Argiaren Jaia

sábado, 26 de abril de 2014

La alegría del Evangelio: textos de la marcha Arantzazu 2014

Ebanjelioaren poza. Arantzazuko ibilaldiaren testu guztiak.





Begiradak begirada,
irrifarrak irrifarra,
bostekoa, besarkada
eta elkarren beharra,
batek beste bat sortarazten du
antzua baita bakarra,
kutsatu eta biderkatzean
dago pozaren indarra.

Zer eskainia badugulako,
nor lagundu eta nora,
ez begiratu soilik aurrera,
erreparatu albora.
Bidea berdin bizitzarena
edo Arantzazun gora,
ez da besteak aurreratzeko,
batera egiteko da.

Elkar ekintza bitarte
bitartekoen elkarte
gera eta izan arte.
Guk daramagun besteen poza
besteek gugan dakarte,
bazterkeriak aparte,
mugimendu horren parte,
guztiok gera gizarte.

Hasserre dagoena
har dezagun bakez,
beharrean den hura
eskaintza on batez.
Zaindari bat bakarra
ote dago?, ba ez!
Eskuzabal harturik
aldarte on barez,
nornahi izan gaitezke
bestearen babes.

Hamaika komeria,
hamaika bizio,
hamaika gaiztakeri,
hamaika akzio.
Geure zilborra dugu
geure obsesio,
baina ez badugu txarrik
geuretzat desio,
onak izan beharko
luke tentazio.

Ezin gintezke aske sentitu
beste inor derrigortuz,
ezin gintezke bakean egon
inguruan sestra sortuz.
Sarri handinahi jokatzen dugu,
handinahi eta harroputz,
ondokoekin ahazten gara,
baina gabiltzala kontuz,
geure burua zigortzen dugu
geure hurkoa zigortuz.

Afrikan daude Massaiak eta
gu gaur Arantzazun gaude,
baina zubi bat eraiki dugu
elkartasuna zutabe.
Haiek uraren egarri dira,
gu iturriaren jabe,
urrunekoa gertu baitago,
gertukoa parez pare,
distantziak gugan daude,
distantziak gugan daude.
Besteren gaindi sentitzen gara,
gogoan izan, halare,
geurerik ezer ez daukagula,
besteentzat izan gabe,
geurerik ezer ez daukagula,
besteentzat izan gabe.

Aitor Mendiluzeren bertsoak


Publicar un comentario