Argiaren Jaia

domingo, 13 de abril de 2014

Ziortzako ahaztuak

Bakearen eta adiskidetzearen alde bosgarren urtez egiten dogu Ziortzako otoitzaldia, IV. eta V. bikarietako parrokiek deituta. Aurten inoiz gertatu ez dana gertatu da, gure gotzaiak bera hara joateko baldintza moduan jarri dau otoitzaldiaren gogoetaren zati batzuk aldatzea. Gure bikarioak lurraldeko batzarrean abade eta laikoei esandakoaren arabera, holan aberastu egiten zan testua.

Bikarioaren esanetan biktima guztiak ezin dira maila berean jarria. Hori dala-eta, gogoetaren zati batzuk kendu egin ziran, eta otoitzaldi osoan aipatu ere ez ziran egin presoak, torturatuak, bide bazterretan isilean lurperatuak…


            Adiskidetzearen bide luze honetan biktimak dira kapitulua garrantzitsua, baina ez bakarra. Biktimak tratetako orduan ere kontuan hartu behar dira giza eskubideak eta estatu demokratikoa. Eskubide bat apurtu denean, biktimen artean asimetriak eta graduak, lehen mailakoak eta hirugarren mailakoak jartzen direnean, bardintasunaren printzipioa apurtzen da, holan egiten da diskriminazioa. Adibidez ezin dira eskubide, keinu, politika, justizia, egia, erreparazio eta gure kasuan, fededun lez, otoitz ezbardinaz tratatu hildakoak, ETAk, GALek edota arrazoi politikoz Estatuak hil dituelako. Banatu ezina banatzen badogu, onartu ezina diskriminatzen badogu, ze adiskidetze gabiz eraikitzen? Gure otoitza printzipio moral orokor hutsetan geratzen bada, ze ekarpen egingo deutsagu gure herriaren adiskidetzeari.

             Eta presoak? Honeek ere ibilbidearen bazterrean geratu ziran, ahaztuta. Gaur egun motibazio politikoz 500 preso baino gehiago dagoz, ETAren terrorismoaz salatuak. Kantidade esanguratsu batek ez dau inoiz odolik isuri, eta, kasu batzutan, delito bakarra ezker abertzalearen inguruko politak defendatzea baino ez da izan. Ez da bardina gartzelan egotea hiltzeagatik edo ideia batzuk defendatzeagaitik, gustatu ala ez ideiok. Eta badira, baita ere, inon aipatzen eta ez dagozen presoak, Estatuaren menpeko uniformedun, terrorista, kontralatu bako edo paramilitarrek, 200 hilketa baino gehiagoren egileak, non dagoz? Presoen humanidade eta bergizarteratze printzipioak ukatzea, edo ez aipatzea,  ez al da demokrazia ukatzea, ez al da ebanjelioaren deia?

            Torturatuak ez aipatzea, gerra zibilean hildakoak, (elizeak ere urte luzez bere seme batzuk ahaztuz eta besteak beatifikatuz) ez dira hutsune nabarmenak?

            Hona nire gogoeta batzuk, zapatuan, Ziortzako bidean ahaztu genduzan pertsona batzuen gainean.

Jose Mari Kortazar

Publicar un comentario