“Urkiolara joan, zapatak urrutu…”
Bagilearen 15an egingo da
Arratiatik Urkiolarako errogatibea
“... Aita San Antoniok barriak egingo ditu” dino kopla
zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko
errogatiban parte hartu gura dabenek.
Bagilearen 15an, zapatuan, egingo da Urkiolara,
Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San
Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna;
lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken
urteotan, Arratiako parrokia guztiak
aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako,
Mankomunitateak autobus bat ipiniko dau. Dana dala, erromes guztiak ez dira
autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira
eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be
prestatu dira.
Egitaraua
Aurtengo errogatibea “Senidea ala dirua” lemapean egingo da.
Hamaikak
baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan
Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa
jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira,
11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Bediako
parrokiako umeak eta gaztetxoak aurtengo errogatibearen lemeagaz bat datorren
sinbolo bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratu diranei. Eta ekitaldi honegaz
egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean
etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.
Oinezko ibilaldi gidatuak
Igaz
legez aurten be Arratiatik Urkiolara joateko ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da.
Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jende joaten izan da oinez
Urkiolara, baina aurten Dimatik eta Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatuak
egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dauzan bide
klasikoetako bi ezagutzera emoteko. Urteereak Dimako plazan goizeko 06:00etan
izango da eta Zeanuriko plazan 08:00etan.
Liburua
zabalduko da
“Arratiako errogatibak Urkiolara”
izenagaz liburu bat kaleratu dau Arratiako Elizak. Bertan errogatiben
ohituraren nondik norakoak azaltzeaz gain, Basilio Pujanaren bertsoak batu
dabez, eta azken hiru urteotako gogoetak eta argazki ugari ere bai.
Egileen artean Joseba Lejarza Urkiolako abadea
agertzen da. Basilio Pujana Zeanuriko semea izan zanaren bertsoak, eta abar
luze bat aurkituko dauz irakurleak argitalpen honetan.
Argazkien egileak ditugu: Iker Barrutieta, Celina Gorostizagoiza, Jose
Mari Kortazar, Indalecio Ojanguren, Xabier Sanchez Robles, Jon Urutxurtu.
Liburutxo hau Arratiako sortako 8. zenbakia da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario