Gabon zorion, zorion gabon!

jueves, 5 de febrero de 2015

Arratiako organistak



-Bai hileta tristea! –esan eustan lehengo egunean lagun batek.
-Bueno, hiletak normalean tristeak izaten dira –erantzun nik.
-Bai, baina organo barik… birritan tristea!
         Arrazoia eukan. Organistea gaixorik egoan eta hileta haretan organoak ez eutsen lagundu kantetan kantariari eta herriari.

         Sarritan pasetan jaku. Niri bai sikeran. Daukagun artean, ez konturatu ez eskertu. Falta jatanean, orduan botatzen dot faltan.

         Organo ederrak daukaguz Arratian. Zeanurikoa, 1910. agorrilaren 15ean inauguratua, 15.000 pezeta ordainduta, Lope-Alberdi zoragarri bat. Areatzakoa be Lope-Alberdi bat da, 1913. agorrilaren lehenengoan inauguratua. Bediakoa eta Arteakoa oraintsu zaharbarrituta dagoz. Lemoa, Dima eta Igorren be badira organoak.

         Nire ezagun batek sarri esaten dau herri txikien orkesta sinfonikoak zirala. Sasoi haretan gatxagoa zan Bilbora biajatzea orkesta bat entzuteko, baina herriko parrokian egoan aukerea hamaika tresna musikal entzuteko.




         Ez dogu ondo apreziatzen organoaren balioa. Esate baterako, gure herri baten jazotakoa da hau: herri horretan, musika eskola bikaina eukita, gurasoek bertara bialtzen dabez umeak musika ikasten; tresnak erosten be ez dabe gitxi gastetan. Ba, behin, herrian bertan, organo kontzertu bat egon zan, eta ume eta gurasoak kontetako nahiko ziran esku bietako atzamarrak. Gure kontraesanak dira.

         Baina gaurkoan txalotu egin gura neukez organistak; euren bizitza planak egokitzen dabezanak domekako eleizkizunean laguntzeko edota auzokoari hiletan agur egiteko.

         Txalotu gura neukez gaur egun laguntzen debezanak:  Paben Bedian,  Ane, Iñigo eta Juanjo Lemoan, Ismael Diman, Rafa Igorren, Edurne eta Juanma Artean, Miren Areatzan, Karmele eta Eusebio Zeanurin. 

         Eta orain organo konpontzaile batek be jarri dau bere lantegia Arratian: Alejandrok, Igorren hain zuzen be.

         Organo musikea be gure ondarea da. Jaso eta jagon.

         Eskerrik asko guztioi!

Jose Mari Kortazar, DEIA, 2015-01-26

No hay comentarios: