Abenduko izarrak

viernes, 10 de junio de 2016

Arratiatik Urkiolarako errogatibea Bagilearen 18an egingo da



Autobusez eta oinez egiteko aukera izango da


“... Aita San Antoniok barriak egingo ditu” dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilearen 18an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea. Tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan,  Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunitateak lau autobus ipiniko dauz. Autobusean joan etorria egiteko, ala etorteko baino ez bada, izena emon behar da aste bete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be prestatu dira.

 

Zeanuri-Uriola PR-a ezagutzera emotea

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da urteerea eta Zeanuriko plazan,  07:30etan.  Zeanuri eta Urkiola lotzen dituen ibilbidea iaz seinalizatu zen PR-BI  igaz Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizatu eban Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra)  ibilbide luzea jarraitzen da. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da. 





Egitaraua

Aurtengo errogatibea “Lur hau guerea da. Ondo zaindu dagigun” lemapean egingo da. Gaia ekologikoa da, Aita Santuaren Laudato SI’ entziklikaren gaia zabalduz. Beraz, aurtengo errogatibea ekologikoa izango da, aproposa jaon etorria oinez egiteko.

Egitarauari dagokionez, hamaikak baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza aurretik, Dimako parrokiak —aurtengo errogatibearen antolatzailea— lemeagaz bat datorren sinbolo bat jarriko du santutegiaren kanpoaldian. Eta ekitaldi honegaz  egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.

No hay comentarios: