XX. mendearen lehen erdian argitaratu ziren Arratiari buruzko posta txartelak bildu ditu Jon Urutxurtu zeanuriztarrak Arratia posta txartelean izenburupean argitaratu duen liburuan. Egileak dioenez, “garai bateko bizitza ezagutzeko leiho izan daitezke irudi hauek”.
Duela denbora gutxira arte gertatzen zenarekin alderatuz, erdi hutsik daude postontziak. Internet, irrati, telebista… bidez heltzen da orain mundua gure atariraino. Baina, garai batean, posta txartelei esker ezagutzen ziren munduko txokoak. XIX. mendaren amaierarantz hasi ziren indarra hartzen posta txartelak, eta turismoa hedatuz joan ahala zabaldu egin zen haiek biltzeko zaletasuna.
Arratia posta txartelean izenburupean argitaratzen diren posta txartel gehienak, liburuaren egileak azken 15 urteotan batu dituenak dira. Badaude batzuk bere bilduma partikularrekoak ez direnak, lan honetarako beste bildumazale batzuek utzi dizkiotenak. Egileak dioenez, “Arratia eta arratiarren irudiak azaltzen diren posta txartelak biltzea izan da lanaren helburua, era horretan Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emateko”.
Guztira 89 posta txartel aurkezten dira, egileak hasiera batean aurkitzea pentsatzen zituen baino askoz gehiago: “sarritan, Arratia iraganari loturiko parajetzat hartu da, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat. Gertaera horrek pentsarazi liezaguke posta txartel ilustratuak argitaratu ziren lehen urteetan —XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran— ez zuela erakarriko editoreen arreta. Lan honetan azaltzen den kopurua kontuan hartuz, bistakoa da hori ez zela horrela izan”.
Dena dela, helburu nagusia Arratiari buruz editatu diren posta txartel klasikoak —izenburua edota editorea, inprimatzailea eta argazkilaria idatzita daramatena— biltzea izan bada ere, ez dira ahazten argazki-posta txartelak, argazkilari batzuek posta txartelen paperean errebelatzen zituzten argazkiak, postaz bidali ahal zirenak: aurrealdean argazkia daramate eta atzealdean Post Card, Tarjeta Postal, Carte Postale izenburua inprimatuta edota helbidea idazteko eta zigilua itsasteko gunea. Argitalpen honetan, lekukotasun gisa zortzi adibide biltzen badira ere, Jon Urutxurturen ustez “hainbat izango dira gure etxeetako bildumetan gordeta edo ahaztuta egongo direnak eta horiek hurrengo lan baten xede izan daitezke”.
Arratia eta arratiarrei buruzko posta txartelak argitaratu zituztenen artean, zenbait enpresa zein partikular aurki daitezke eta horien artean honako hauek identifikatu dira: Felipe Manterola, Foto Lux, L. G. Bilbao, Librería E. Verdes, Librería Villar, Artes Gráficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landáburu Hermanas eta L. Roisin. Editoretzat har ditzakegu Indalecio Ojanguren eta Durangoko Foto Sol argazki denda ere, beraiek editaturiko bi argazki-posta txartel batzen baitira.
Felipe Manterola: argazkilari eta editore arratiarra
Editore horien guztien artean aipamen berezia merezi du Felipe Manterolak (Zeanuri, 1885-1977), alde batetik arratiarra izateagatik, eta bestetik, berak editatu zituen posta txartelen balio etnografikoagatik. Jaiotzez zeanuriztarra zen eta bere herrian bizi izan zen beti. Felipe argazkilari handia ere izan zen, eta zaletasun hori bizibide inoiz ez bazuen hartu ere, aldian aldiko diru-iturri bihurtu zuen. Dirudienez, lehenengo argazkia 1904. urtean egin zuen, hemezortzi urte zituela, eta ordutik aurrera, 1936ko gerrak eztanda egin arte, mila argazkitik gora egin zituen. Manterolaren irudietan ageri dena gehienbat honako gai hauetara mugatzen da: paisaia eta lagunak, herriko lanbideak eta jazoerak XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan. Eta lan horietan guztietan argi eta garbi azaltzen da bere jaioterriarekin, Zeanurirekin, zeukan lotura handia.
XX. mendeko bigarren hamarkadan posta txartelen bildumak ere editatu zituen, berak egindako argazkiak erabiliz. Batzuk Alemanian eman ziren argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Azken hiri honetan Foto Lux etxeak prestatu zituen. Felipe Manterolaren hamar posta txartel biltzen dira liburu honetan. Hamar posta txartelek aurrealdearen oinean euskaraz idatzitako testua daramate, azaltzen den argazkiaren gaiari izenburua jarriz: Eusko-lugin lanak (lau posta txarteletan), Eusko-artaldea, Igande arratzaldea, Bola-tokia, Eusko-etxartea, Eusko-basartea, Zeanuriko-txadona. Atzealdean egilearen eta herriaren izenak aipatzen dira: “Felipe de Manterola — Ceánuri”.
Aipagarria da Gráficas Lerchundi Bilboko etxeak, 1944an editatu eta inprimatu zuen hamar posta-txartelez osatzen den seriea ere. Serie A. Arratia. Vizcaya izenburua daraman gutun-azal batean bilduta argitaratu zituen: bina postal Areatzari, Dimari, Igorreri eta Zeanuriri buruzkoak, eta bana Arteari eta Lemoari buruzkoak. Azaltzen diren irudiak Luis de Lerchundiren marrazkiak dira.
Hiru motatako posta txartelak
Gaiei dagokienez, hiru sailetan antolatu ditu egileak posta txartelak: tipoei buruzkoak eta ohitura posta txartelak; tokiko bistak (izaki bizidunekin edo gabe); eta publizitate posta txartelak.
Tipoei buruzkoetan eta ohitura posta txarteletan pertsonaiak agertzen dira beraien ohiko janzkerekin, baserri lanak, aisialdia azaltzen duten irudiak, esaterako karta jokoa, bola jokoa, zezenketak…
Tokiko bistak agertzen dituztenek paisaiak eta eraikinak erakusten dituzte, batez ere baserriak, elizak eta zubiak. Kasu batzuetan pertsonak azaltzen dira, eguneroko bizitzako eszenetan, lanean…
Publizitate posta txartelen helburua enpresa, elkarte edo erakunde pribatu edo publiko baten jarduera ezagutzera ematea da. Horien artean aipatu behar dira Areatzako bainuetxeak eta Arteako Seminario Txikiak argitaratuak, baita Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolak ezagutzera emateko editaturikoak ere.
XX. mendearen erdira arteko posta txartelak
Kronologiari dagokionez, XX. mendearen hasieratik 1950eko hamarkadara arte editatu ziren posta txartelak aukezten dira. “Data zehatza ezin bada jarri ere, ziurtasunez baiezta daiteke bi posta txartel zaharrenak 1906. urtearen aurrekoak direla —atzealdea banatu gabe daramate—. Batak Areatzako eliza azaltzen du; besteak Igorrekoa, biak koloretan inprimatuta daude. Honako izenburuak daramatzate aurrealdean: Areatzakoak 46 Bilbao - Iglesia de Arratia, eta Igorrekoak 47 Bilbao - Iglesia de Amatia. Azken hitz hori inprimatze akatsa da, Arratiaren ordez, Amatia jartzen baitu. Bi posta txartel horiek Bilboko Librería Villar liburudendak editatu zituen, 52 alez osatzen zen serie batean. Areatzakoak herri horretako posta marka darama 1907ko abenduaren 27ko datarekin eta Munichera (Alemania) bidali zen. Aurrealdean alemanez idatzitako testua darama: suhiak bere amaginarrebari bidalitako mezua da, beste gauza batzuen artean urte berri ona opa dio eta eliza baten irudia bidaltzen diola diotso.
Arratian egindako argazkia ez badarama ere, 1906. urtearen aurrekoa da —atzealdea banatu gabe darama— Arratia sailean sailkatu den tranbiari buruzko argazkia, Landáburu Hermanas etxeak editaturikoa. Eskuz idatzita honako data hau darama: “Olaveaga-17 Julio-1904”.
Liburuan azaltzen diren gainontzeko posta txartelak 1906az geroztikakoak dira, atzealdea banatuta baitute. Erdiak inguru 1906 eta 1920 urteen artean editatu ziren. Geroagokoak dira Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolei buruz argitaratutakoak, 1922koak hain zuzen ere; Areatzako asiloaren postala, 1926. urtearen ingurukoa da; Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitaraturikoa, 1937koa edo beranduagokoa; Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak editaturikoak, ziur aski 1940ko hamarkadakoak; eta Artes Gráficas Lerchundiren seriea, 1944an argitaratua. 1950eko hamarkadakoak dira Gorbeiako Gurutzea islatzen duena eta Foto Solen Undurragako (Zeanuri) argazki-posta txartela.
Egileak dionez, “egun, posta txartela bilduma-objektu bihurtu da eta, aldi berean, garai bateko paisaiak, monumentuak, eraikinak, ohiturak, janzkerak... ezagutzeko informazio iturri ikonografiko garrantzitsua da, zinea, prentsa edo irudiak zabaltzeko beste sistema batzuk bezalaxe. Posta txartela, gaur egun, Internet eta kultura digitalaren bidez izugarri hedatzen ari diren sare sozialen aurrekari izateaz gain, harreman postalerako baliabide hutsa baino zerbait gehiago dela esan daiteke, eta garai bat islatzen eta sinbolizatzen duen benetako objektutzat jo daiteke”.
Gaurkoa ulertzeko eta etorkizunean aurrerantz egiteko, garrantzitsua da iragana ezagutzea, eta liburu honek horretan lagundu nahi du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario