Gabon zorion, zorion gabon!

sábado, 8 de enero de 2011

Munillak urtebete Gipuzkoan: Iskanbila lausotua, kezkek diraute

Bihar beteko du Jose Ignacio Munillak urtebete Donostiako gotzain. Bere izendapenak Donostiako Elizbarrutian eragindako kontrako erreakzioak ez dira hain ozen aditzen, baina kezkak ez dira desagertu eliztarren artean.

Ez zuten nahi elizbarrutiko buru. Vatikanoak Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain izendatu zuenean, izendapena egiteko moduak berak nahiz Gipuzkoako Elizaren buru berriaren soslaiak kritika ugari jaso zituen Elizako kideen aldetik. 131 apaiz kargudunek Munilla Donostiako gotzain izatearen kontrako agiria sinatu zuten. Herrialdeko parrokia askotan sortutako kezkaren isla zen. Bihar beteko da urtebete Munillak kargua hartu zuela, eta orduko iskanbilak eta haserreak lausotu badira ere, sakoneko arazoek eta kezkek berdin dirautela uste dute Elizako kide ugarik.




Xabier Andonegi Lasarte-Oriako parrokoa izan zen Munilla gotzain izendatzearen kontra azaldu zirenetako bat. Urtebetera ez du iritziz aldatu, nahiz eta tarte honetan «elementu positiboak» aurkitu dituen: «Bailaraz bailara, apaizekin hitz egiteko ahalegina egin du, bere planteamenduak egitekoa, eta apaizen batzordea ere eratu du, eztabaida ugariren ondoren, orain arte bezala eratu ere. Hau da, hauteskunde zuzenen bidez». Otsailean beste batzorde bat aukeratu behar du elizbarrutiak, Pastoral Kontseilua, eta hori ere parrokietako ordezkariek hautatuko dute, apaiz nahiz sekularrek.

Baina zalantzaz bizi du Andonegik Munillaren jarduna: «Gauza bat delako, agian derrigortuta, zer egin duen, eta bestea zer egin nahi duen». Izan ere, eztabaidarako eta hitz egiteko prest azaldu da Munilla, baina horrek ez ditu, Andonegiren iritziz, bere iritzi moldeak aldatzen: «Bere estiloa zein den badakigu, eta baita nora eraman nahi duen Gipuzkoako Eliza ere. Hori oso garbi adierazten du. Eta hor dago borroka».

Gotzainaren asmoen berri hemendik aurrera izango dela deritzo Iñaki Beristain Arantzazuko frantziskotarrak. Eta Pastoral Kontseiluak zerikusi handia izango duela horretan: «Hor, apaizek eta erlijiosoek ez ezik, laikoek ere parte hartzen dute, eta elizbarrutiaren egoera zein den irudikatu ahalko dugu». Hala ere, Pastoral Kontseilua zeinek osatzen duten eta zein baliabide izango dituen ikusteko dago, Beristainen iritziz: «Hor laikoen parte-hartzea ezinbestekoa da, eta orain arte jende batek lan handia egin du. Ikusi beharko dugu aurrera begira prest egongo diren, ilusiorik duten».

Gotzainaren izendapena bera nola egin zen jartzen du auzitan Koldo Rodriguez Eliza Garako kideak: «Erroan dago okerra. Ez dira elizbarrutiaren pentsamoldea eta nahia kontuan hartzen gotzaina hautatzerakoan, eta argitasun izpirik gabe egiten da. Demokrazia arrastorik gabe».

Formek ez ezik, gotzain izendatutako pertsonaren soslaiak ere kezkatzen du Rodriguez. Are gehiago, elizbarrutiak azken urteetan segitu duen bideari bizkarra eman dion bakarrenetakoa aukeratu izanak. «Zumarragako parrokoa zela, etengabe azaltzen zen elizbarrutiaren kontra. Bera izan zen gotzainari desobedientzia agertu zion lehena. Orain ezin du kontrakorik espero».

II. Kontzilioaren balioak

Vatikanoaren II. Kontziliotik datozen ideiei bizkarra ematea egozten diote Munillari. Gipuzkoako Elizbarrutiak gizartearekin eta kulturarekin harremanean eta elkarrizketan oinarritu du bere lan pastorala, Andonegik dioenez. «Kontzilioaren ideologia sustatzeko eta etikan nahiz baketzean eragiteko bideak ireki ditu Elizak. Baina Munillak ez du hortik joko. Bere bidea integrista eta 'espiritualista' da». Beristain ere iritzi berekoa da: «Kontzilioaren balioak galtzea negargarria litzateke. Ezinbestekoa da Elizak gizartearekin harremana izatea». Baina ez du ikusten Munilla hor sakontzeko gogoz. «Orain arte ez ditu jorratu Elizarentzat garrantzitsuak diren gaiak. Debozioari lotutako eremua landu du, Gazteen Gurutzea eta abar, Gipuzkoako Elizbarrutian arrotz samarra dena».

Gotzainetako asko «errealitatetik kanpo» bizi direla uste du Rodriguezek, «baita Munilla eta [Mario] Izeta ere. Ahaztu egiten dituzte benetako arazoak, langabezia edota krisia. Horiei buruz ez dute txintik esaten. Eta beti aritzen dira homosexualitateaz, eutanasiaz, abortuaz... Familia aipatzen dute, baina familiaren benetako kezkak kontuan hartu gabe».

Andonegik dioenez, 2010a hitz egiteko eta antolatzeko urtea izan da. «Baina gotzainak ez du programa zehatz bat aurkeztu. Hemendik aurrera egingo dute planteamendu bat, eta horren aurka borrokatu behar badugu, borrokatuko gara».

Jose Ignazio Munilla gotzain izendatu zutenean, Zumarragako parroko zenean, elizbarrutiko lan ildoetatik urrun zegoela gogorarazi zuten apaiz askok. Urtebetean ez dira desagertu hura gotzain izendatzearen aurkako arrazoiak, Andonegiren iritziz. Nahiz eta orain dela urtebete piztu zen iskanbilak baretua dirudien. «Munillak badu abilidade bat. Harreman pertsonaletan sinesten du, eta bere kontra azaldu diren taldeei aurre egiteko, saiatu da apaizekin banan-banan hitz egiten. Ez taldeekin». Lasarte-Oriako parrokoak «estrategia» baten barruan kokatzen du gotzainaren jokamoldea: «Hitz egitean oso hurbilekoa da, eta hori landu du, berarekin ados ez gaudenok erakartzeko».

Rodriguezek «estrategia» horren barruan ulertzen du Munillak Juan Kruz Mendizabal aukeratu izana bere lan talderako. «Bi aldeetakoak sartu ditu [Joseba Gonzalez kontserbadorea da bikario nagusia], eta hor erakutsi du badakiela zer egin». Andonegik uste du Mendizabal «harremanak errazagoak» izateko aukeratu zuela Munillak. «Oreka bilatu du, apaizekin harremanak hautsi ez daitezen. Baina ez du lortu».

Etorkizuna, kolokan

Munilla oraindik parrokien funtzionamenduan sartu ez bada ere, etorkizuna zalantzaz beterik ikusten du Andonegik. «Elizetan lan egiten duten boluntarioak estilo batekoak dira», dio Lasarte-Oriako parrokoak. «Ezin da horiekin borrokan hasi, badakielako bestela boikota jasan dezakeela. Edota katekistekin. Bota egingo ditu? Ez da bere jendea, baina hemen ez du bere jenderik». Rodriguezek nabarmendu du Elizaren goi postuetan ez dagoela emakumerik. «Eta elizetan, aldiz, gehiengoa dira, parrokien oinarria dira. Ondorioz, zaila izango du gotzainak gauzak bere nahierara egitea. Negoziatu beharko du». Elizbarrutian «ilusio falta» dagoen errezeloa dauka, berriz, Beristainek: «Etsipen puntu bat ikusten dut inguruan. Gotzainaren izendapenarekin iskanbila izan zen, orain, pixka bat eroria ikusten dut elizbarrutia, arnasarik gabe».

Rodriguezen ustez, Munillaren ideiek talka egingo dute eliztarren nahiarekin. «Jendea kezkatuta dago, eta askok muzin egingo diote Elizaren antolamenduari. Nekatuta». Ezkorra da Eliza Garako kidea: «Ez dut uste eliza horrek etorkizuna duenik».

Mikel Lizarralde, Berria

No hay comentarios: