Domekan Familia Ospakizuna

jueves, 24 de marzo de 2016

Eguen Santua 2016 Oscar Romero: profeta zela ez zekien profeta

Eguen Santurako gogoeta Bizkaia Irratiaz emona 2016-03-24, Romeroren martirioaren urtehurrenean.



Bizkaia Irratia 2016
Eguen santua, martxoak 24
Oscar Romero: profeta zela ez zekien profeta

                                                                       “Casaldaliga ta Boff,
                                                                       ta Camilo Torres,
                                                                       Angelelli, Romero,
                                                                       beste hainbat jendez,
                                                                       pobreen alde azaldu
                                                                       dira su ta garrez,
            Ebanjelioari
            erantzun beharrez.
            Angelelli, Romero,
            San Camilo Torres”
                                                                                  (Bitoriano Gandiaga).

            Nor dogu Romero hori, Bitoriano Gandiagak bere poeman aipatzen dauena, “pobreen alde su ta garrez” dabilena Ebanjelioari zintzo izan eta zintzotasun osoaz erantzun gurean, eta bere bizia emon ebana?
            1980. urtean hil eben gotzai hau El Salvadorreko arzobispoa zala. Gaur, egun santu, eguen guren, gaur betetzen dira 36 urte hil ebela. Jesusen maitasunean blai eginaz, bere mahaian janarituz, bere heriotza ezagutu eban.
            Eukaristia ospatzen egoala hil eben. Eta gaur eukaristiaren eguna ospatzen dogu.
            Bizkaia Irratiko lagunok, entzuleok, gaurkoan eguen santuri buruzko gogoeta bat egingo dogu gotzain santu honen bizitzaren zertzelada batzuk aipatuz. Arratiako Arantzazuko parrokiko laguntzaileek gara gaur zuen etxera sartzeko baimen eske gagozanok: Mirian, Amaia, Jose Mari abadea…


Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko emotean. Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badozuez, nire maitasunean iraungo dozue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dodan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan daizuen esan deutsuet, eta poz hori bete-betea izan daiten. «Hau da nire agindua: maite daizuela alkar nik maite izan zaituedan bezala. Ez deutso inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua euren alde emoten dauenak baino. Zuek nire adiskide izango zarie, nik agintzen deutsuedana egiten badozue. Aurrerantzean ez deutsuet morroi deituko, morroiak ez dau jakiten eta nagusiaren asmoen barri; zuei adiskide deitzen deutsuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi deutsuet eta
                                                                                  Joan 15, 9.14


1.- Hasierako fedea.


Aldaketa, konbertsio edo bihotz barritze handia emoten da Oscar Romeroren bizimoduan. Hasierako urteetan, abade moduan eta gotzain lanean, lehen urteetan ohizko fede bizi batetan murgilduta ikusten dogu Romero.

Danon lagun izan nahi, baina adiskide min aberats asko. Pobreenganako bada aukera eta ardura bat, baina apolitikoa, egiturak ikutu barik, zalantzan ipini barik.

Medellin hurian ospatu zan Amerikako Gotzain Konferentzia edo batzar  nagusia. Huri hori aipatu, batzar hori aitatu  eta urduri jartzen ei zan.

Halan da guztiz ere, bere ideologia guztia arren, ez zituen bazter batera itzi baserritarrekin alkarrizketak eta egotaldiak, Jainkoaren Berbeari buruzko jardunak.

Behin, santu irudien egile nekazari bategaz berbetan, harek esan eutson, laster egingo ebala santu profeta baten irudia. Oscar Romero beraren irudia izan zan, lehenengo profetea, gero herriarentzat santua, azkenik Erromak be holan onartua!

Bada beste pasadizo bat, oso polita, “Zer itxaroten dozue gotzain honengandik?” itauntzen deutsie elizbarrutiko abadeei. Abade bat estipendioak direla, beste bat batzarrak direla... eta badinotso abade batek:
“Monsinore, gu erratu arren ere, berorengandik arrazoiak itxaroten doguz, eta ez agindu hutsak!”.


2.- Rutilio Granderen hilketa.


Rutilio Grande abadearen hilketa da, hain zuzen ere, lehen apaiz eraila El Salvadorren, Romeroren bihotz barritzearen abiapuntua.

Bere fede tradizionalean, abade baten hiltzeak asko eragin eutson. Horren ondorengo ekintzek (hiru egun eskola barik ikastetxe katolikoak, meza bakarra bere hiletarako beste guztiak bertan behera itzita...) zurrumurru eta arazo asko ekarri eben.

Alde batetik bere ahulezia, debilidadea, aitortzen dau jendearen aurrean, bestetik bere abade eta herriagaz bat egin gura: barruko kontraesan honek jarraitu egingo dau bere bizi guztian.

Bere aldaketa eta bihotz barritze bidea horretan doa.

Alde batetik bere artzapezpiku lanean eraginkortasuna bilatu: Caritasen,   irratian. Baina aldi berean pobreak eskaintzen deutson janari apurra onartzen ikasi bere txikitasunaren ezaugarri, jendeari entzun eta orduak eta orduak emon eurekin…

Labur labur: herritik Erromara, gorantza, eta gero itzuli: umeen heriotzak, miseria, nekazarien hilketak, pobrezia, Rutilio abadearen hilketa ikusirik herriarengana itzuli.


3.- Arazoak eta larrialdiak.


Aukera bat egiterakoan, ebatzi bat hartzeko orduan, lekukoek sarri azaltzen deuskue hitz egiteko eta alkarrizketa luzeak egiteko ohitura zeukala. Taldeka eginiko batzarrak be, arazoa larria bazan, ondo asmatzeko urtenbidean. Eta beti beti, otoitz luzeak, Jainkoarekin hitz egin ilunpean argia ikusteko, aukeran bide zuzena asmatzeko, arazoetan indarra eukiteko .


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 13, 1-15

Pazko-jaia gainean zan. Jesusek, jakinik mundu hau itzi eta Aitagana joateko ordua heldu jakona, munduan ziran beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituan.
Afaltzen ziharduen. Ordurako deabruak sartu eutsan buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, jakinik Aitak dana bere esku jarri eutsala, Jainkoagandik etorri zala eta Jainkoagana joiala, jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.
Simon Pedrogana heldu zanean, honek esan eutsan: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun eutsan: «Nik egiten dihardudana zuk ez dozu orain ulertzen; geroago ulertuko dozu».
Pedrok barriro: «Zuk ez deustazu sekula niri oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez dozu Nigaz zerikusirik izango».
Simon Pedrok esan eutsan: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun eutsan: «Garbitua hartu dauanak ez dau oinak baino garbitu beharrik, guztiz garbi dago-eta; eta zuek garbi zagoze, baina ez guztiok». Izan ere, baekian nork salduko eban; horregaitik esan eban: «Ez zagoze guztiok garbi».


Oinak garbitu eutsezanean, soingainekoa jantzi, barriro mahaian jesarri eta esan eutsen: «Ulertzen dozue egin deutsuedana? Zuek Maisu eta Jauna deitzen deustazue, eta ondo deitu ere, halantxe naz-eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua nazan honek, zuei oinak garbitu badeutsuedaz, zuek ere alkarri oinak garbitu behar deutsazuez. Jarraibidea emon deutsuet, zuek ere Nik zuekaz lez jokatu dagizuen».

4.- Heriotzaren susmoa.


“Mi otro temor es acerca de los riesgos de mi vida. Me cuesta aceptar una muerte violenta, que en estas circunstancias es muy posible, incluso el señor Nuncio de Costa Rica me avisó de peligros inminentes para esta semana...
Pongo bajo la providencia amorosa de Dios toda mi vida y acepto con fe en él mi muerte por más difícil que sea (...). Me basta para estar feliz y confiado saber con seguridad que en El está mi vida y mi muerte, que a pesar de mis pecados, en él he puesto mi confianza y no quedaré confundido y otros proseguirán con más sabiduría y santidad los trabajos de la Iglesia y de la Patria”

Hauxe idatzi eban bere azken erretiro espiritualean, 1980. Otsailaren 25ean, hil baino hilabete lehenago!

Hitz gogorrak. Hitz argiak. Profeta baten berbak. Jakitun dago arriskuan bizi dala.

Hasieran nekazariak, oinarrizko kristau alkarteetako kideak eta katekistak izan ziren erailak. Ondoren abadeak. Bere fedeak ez eutson ezkutatzen bere bizia arriskupean, arrisku larrian egoala.

Militar bat ere joan jakon adi egoteko eta seguridade pertsonala eskaintzera, beraz zurrumurrua zabal zabal zebilen.

Gizakia hemen barru barrutik puskatuta ikusten dogu: alde batetik bizi nahi dau, ez da martiria... Zereginak ditu, egitasmoak, bere Eleizea eta herriarekiko betebeharrak...

Bestetik jakitun dago bere pastorala bide bardinetik jarraitu ezkero, heriotza hur dauela. Nahi eta ezin. Bizi eta hil. Jaunaren hitzari zintzo erantzun arazoa arazo...

Egun gitxi barru, martxoaren 24ean, arratsaldeko 6etan, Meza ospatzen zegoela balaz hil eben “profeta zela ez zekien profeta”, Oscar Romero. Gaur dira 36 urte, hain zuzen be.




San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik
(1 Ko 11, 23-26)
 

Senideok: Jaunagandik hartu neban nik, neure aldetik zuei emon deutsuedan hau: Jesus Jaunak, saldu eben gauean, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu ebala eta esan: «Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez: «Kaliza hau itun barria da, nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten dozuen bakoitzean, nire oroigarri». Beraz, ogi honetatik jaten eta kaliza honetatik edaten dozuen bakoitzean, Jaunaren heriotzea iragarten dozue, Bera etorri arte.


5.- Azken hitza: bizitza.


Gure gogoeta amaitzen dabil. Esanguratsua Romeroren ibilbidea. Normalean zenbat eta urte gehiago euki, gitxiago arriskatzen dogu gure bizimoduan. Romerok alderantzizko, kontrako bidea egin eban: edadean gora, profeta bilakatu zan herri harentzako. Ez berak holan gura izanda, herriak eskatu eta Jainkoarekin otoitz luzeetan berba eginda baino.

Elizaren jerarkian gorantz egin beharrean, une batez behera begiratu, bere herriaren sufrimendua eta fedea sufritu eta sinistu eta bihotz barritu zan.

Ez arazo barik, tentsio askogaz baino.

Alde handia ostera, Romerok Kristo berpiztuarengan jarri dau esperantza eta horrek beste kolore bat emoten deutso bere barru barruko egonezinari. Beraz azken hitza bizitza da!








No hay comentarios: