoitzean, eskeini daiodan Jaunari Bera onartzeko desio bizia, gurari argia, asmo beroa. Belenen jaioko dan umea onartzeko, nire bizitza ebanjelioaren bidetik eraiki dagidan, Espiritu Santuaren suak eraldatu nagian.

II: Ebanjelioa

            Maria ez da bizi bere gauzakin bakarrik arduratuta. Bereaz ahaztu eta beharrizanean dagoan lengusineari laguntzera doa. Eredu ederra gu guztiontzat.

 

Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 1, 39‑45)

 

Aldi haretan, Maria jagi eta bizi‑bizi mendialdera joan zan, Judeako herri batera; eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin eutson.

       Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli salto egin eutson umeak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zan, eta honan esan eban oihu handiz: Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nondik niri neure Jaunaren Ama nigana etortea? Zure agurra, nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinistu dozulako: Jaunak beteko dau esan deutsuna!    

 

Berbaldia

 

Mariaren baietza ez da konpromisozko baietza, pozez emondako baietza baino. Jarraibide polita gure kristau izaterako be.
Mariaren baietza Jainkoaren asmoari baiezkoa da. Jainko eta sasi jainko asko dogu gure baietzaren zain. Jakin dagigun nori esan baietz.
 Mariaren baietza gure konfiantza Jaunagan jartzea da, bere eskuetan gagozela autortzea da.
Mariaren baietza alkarrizketa sakon baten frutua eta emoitza da. Jainkoagaz daukaguzan alkarrizketak otoitza dira. Zelan egin berba Jainkoagaz senideagaz berba egin barik, berari entzun barik?
Mariaren baietzak hurkoei entzutera eroaten gaitu.        Eurek be badaukie zer esan, Jainkoa be euren bitartez dabilkigu berbetan.
Mariaren baietza gure erantzunarentzat eredua da. Jainkoaren maitasunari maitasunez erantzutea, gure maitasuna, ahalmena eta bizitza Jainkoaren zerbitzura eta senidearen zerbitzura ipinteko deia da.
Mariaren baietzaren jai handi honetan, guk be esan daiogun baiezkoa, pozez eta askatasunez, Jainkoari eta bere asmoari!

 


AZTERKETA ETA BARKAMEN ESKARIA


§      Bakarkako autortza eta absoluzinoa

Oharra:

Abadearengana hurreratuko gara orain. Gure pekatuak eta damutzeko jarrerea adierazoko deutsaguz, Jaungoikoaren parkamena eskatuz. Abadeak harrerea egingo deusku, eta pekatuak parkatuz, Jaungoikoak ere harrerea egiten deuskula sentituko dogu eta kristau alkarteagaz bat egingo dogu barriro ere.

(Bitartean musikea edo salmoak)


§      Parkamena alkartean eskatu

Abadea:

Fedean bat eginik, Jaungoikoak maite gaituala jakinda eta anai-arreben parkamena bilatuz, adierazo dagigun danok batera gure damua: AUTORTZEN DOT…

Ezaugarria

Monitoreak:

Orain bai, sehaska hori propagandaz eta Jesus bako kartelez beteta egon da. Apaingarriok kendu eta Jesus umearen irudia jarriko dogu. Hori erreza da. Hor jartzen dogun lez, jarri daigun gure bihotzean, gure familietan, gure herrian… gure gabonetan!

§      Gure Aita

Abadea:

Emon izan jakun Espiritu Santuaren bidez, Jaungoikoaren maitasunez bete dira gure bihotzak; fedez eta itxaropenez, esan dagigun: GURE AITA…



§      Bakearen zeinua

Abadea: 

Alkarri bakea emoteko unea da. 

Jaunaren bakea beti zuekin.  E/

Emon egiozue bakea alkarri.

§      Penitentziarako ideia sorta batzuk


§      Bedeinkapena

Jauna zuekin.

Bedeinkatu zagiezala Jaungoiko Ahalguztidunak,
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.

Sakramentu honek barrituta,
zoaze adiskidetze eta bakearen
poztasuna danei iragartera.


§      Eskerroneko kantua

No hay comentarios: