Goazen 2024 Jarri bidean

miércoles, 14 de febrero de 2018

Garizuma 2018: Fedearen arbola bizia ez da sakristian hazia.



Garizumea hasi dogu, berrogei egun bidean, alkarregaz bidean, Jesusi jarraitu gurean, Pazkora begira.
         Lehen domeka honetan basamortuan gagoz, Jesus kontenplatzen, gure tentaldiei aurre egiten.
         Arratiako Elizaren tentaldi bat hauxe litzateke: sakristian gordeta bizi gure sinismena. Kanpoan hotz, gurea ez dago modan, sakristiaren sutondoan berotan mantendu.

         Aita Santuak “urteeran” dagoan eliza eraikitera dei egiten deusku.
Markosen ebanjelioan be Jesus ikusten dogu Jainkoaren Erregetza zabaltzen eta gauzatzen sinagogan, baina ez sinagogan bakarrik. Pedroren etxean eta gure etxeetan. Kalean. Itsas ertzean. Baztertuen ondoan. Gaixoen ondoan.

         Horregaitik aurtengo garizumako lema: Fedearen arbola bizia ez da sakristian hazia.
         Fruta arbolak inausteko sasoia da gurean. Gure fedearen arbolari be hainbat adar ebagi beharko deutsaguz, besteak fruitu ugariago eta ebanjelikoagoak emon dagiezan. Harrokeriaren adarra. Kontsumoaren adarra. Sakristian gordeta egotearen adarra.

         Eta aukera hobea izango dogu, Jesusek basamortuan legez, guk be Jainkoaren Berbea entzuteko otoitzaldian. Edota gogoeta interesgarrietan parte hartzeko edadetuen bakardaderai buruz, nerabeen jarrerari buruz, danon etxea dan herria eta lurra jagoteari buruz.
         Kendu alperkeria. Ekin otoitzaren, alkartasunaren eta austeridadearen bidetik!
         Berrogei egun bidean, alkarregaz bidean, Jesusi jarraitu gurean, Pazkora begira.

         Sekula sakristian
ez dogu hazia
fedearen seinale
arbola bizia;
Garizuman zuzendu
daigun gabezia:
fedearen mamian
dago justizia.

Edadetuak gugan
ugari bakarrik;
nerabeen jarrera
erronka da sarri;
mundua jagoteaz
dagigun aldarri…
Garizuman otoitz ta
beti bihotz-barri!


No hay comentarios: