Goazen 2024 Jarri bidean

domingo, 13 de marzo de 2016

Harrobitik periferiara: euskal herri txikien pastorala



Beti izan dira krisi sasoiak, garaiak. Bibliako lehen liburuan, Hasierako liburuan, Faraoia eta Jose amets baten gainean dabiz berbetan.

Faraoiak Joseren bila joateko agindu zuen eta berehala kartzelatik atera zuten. Bizarra moztu, arropak aldatu eta faraoiagana eraman zuten.
Honek esan zion:
–Amets bat izan dut, eta ez dut inor aurkitu esanahia argitzeko gauza denik. Ametsa entzun orduko, ba omen dakizu zuk haren esanahia. 




Josek ihardetsi zion:
–Nik ez, faraoi jauna; Jainkoak berak emango dizu erantzuna zeure onerako.
Faraoiak kontatu zion: «Nire ametsean, Nilo bazterrean nengoela, zazpi behi guri eta eder ibaitik atera eta larrean hasi ziren. Ondoren, beste zazpi behi itxura txarreko eta argal atera ziren. Haiek bezain eskasik ez zen inoiz ordu arte ikusi Egipto lurraldean.  Behi argal eta eskas hauek, ordea, lehengo zazpi behi guriak irentsi zituzten. Eta, sabelean eduki arren, ez zitzaien igartzen, lehen bezain itxura txarra baitzuten. Une horretan esnatu nintzen.
«Amets egin nuen berriro: gariaren gerri beretik zazpi galburu aletsu eta eder erne ziren.  Ondoren, beste zazpi galburu erne ziren: zimel, mehar eta haize erreak ihartuak. Zazpi galburu mehar hauek irentsi egin zituzten beste zazpi eder haiek. Azaldu dizkiet aztiei ametsok, baina ezin izan dit inork berorien esanahia adierazi».
 Josek esan zion faraoiari: «Bat bera dira, faraoi jauna, zure ametsak: Jainkoak zer egingo duen jakinarazten dizu.
Zazpi behi ederrak zazpi urte dira, zazpi galburu ederrak bezalaxe, bat bera baita bi ametsen esanahia. Hauen ondoren etorritako zazpi behi eskas eta argalak ere zazpi urte dira, eta zazpi galburu mehar eta haize erreak ihartuak beste zazpi urte: zazpi gose-urte (Hasiera 41, 14-27).

 7 behi argalek 7 behi lodi jaten zituzten amets hartan. Inork ezin asmatu ametsaren esangura eta azkenean Jose da azalpena ematen duena. Behi bakoitza urte bat zen. Lodiak ugaritasuna eta aurrerapena, argalak gosea eta eskasia, urte ederrak ahaztera ere eramango, jango zituztenak.
         Krisi bakoitzak bere eragina izan du gure herrietan. Lehen, oinez edo tranbian, fabriketara, herriak hutsituz. Orain, kontrako joera ere badago. Batzuk guregana datoz lasaitasun bila, beste batzuk etxeak merkeagoak zirelako.
         Herriko bizimoduak baditu bere bentajak. Auzotarren bizimodua, izateko eta bizitzeko modua. Agur esateko ohitura. Bentana bat luzaro itxita badago arduratu, erosketak eramateko lagundu, auzokoari lagundu soloan edo ortuan, gaixoa bisitatu.
         Umeak ere gure herri txikietan libreago dabiltza kalean eta naturarekin  harremanean. Olgetako beste era bat.

         Dena ez da argi. Ardurak ere badira.

         Erdera zelan nagusitzen den gure plazatan, gure umeengan.
         Betiko bide zabal batzuk orain itxita ikusten ditugu.
         Ondareari begira, pintadak ermitetan edo frakingen arriskua gure inguruan.
         Nekazari eta labradoreen zahartzea, ordezkapen naturala egiteko arazoak.
         Elizak ere hiri handien aldeko apustua eginik, herri txikiak bigarren mailan itxita, bide berriak zabaltzeko beldurretan.
Gizarte mailan eman den aldaketa hau, Eliza mailan ere ez ote da heldu, ez ote gara behi argalen sasoian, garaian? da, behi argalak, eremu eskasak.
Harrobia izan ditugu landa eremua eta herri txikiak bokazioetan. Laikoak, fraide eta mojak, abadeak eta apaizak. Gaur egun hutsune handiak daude euren pastoraltzan: pertsonak, eragileak, proiektuak, esperientziak...
Zelako pastorala?
Mezatara mugatzen ez dena. "Cela dit, il faut ajouter que si l'Eglise se réalise au maximum dans l'action liturgique, elle ne s'y réduit pas. L'Eglise est aussi mission, kérygme, diaconie, critique et incitation politique" (Y. CONGAR, Réflexions et recherches actuelles sur l'assemblée liturgique, Maison-Dieu nº 115, 3º tr. 1973, page 7, aipatua in J.M. de LACHAGA, Église particulière et minorités ethniques, Paris 1978, 196. or.)
Argi dago hau ez dela parrokia edo parrokia multzo batera mugatzen, tokiko Elizari edo Eliza partikularrari dagokiola. Argi dago, aldi berean, hortxe zegoela helburu argia.
Arratian, garai hartan, ez zen bakarrik liturgiara mugatzen pastorala, ezta ere herri erlijiotasuna laguntzera. Herrien egoera kontuan harturik, ahalegin handia egin zen pastoral misiolari zabal hori hedatzen. Adibide ditugu Zulaibar lenbide heziketa zentrua, garai hartan pioneroa edo aitzindaria, hainbat arratiar gaztearen hezkuntza eta bokazioa lantzen lagundu zuena. Hortxe dago Arana aldizkaria, gizartearen egoeran sakontzeko akuilu eta tresna. Hor dago, abade batzuen eraginez, militantzia politikoan sartu ziren askoren aukera. Eta ezin utzi aipatu gabe enpresa kooperatibo batzuen hasieran abade batzuen laguntza gazte laikoei.
Gerra aurreko girora jauzi egiten badugu, 1.930. urtean Zeanurik 2.300 bizi lagun zituen. 1.935eko udan, Zeanurin, bertako sei seme apaiztu ziren egun berean. Hori dela-eta, liburuxka bat kaleratu zen eta bertan herriko 276 seme-alaben izenak ageri ziren, denak apaiz, fraide edo moja. Inoiz “herri  lebitikoa” ere deitu zitzaion horregatik.
Gerra aurretik, Arratiako Artean Begoñako Andra Mari Seminarioa jarri zen, 1922-1936 urtean artean bizi izan zuen lehen aldia. Gerra ostean, bigarren bizitza aldi bat izan zuen, 1944-1953 urte bitartean. Honek ere izango zuen eraginik bailarako mutilen heziketan eta bokazioan. Bitxikeria moduan, gogoratu dezakegu, lehen etapan, laugarren kurtsoko ikasleek Euskal Gramatika izeneko asignatura zuten, asteazken eta larunbat arrastietan. Bigarren etapan, gerra ostekoan, asignatura hau ez da ageri.
Sasoi berriagotan, Bizkaiko Eliz Batzar Nagusia zela eta, boluntario laikoen talde lan ahndia izan zen : formazio sakondua, boluntarioak prestatu, ardurak hartu apaiz eta fraideekin batera.
Gaur egun, apenas dago abaderik igandeetako meza bakarra bermatzeko, egunero meza desagertu da parrokia gehienetan, herri erlijiotasuna laguntzeko era arazoak dira. Diakoniaren auzia laikoen esku geratu da, Caritasen laguntzaz batez ere. Gizarte eragina, kritika, sarbide politikoa... horiek joan ziren.
Zer gertatu da? Zein arazo dago?
Lachagari jarraituz, tokiko Elizari edo Eliza partikularrari dagokion eskema egokitu dezakegu landa eremuetara. Berbaz berba ezin dugu aplikatu baina ardatz nagusiak, norabide argienak aprobetxatu. Hark  bost pausu zehazten zituen:
1.- Ebanjelizazioan herriaren hizkuntza partikularraren aukerak zeregin nahi eta nahi ezkoa dauka.
2.- Kultura erlijioso indigena baten beharrizana edo premia.
3.- Laguntzaile indigenen beharrizan edo premia. Katekistak, arduradunak, eragileak.
4.- Arlo katolikoa. Kristau elkarteak, aldi berean ongi errotuak, sustraituak bere herrian, eta nahiko zabalak, nahiko katolikoak.
5. Sinodoen praktika aukerak adostu eta arazoak konpontzeko.
(Lachaga, 194-212. or.)

1.- Hizkuntza propioa.
Zelan galdu den ardura hau! Gure aurrekoak egindako lan erraldoi hartatik bizi gara oraindik neurri handi baten. Liturgian, Orduen otoitzean, kantuan, Biblian… Bizkaian badabil talde bat materialak euskeratzen. Apaizei eurei bideratutako lana ederra da, laikoen behar izanak asetzeko falta da oriandik. (Jose Mari KORTAAR & Anjel Mari UNZUETA, Liturgia euskaraz. Egindakoa eta egitekoa, Bilabao, DDB, 2004).
Lehen abadegai edo apezgaiak euskaraz jabetzeko aukera argia zegoen. 1974/75 ikasturtetik aurrera abade izango direnei Bizkaian euskera jakitea eskatuko zaie (J.M. de LACHAGA, Minorites nationales et liturgie romaine. L'exemple de la liturgie en basque, Paris 1979, 84. or. Bilboko Boletina 1973. azaroa, 53. or.).
Hau, gaur egun, abade eskasiagatik, apaizen adin nagusiagatik eta seminario berriaren norabideagatik, hau zeharo galdu da. Gaur egungo apaiz berri askok meza eman dezakete euskeraz, baina ez dira gauza pastoralaren beste arloak euskeraz naturaltasunaz jorratzeko.
Itzulpenen urrezko sasoian lan erraldoia egin zen Euskal Herrian liturgiako testuak euskaratzen eta euskalduntzen. Iturri hartatik jarraitzen dugu edaten. Euskal Herri mailan emandako ahalegin serio eta emankorra izan zena. Eskertzekoa.

2.- Kultura erlijioso baten premia.
Herri erlijiotasunaren arazoa. Berau definitzerakoan ere bigarren mailakotzat hartzeko arriskua dugu. Zein da herri erlijiotasuna? Klero eta apaizena ez dena, ilustratua ez dena, herritar ilustratuena ez dena...?
Inoiz pentsatu izan da herri pobre edo bigarren mailakoarena zena. Hau ez da guztiz egia. Ez dira beti pobreenak erlijiotasun honen ardura aurrera eramaten dutenak. Inoiz bada herriko ilustratuak apaizei edo kleroari aurre egiteko erabilia. Herriaren adierazpen erlijiosoaz egiten dugu hitz. Baina ez herri pobretuena bezala kontuan hartuz.
Egiazko kultura bat da, pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko era bat. Kultura guztietan bezala badauka bere transmisioa, beti pastoral eragile ofizialak (apaiza, fraidea, katekista...) egiten duena, inoiz bere aurka ere bai. Herri erlijiotasunak aukera bat egiten du, bertako kulturari atsegingarri zaizkiona, eta aukeratua berrinterpretatu egiten da (M. NARANJO, koord. La cultura popular en el Ecuador, Tomo XI, Quito 2004, 135-139. or.).
Kontrolatzen ez dena izanik susmagarritzat ere hartua izan da. Baina baditu bere aukerak, herriaren arima agertzea bezala, bere baloreak, alde onak. Munduko errealitate guztiak legez, anbiguoa izango da, izango ditu bere argi ilunak.
Gizarte sekular honetan herri erlijioak sustraia ematen dio fedeari. Pastoral eragileak erre ditzake, herria entretenitu, fedea eta Eliza barregarritzat edota antzinakotzat agertu.
Baina herri erlijiotasunak Elizari kultura eta mundu kutsua ematen lagunduko dio, aldi berean, herri erlijiotasun hori ebanjelizatuz. Horretarako presentzia, harrera, ondoan egotea epaitu barik, horiek denak behar dira eta beti ezin dira liberatu holako pastoral eragileak, laikoak, fraide, moja edo apaizak, katekista edo boluntarioak.

3.- Laguntzaile eta eragile indigenak.
Gotzainaren ministeriotik hasita. Jaunaren Hitza, lehendabizi, onartua eta barruratua izan behar da. Sakondua. Gotzainak zeregin honetan herriari laguntzeko, nahi eta nahi ezkoa izango du, nora bialdua izan den herri horren hizkuntza edo hizkuntzak ezagutzea. Hizkuntza baten alde egiten badu, konturatuta edo konturatu gabe, diskriminazio eragile bihurtu daiteke, arrazismo kultural baten eragilea (Lachaga 222).
Christus dominus 18an, Gotzainari eskainitako Vatikano II. Kontzilioko dekretuan, argi uzten dio aparteko ardura hartzea pastoral zaintza arrunta jaso ezin duten eliztarrekin. Hortxe daude gutxiengoak arazo sozial, hizkuntzako edo etnikoengatik. Landa eremu eta herri txikietako eliztar euskaldunek birritan izango dira premia horren subjektuak.
Konstantinoplako I. Kontzilioak ere, 381. urtean, argi eskatzen zuen gotzaina lurraldekoa izan behar zela jatorriz, eta hau ezinezkoa balitz, adibidez herri paganoen ebanjelizazioaren hasieran, jarraitu beharko lituzke asaben ohitura eta usadioak (Lachaga 228).
Misioetara bidaliak direnei, bertako hizkuntzaz erraztasunaz jabetzeaz gain, tokiko herrien kultura eta ohituraz jabetzeko deia egiten die Vatikanoko II. Kontzilioak (Elizaren misio-ekintzari buruzko dekretua, Ad Gentes divinitus 26).
Gotzaina, bertako hizkuntza, ohituraz eta arimaz jabeturik, bera izan beharko litzateke elizbarrutiko katekesian, seminarioan, kurian, elizbarrutiko antolakuntzan bertako hizkuntza edo hizkuntzak kontuan hartzeko eragile eta berme, akuilu.
Gotzainak bere elizbarrutiko hizkuntza bera duten beste elizbarrutietako gotzainekin lankidetzan aritu beharko litzateke. Ur sakonak ditugu hauek gure Euskal Herrian. Hemen aldizkariak ere gai hau behin baino sarriago erabili izan du. Gotzain Konferentzia eskatua, beharrezkoa, ukatua. Gai larria bezain pendientea.

4.- Tokiko gogoeta teologikoa
Ebanjelizazioaren premiei erantzuteko tokiko gogoeta teologiko bat behar da. Langile munduan, etorkinen munduan, kartzela munduan pastoral bat aurrera eroan behar bada, landa eremu eta herri txikietan ere pastoral berezi baten premiaz ari gara. Eliztar horiek euskaldunak badira, arlo bikoitz baten gainean ari gara.
Gakoa ez litzateke fedearen edukia egokitzea herri bakoitzaren izaera eta barruko naturan, bere interesen arabera azaltzea baino. Euskeratu bakarrik ez, euskaldundu ere bai.
Kristau elkarte bakoitzak ere aberastu dezake bere gogoeta fedearen iturri nagusiekin elkarrizketan: Biblia, Kontzilioak, Eliz Gurasoak.
Herri guztiek hartu dute fedea besteengandik. Eta eurek ere gogoeta partikularra garatu zuten.
Gogoeta hau norabide bitan egin beharko litzateke, Eliz unibertsalarekin elkarrizketan, eta Salbamen Historian herri horren lekua hartuaz ere bai. Hau hurrengo puntuan sakondu beharko genuke.

5.- Arlo katolikoa.
Hau behin eta berriz kontuan hartu beharko genuke. Eliz Unibertsalarekin elkarrizketan. Ez gara bertan luzatuko.

6.- Sinodoaren bidea eta indarra
Lacahagaren gogoetaren ekarpen nagusia nire ustez (Lachaga 248).
Bizkaian Batzar Nagusi bezala garatu zen elizbarrutiko historian bai metodoagatik, bai edukiagatik mugarri bat izan da.       
Gero, eliz joeraren indarrez gure artean oso gutxi landu den tresna, Eliz historian oinarri handia bezain sakona duena.
Arazo larrietan batez ere, Sinodo baten egiteak berak konponbidean jartzen du Elizbarrutia. Landa eremu eta herri txiki, euskaldunak edo erdeldunak, bere tokia izango luketen gogoeta sinodal horretan. Horretarako sinodoaren estiloa eta praktika berreskuratu beharko litzateke.

Iratzeder, 1960
Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren aurretik, gai honi oratuz, hitzaldi aitzindaria eskaini zuen Iratzederrek Tolosan, bertako ikasle euskaldunei. (X. DIHARCE, Au service de la vocation du Peuple Basque, Othoizlari 26, 1961 urtarrila, 325-335. or. In J.M. de LACHAGA, Minorités nationales et liturgie romaine. L’exemple de la liturgie en basque, Paris, 1979). Aspaldiko testua izanagatik, badauka zer aprobetxatu gaur egun ere.
Bere deia bikoitza da: Euskal Herriari emanak bizi kristauak garenez, eta munduari edo Jainkoari emanak bizi euskaldunak garenez.
Pista praktiko batzuk ere eskaintzen ditu, espiritualtasuna eta herrigintza lotuz:
-apaltasuna, herriaren eskolatik ikasteko, hizkuntza bera, bere arima...
-ikerketa eta konkista, bakoitzaren lan eta bizitzan euskal sena txertatzeko.
-maitasuna eta zuzentasuna, euskaldun senidetasun edo fraternitatea lantzeko, gure herriaren historia salbamen historiaren maila bezala onartuz. Adibide asko jartzen ditu, batzuk herri lagun ezezagun eta anonimoak, besteak, euskal seme-alaba prestuak, euren artean Xabierreko Frantzisko.
Berak proposatzen duena ez da fede indibidualista tradizionala, sakramentuetan eta aginduak betetzean konforme geratzen dena. Baina aldi berean baieztatu dezakegu, ez duela katolizismo sozial hutsa ere berak proposatzen duena, etniaz ahaztu egiten den progresismo bat.

Ebanjelioaren poza
Frantzisko Erromako gotzainak bere Ebanjelioaren poza idazkian ere ematen dizkigu ohar batzuk gai honetan oso interesgarri direnak.
Periferietara heltzeko deia
Gaur egun Jesusen "Zoazte" horretan daude Elizaren ekintza misiolariaren egoera eta erronka berriak, eta denok gaude deituak "irteera" misiolari berrietara (...) Kristau bakoitzak eta elkarte bakoitzak bereizi beharko du Jaunak eskatzen diona, denok gaude deituak inbitazio hori jasotzera: gure erosotasunetik eta Ebanjelioaren argia behar duten periferia guztietara eramatera (20).
Ebanjelio bakarra kultura askotan
Elizaren historian ikus dezakegunez, kristautasunak ez du eredu kultural bakarra (116).
Enkarnazioaren printzipio teologikoa darabil Frantziskok honi eusteko (117), eta Europako Elizek, historiako une zehatz batetan adierazi dutena ez da Jaunaren Hitza, alda ezina (Ikus 118 eta 129).

Herri txikien handitasuna
Ondarea dira gure herri txikiak. Frantzisko Aita Santuak bere Ebanjelioaren poza eskutitzean hauxe diosku: “Herri horretan, fedearen argipean, txikiak baina indartsuak Jaunaren maitasunean, Asiseko Frantzisko legez, kristau guztiak gara deituak bizi garen herri eta munduaren hauskortasuna (fragilidadea) jagotera (216)”.
Hauskorra da gure kultura, hauskorra da gure herri txikien bizitza. Deia guztiontzat dago zabalik. Ez gaitezen erori nire ezagun batek ironiaz esan zidana: "Etorkina izan nahi nuke Bizkaiko Elizan, kurian etorkinen pastorala lantzeko departamendua edo omen dute... Euskaldunok ere etorkin izan beharko ote landa eremuko pastorala eta pastoral euskalduna aintzat hartua izan dedin? Etxean arrotz?"

Pista batzuk landa pastoralaren espiritualtasuna lantzeko.
1.- egin beharra dela dakiguna jarraitu egiten, egin behar delako, beste arrazoi barik.
2.- zer pertsona garan dinoguna, horretan bihurtu egunero. Ze Eliza garela idatzi eta proklamatzen duguna, horretan bihurtu astiro, samurtasunez, konkistaz, apaltasunez.
3.- geure buruarekin zintzoak, leialak izan, kostua kontuan hartu barik.
4.- aurrera jarraitu, ikusten eta ukitzen ez diren irabaziak lortu barik bada ere.

Gure gizartean arrakasta irabaziekin lotzen da. Beraz gauza txarra ez dena, absolututzat hartua, ebanjelioaren bidetik desbideratu genezake gu eta urrundu gure pastoral amets, asmo eta ekintzak. Ermitatxo baten jaia laguntzea edo amona baten hileta ospatzea, hiru-lau gaztetxoren taldeari ideiak ematea edota guraso batzuekin formazioan ahalegintzea, gaur egungo Elizan ez daude modan. Ez dira aintzat hartuak izango. Presentzia bera ere hiriburutik egiteko tentaldia hor izango da, borondate ona eskertuz.
Funtzionatzen duena egiten dugu, programatzen dugu gure ebanjelizazio planetan, ez beti egin beharko genukeena. Eta planak, asmorik onenarekin ere, gaur egungo eskasi pastoralekin, normalean hiriburutik egiten dira, ez landa eremu eta herri txikietan bizi eta pastoralean ari diren katekista eta irakurle, guraso eta caritaseko kide, ermitazai eta eliz garbitzaileen ahotsak indar gutxi dauka, aintzat hartua izaten bada sikeran.
Bai, beldur barik esan dezakegu, landa eremu eta herri txikietako pastorala harrobi izatetik periferiara izatera bihurtu dela gure Elizan. Aldaketa hori emateko sasoia izango ote dugu oraindik?
Bibliografía

J.M. de LACHAGA, Église particulière et minorités ethniques, Paris 1978.

M. NARANJO, koord., La cultura popular en el Ecuador, Tomo XI, Quito 2004.


Jose Mari Kortazar, HEMEN aldizkarian.

No hay comentarios: