Abenduko izarrak

jueves, 3 de abril de 2014

Ziortza 2014: Geure buruarekin adiskide

Lehenengo bake-prozesua geure buruarekin egin behar dugu, idazten dau Rufino Iraolak bere webgunean.
Ziortzako Bakearen aldeko V. ibilaldia dala-eta, hona dakargu gogoeta interesgarri hau.


Lau urte tiro-hotsik gabe. Egunotan bete dira. Bi urte eta erdi armak behin betiko uztea erabaki zuenetik. Egun hartan atera zitzaidan zizpuru luze, sakon eta zaratatsuak oihartzun dagi oraindik Txindokiko harkaitzaren kontra. Gauzak ez direla deus aldatu esaten duenak, ez daki zer esaten duen edo sesio bila dabil. Eta bitxia da korapiloa: bi aldetan ditu kritikoak, batzuk ez dela aski esanez, eta besteak oraindik gazta politikoak hor dirauela adieraziz. Segur aski, biek dute arrazoi, eta espero dut arrazoimena ere biek izatea. Biek izan dezakete egiaren zati bana, hala ere ez da inor egia nagusiaren jabe: ideia politikoen izenean inor ez hiltzea da lehenengoa eta, zorionez, betetzen ari da. Bazen garaia!

Ondorioz, puri-purian daude bake-prozesua, elkarbizitza, adiskidetzea, kontaera, biktimak, presoak… Elkartasun, Enpatia eta Errukiaz tratatu beharreko gaiak denak ere. Nik gaur bakarrari helduko diot: ‘elkarbizitza eraikitzea herrian’. Bizikidetza kinka larrian al zegoen, bada? Bai, borroka armatuaren garaian hala egon da, batez ere herri txikietan. Badakit giroa ez dela bere onera etorriko gauetik goizera, baina etorriko da, eta uste dut baikorrak izateko obligazioa daukagula.

Dena den, boluntarismo hutsak ez du balio. Asmo onek, lan pertsonalik gabe, ez dute fruiturik ematen. Lehenengo baketze-prozesua geure buruarekin egin behar dugu: korapiloak askatu, amorruak eta herrak baztertu… Inportantea da bakoitza bere buruarekin adiskidetzeasentitzen duen guztiarekin onartzea, gero bestea ere den bezala onartzeko. Sakon-sakonean denok bat garela esperimentatzea, sare batean lotuta bezala gaudela ikustea. «‘Zu’ beste ‘ni’ bat zara», esaten dute maisu espiritualek. Bakoitzak bere bidea egin behar du besteei ezer exijitu gabe.

Gertaturikoa hor dago, baina aurrera egin behar dugu horra murriztu gabe, gelditu eta arrazoi nork zuen eztabaidatzen hasi gabe. Edo egin behar bada, delako kontaera hori ahalik zuzena izan dadin egin behar da. Egoaren ezaugarrietako bat da arrazoi izan nahia. Ez dugu tranpa horretan erori behar. Esan dugun eran, egia osoa ez dauka inork. Beste zerbaitetan hasteko tenorea da. “Jaiotzeak hiltzea zor du”, esaten da; baina ez hori bakarrik, baita bizi izan zaren momentuko zirkunstantzia historikoak aitortzea ere.

Adiskidetzea ez da etorriko sortzen diren foro “artifizialetatik”, nahiz eta onak diren teorizazio-lanerako, baizik eta bakoitzaren lan pertsonaletik: zabiltzan tokian hitz egin, parte hartu gabe egon zaren ekintza batzuetan parte hartu, erlazio-zirkulua zabaldu… baina zeure burua bortxatu gabe, giroak berak eramanda.

Sekulako garrantzia du presentean bizi izaten jakiteak; presentea da denbora erreal bakarra. Zergatik diot hori? Zahartu garelako, etxean geratzeko tentazioak jo gaitzakeelako. Gure belaunaldian sortu zen gatazka, eta bake-prozesua ondo bideratuta ikusi nahi genuke.

Horretarako, inportantea da aurrerapen-zentzua, xedeari, azkenari, begira egiten dena presentean gozatzeko.  Bestela, zaharrak zirkulaziotik erretiratzea dator. Baina guk ere disfrutatu nahi dugu bakeaz. Nola? Azkenaren aurrerapena prozesura ekarriz.

Gatazkaren zipriztinek askori ukitu digu. Pasatu da, ordea. Beste zerbaitetan hasteko tenorea da. “Jaiotzeak hiltzea zor du”, esaten da; baina ez hori bakarrik, baita bizi izan zaren momentuko zirkunstantzia historikoak onartzea ere. Gainera, azkenean, bizitzak beti konpentsatzen du, beti orekatzen du balantza.

 Hoierritarra, Bai Horixe, DV: 140327, moldatua

No hay comentarios: