Gora Zu gure Jauna gora!

jueves, 3 de noviembre de 2011

Arratia Palenque: erakusketa ibiltaria & omenaldia



Azaroaren 25an, barikuaz zabalduko da erakusketa Igorren, Los Rios-etako (Ekuador) misioen eta Arratia arteko alkartasun hartuemonak sakontzeko asmotan.



ERAKUSKETA IBILTARIAREN EGUTEGIA






Herria
Eguna




Zeanuri, Zulaibar Ikastegian
2011 abenduak 1-20

Zeanuri
2011 abenduak 22-30
Manterola Etxean
Aste Kulturalaren barruan
Artea
2015 urtarrilak 2-8
Ludotekan
Igorre.
2012 urtarrilak 10-31
Lasarte aretoa
Bilbo.
2012 martxoak 5-11
Begoñazpi Ikastolan
Dima.
2012 martxoak 24-25-30-31 eta apirilak 1
Parrokian
Bedia. 2012  apirilak 22 - 29 Elizpean + Katakesi etxean
Lemoa.
2012 maiatzak 7-13
Aste Kulturalean Elizondon
Areatza.2012 ekainak 15, 16, 17 23 eta 24Ludotekan
Arantzazu.
2012 ekainak 29-uztailak 1
Bibliotekan
Mundu zabalean
Internetez
www.arratia.eu



“Arratia-Palenque. Alkartasun zubiak eregiten” erakusketa datorren azaroaren 25an, barikua, zabalduko da Igorreko Lasarte Aretoan, arrastiko 7.30etan. Ondoren Arratiako herri guztietan egongo da erakusketa hau. Zabaltze egunean bertan omenaldi hunkigarria egingo jake Ekuadorreko Los Rios probintziara heldu ziran lehen misiolari arratiarrei eta familiei.

            Arratiako Elizak antolatzen dauan erakusketa honen helburu nagusia duela 64 urte eregiten hasi zen alkartasun zubia sakontzea da. Alde baten Arratia bailarako herriak, beste aldean Ekuadorreko Los Riosetako misioak. Kontuan hartu daigun, 1948. urtean Los Riosetako misioa zabaldu eben 8 misiolarien artean hiru arratiarrak zirela: Zeanuriko semeak Maximo Gisasola eta Eusebio Ozerinjauregi, eta Lemoakoa Frantzisko Arraibi.

            Zabaltze egun honetarako euren presentzia iragarri dabe Bitor Garaigordobil gotzainak -Los Riosetara joan zan lehen taldekoa berau ere- eta Jesus Ramon Martinez de Ezquerecocha, Los Riosetako azken gotzain euskalduna. Bertan izango dira Eusebio Ozerinjauregi, Maximo Gisasola eta Frantzisko Arraibiren senitartekoak –eta Arraibi bera osasunak laguntzen badeutso, arratiko hirukote abenturazalearen lekuko bizi bakarra-. Arratiako udal eta mankomunitateko ordezkariak ere deituak izan dira eta zabalik dago arratiar historiazale, solidaritza zale edo esker oneko edonor etorri dadin, Frantzisko, Eusebio eta Maximo gizatasunean erraldoi izan ziran honeek gogoratu eta omentzeko asmotan arrasti honetan.

Elizbarruti baten lehen misioa


            64 urte beteko dira Arratiak eta arratikoek hartuemon estu eta berezia daukiela Los Rios (Ekuador) probintziagaz. 1948. urtean Pio XIIak baimena emon eutson Gasteizko elizbarrutiari –sasoian Donostia eta Bilbo ere bere parte ziran- misioa zabaltzeko Los Riosetan. Ordura arte misiolari bakarrak orden erlijiosoetako praileak ziran. Aita Santuaren aginduak jarraituz Carmelo Ballester Gasteizko gotzainak abade zortzikote bat bialdu eban Ekuadorreko probintzia zan Los Riosetara: Elias Zuloaga, Leandro Zaloña, Gregorio Alonso, Luis Alberdi, Bitor Garaigordobil, Frantzisko Arraibi, Eusebio Ozerinjauregi eta Maximo Gisasola.

            Zorti hareen artean lau ziran bizkaitarrak, eta hiru, hain zuzen ere, arratiarrak: Bitor Garaigordobil (Abadiño), Frantzisko Arraibi (Lemoa), Eusebio Ozerinjauregi (Zeanuri) eta Maximo Gisasola (Zeanuri). Ez da erreza bururatzea zelakoak izango ziran bidaia baldintzak sasoi haretan. Orduan idatzi eben arratiar prestu honeek gure bailarako historiaren orrialde solidario ederra, fedearen eta abenturaren tintaz idatzia ere. Arratiako Elizak erakusketa honegaz orri hori batu, baloratu eta zabaldu gura dau harrotasunez beterik. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izan dau eta Arratiako mankomunitate eta udalen laguntza.

Erakusketa

            22 metro luzera eta metro biko altuera izango dau muralak, argazki, mapa eta testuen bitartez misioaren historia batzen dau eta, aldi berean, gaur egun bertan egiten dan beharra ere bai. Erakusketa iragarteko kartelean Zornotzako artista dan Javier Lacalle “Laka” jaunak dinoskunez, Gorbeiako gurutzea eta Los Riosetako mapa bat alkar besarkatzen dira alkartasun zubiak eregiz, hirurogei urte baino gehiagotan Arratiako herriaren eta Ekuadorreko kostaldeko herri montubioaren arteko bizia, ametsak eta fedea komunikatuz. Nazioarteko alkartasunak irriparrea sortzen dau Palenqueko umeen aurpegietan, oinarrian bere agurra eskeintzen deuskuela Bizkaiko lau abade hareek, kartelaren oinarritik bertatik gu agurtuz: bere eskuzabaltasunak fruitu hau emon dau.

            Beste panelak gaur egun egiten dan lana gogoratzen dauskue, murala osatuz, eta horretarako, adibide legez, sasoi hartan Vinceseko parte eta gaur egun udal edo kantoi dan Palenqueko errealitatea azalduz. Lankidetza, garapen eta askapen beharra ageri da bertako biztanlegoagaz alkar lanean: nekazari kooperatibea, emakumearen beharra nahi eta nahiezkoa, osasuna, herri kultura eta heziketa… irudiz azaltzen jaku era erakargarrian Lakak diseinutako paneloi esker.

            Arratiako seme-alaba asko gaur egun ere hor dabiz mundu guztian zehar misioetan. Panel baten ageri dira: Igorreko moja Juanita Agirre eta Maribel Egiluz, bata Perun, Congon bestea bizi direnak; Bediako alaba Conchita Basaguren Venezuelan; Zeanuriko seme Joan Etxebarria Bogotan (Kolonbia); dimoztarrak dira Maria Luisa Artabe Kolonbian eta Felipe Bustinza Madagaskarren, Javi Pertika Txilen edo Blas Esparta Argentinan…

Ezin ahaztu historia labur honetan, Igorreko maisuaren seme izan zan Angel Sagarminaga abadea berak ixiotu eutson sua Gasteizko seminarioan misiogintzaren garrari. Zelakoa dan bizitza, ez eban inoiz gauzatu amets misiolaria hainbat abaderengan misio kezka erein eban buru argidun honek, Euskal Herrian eta estatu osoan.   

            Arratia solidarioa

Hainbat herritan kantatu da Santa Ageda misioen alde


            Erakusketaren azken panelak hau agertuko dausku: hainbat ekintza gaur egun egiten direnak Arratian misioen aldekoak: Igorreko tonbola solidarioa gabonetan, Caritas Arratiak antolatzen dituan Bidezko Merkataritzako postuak jairik jai herriz herri, edo etxez etxe hiruhilabetean behin Arratian zabaltzen diran Los Rios izeneko aldizkariak, 400 ale baino gehiago. 

Erakusketaren inguruan badira beste ekintza batzuk ere aipatzeko. “ Kiniela misiolaria ” muralean agertzen danari buruzko itaun errezaz osatua eta parte hartzaileari Bidezko Merkataritzako produktuz osaturiko otzarak irabazteko aukera emongo deutsona, hau guzti hau Arratiako Caritasek lagunduta.

Erakusten dan horretan  sakondu gura dauenak eskura ziango dau Palenque bertatik liburutxoa eta beste material informatiboa, edo www.arratia.tk web gunea bisitatu leike erakusketaren informazio eguneratua jasoteko.

 Jon Urutxurtu