Gabon zorion, zorion gabon!

domingo, 1 de febrero de 2015

Ebanjelioaren poza Evangelii gaudium euskaraz


Testu osoa euskaraz...












EVANGELII GAUDIUM

aholku-hitz apostolikoa




 









FRANTZISKO
aita santuaren

EVANGELII GAUDIUM

aholku-hitz apostolikoa

gotzainei,
apaizei eta diakonoei,
sagaraturiko pertsona guztiei
eta fededun laikoei,
gaurko munduan
ebanjelioa hots egiteaz




Ohar garrantzizkoa: aipuen loturak ez dabiltza ondo, baina amaieran dagoz danak zenbakiaren arabera.








1. Ebanjelioaren poza bihotzaren eta bizi osoaren betegarri da Jesusekin topo egiten dutenentzat. Haren salbamena onartzen dutenak askatuak dira bekatutik, tristuratik, barne-hutsetik eta isolamendutik. Jesu Kristorekin beti sortzen eta birsortzen da poza. Aholku-hitz honekin kristau guztiei zuzendu nahi natzaie, poz hori ezaugarri duen ebanjelizatze aldi berri honetara gonbidatzeko eta datozen urteetarako Elizaren ibilbiderako bideak erakusteko.

I. Berritzen eta komunikatzen den poza

2. Kontsumo eskaintza askotariko eta erabatekoarekin, gaurko munduaren arrisku nagusia, erosokerian eta diruzalekerian errotutako bihotzetik, azaleko plazerak nolanahi bilatzetik eta bakartutako kontzientziatik sortzen den tristura indibidualista da. Barne-bizitza norbere interesetan ixten denean, ez da inorentzat tokiri geratzen, ez dira pobreak kabitzen, ez da Jainkoaren ahotsa entzuten, ez da bere maitasunaren poz eztia gozatzen, ez du on egiteko gogo biziak bihotza mugitzen. Fededunek ere badute, benetakoa eta iraunkorra den arrisku honen eragina. Askok estropezu egiten dute arrisku horretan eta pertsona erresumindu, kexati eta bizigabe bilakatzen dira. Ez da hori bizitza duin eta betearen aukera, ez da hori Jainkoak guretzat nahi duena, ez da hori Kristo piztuaren bihotzari darion Espirituaren baitako bizitza.
3. Kristau guztiei dei egiten diet, edozein toki eta egoeratan daudela ere, berri dezaten beraien Jesu Kristorekin aurkitzea edo, erabaki dezatela gutxienez Berari bila ditzan uztea, egunero atsedenik gabe horretan saiatzea. Dei hau beretzat ez denik pentsatzeko arrazoirik ez du inork, «Jaunak emandako maitasunetik kanpo ez da inor geratzen»[1] eta. Arriskatzen denari Jaunak ez dio hutsik egiten; eta norbaitek Jesusenganako pauso txiki bat ematen duenean jabetzen da Bera ordurako zain zegoela, besoak zabalik. Hauxe da unea Jesu Kristori esateko: «Jauna, engaina nazaten utzi dut, mila eratara zure maitasunari ihesi ibili naiz, baina hemen naiz berriz ere zurekin nire ituna berritzeko. Behar zaitut. Aska nazazu berriz, Jauna, onar nazazu beste behin zure beso berrerosleen artean». Galdutakoan Berarengana itzultzeak hainbeste on egiten digu! Behin eta berriz diot: Jainkoa ez da barkatzeaz sekula nekatzen, gu gara bere errukira jotzeaz nekatzen garenak. «Zazpi milatan zazpi aldiz» (Mt 18,22) barkatzeko eskatu zigunak eredu ematen digu: zazpi milatan zazpi aldiz barkatzen du Berak. Lepoan hartzen gaitu behin eta berriz. Maitasun amaigabe eta etenezin hau ematen digun duintasuna ez digu inork kenduko. Burua altxa eta berriz hasten laguntzen digu, itxaropena galarazten ez digun eta poza itzultzen digun samurtasunez. Ez dezagun ihes egin Jesusen piztueratik; edozer gertatzen dela ere ez dezagula gure burua hiltzat eman. Ez dezala ezerk izan aurrera bultzatzen gaituen Bere biziak baino indar gehiago.
4. Itun Zaharreko liburuek hots egina zuten aurrez, garai mesianikoetan gain-ezkakoa bihurtuko zen salbamenaren poza. Isaias profetak pozarren agur egiten dio itxarondako Mesiasi: «Poz bizia sortu diezu, alaitasun handia eman» (9,2). Eta Bera kantuz onartzera gonbidatzen ditu Siondarrak: «Egin poz-irrintzi eta oihu» (12,6). Urrutira ikusi duenari besteentzat mezulari izateko deia egiten dio profetak: «Igo mendi garai batera, Sioni albiste pozgarria hots egitera; goratu indarrez ahotsa, Jerusalemi albiste pozgarria hots egiteko» (40,9). Kreazio osoa da salbamenaren poz honen partaide: «Egin poz-oihu, zeruok! Alai zaitez, lurra! Egin poz-irrintzi, mendiok! Jaunak bere herria kontsolatu baitu, atsekabean gupida izan dio.
       Zakariasek, Jaunaren eguna ikusiz, «apal eta asto baten gainean» datorren Erregea garaipenez goratzeko gonbidapena egiten du: «Poztu biziro, Sion hiri eder! Egin irrintzi, Jerusalem hiriburu! Hara, badatorkizu zeure erregea: zuzen eta garaile dator» (9,9).
       Baina Sofoniasen gonbidapena izango da, behar bada, gehien zabaltzen dena; jai-giroko eta bozkariozko argia darion Jainkoa agertzen baitigu, Bere herriari salbamenaren poza iragarri nahi diona. Bizi-pozez betetzen nau hau irakurtzeak: «Zure Jainko Jauna zurekin dago, salbatzeko ahaltsu! Pozik bai pozik dago zurekin. Bere maitasunez biziberritzen zaitu. Pozez jauzika eta kantari dago zuregatik» (3,17).
       Eguneroko bizitzaren gauza txikietan bizitzen den poza da, gure Aita Jainkoaren maitasun deiari erantzuten laguntzen diguna: «Seme, ahal duzun neurrian, hartu ongi zeure burua [...]. Ez ukatu zeure buruari egun zoriontsurik» (Si 14,11.14). Nolako aita-samurtasuna sumatzen den hitz hauetan.
5. Ebanjelioak —Kristoren Gurutze aintzatsuak argi egiten baitu bertan—, pozerako etengabeko deia egiten du. Nahikoa da adibideren bat: «Poztu zaitez» esanez agur egiten dio aingeruak Mariari (Lk 1,28). Mariak Isabel bisitatzean, Joan pozez saltoka hasi zen amaren sabelean (ik. Lk 1,41). Bere kantuan honela esaten dio Mariak: «Pozaren pozez daukat barrena, Jainkoa baitut salbatzaile» (Lk 1,47). Jesusek bere ministeritza hastean, Joanek deiadarka esan zuen: «Horixe dut nik ere poza, poz bete-betea» (Jn 3,29). Jesus ere «Espiritu Santuak pozez beterik» jarri zen (Lk 10,21). Bere mezua poz-iturri da: «Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin» (Jn 15,11). Gainezka dagoen Bere bihotz-iturritik edaten du gure kristau-pozak. Hala agintzen die ikasleei: «Zuek triste egongo zarete, baina zuen tristura poz bilakatuko da» (Jn 16,20). Eta azpimarratzen du: «Berriro agertuko natzaizue, eta poztu egingo zarete, eta poz hori inork ez dizue kenduko» (Jn 16,22). Haiek, gero, pizturik ikustean «pozez bete ziren» (Jn 20,20). Apostoluen Eginak liburuak dio nola lehenengo elkarteak «otorduak elkarrekin pozik» egiten zituen (2,46). Ikasleak igarotako tokian «poz handia izan zen» (8,8) eta haiek, jazarpenaren erdian «pozez beterik» gelditu ziren (13,52). Iren batek, bataiatu berritan «poz-pozik jarraitu zuen bidean aurrera» (8,39), eta kartzela-zainak eta etxekoek «famili festa egin zuten, Jainkoarengan sinetsi zutelako» (16,34). Zergatik ez gara ba gu ere barneratuko poz-jario horretan?
6. Badirudi zenbait kristauek Pazkorik gabeko Garizuma hautatu dutela. Aitortzen dut, halere, poza ez dela berdin bizitzen bizitzaren une eta egoera guztietan, hauetako batzuk oso gogorrak direlako. Moldatu eta eraldatu egiten da, baina beti bizirik irauten du, gauza guztien gainetik neurrigabe maitatua sentitzetik sortzen den argi izpi bezala. Ulertzen dut, nozitzen dituzten zailtasun gordinen erruz, tristurarako joera duten pertsonak egotea, baina pixkanaka utzi egin behar zaio fedearen pozari, isilpeko konfiantza sendo bat bailitzan gugan esnatzen, larritasun handienean ere: «Urrun dut niregandik bakea, ahaztua dut zer den zoriona [...]. Baina oroitzen naiz itxaropena susperrarazten didan zerbaitez: Jaunaren onginahia ez dela amaitu, haren errukia ez dela agortu. Goizero berritzen dira. Bai handia, Jauna, zure leialtasuna! [...]. On da Jaunak emango duen salbamena isilean itxarotea» (Nk 3,17.21-23.26).
7. Aitzakia eta eskabide askotan heltzen zaigu tentaldia, poza gauzatzeko mila baldintza beharrezkoak balira bezala. Hona hau gertatzearen arrazoia: «gizarte teknologikoak plazererako aukerak ugaritzea lortu du; baina oso zail zaio poza ernaraztea»[2]. Esan dezaket, nire bizitzan zehar ikusi ditudan pozik ederrenak eta berezkoenak, zeri loturik ez daukaten pertsona oso behartsuengan ikusi ditudala. Gogoratzen dut, erantzukizun profesional handienen artean egonik, fedezko bihotz eskuzabal eta xaloa mantendu duten pertsonen benetako poztasuna ere. Bakoitzak bere erara, Jainkoak Jesu Kristogan agertu digun maitasun handiena da poztasun horien iturria. Ez naiz aspertzen Ebanjelioaren muinera garamatzaten Benedikto XVI.aren hitzak errepikatzeaz: «Ez da kristau izaten hasten erabaki etiko batek edota ideia nagusi batek hartara eraginik, bizitzari aukera berria eta, beraz, behin betiko norabidea ematen dion gertakariarekin, Pertsonarekin aurkitzean baizik»[3].
8. Adiskidetasun zoriontsu bilakatzen den Jainkoaren maitasunarekin topo egite —edo berriz aurkitze— horri esker, gure kontzientzia isolatutik eta autoreferentzialtasunetik askatuak gertatzen gara. Benetako gizaki bihurtzen gara, gizaki baino gehiago garenean, Jainkoari geure izate egiazkoagoa iristeko geuretik haratago eramaten uzten diogunean. Han dago ebanjelizatze ekintzaren iturburua. Zeren eta, norbaitek bizitzaren zentzua itzultzen dion maitasuna onartu badu, nola eutsi diezaioke besteei jakinarazteko gogoari?

II. Ebanjelizatzearen poz ezti eta pizgarria

9. Beti dago ongia jakinarazteko joera. Egiaren eta edertasunaren benetako bizipenak, berez bilatzen du bere zabalkuntza, eta sakoneko askatasuna bizi duen edonori pizten zaio sentipen handiagoa besteen beharren aurrean. Jakinaraziz, ongia errotu eta hedatu egiten da. Horregatik, duintasunez eta betetasunez bizi nahi duenak ez du bestea onartu eta haren ona bilatzea beste biderik. Ez genuke harritu behar, beraz, San Pauloren zenbait esaldirekin: «Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu» (2Ko 5,14); «Errukarria ni, berri ona hots egingo ez banu!» (1Ko 9,16).
10. Goragoko mailan bizitzea da kontua, baina ez sakontasun gutxiagorekin: «Bizia, emanez areagotzen da, eta isolamenduz eta erosokeriaz ahultzen. Izan ere, bizitzaz gehien gozatzen dutenak, ertzeko ziurtasuna utzi eta gainontzekoei bizitza komunikatzeko eginkizunarekin zaletuak dira»[4]. Elizak ebanjelizatze eginkizunera deitzen dituenean, ez die kristauei beraien heldutasun pertsonalerako egiazko bidea agertu besterik egiten: «Hemen aurkitzen dugu errealitatearen beste lege nagusi bat: besteei bizitza emateko eskaini ahala eskuratzen eta heltzen dela norbere bizitza. Hori da, azken batean, egitekoa»[5]. Beraz, ebanjelizatzaile batek, ez luke beti hileta-aurpegia eduki behar. Suspertu eta areagotu dezagun gogo bizia, «ebanjelizatzearen poz ezti eta pizgarria, baita malko artean erein behar denean ere [...]. Baldinbaitere gaurko munduak —batzuetan larritasunez eta bestetan itxaropenez bilatzen duenak— jasoko al du Berri ona, ez ebanjelizatzaile triste, etsitu, pazientzia gutxiko edota grinatsuen bidez, Kristoren poza bereziki beraiengan jaso duten eta gogo bizia darien Ebanjelioaren zerbitzarien bidez baizik»[6].

Etengabeko berritasuna

11. Eraberritutako iragarpen batek, fedeko poza eta ebanjelizatzen duen emankortasuna eskaintzen die fededunei, baita epelei edo elizara joaten ez direnei ere. Egia esan, bere muina eta funtsa beti bera da: Kristo hil eta piztuagan bere maitasun neurrigabea agertu zuen Jainkoa. Berak berritzen ditu berarengan itxaro dutenak; adindunak izanik ere «indarrak berritzen dituzte: arrano-hegoak hazten zaizkie, lasterka eginda ere ez dira nekatzen, ibili eta ez dira akitzen» (Is 40,31). Kristo da «betiko balio duen Ebanjelioa» (Ap 14,6), eta «bat bera da atzo, gaur eta beti» (Heb 13,8), baina bere balioa eta edertasuna amaigabeak dira. Beti gaztea da Bera eta berritasunaren etengabeko iturria. Eliza beti harriturik gelditzen da hain direlako «sakonak Jainkoaren eskuzabaltasuna, jakinduria eta ezaguera» (Erm 11,33). San Joan Gurutzearenak esaten zuen: Jainkoari buruzko zentzu eta jakintza pila hau hain da sakona eta mugagabea, arimak berari buruz asko jakinik ere beti sar baitaiteke barrurago»[7]. Edota San Ireneok esan bezala: «[Kristok], bere etorreran, berekin ekarri du berritasun guztia»[8]. Berak beti berritu ahal dezake. Bere berritasunarekin gure bizitza eta gure elkartea eta, garai ilunak eta eliz ahultasunak igarota ere, kristau proposamena ez da sekula zaharkitzen. Jesu Kristok hautsi ditzake guk Bera hesitzeko darabiltzagun eskemak ere, eta harritu egiten gaitu bere etengabeko jainkozko sormenarekin. Iturrira itzuli eta Ebanjelioaren berezko freskotasuna berreskuratzen saiatzen garen bakoitzean bide berriak sortzen dira, sormena duten moduak, adierazteko beste erak, ezaugarri esanguratsuagoak, gaurko munduarentzat esanahi berritua duten hitzak. Egiazki, benetako ebanjelizatze ekintza oro beti da «berria».
12. Eginkizun honek eskaintza eskuzabala eskatzen badu ere, hanka-sartzea litzateke eginkizun pertsonal heroikotzat hartzea, guk ezagutu eta uler dezakegunaren gainetik lan hau Berea baita nagusiki. Jesus da «lehenengo ebanjelizatzailea eta handiena»[9]. Ebanjelizatzeko edozein eratan, Jainkoarena da beti lehen urratsa, Bere lankide izatera deitu nahi izan baikintuen, eta baita bere Espirituaren indarrarekin horretara bultzatu ere. Jainkoak berak, era misteriotsuan sortzen duena da lehenengo berritasuna, Berak goiargitua, Berak eragina, mila eratara Berak zuzendua eta lagundua. Elizaren bizitzan beti agertu behar da ekimena Jainkoarena dela, Berak «maitatu baikintuen lehenik» (1Jn 4,19) eta «Jainkoa baita, hazarazten duena» (1Ko 3,7). Uste sendo honek laguntzen digu, gure bizitza oso-osorik hartzen duen eta eskakizun handiko erronka den eginkizun honen erdian alaitasuna gordetzen. Dena eskatzen digu, baina dena eskaini ere bai, aldi berean.
13. Eginkizun honen berritasuna ez genuke ulertu behar erauzte edo deserrotze bat bezala, harrera egiten digun eta aurrera bultzatzen gaituen historia bizi baten ahanztura bezala, alegia. Gure fedearen alderdi bat da oroimena, «deutoronomikoa» deitu dezakeguna, Israelen oroimenarekin alderatuz. Elizaren ohiko oroimen bezala uzten digu Jesusek Eukaristia, horrek barneratzen baikaitu Pazkoan (ik. Lk 22,19). Poz ebanjelizatzaileak beti egiten du distira, esker oneko oroimena atzean duela: eskatu beharreko grazia dugu hau. Apostoluek ez zuten sekula ahaztu, Jesusek bihotza ukitu zieneko une hura: «Arratsaldeko lauak aldea zen» (Jn 1,39). Jesusekin batera «hainbat eta hainbat testigu» (Heb 12,1) dakarzkigu gogora oroimenak. Horien artean, nabarmentzen dira gure fededun poza sorrarazten ahalegindu ziren zenbait pertsona: «Oroi zaitezte Jainkoaren hitza hots egin zizueten zeuen zuzendariez» (Heb 13,7). Fede bizitzan sartu gintuzten pertsona apal eta gertukoak dira batzuetan: «Gogoan dut zuk duzun zinezko fedea, lehenik Loide zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten fede bera» (2Tim 1,5). Fededuna «oroimentsua» da bereziki.

III. Ebanjelizatze berria fedearen aldarrikapena egiteko

14. Aldien ezaugarriak elkarrekin ezagutzen laguntzen digun Espirituari entzunez, 2012ko urriaren 7tik 28ra Gotzainen Sinodoaren Ohiko Batzar Orokorra egin zen gai honekin: Ebanjelizatze berria kristau fedea aldarrikatzeko. Han gogoratu zen ebanjelizatze berriak denei dei egiten diela eta hiru esparrutan burutzen dela bereziki[10]. Aipa dezagun lehenik, ohiko pastoraltzaren esparrua, «Espirituaren suaz adoreturik, elkartean aldizka parte hartzen duten eta Jaunaren egunean bere Hitzaz eta betiko biziaren Ogiaz janaritzeko biltzen diren fededunen bihotzak pizteko»[11] balio duena. Esparru honetan sartzen dira, kultuan sarri parte hartzen ez badute ere, era ezberdinetan agertzen duten eta sendoa eta benetakoa den fede katolikoa gordez bizi diren fededunak ere. Pastoraltza hau sinestedunen hazkundera zuzendua dago, era horretan Jainkoaren maitasunari gero eta hobeto eta bizitza osoaz erantzun diezaioten.
       Bigarren gogora ditzagun «Bataioko eskakizunak bizi ez dituzten pertsona bataiatuak»[12]; ez dute Elizarekin bihotzez bat egiten eta ez dute sumatzen fedearen laguntza. Eliza, beti adi dagoen ama denez, ahalegindu egiten da fedearen alaitasuna eta Ebanjelioarekin konprometitzeko gogoa piztuko dien bihotz-berritzea bizi dezaten.
       Azkenik, azpimarra dezagun ebanjelizatzea nagusiki lotua dagoela Jesu Kristo ezagutzen ez dutenei edo beti uko egin diotenei Ebanjelioa hots egitearekin. Horietako askok isilean bilatzen dute Jainkoa, Haren aurpegi-minez, baita tradizio zaharreko kristau herrietan ere. Denek dute Ebanjelioa jasotzeko eskubidea. Kristauek, inor baztertu gabe aldarrikatzeko eginkizuna dute, ez betebehar bat ezartzen den eran, poztasun bat partekatzen, helburu eder bat adierazten edo otordu desiragarri bat eskaintzen den eran baizik. Eliza ez da proselitismoaren bidez hazten, «erakarpenez»[13] baizik.
15. Joan Paulo II.ak esan zuen beharrezkoa dela Kristorengandik urrun daudenei «aldarrikatzeko lehia bizirik zaintzea, [...] hori baita Elizaren jatorrizko egitekoa»[14]. Misio ekintza da «Elizarentzat gaur egun ere erronka nagusia»[15] eta «misio jarduerak izan behar du lehenengoa»[16]. Zer gertatuko ote litzateke hitz hauek aintzakotzat hartuko bagenitu? Soilik, aitortuko genuke irteera misiolaria dela Eliz egintza guztiaren paradigma. Ildo honetan, Latinoamerikako gotzainek esan bezala «ezin dugu geratu gure tenpluetan pasiboki itxaronez»[17] eta beharrezkoa da «zaintza hutsekoa den pastoraltzatik, hala erabakita misiolaria den pastoraltzara»[18] igarotzea. Egiteko hau da gaur ere Elizaren poz-iturri nagusia: «Poz handiagoa izango da zeruan bihotz-berritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino» (Lk 15,7).

Aholku-hitz honen proposamena eta mugak

16. Pozik onartu nuen sinodoko gurasoek Aholku-hitz hau idazteko egin zidaten eskabidea[19]. Idaztean, Sinodoko lanen aberastasuna jasotzen dut. Bestelako pertsonei ere kontseilua eskatu diet eta Elizaren ebanjelizatze-ekintzaren une zehatz honetan darabiltzadan ardurak azaltzen ere saiatzen naiz. Ezin konta ahalakoak dira egungo munduan ebanjelizatzearekin harremana duten gaiak, hemen landu nitzakeenak. Baina uko egin diot ikerketa eta sakontze handia eskatzen duten mila gai horiek lantzeari. Ez dut uste Aita Santuaren irakaspenari Eliza eta mundua eragiten duten gai guztiei buruzko hitz behin-betikoa eta osoa eskatu behar zaionik. Ez da komeni beraien lurraldeetan gertatzen diren arazoen inguruan tokian tokiko gotzainek egin behar duten bereizmena Aita Santuak ordezkatzerik. Zentzu honetan, «deszentralizatze» sano baterantz bidea egitea beharrezko sumatzen dut.
17. Eliza osoan gogoz eta bizitasunez beteriko ebanjelizatze aldi berri bat adoretu eta lagunduko duten norabide batzuk proposatzen saiatu nahiz hemen. Alor honen baitan eta Lumen gentium Konstituzio dogmatikoaren irakaspenean oinarrituta, gai hauetan luze jardutea erabaki nuen, besteak beste:
a)  Irteera misiolarian dagoen Elizaren erreforma.
b) Pastoralgileen tentaldiak.
c)  Eliza, ebanjelizatzen duen Jainkoaren Herri osoa bezala ulertua.
d) Homilia eta bere prestaera.
e)  Behartsuen gizarteratzea.
f)   Bakea eta gizarte elkarrizketa.
g) Misio-egintzarako motibazio espiritualak.
18. Beharbada gehiegizkoa irudituko zaizue gai hauetan egin dudan garapena. Baina ez dut egin tratatu bat eskaintzeko asmoz, Elizaren egungo eginbeharrean gai hauek duten eragina agerian jartzeko baizik. Guztiek laguntzen dute ebanjelizatze estilo jakin bat zehazten, eta egiten den edozein jardueratan estilo hori onartzeko deia egiten dut. Eta era honetan, onartu ahal izan dezagula gure eguneroko konpromisoan Jainkoaren Hitzak egiten digun deia: «Poz zaitezte Jaunarengan beti! Berriro diotsuet, poz zaitezte!» (Flp 4,4).



LEHENENGO KAPITULUA

ELIZAREN ERALDATZE MISIOLARIA


19. Ebanjelizatzeak Jesusen misio-aginduari erantzuten dio: «Zoazte eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz» (Mt 28,19-20). Txatal hauetan jasoa dago nola bidaltzen dituen Piztuak beretarrak, Ebanjelioa aldioro eta toki guztietan hots egitera, Berarenganako fedea lurreko bazter guztietara zabal dadin.

I. Kanpora irteten den Eliza

20. Etengabe jasoa dago Jainkoaren Hitzean fededunengan Jainkoak sorrarazi nahi duen «irteerako» bizitasun hori. Abrahamek onartu egin zuen lur berri batera irteteko jaso zuen deia (ik. Has 12,1-3). Moisesek entzun zuen Jainkoaren deia: «Zoaz, nik bidaltzen zaitut» (Ir 3,10), eta agindutako lurrera irtenarazi zuen (ik. Ir 3,17). Jeremiasi esan zion «Nik nora bidali, hara joango zara» (Jer 1,7). Gaur, Jesusen «zoazte» horretan presente egiten dira Elizaren ebanjelizatze-egitekoaren gertaleku eta erronka beti berriak, eta denok gara deituak «irteera» misiolari berri honetara. Kristau bakoitzak eta elkarte bakoitzak bereiziko du zein den Jaunak eskatzen dion bidea, baina denok gara dei hau onartzera gonbidatuak: norbere erosotasunetik irten eta Ebanjelioaren argia behar duten periferia guztietara iristera ausartu.
21. Ebanjelioaren poza ikasleen elkartea bizitzaz betetzen duena misio poza da. Bizi izan zuten, misiotik bozkarioz itzuli ziren hirurogeita hamabi ikasleek (ik. Lk 10,17). Bizi izan zuen Jesusek, Espiritu Santuarengan pozez dardaraztean eta bere errebelazioak behartsu eta txikitxoak hartzen dituelako Aita goretsi zuen (ik. Lk 10,21). Harriduraz beterik sumatu zuten, Mendekoste egunez Apostoluen predikazioa «nork bere hizkuntzan» entzunik bihotz-berritu ziren lehenengoek (Eg 2,6). Ebanjelioa aldarrikatua izatearen eta fruitu ematearen ezaugarri da poz hori. Baina berekin du beti irteeraren eta dohainaren dinamika, nor beretik irtetearena, ibiltzearena, beti berriz eta beti haratago ereitearena. Jaunak esana da: «Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz» (Mk 1,38). Hazia toki batean ereina dagoenean ez da geratzen hobeto adierazteko edo han ezaugarri gehiago egiteko, aitzitik, beste herri batzuetara irtenarazten du Espirituak.
22. Aurresan ezin den ahalbidea du berekin Hitzak. Ereindakoan, ereileak lo eginda ere hazten doan haziaz mintzo da Ebanjelioa (ik. Mk 4,26-29). Hitzaren askatasun helezin hori onartu egin behar du Elizak, eginkorra baita bere erara, eta gure aurreikuspenak gainditzeko eta gure eskemak hausteko gai da era askotara.
23. Elizak Jesusekin duen intimitatea, bidean dagoen intimitatea da, eta komunioa berriz, era misiolarian gauzatzen da, funtsean[20].  Maisuaren ereduarekin leial izanez, beharrezkoa da Eliza Ebanjelioa hots egitera ateratzea, guztiei, toki guztietan, aldioro, luze gabe, nazkarik eta beldurrik gabe. Ebanjelioaren poza herri guztiarentzat da, ezin du inor kanpoan utzi. Hala hots egin zien Betleemen aingeruak artzainei: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere» (Lk 2,10). Apokalipsiak aipatzen du «betiko balio duen mezua iragarri behar ziela lurreko bizilagun guztiei, nazio, arraza, hizkuntza eta herri guztiei» (Ap 14,6).

Lehenetsi, murgildu, lagundu, fruitu eman eta ospatu

24. Kanpora irteten den Eliza, lehenesten duten, murgiltzen diren, laguntzen, fruitu ematen eta ospatzen duten ikasle misiolarien elkartea da. “Lehenetsi”: barka iezadazue hitz berria [gazteleraz “primerear” esaten du]. Elkarte misiolariak ekimena Jaunarena dela sumatzen du, maitasunean lehenetsi duela, lehentasuna eman diola (ik. 1Jn 4,10); eta, horregatik, badaki lehenesten, beldurrik gabe aurrea hartzen, bidera ateratzen, urrutiratuak bilatzen eta baztertuak gonbidatzera bidegurutzeetara heltzen. Errukia opatzeko gogo amaiezina bizi du, Aitaren erruki amaigabe eta hedakorra probatu izanaren ondorio. Ausart gaitezen pixka bat gehiago lehenestera! Ondorioz, elizak badaki «murgiltzen». Jesusek oinak garbitu zizkien bere ikasleei. Jauna murgildu egiten da eta beretarrak murgilarazten ditu, besteen aurrean belauniko jarriz garbitzeko. Baina gero esaten die ikasleei: «Zorionekoak izango zarete hau egiten baduzue» (Jn 13,17). Elkarte ebanjelizatzailea egite eta ezaugarriekin besteen eguneroko bizitzan murgiltzen da, tarteak txikituz, beharrezkoa izanez gero apalkuntzaraino beheratuz, herriarengan Kristoren haragi sufritzailea ukituz. Era honetan ebanjelizatzaileek «ardi kutsua» dute eta hauek Haren ahotsa entzuten dute. Honela, elkarte ebanjelizatzailea «laguntzeko« prestatzen da. Bere ibilbide guztietan laguntzen dio, gizadiari, hauek gogorrak eta luzeak izanik ere. Badaki luze itxaroten eta pairamen apostolikoa izaten. Ebanjelizatzeak asko du pazientziatik eta mugak ez bihurritzen saiatzen da. Jaunaren dohainarekin leial izanez badaki «fruitu ematen». Elkarte ebanjelizatzaileak so egiten die fruituei, emankorra nahi baitu Jaunak. Garia zaintzen du eta ez da irakaren beldur. Ereileak, gari artean iraka muturtzen ikusten duenean, ez du erantzuten era kexati eta alarmistan. Hitza egoera zehatzean hezurmamitu dadin bidea bilatzen saiatzen da, bizi berriko fruituak eman ditzan, itxura akastun eta burutugabea izango badute ere. Jarraitzaileak badaki bizitza osoa ematen eta Jesu Kristoren testigantza emanez martiritzaraino ere arriskatzen, baina bere ametsa ez da etsaiz inguratzea, Hitza onartua izatea baizik eta bere indar askatzaile eta berritzailea berriz, ezagutarazia. Azkenik, elkarte ebanjelizatzaile bozkariotsuak badaki beti «ospatzen». Ospatu eta jai egiten du garaipen txiki bakoitzarekin, ebanjelizatzean egindako aurrerapauso bakoitzarekin. Pozez beteriko ebanjelizatzea edertasun bilakatzen da liturgian, egunero ongia zabaltzeko dugun eskakizunaren erdian. Ebanjelizatu egiten du Elizak, eta bere burua ebanjelizatzen du liturgiaren edertasunarekin, ebanjelizatze egitekoaren ospakizun baita berau eta dohaintzarako bultzada berrituaren iturri ere bai.

II. Bihotz-berrituz doan pastoraltza

25. Badakit gaur, idazkiek ez dutela lehen adina interes sortzen eta azkar ahaztuak izaten direla. Halere, argi utzi nahi dut hemen adierazten saiatuko naizenak izaera programatikoa duela eta ondorio garrantzitsuak dituela. Bihotz-berritze pastoral eta misiolariaren bidean aurrera egin ahal izan dezaten eta gauzak dauden bezala gera ez daitezen, elkarte guztiek behar diren pausoak ematea espero dut.  Jada ez digu balio «administratze huts»[21] batek. Eratu gaitezen lurreko herrialde guztietan «misio egoera iraunkorrean»[22].
26. Eraberritzeko deia zabaltzeko gonbidapena egin zuen Paulo VI.ak, sendo adierazteko dei hori ez dela norbanako isolatuei bakarrik egina, Eliza osoari egina baizik. Gogora dezagun bere indar esanguratsua galdu ez duen testu gogoangarria: «Elizak sakondu egin behar du bere buruaz jabetzea, hausnartu egin behar du bere-berea duen misterioa [...]. Jabetze argi-emaile eta eginkor horretatik sortzen da Elizaren irudi ideala —Kristok irudikatu, desiratu eta maitatu zuen bere Emazte santu eta errugabea (ik. Ef 5,27)— eta Elizak gaur agertzen duen aurpegi erreala alderatzeko berezko gogoa [...]. Eraberritzeko irrika oparo eta ia pazientzia gutxikoa sortzen da, beraz, hau da, Kristok beragan utzi zigun ereduaren ispiluan, barne-azterketa eran kontzientziak salatzen eta islatzen dituen erruak zuzentzerainokoa»[23].
       Vatikanoko II. Kontzilioak Jesu Kristoganako leialtasunez egindako bere buruaren etengabeko erreformara zabaltzea bezala aurkeztu zuen eliz bihotz-berritzea: «Elizaren eraberritze oro, bere bokazioarekiko leialtasuna handitzean datza funtsean [...]. Erromes doan Elizari etengabeko erreforma honetara deitzen dio Kristok, eta Elizak, giza erakundea eta lurtar erakundea delarik, beti du erreformaren premia»[24].
       Badira, ebanjelizatzearen bizitasuna baldintzatzerainoko eliz egiturak; berdin, egitura onek balio dute adoretzen, eusten eta epaitzen dituen bizitza badute. Bizitza berririk eta egiazko ebanjelioko espiriturik gabe «bere bokazioarekiko Elizaren leialtasunik» gabe, edozein egitura berri galbideratu egiten da denbora gutxian.

Eliz eraberritze atzeraezina

27. Dena eraldatzeko gai den hautu misiolari batekin amets egiten dut: ohiturak, erak, ordutegiak, hizkera eta eliz egitura osoa, bere buruaren babeserako baino gehiago, egungo munduaren ebanjelizatzerako bide egoki bihur daitezen. Pastoral bihotz-berritzeak eskatzen duen egituren erreforma era honetan bakarrik uler daiteke: egitura guztiak misiolariagoak bihur daitezen saiatu, ohiko pastoraltza bere alor guztietan hedakorragoa eta irekiagoa izan dadin, pastoralgile guztiak etengabeko irteera-jarreraz bete ditzan eta, honela, Jesusek, bere adiskidetasunera gonbidatzen dituen guztien baiezkoa bidera dezan. Joan Paulo II.ak Ozeaniako gotzainei esan bezala, «Elizaren baitan egindako eraberritze orok misioa izan behar du helburu, eliz barnerakoitasun moduko baten harrapakin ez izateko».[25]
28. Parrokia ez da zaharkitutako egitura bat; oso moldagarria delako hain zuzen ere, era oso ezberdinean gauzatu daiteke, horretarako beharrezko dituelarik Artzainaren eta elkartearen esanekotasuna eta sormena. Erakunde ebanjelizatzaile bakarra ez bada ere, eraberritzeko eta egokitzeko gai baldin bada «bere seme-alaben etxe-artean bizi den Eliza bera»[26] izaten jarraituko du.  Familiekin eta herriko bizitzarekin egiazko harremana duela esan nahi du horrek eta ez dela bihurtzen jendearengandik bereizitako egitura zorrotz bat edo bere buruari begira bizi direnen aukeratu talde bat. Parrokia, Elizaren presentzia da lurraldean, Hitza entzuteko gune, kristau bizitzan hazteko, elkarrizketarako, hots egiteko, karitate eskuzabalerako, gurtzarako eta ospakizunerako gune[27]. Bere jarduera guztien bidez, ebanjelizatzearen eragile izan daitezen bere kide guztiak adoretzen eta hezten ditu parrokiak[28]. Elkarteen elkarte da, egarri direnak, bidean jarraitu ahal izateko edatera joaten diren santutegi da eta misio-bidalketa etengabe egiten deneko gune ere bai. Baina aitortu egin behar dugu, aztertzeko eta eraberritzeko parrokiei egindako deiak ez duela oraindik nahikoa fruitu eman, jendearengandik gertuago egoteari dagokionez, komunio eta parte-hartze gune izateari dagokionez eta misioari erabat zuzenduak egoteari dagokionez.
29. Gainontzeko eliz erakundeak, oinarrizko elkarteak eta elkarte txikiak, mugimenduak eta elkarte ezberdinak Elizaren ondasun dira, Espirituak sorraraziak giro eta alderdi guztiak ebanjelizatzeko. Askotan ebanjelizatzeko zaletasun berria ekartzen dute eta munduarekin elkarrizketatzeko gaitasuna ere bai, Eliza berritzerainokoa izan ere. Baina oso mesedegarria da, hain aberasgarria den tokiko parrokiarekin harremana ez galtzea eta Eliza partikularraren pastoral egituran pozarren bateratzea[29]. Ebanjelioaren eta Elizaren alderdi bakarrarekin geratzeari iskin egingo dio bateratze horrek edota sustrairik gabeko ibiltari bilakatzea saihestuko du.
30. Eliza partikular bakoitza ere, bere gotzainaren gidaritzapean Eliza katolikoaren zatia izanik, deitua dago bihotz-berritze misiolarira[30], Eliza bakarraren agerpen zehatza baita munduko leku batean eta berarengan «egiaz bertan dago eta jardunean ari da Kristoren Eliza, Bat, Santu, Katoliko eta Apostolikoa»[31]. Gune jakin batean hezurmamitu den Eliza da, Kristok emandako salbamen bitarteko guztiez hornitua, baina tokiko aurpegia duena. Jesu Kristo ezagutarazteko poza agertzen da, behar gehiago duten tokietan hots egiteko duen kezkan eta baita bere lurraldeko periferietara nahiz gune soziokultural berrietara etengabe ateratzean ere[32]. Piztuaren argia eta bizitza gehien behar den tokietan egoten saiatzen da[33]. Bultzada misiolari hau biziagoa, eskuzabalagoa eta emankorragoa izan dadin, dei egiten diot Eliza partikular bakoitzari bereizmen, garbikuntza eta erreforma bide erabakigarri batean barnera dadin.
31. Elizbarrutiko Elizaren misio-batasuna eragin behar du beti gotzainak, lehenengo elkarteen idealari jarraituz, fededunak bihotz bat eta arima bat baitzuten elkarte haietan (ik. Eg 4,32). Horretarako, aurrean egongo da batzuetan bidea erakusteko eta herriaren itxaropena zaintzeko; guztien erdian egongo da soilik beste batzuetan bere gertutasun apal eta errukizkoa adieraziz; eta herriaren atzetik ibili beharko du zenbaitetan, atzean geratutakoei laguntzeko, eta bereziki, artaldeak berak baduelako bere usaimena bide berriak bilatzeko. Komunio bizigarria, irekia eta misiolaria sustatzeko duen egitekoan, Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak[34] proposatzen dituen partaidetza mekanismoak gauzatu daitezen ahalegindu eta saiatu beharko du, baita elkarrizketa pastoralerako beste bide batzuk bilatzen ere, denei entzuteko gogoz eta ez belarriak gozatzen dizkien batzuei bakarrik. Baina partaidetza prozesu hauen helburua ez da eliz antolakuntza, guztiengana iritsi nahiaren misiolari ametsa baizik.
32. Gainontzekoei eskatzen diedana bizitzera deitua naizenez, aitasantutzaren aldatzea edo konbertsioa ere pentsatu behar dut. Iradokizunei zabalik egotea dagokit Erromako Gotzain naizenez, horiei esker nire ministeritzaren jarduna Jesu Kristok eman nahi izan zion zentzuarekin eta ebanjelizatzearen egungo eskakizunekin leialagoa izan dadin. Joan Paulo II.ak eskatu zuen, laguntzeko bilatzen «primatuaren jardun-bide bat, bere egitekoaren funtsari uko egin gabe egoera berri batera zabalik egongo dena»[35]. Gutxi aurreratu dugu honetan. Aitasantutzak eta Eliza unibertsalaren egitura nagusiek ere badute bihotz-berritze pastoralerako deia entzun beharra. Vatikanoko II. kontzilioak adierazi bezala, antzinako patriarka-elizen antzera, Gotzainen Batzarrek «lan askotariko eta emankorra burutu dezakete, elkargo-estimu horri praktikan leku eman ahal izateko»[36]. Baina nahi hau ez zen erabat bete, ez baita oraindik Gotzainen Batzarren estatutu bat behar adina gauzatu, eskuduntza zehatzak aitortuz, baita doktrinari dagokion benetako aginpideren bat ere[37]. Gehiegizko zentralizazioak, lagundu baino gehiago zaildu egiten du Elizaren bizitza eta bere misio dinamika.
33. Misio-erako pastoraltzak alde batera utzi nahi du «beti honela eginda» esatearen irizpide pastoral erosoa. Elkarte bakoitzak ebanjelizatzeko dituen helburuak, egiturak, moldea eta moduak berriz pentsatzerakoan, ausartak eta sormendunak izateko gonbidapena egiten dizuet denoi. Hauek lortzeko bitartekoak elkarrekin pentsatu gabe helburuak zehazteak fantasia hutsean geratzeko arrisku handia du. Dokumentu honen argibideak eskuzabalez eta ausardiaz erabiltzeko deia egiten dizuet guztioi, debekurik eta beldurrik gabe. Bidea bakarrik ez egitea da garrantzitsua, senideak ondoan izatea eta bereziki gotzainen gidaritzapean jardutea, pastoral bereizmen jakintsua eta errealista eginez.

III. Ebanjelioaren bihotzetik

34. Gauza guztiak misio-klabean jarri nahi baditugu, balio du horrek mezua komunikatzeko moduarentzat ere. Egungo munduan, komunikabideen abiadurarekin eta medioek egiten dituzten edukien aukeraketa interesatua dela eta, hots egiten dugun mezuak arriskua du inoiz baino gehiago, moztua eta bigarren mailakoak dituen alderdi batzuetara murriztua izateko. Hortik, Elizaren ikasbide moralaren parte diren zenbait gai zentzua ematen dien testuingurutik kanpo geratzea. Hots egiten dugun mezua bigarren mailakoak diren alderdi horiekin identifikatua agertzen denean agertzen da arazo nagusia, beraien garrantzia izanik ere, beraiek bakarrik ez baitute Jesu Kristoren mezuaren muina adierazten. Errealistak izatea komeni da, beraz, eta gure solaskideak esaten dugunaren oinarrian dagoen guztia ezagutzen duela ez pentsatzea ere bai, edo jakintzat ez ematea erraz lotuko dituela gure arrazoibidea eta beroni zentzua, edertasuna eta erakargarritasuna ematen dion Ebanjelioaren muina.
35. Misio-klabean egindako pastoraltza ez da jardunaren jardunez inposatzen diren elkarren arteko loturarik gabeko mila doktrina transmititzean itsutzen. Salbuespenik eta bazterketarik gabeko xede pastorala eta misio-estiloa onartzean, funtsezkoa hots egiten da, hori baita ederrena, garrantzitsuena, erakargarriena eta, aldi berean, beharrezkoena. Proposamena soildu egiten da, horrekin sakontasunik eta egiarik galdu gabe, era horretan irmoagoa eta distiratsuagoa bilakatuz.
36. Errebelatutako egia guztiak jainkozko iturri beretik datoz eta fede berarekin sinetsiak dira, baina horietako batzuk garrantzitsuagoak dira, zuzenago adierazten baitute Ebanjelioaren muina. Oinarrizko muin honetan argi egiten duena zera da: Jesu Kristo hil eta piztuarengan agertutako Jainkoaren maitasun salbagarriak duen edertasuna. Honi buruz Vatikanoko II. kontzilioak argitu zuen «badela doktrina katolikoaren egien mailaketa edo “hierarkia” bat, kristau-fedearen oinarriarekin duten lotura ezberdina delako»[38]. Hau baliagarria da fedearen dogmei dagokionez zein Elizaren irakaspen guztiei dagokienez, baita irakaspen moralei dagokienez ere.
37. Akinoko San Tomasek irakatsi zuen, moralari buruzko Elizaren mezuan ere, badela hierarkia bat, berarengandik eratortzen diren bertute eta egintzetan[39]. Balio duena, bereziki «maitasun-egintzetan agertzen den sinesmena da» (Ga 5,6). Hurkoarekiko maitasun-egintzak Espirituaren barne-graziaren kanpo agerpen gorenak dira: «Lege berriaren nagusitasuna Espiritu Santuaren grazian datza eta hau maitasunak eragindako fedean agertzen da»[40]. Horregatik irakasten du, kanpo-egintzei dagokienez, errukia dela bertuteetan garrantzitsuena: «Errukia da, berez, bertuteetan nagusiena, berari baitagokio besteengatik dena ematea eta, gehiago oraindik, haien hutsuneetan laguntzea. Gorengoaren berezitasuna da hau, eta horregatik da Jainkoaren beraren jarrera errukia edukitzea, horretan era gorengoan egiten baitu distira bere ahalguztiduntasunak»[41].
38. Garrantzitsua da ondorio pastoralak ateratzea Kontzilioaren irakaspenetatik, Elizaren antzinako uste sendo bat gordetzen baitute hauek. Ezer baino lehen esan beharra dago, Ebanjelioa zabaltzean garrantzitsua dela oreka egokia zaintzea. Hau, gai batzuk zein maiztasunekin aipatzen diren edo predikazioan zer azpimarratzen den ikustean nabarmentzen da. Adibidez, liturgi urte batean zehar parroko batek hamar aldiz hitz egiten badu neurritasunaz eta bizpahirutan bakarrik karitateaz edo justiziaz, desoreka handia sortzen da, lausotuak geratzen baitira hain zuzen predikazioan eta katekesian presenteen egon behar duten bertuteak. Gauza bera gertatzen da legeaz graziaz baino gehiago hitz egiten denean, edo Elizaz Jesu Kristoz baino gehiago, edo Aita Santuaz Jainkoaren Hitzaz baino gehiago.
39. Bertuteen arteko joskurak kristau idealetik bakar bat ere ezabatzea eragozten duen bezala, ez da egia ukagarririk. Ez da Ebanjelioaren mezuaren osotasuna ebaki behar. Are gehiago, egia bakoitza errazago ulertzen da kristau-mezuaren osotasun orekatuaren baitan jarrita, eta testuinguru horretan egia guztiek dute beraien garrantzia eta batak bestea argitzen dute. Predikazioa Ebanjelioarekin leiala denean, argi agertzen da egia batzuen nagusitza eta agerian geratzen da kristau moralaren irakaspena ez dela etika estoiko bat, aszezia baino gehiago dela, ez dela filosofia praktiko soila, ezta bekatu eta hutsen katalogo bat ere. Salbatzen gaituen Jainko maitaleari erantzutera gonbidatzen gaitu, bereziki Ebanjelioak, Jainkoa besteengan ezagutuz eta guztien ona bilatzeko geuretik irtenez. Ezin da gonbidapen hori inolaz ere lausotu! Maitasunezko erantzun horren zerbitzura daude bertute guztiak. Gonbidapen hori era sendo eta erakargarrian nabarmentzen ez bada, arriskuan jartzen da Elizaren egitura moral guztiaren gainbehera, eta hori da gure arriskurik handiena. Ez baita hots egingo Ebanjelioa bera, zenbait aukera ideologikotatik eratorritako alderdi dokrinal edo moralen bat baizik. Mezuak freskotasuna galtzeko arriskua izango du eta galduko egingo du «Ebanjeliozko kutsua».

IV. Giza mugetan hezurmamitzen den misioa

40. Elizak, ikasle misiolaria denez, sakontzen joan behar du errebelatutako Hitzaren interpretazioan eta egiaren ulermenean. Exegeta eta teologoek «Elizaren iritzia helduz joan dadin»[42] lagundu egiten dute. Bere eran, horixe egiten dute beste zientziek ere. Gizarte-zientziei buruz jardunez, adibidez, Joan Paulo II.ak esana da Eliza adi dagoela bere ekarpenekiko «bere Irakaspen egintzan aritzen lagunduko dioten argibide zehatzak ateratzeko»[43].
       Bestalde, Eliz barruan badira mila gai, askatasun handiz aztertu eta hausnartzen direnak. Filosofiari, teologiari nahiz pastoraltzari buruzko pentsamolde ezberdinak, Espirituaren baitan begirunez eta maitasunez bateratuz gero, lagun diezaiokete Elizari hazten, Hitzaren aberastasun handia hobeki zehazten laguntzen baitute. Ezbairik gabe denek defendatuko duten goitik beherako doktrina baten ametsetan bizi direnei, akatsez beteriko barreiatze bat irudituko zaie hau. Baina, egiari zor, aldaera honek Ebanjelioaren ondare amaigabearen alderdi ezberdinak azaleratzen laguntzen du[44].
41. Aldi berean, kultur aldaketa handi eta azkarrek adi egotea eskatzen digute, betiko egiak adierazten saiatzeko bere etengabeko berritasuna antzemateko eran. Kristau doktrinaren fede-gordailuan gauza bat baita «dituen egiak [...] eta beste bat egia hauek azaltzeko era»[45]. Batzuetan, erabat ortodoxoa den hizkera izanik ere, beraiek erabiltzen eta ulertzen duten hizkera ez denez, fededunek jasotzen dutena ez dator bat Jesu Kristoren egiazko Ebanjelioarekin. Jainkoari eta gizakiari buruzko egia helarazteko asmo santuarekin, sarritan sasi-jainkoen edo egiaz kristauak ez diren giza idealen berri ematen diegu. Formulazio batekin leialak gara hori eginez, baina ez dugu oinarrizkoa eskura ematen. Hori da arriskurik larriena. Gogora dezagun: «egiaren azalpena modu askotakoa izan daiteke, eta adierazpen moduak berritzea beharrezkoa da ebanjelio mezua gaurko gizakiari helarazteko bere esanahi aldaezinean»[46].
42. Eragin handia du honek Ebanjelioaren zabalkundean, bere edertasuna denek antzematea eta onartzea helburutzat badugu behintzat. Inondik ere, ezin bihurtuko ditugu Elizaren irakaspenak errazki ulertzeko eta denek ontzat emateko moduko zerbaitetan. Fedeak badu beti gurutze alderdi bat, atxikitzearen sendotasuna kentzen ez dion iluntasunen bat. Badira gauza batzuk, maitasunaren ahizpa den atxikipen horretatik bakarrik ulertu eta balioesten direnak, beste kontu bat da zer argitasunekin sumatu daitezkeen arrazoimen eta argudioak. Horregatik, doktrinatze orok bihotzeko atxikimendua piztuko duen jarrera ebanjelizatzailearekin bat egin behar du, gertutasunarekin, maitasunarekin eta testigantzarekin piztu ere.
43. Bere etengabeko bereizmenean, Eliza iritsi daiteke Ebanjelioko muinarekin bat egiten ez duen bere zenbait ohitura antzematera, historian zehar zeharo errotutako ohiturak dira, gaur era berean interpretatuak ez direnak eta bere mezua behar bezala helarazten ez dutenak. Ederrak izan daitezke, baina egun ez dute zerbitzu bera eskaintzen Ebanjelioaren eskualdatzeari dagokionez. Ez dezagun beldurrik izan berriz aztertzeko. Era berean, badira arauak edo eliz aginduak behar bada beste garai batzuetan oso eraginkorrak izan direnak, baina dagoeneko bizitzarako indar hezitzaile bera ez dutenak. Akinoko San Tomasek agerian utzi zuen bezala, Kristok eta Apostoluek Jainkoaren Herriari emandako aginduak «oso gutxi dira»[47]. San Agustin aipatuz zioen, Elizak gero erantsitako aginduez neurriz exijitu behar zela, «fededunei bizitza astuna ez egiteko» eta gure erlijioa morrontza ez bihurtzeko, «Jainkoaren errukiak askea izatea nahi izan baitzuen»[48]. Duela zenbait mende egina den ohartarazpen honek, izugarrizko gaurkotasuna du. Kontuan hartu beharreko irizpidea izan behar luke, denengana iristea erraztuko duen Elizaren eta bere predikuaren erreforma pentsatzerakoan.
44. Bestalde, ez Artzainek ezta bere senideei fedean nahiz Jainkoarenganako irekitze-bidean laguntzen dieten fededun guztiek ere, ezin dute ahaztu hainbesterainoko argitasunez Eliza katolikoaren kristau-ikasbideak irakasten duena: «Egintza baten egozgarritasuna eta ardura, gutxituak gera daitezke edota ezabatuak, ezjakintasuna, oharkabetasuna, indarkeria, beldurra, ohiturak, afektu desorekatuak edo beste eragin psikiko nahiz giza eraginak direla eta»[49].
       Beraz, ebanjelioaren ereduak duen indarra galdu gabe, errukiz eta eroapenez lagundu behar dira egunez egun egituratuz doazen pertsonen hazkundeko urrats ezberdinak[50]. Apaizei gogoratzen diet, aitorlekuak ez duela izan behar tortura-gela bat, ahal den ongia egiteko adoretzen gaituen Jaunaren errukiaren tokia baizik. Giza muga handien erdian, pauso txiki bat atseginago izan dakioke Jainkoari, egiazko inongo zailtasuni aurre egin gabe bere egunak itxura zuzenean igarotzen dituenaren bizitza baino. Denengana iritsi behar du Jainkoaren maitasun salbagarriaren kontsolamenduak eta adoreak, Bera ari baita ezkutuki pertsona bakoitzarengan, bere akats eta erorialdien gainetik aritu ere.
45. Ikusten dugunez, ebanjelizatze-eginkizuna hizkeraren eta egoeraren arteko mugetan dabil. Ebanjelioaren egia gune jakin batean beti era hobean adierazten saiatzen da, perfekzioa posible ez denean Ebanjelio horrek berak ekar dezakeen egiari, ongiari eta argiari uko egin gabe. Bihotz misiolari batek badu muga horien berri eta bera egiten da «ahul direnekin ahul [...] guztia guztientzat» (1Ko 9,22). Ez da ixten, ez da bere ziurtasunetan barneratzen ez du bere buruaren defentsa zurruna hautatzen. Badaki hazi beharra daukala Ebanjelioaren ulermenean eta Espirituaren bideen bereizmenean eta ez dio uko egiten egin dezaken ongiari, bideko lokatzarekin zikintzeko arriskua izanda ere.

V. Bihotz irekiko ama bat

46. «Kanpora irteten» den eliza, ateak zabalik dituen Eliza bat da. Giza periferietara heltzeko besteengana irteteak ez du esanahi inolako norabide eta zentzurik gabe mundura korri egin behar dugunik. Askotan pausoa moteltzea da, antsietatea alde batera uztea begietara begiratzeko eta entzuteko, edo larrialdiei uko egitea, bidean geratu zenari laguntzeko. Seme hondatzailearen aita bezala da batzuetan, ateak zabalik geratu baitzen, itzultzean arazorik gabe sar ahal zedin.
47. Aitaren etxe irekia izatera deitua dago beti Eliza. Irekiera honen ezaugarri zehatz bat, tenpluak toki guztietan ateak irekita edukitzea da. Horrela, Espirituaren eraginari jarraituz Jainkoaren bila gerturatzen denak ez du ate itxien hoztasunik topatuko. Baina badira itxi behar ez diren beste ate batzuk ere. Denek parte har dezakete eraren batean eliz bizitzan, denek osatu dezakete elkartea eta sakramentuetarako ateak ere ez lirateke edozein arrazoiz itxi behar. Honek bereziki balio du «atea» den Bataioko sakramentuaz ari garenean. Eukaristia, bizitza sakramentalaren betetasuna bada ere, ez da perfektuentzat sari bat, ahulentzat sendabide eskuzabal eta janari bat baizik[51]. Uste sendo hauek badituzte zuhurtziaz eta ausardiaz aintzakotzat hartu beharreko eragin pastoralak. Graziaren kontrolatzaile bezala jokatzen dugu sarritan, grazia hori errazten saiatu beharrean. Baina Eliza ez da aduana bat, bere bizitza gainean daraman ororentzat lekua duen aitaren etxea baizik.
48. Eliza osoak misiolari-bizitasun hau bereganatzen badu, guztiengana iritsi behar du, salbuespenik gabe. Baina, nor lehenetsi behar luke? Ebanjelioa irakurtzen duenean, batek argibide irmo bat aurkitzen du: ez hainbat adiskideak eta bizilagun aberatsak, baizik eta bereziki behartsu eta gaixoak, mespretxatuak eta ahaztuak izaten direnak, eta «zuri ordaintzerik ez dutenak» (Lk 14,14). Ez da inongo zalantzarik izan behar ezta mezu argi hau ahulduko duen azalpenik ere. Gaur eta beti, «behartsuak dira Ebanjelioaren hartzaile pribilegiatuak»[52], eta beraiei doan zuzendutako ebanjelizatzea Jesusek ekarri zuen Erreinuaren ezaugarri da. Argi eta garbi esan behar da lokarri banaezina dagoela gure fedearen eta behartsuen artean. Ez ditzagun sekula bakarrik utzi.
49. Abia gaitezen, irten gaitezen guztiei Jesu Kristoren bizitza eskaintzera. Eliza osoarentzat errepikatzen dut hemen, Buenos Airesko apaiz eta laikoentzat sarritan esandakoa: nahiago dut kalera irteteagatik kolpatua, zauritua eta zikindua dagoen Eliza, itxita eta bere ziurtasunetan lotua egoteagatik gaixotuta dagoen Eliza bat baino. Ez dut nahi erdigunean egoteaz arduratuta dagoen Eliza eta bere obsesio eta jardunbidean korapilatua bukatuko duena. Zerbaitek era onean kezkatu behar bagaitu eta gure kontzientzia arduratu behar badu, horrek zera izan behar du: gure hainbat senide Jesu Kristorekiko adiskidetasunak dakarren indarrik, argirik eta kontsolamendurik gabe bizitzea, eutsiko dien fede elkarte bat gabe, zentzuzko eta bizitzazko etorkizunik gabe. Espero dut huts egiteko beldurrak baino gehiago mugiaraziko gaituela gezurrezko euskarri ditugun egituretan ixtearen beldurrak, epaile zorrotz bihurtzen gaituzten arauekiko beldurrak, lasai sentiarazten gaituzten ohiturekiko beldurrak; hor kanpoan jendetza baitago goseak eta Jesusek nekatu gabe errepikatzen baitigu: «Eman zeuek jaten!» (Mk 6,37).






BIGARREN KAPITULUA

ELKARTEKO KONPROMISOAREN KRISIAN


50. Ebanjelizatze-ekintzari dagozkion oinarrizko zenbait alderdiri buruz jardun baino lehen, zein testuingurutan bizitzea eta jardutea egokitu zaigun gogoratzea komeni da. Gaur egun, hobetzeko proposamenik eta gauzatzeko  erraztasunik gabeko «gehiegizko diagnosi» batez hitz egin ohi da. Bestalde, begirada soziologiko huts batek ere ez liguke balioko, errealitate osoa era neutro eta kutsu-gabe batean beregan hartzeko gogoa izan bailezake. Bereizmen ebanjeliko baten ildoak aurkeztu nahi nituzke, ezer baino gehiago. «Espiritu Santuaren argitan eta beronen indarrez elikatzen»[53] den ikasle misiolariaren begiratua da.
51. Ez da Aita Santuaren egitekoa gure garaiaren azterketa zehatza eta osoa eskaintzea, baina elkarte guztiak gonbidatzen ditut «beti erne dagoen aldien ezaugarriak aztertzeko gaitasuna»[54] izatera. Ardura garrantzitsua da hori, egungo zenbait errealitatek, egoki konpontzen ez bada, aurrerago ebazten zailagoak diren eta gizatasuna kentzen duten prozesuak sortu baititzakete. Beharrezkoa da Erreinuaren fruitu izan daitekeen hura argitzea, baita Jainkoaren egitasmoaren kontra doan hura ere. Horrek berekin eskatzen du, ez bakarrik gogo onaren nahiz txarraren eraginak ezagutzea, —eta hau da erabakigarria— gogo onarenak aukeratu eta txarrarenak baztertzea baizik. Jakintzat ematen ditut, Eliz irakaspen orokorrak nahiz herrialde edo nazio ezberdinetako gotzainen proposamenek egindako azterketa ezberdinak. Elizaren berritze misiolaria geldotu edo ahuldu dezaketen alderdi batzuk pastoral ikuspegi batetik labur aztertzea da Aholku-hitz honetan egin nahi dudana; bai Jainkoaren Herriaren bizitzari eta duintasunari talka egiten diotelako, baita eliz erakundeetan nahiz egintza-ebanjelizatzaileetan zuzenki parte hartzen dutenengan eragiten dutelako ere.

I. Gaurko munduaren zenbait erronka

52. Alor ezberdinetan ematen diren aurrerapenetan ikus dezakegu, gizadiak aldaketa historikoa bizi duela gure garaian. Aipagarriak dira jendearen ongizatean laguntzen duten aurrerapenak, adibidez osasunaren, hezkuntzaren eta komunikazioaren alorrean ematen direnak. Baina, ezin dugu ahaztu ordea, gure garaikide diren gizon-emakume gehienek estu bizi dutela bere eguneroko bizitza, ondorio negargarriekin. Patologia batzuk hazten doaz. Beldurrak eta etsipenak harrapatu ditu pertsona askoren bihotzak, baita herrialde aberats deitzen ditugunetan ere. Bizitzeko poza sarri itzaltzen da, errespetu falta eta indarkeria gora doaz, zuzengabekeria gero eta nabarmenagoa da. Bizitzeko borroka egin beharra dago, eta askotan, duintasun gutxirekin bizitzeko. Garapen zientifikoetan, berrikuntza teknologikoetan eta naturaren eta hauek bizitzaren alor ezberdinetan ezartzean ematen diren salto kualitatibo, kuantitatibo, bizkor eta pilakakoak direla eta sortu da aro aldaketa hau. Ezagutzaren eta informazioaren aroan bizi gara, eta hauek, sarritan, anonimoa den botere baten forma berrien iturri dira.

Bazterketaren ekonomia bati, ezezkoa

53. «Ez duzu inor hilko» aginduak giza bizitzaren balioa ziurtatzeko muga garbi bat ezartzen duen bezala, «bazterketaren eta zuzengabekeriaren ekonomia bati ez» esan behar dugu gaur. Hil egiten du ekonomia horrek. Ezinezkoa da kale-gorriko agure bat hotzak hil eta albiste ez izatea eta burtsaren bi puntuko beherakada bai. Hori bazterketa da. Jendea goseak dagoen aldi berean janaria botatzea onartezina da. Hori zuzengabekeria da. Lehiakortasunak eta indartsuenaren legeak agintzen du gaur, boteretsuak ahula azpiratzen duelarik. Egoera honen ondorioz, biztanleriaren zati handienak baztertuak eta alde batera utziak gertatzen dira: lanik gabe, etorkizunik gabe, irtenbiderik gabe. Erabili eta gero bota daitekeen kontsumo-gaitzat hartzen da gizakia bere baitan. «Bazterkinen» kultura hasi dugu, eta horri bultzada emanez, gainera. Ez da, jada, esplotazioaren eta zapalketaren fenomeno soila, zerbait berria baizik: bazterketarekin mindua geratzen da errotik, norbera bizi den gizarteko kide izatea bera, jada ez baita azpian egotea, edo bazterrean, edota botererik gabe, kanpoan egotea baizik. Baztertuak ez dira «esplotatuak», hondakin «soberakinak» baizik.
54. Testuinguru honetan, «isurtze» izeneko teoriak defendatzen dituenik bada oraindik, uste baitute, merkatu askatasunak lagunduta, giza zuzentasun eta bazterketa eza handiagoa lortzen duela berez. Iritzi hau, ez du sekula inork egintzekin baieztatu eta konfiantza baldar eta inozoa da alde batetik botere ekonomikoa darabiltenen ontasunarekiko eta, bestetik, agintean dagoen sistema ekonomikoarenak diren sakratutzat jotako mekanismoekiko. Bitartean, baztertuek zain jarraitzen dute. Axolagabetasunaren globalizazioa garatu da, besteak baztertzen dituen bizimoduari eusteko, edota norberekeriaren eredu horrekin gogoa berotzeko. Ia konturatu ere egin gabe, ezinezkoa bihurtu zaigu besteen aldarrien aurrean errukitzea, jada ez dugu negarrik egiten besteen dramen aurrean, eta laguntzeko gogorik ere ez dugu, guri ez dagokigun urruneko ardura bat izango balitz bezala. Ongizatearen kulturak lozorroan gauzka eta merkatuak oraindik erosi ez dugun zerbait eskaintzen badigu, ez dugu atsedenik. Bitartean, aukerarik ez dutelako zapuztu diren bizitza horiek guztiak, geuregan inolako eraginik ez duten ikuskizun huts iruditzen zaizkigu.

Diruaren jainkotze berri bati, ezezkoa

55. Bizi dugun egoeraren arrazoietako bat diruarekin dugun harremanean aurki daiteke, gugan eta gure gizarteetan nagusitu dadin uzten baitiogu. Sufritzen ari garen finantza-krisiak ahaztarazi egin digu, krisi antropologiko sakona dagola beronen oinarrian: gizakiaren lehentasunaren ukazioa! Idolo berriak sortu ditugu. Antzinako urrezko zekorrak (ik. Ir 32,1-35) badu bertsio berri eta bihozgabea, diruaren fetixismoan eta aurpegi gabeko eta egiazko giza helbururik gabeko ekonomiaren inposaketan. Finantzak eta ekonomia kaltetzen dituen munduko krisi honek, agerian jartzen du honen orekarik eza eta, bereziki orientabide antropologiko eza, gizakia bere beharretako bakarrera murriztuz: kontsumora, alegia.
56. Gutxi batzuen irabaziak nabarmen gora doazen  bitartean, gehiengoa gero eta urrutiago dago gutxiengo horren zorioneko ongizatetik. Merkatuen erabateko autonomia eta finantza espekulazioa babesten duten ideologietatik dator orekarik eza hau. Hortik, denon ongizateaz arduratzea dagokien Estatuei zaintza eskubidea ukatzea. Ikusten ez den eta sarri birtuala den nagusikeria bat ezartzen da, bere lege eta arauak inposatzen dituelarik, era aldebakarreko eta zorrotzean. Zorrak eta beronen interesek, aldendu egiten ditu herriak bere ekonomiaren aukera bideragarrietatik, baita herritarrak ere bere benetako eskuratze-ahalmenetik. Honi guztiari gehitzen zaio mundu-mailako zabalkundea izan duten ustelkeria neurtezina eta zerga-ihes egoista. Botere- eta edukitze-lehiak ez du inolako neurririk. Dena irabaziak handitzera bideratzen duen sistema honetan, ahula den edozer —ingurumena esaterako— jainkotutako merkatuaren interespean babesgabe geratzen da, horiek bihurtzen baitira erabateko arau.

Zerbitzatu beharrean agintzen duen diru bati, ezezkoa

57. Etikaren eta Jainkoaren bazterketa aurkitzen da jarrera honen atzean. Nolabaiteko iseka-gutxiespenez begiratzen zaio etikari. Kaltegarritzat jotzen da, gizakoiegitzat, erlatibizatu egiten baititu dirua eta boterea. Mehatxutzat hartzen da, gaitzetsi egiten baitu pertsonak erabili eta azpiratzea. Azken batean, etika Jainkoaganako bide bat da eta, honek, merkatuaren neurrietatik kanpo dagoen erantzun konprometitu bat itxaro du. Hauentzat, guztiaren gainetik jartzen badira, Jainkoa menderaezina da, erabiltezina, baita arriskutsua ere, gizakia bere izate betera eta morrontza guztietatik libre bizitzera deitzen baitu. Etikak —ideologizatu gabeko etikak— oreka eta gizarte-antolamendu gizakoiagoa bideratzen du. Hari honetan, antzinaroko jakintsu baten hitzok kontuan hartzera gonbidatzen ditut finantza-adituak eta herrietako agintariak: «Norbere ondasunak behartsuekin ez partekatzea, bizitza kentzea eta lapurtzea da. Ditugun ondasunak ez dira gureak, haienak baizik»[55].
58. Etika alboratuko ez duen balizko finantza-erreforma batek, jarrera-aldaketa kementsua beharko luke agintari politikoen eskutik. Gonbidatu egiten ditut hauek, erronka honi era erabakigarrian eta etorkizunera begira aurre egin diezaioten, egoera bakoitzaren berezitasunak ahaztu gabe, noski. Diruak zerbitzatu egin behar du, eta ez agindu! Denak maite ditu Aita Santuak, aberats nahiz behartsu, baina Kristoren izenean erantzukizuna du hauxe gogorarazteko: aberatsek behartsuak lagundu, errespetatu eta bultzatu behar dituzte. Era eskuzabalean solidario izateko deia egiten dizuet, baita ekonomia eta finantzak gizakiaren aldeko etika baterantz bidera ditzazuen ere.

Indarkeria sortzen duen zuzengabekeriari, ezezkoa

59. Gaur egun, toki askotan eskatzen da segurtasun handiagoa. Baina gizarte baten baitako nahiz herrien arteko bazterketa eta zuzengabekeria aldatzen ez diren bitartean, ezinezkoa izango da indarkeria desagerraraztea. Indarkeria egozten zaie behartsuei eta herrialde behartsuei baina, denen aukerak berdinak ez diren artean, erasorako eta gerrarako era ezberdinek berandu baino lehen lehertu araziko dituen haztegi bat bilatuko dute. Gizarteak —herrikoa, herrialdekoa nahiz mundukoa izan— bere zati bat kanpoaldean baztertzen duen bitartean, ez da era iraunkorrean baretasuna ziurtatuko duen egitasmo politikorik ezta poliziaren eta inteligentziaren baliabiderik ere egongo. Hau ez da gertatzen zuzengabekeriak sistematik baztertuta daudenen indarkeriazko erantzuna sortzen duelako bakarrik, gizarte- eta ekonomia-sistema errotik zuzengabea delako baizik. Ongiak zabaltzeko joera duen bezala, onartutako gaitzak —eta injustizia hori da— bere indar mingarria hedatzen du eta sendoena dirudien edozein gizarte- eta ekonomia-sistema ere hondatu egiten du. Ekintza orok ondorioak baditu, are gehiago gizartearen egituran txertatutako gaitzak, desegiteko eta hiltzeko indarra ere izan dezake. Gizarte-egitura bidegabeetan finkatutako gaitza da hori, eta horren ondorioz ezin da etorkizun hoberik itxaro. «Historiaren azkena» deitutakotik urruti gaude, garapen jasangarri eta baketsu baten oinarriak ez baitaude oraindik egoki ezarriak eta gauzatuak.
60. Egungo ekonomia-bideek kontsumoaren areagotzea bultzatzen dute, baina kontua da neurrigabeko kontsumokeria zuzengabekeriarekin bat eginda, min bikoitza dela gizarte egiturarentzat. Era honetan, zuzengabekeriak indarkeria sortzen du lehenago edo beranduago, eta armen bideak ez du sekula hori konponduko. Segurtasun handiagoa eskatzen dutenak engainatzen saiatzeko bestetarako ez dute balio, ez dakigu ba armek eta indarkeria eusteak konponbideak ez baizik eta gatazka gehiago eta okerragoak sortzen dituztela. Dituzten gaitzak behartsuei eta herrialde behartsuei leporatuz gozatzen dira zenbaitxo, orokortze desegokiak eginez, eta lasaituko dituen eta pertsona heziak eta kalterik egiten ez dutenak bilakatuko dituen «hezkuntza» batean bilatu nahi dute irtenbidea. Are haserregarriagoa da hau, gizarte-minbizi hori hazten doala baztertuek ikusten badute. Herrialde askotan —bertako gobernu, enpresari eta erakundeetan— oso errotua dagoen ustelkeria da minbizi hori, edozein izanik ere agintarien ideologia politikoa.

Zenbait kultur erronka

61. Gerta daitezken erronka berriei aurre egiten saiatzen garenean ere ebanjelizatu egiten dugu[56]. Erlijio askatasunarekiko benetako erasoetan antzematen da hau batzuetan, edota kristauen pertsekuzio-egoera berrietan, gorroto eta indarkeria maila kezkagarriak iritsi baitituzte hauek herrialde batzuetan. Toki askotan axolagabekeria erlatibista nahasi batean antzeman daiteke hori, eta harremana du totalitarioa zirudien ororen kontrako erantzun bezala sortutako desengainu eta ideologien krisiarekin. Honek ez du Eliza bakarrik kaltetzen, giza bizitza osoa baizik. Aitor dezagun, bakoitzak bere egia subjektiboa adierazi nahi duen kultura batek, zaildu egiten duela herritarrek —norbere irabazi eta gogoen gainetik— proiektu komun bat osatu nahi izatea.
62. Gailentzen den kulturan, kanpokoak betetzen du lehenengo lekua, berehalakoak, ikusten denak, azkarrak, azalekoak, behin-behinekoak. Egiazkoak itxurakoari egiten dio tokia. Herrialde askotan, erro kulturalak hondatzea ekarri du globalizazioak, beste kultura batzuen joerak bereganatuz, hauek ekonomikoki garatuak baina etikoki ahulduak diren kulturak izanik ere. Hala azaldu dute kontinente askotako gotzainek Sinodo ezberdinetan. Gotzain afrikarrek, adibidez, Sollicitudo rei socialis entziklikaren harira adierazi zuten, Afrikako herrialdeak erabili nahi direla «mekanismo baten eta makineria handi baten pieza huts bilakatuz. Hau askotan gertatzen da gizarte-komunikabideei dagokienez, hauek munduaren Iparraldeko guneetan zuzenduak direnez, ez baitituzte herrialde horien lehentasunak eta arazo propioak behar adina kontuan izaten, ez da beraien kultur moldea errespetatzen ere»[57]. Era berdinean, Asiako gotzainek «Asiako kulturetan kanpotik gauzatzen diren eraginak nabarmendu zituzten. Gizarte-komunikabideen eraginpean gehiegi egotetik sortzen ari diren jokamolde berriak azaltzen ari dira [...]. Horren eraginez, komunikazioen eta denbora-pasen industriek dituzten alderdi ezkorrek arriskuan jartzen dituzte balio tradizionalak»[58].
63. Herri askotako fede katolikoak mugimendu erlijioso berrien ugaritzeak dakarren erronkari aurre egin behar dio, horietako batzuk fundamentalismorako joera dute eta beste batzuk berriz Jainkorik gabeko espiritualitatea eskaintzekoa. Hau, hein batean, gizarte materialzale, kontsumista eta indibidualistaren aurrean gizakiek duten erantzuna da eta, bestalde, probetxua atera nahi izatea hiri-bazterretan eta zonalde pobretuetan bizi direnen gabeziak direla eta, hauek berehalako irtenbideak bilatu nahi izaten baitituzte bere giza min handientzat eta beraien beharrentzat. Era oso finean barneratzen diren mugimendu erlijioso hauek, nagusitua dagoen indibidualismo giroan arrazionalismo sekularzaleak utzi duen zuloa betetzera datoz. Gainera, beharrezkoa da aitortzea, bataiatutako gure herriaren zati handi batek Elizako partaidetza bizi ez badu badirela arrazoi batzuk: gure parrokia eta elkarte batzuetan dagoen egitura eta harrera onekoa ez den giroa edota gure herrien bizitzan sortzen diren arazoei erantzuteko garaian —soil nahiz korapilatsu izan— agertzen den jarrera burokratikoa. Toki askotan alderdi administratiboa gailentzen da pastoralaren gainetik, baita beste ebanjelizatze-erarik gabeko sakramentalizazio bat ere.
64. Sekulartze prozesuak fedea eta Eliza eremu pribatu eta intimora mugatzeko joera du. Gainera, haraindikotasun oro ukatzea, etikaren desitxuratze bat sortu du —hazten doana—, norbanako eta elkarteko bekatu-sentipenaren ahultasun bat eta erlatibismoaren pixkanakako gorakada bat. Hauek norabide falta orokorra sortzen dute, bereziki aldaketekin hain moldagarriak diren nerabezaroan eta gaztaroan. Amerikar Estatu Batuetako gotzainek esan bezala, Eliza guztiontzat baliagarriak diren arau moral objektiboekin tematzen den bitartean «badira irakaspen hau bidegabetzat  jotzen dutenak, hots, giza eskubide oinarrizkoen aurkakotzat. Erlatibismo moralaren era batetik datoz honelako arrazoibideak. Erlatibismo era horiek funtsik gabe defendatzen dituzte norbanakoen erabateko eskubideak. Horrelako ikuspuntua dutenek, aurreiritzi zehatz bat defendatuko balu eta bakoitzaren askatasunean muturra sartuko balu bezala ikusten dute Eliza»[59]. Informazioaren gizartean bizi gara, honek batere bereizi gabeko eta denak maila berean emandako datuz betetzen gaitu eta, arazo moralei dagokienean, egundoko azalkeriara bultzatzen gaitu. Beraz, beharrezkoa da era kritikoan pentsatzen erakutsiko digun heziera, balioetan heldutasuna iristeko bidea eskuratuko diguna.
65. Gizartea hartzen ari den korronte sekularista guztietatik aparte, herrialde askotan —baita kristautasuna gutxiengoa izanik ere— Eliza katolikoa erakunde sinesgarria da iritzi publikoaren aurrean, fidagarria solaridaritateari eta beharrik gehiena dutenen arretari dagokionean. Askotan egin du bitarteko lanaren zerbitzua, bakea, adiskidetasuna, lurra, bizitzaren defentsa, giza eta herritar eskubideak, e.a. eragiten duten arazoetan. Eta nolako ekarpena egiten duten munduan eskola eta unibertsitate katolikoek! Oso ona da hala izatea. Baina kosta egiten zaigu ikusaraztea, onarpen publiko gutxiago duten auzietan ere, giza duintasunari eta denon ongizateari buruzko uste berarekin leial izan nahiez dihardugula.
66. Familia, gizarteko elkarte eta lotura guztiak bezala, krisi kultural sakona bizitzen ari da. Familiaren kasuan, loturen ahultasuna bereziki larria gertatzen da, gizartearen gune oinarrizkoaz ari baikara, bertan ikasten baita ezberdintasunean elkarrekin bizitzen eta besteenak izaten, eta bertan eskualdatzen baitiete fedea gurasoek seme-alabei. Ezkontza, norberaren sentsibilitatearen arabera edonola eratu eta aldatu daitekeen atsegintze afektibo huts bezala ikusteko joera dago. Baina ezkontzak gizarteari egiten dion ekarpenak gainditu egiten du hunkiberatasunaren eta egoeraren arabera bikoteak dituen beharren maila. Frantziako gotzainek esan bezala, ez dator «izatez iragankorra den maitasunezko sentipenetik, senar-emazteek hartutako konpromisoaren sakontasunetik baizik, bizitza-batasun osoan murgiltzea onartzen baitute»[60].
67. Indibidualismo postmoderno eta globalizatuak bizitza estilo bat babesten du, pertsonen arteko loturen garapena eta egonkortasuna ahultzen duena eta familia-loturei esanahia galarazten diena. Pastoral ekintzak are hobeto agertu behar du, gure Aitarekiko harremanak eskatu eta adoretu egiten duela, pertsonen arteko harremanak sendatu, bultzatu eta finkatuko dituen batasuna. Munduan eta, bereziki, herrialde batzuetan, gerra eta istilu era berriak azaltzen diren bitartean, kristauok bestea ezagutzeko proposamenean ekin eta ekin gabiltza, zauriak sendatzeko, zubiak eraikitzeko, lokarriak estutzeko eta «elkarren zamak eramaten» (Ga 6,2) laguntzeko. Bestalde, era askotako elkarteak sortzen dira gaur egun eskubideen defentsarako eta helburu zintzoak lortzeko. Honela, antzeman daiteke badela gizartearen eta kulturaren aurrerabidean lan egin nahi duten herritar askorengan parte-hartze egarri bat.

Fedea inkulturatzearen erronkak

68. Herrialde batzuetan errealitate bizia da —mendebaldean bereziki— oinarri kristaua. Horietan, behartsuenetan gehienbat, egiazko humanismo kristau baten balioak berekin dituen gordailu moral bat aurkitzen dugu. Errealitate horri fedez begiratzeak aitorrarazten digu Espiritu Santua dela ereiten duena. Bere ekintza aske eta eskuzabalean konfiantzarik ez izatea agertuko luke, gehiengo batek Bataioa hartu eta bere fedea eta senide-elkartasuna era askotara agertzen duen tokian egiazko kristau baliorik ez dagoela pentsatzeak. «Hitzaren hazi» batzuk baino askoz gehiago dagoela aitortu behar da, egiazko fede katolikoaz ari baikara, fede hori azaltzeko eta Elizarekiko partaidetzako erak propioak izanik ere. Ez da komeni fedeak markatutako kultura batek zein garrantzia handia duen ahaztea, ebanjelizatutako kultura horrek, bere muga eta guzti, ez baititu egungo sekularismoaren enbatari aurre egiten dioten fededun huts batzuk bakarrik, baliabide gehiago baizik. Ebanjelizatutako kultura herrikoi batek baditu fede eta elkartasun balore batzuk, gizarte zuzenagoa eta fededunagoa sorraraz dezaketenak, eta badu jakinduria berezi bat, esker onezko aitortza egin behar zaiona.
69. Ezinbestekoa da kulturak ebanjelizatzea, Ebanjelioa inkulturatzeko. Tradizio katolikoa duten herrialdeetan, dagoeneko badena laguntzea, zaintzea eta indartzea izango da kontua. Beste tradizio erlijiosoak dituzten edo erabat sekularizatuak dauden herrialdeetan, berriz, kultura ebanjelizatzeko bide berriak egin beharko dira, oso epe luzerako egitasmoak direla jakinik ere. Baina, ezin dugu ahaztu beti dagoela hazkuntzarako dei bat. Herrialde katolikoen kultura herrikoetan, adibidez, antzeman dezakegu badirela Ebanjelioaz sendatu behar diren ahultasunak: matxismoa, alkoholismoa, etxeko indarkeria, Eukaristian oso gutxitan parte hartzea, sorginkeriara joarazten duten sinesmen ezkor eta sineskeriak, e.a. Baina horiek sendatzeko eta askatzeko jaiera herrikoia da, hain zuzen, abiapunturik onena.
70. Egia da, jaiera kristaua bultzatu beharrean, askotan gehiago azpimarratzen direla zenbait talderen ohituren kanpo agerpenak edo absolutizatzen diren errebelazio pribatuak. Bada benetako «jaiera herrikoi» bati erantzuten ez dion kristautasun mota bat, debozioetan oinarritua, fedea era indibidual eta sentibera batean bizitzearen ezaugarri dena. Adierazpen hauek, giza aurrerabideaz eta fededunen heziketaz arduratu gabe bultzatzen dituzte batzuk baita, zenbait kasutan, etekin ekonomikoren bat edota besteen gaineko aginteren bat lortzeko ere. Ezin dugu ahaztu, gainera, azken hamarkadetan haustura izan dela katolikoen artean, belaunaldien artean fedea eskualdatzerakoan. Ukaezina da askok atsegina galdu eta ez dutela tradizio katolikoarekin bat egiten, gehiago direla beraien haurrak bataiatzen ez dituzten eta otoitz egiten erakusten ez dieten gurasoak, eta badela beste fede elkarteetaranzko nolabaiteko joatea ere. Haustura horren arrazoi batzuk hauek dira: famili elkarrizketarako guneen falta, komunikabideen eragina, subjektibismo erlatibista, merkatuak bultzen duen kontsumismo neurrigabea, behartsuenenganako pastoral bide-laguntza eza, gure erakundeetan abegi ona faltatzea, eta inguru erlijioso plural batean fedearen atxikipen mistikoa suspertzeko dugun zailtasuna.

Hirietako kultur erronkak

71. Jerusalem berria, Hiri santua (ik. Ap 21,2-4) da gizadi osoa erromes doan helmuga. Deigarria da errebelazioak esatea, hiri batean iristen dela bere betera gizadia eta historia. Beharrezkoa zaigu begirada kontenplatzaile batekin hiriari begiratzea, hots, Jainkoa bere etxeetan, kaleetan eta plazetan dagoela aitortzen duen fedezko begirada batekin. Jainkoaren presentziak lagundu egiten die pertsonei eta taldeei, beraien bizitzarako laguntza eta zentzua egiaz bilatzen dutenean. Hiritarren artean bizi da Bera, eta Berak sorrarazten ditu elkartasuna, senidetasuna, eta ongiaren, egiaren eta zuzentasunaren gogoa. Presentzia hau ez da eraikitzen, baizik eta aurkitu, desestali, egiten da. Jainkoa ez da ezkutatzen bihotz zintzoz bilatzen dutenentzat, ezta itsumustuka edo era zehaztugabe eta lausotuan bilatutakoan ere.
72. Hirian, jainkozaletasuna bizitza estilo ezberdinez eragina dago, denboraren eta tokiaren nahiz harremanen bizipenari dagokionaz eragina eta horrek baserri-giroan bizi direnetatik ezberdintzen du. Hiritarrak, bizirauteko lehiatzen dira beraien eguneroko bizitzan, eta lehia horietan bizitzaren ikuspegi sakona gordetzen da, eta honek berekin du bizipen erlijioso sakon bat. Beharrezkoa dugu Bera kontenplatzea, egarria asetzera joandako putzu-ondoan samariarrak Jaunarekin izan zuen antzeko elkarrizketa bat edukitzeko (ik. Jn 4,78-26).
73. Kultura berriak garatzen ari dira, jendalde izugarri hauetan. Kristaua, jada, ez da horien baitan zentzu-sortzaile edo -eragile, baizik eta beraiengandik jasotzen ditu bizitzarako bide berriak eskaintzen dituzten hizkera, sinbolo, mezu eta paradigmak, sarri Jesusen Ebanjelioarekin kontrajarriak. Kultura berri bat hazten eta garatzen da hirian. Sinodoak azaldu du, alor handi horien eta horiek adierazten duten kulturaren eraldaketak, ebanjelizatzeko aukera paregabeak direla[61]. Hirietako biztanleentzat erakargarriagoak eta esanguratsuagoak izango diren eta ezaugarri berrituak dituzten otoitz- eta batasun-esparruak pentsatzea eskatzen du horrek. Baserri-giroko tokiak, gizarte-komunikabideen eragina dela eta, ez daude kultur aldaketa hauetatik kanpo, beraien bizimoduan ere aldaketa esanguratsuak eragiten baitituzte.
74. Jainkoarekin, besteekin eta inguruarekin harremana izateko modu berriei argi emango dien ebanjelizatzea behar dugu; funtsezko balioak suspertuko dituena. Beharrezkoa da gertakari eta bizimolde berriak gauzatzen diren tokietara iristea, Jesusen Hitzarekin hirien bihotzetako gunerik sakonenetara iristea. Ez da ahaztu behar hiria eremu kulturaniztuna denik. Hiri handietan ikus daiteke egitura bat non pertsona-taldeek bizitza amesteko forma berak eta antzeko imaginarioak partekatzen dituzten eta giza talde berrietan eratzen diren, lurralde kulturaletan, hiri ikusezinetan. Eliza deitua dago elkarrizketa zail baten zerbitzari izatera. Bestalde, nahiz eta badauden bizitza pertsonalaren garapenerako baliabide egokiak lortzen dituzten hiritarrak, asko dira «ez hiritarrak» edo «erdizka hiritarrak» edo «hiri-soberakinak». Baliobiko etengabeko egoera sortzen du hiriak: batetik, aukera ugari eskaintzen dizkie hiritarrei, eta aldi berean zailtasun ugari agertzen dira askoren bizitzaren erabateko garapenerako. Kontraesan honek sufrimendu oso mingarriak eragiten ditu. Munduko leku askotan, protesta masiboko agertoki dira hiriak, bertan milaka biztanlek askatasuna, parte-hartzea, zuzenbidea eta era askotako eskabideak egiten dituzte eta hauek, egoki interpretatzen ez badira, ezin izango dira indarrez isilarazi.
75. Ezin dugu ahaztu, hirietan erraz zabaltzen direla drogen eta pertsonen salerosteak, adineko eta gaixoen baztertzeak, ustelkeria eta hilketa era asko. Aldi berean, elkar aurkitzeko eta elkartasunerako gune bat izan zitekeena iheserako eta elkarrenganako mesfidantzarako gune bilakatzen da. Etxe eta auzoak gehiago eraikitzen dira isolatzea eta babestea bilatuz, batzeko eta gizarteratzeko baino. Ebanjelioa hots egitea oinarri bat izango da testuinguru horietako giza bizitzaren duintasuna berreskuratzeko, Jesusek bizitza  ugaria isuri nahi baitu hirietan (ik. Jn 10,10). Ebanjelioak proposatzen duen giza bizitzaren zentzu bakar eta betea da hirietako gaitzetarako konponbiderik onena, nahiz eta kontuan izan behar den, ebanjelizatzeko egitasmo eta estilo berdin-berdin eta zurrun bat ez direla errealitate horretarako egokiak. Baina gizatasuna sakon bizitzeak eta testigantza-legamia bezala erronken muinera sartzeak —edozein kultura eta edozein hiritan— kristaua hobetzen du eta hiria emankor egiten.

II. Pastoralgileen tentaldiak

76. Elizan lanean diharduten guztiekiko esker on handia sentitzen dut. Ez dut luzatu nahi orain pastoralgile ezberdinen jarduerak azaltzen, gotzainengandik hasi eta eliz zerbitzu apal eta ezezaguneraino. Horiek guztiek gaurko kultura globalizatuan aurre eman beharko dieten erronken inguruan egin nahi nuke hausnarketa. Baina lehenik esan behar dut, egiari zor, Elizak munduari egiten dion ekarpena izugarria dela. Elizako kide batzuen bekatuengatik —baita geureengatik ere— sentitzen dugun minak eta lotsak, ez digu ahaztarazi behar zenbat kristauek ematen duten bizia maitasunez: hala-moduzko ospitaleetan sendatzen edo hiltzen laguntzen diote jende askori, edo lurralde behartsuenetan hainbat mendetasunek esklabo bihurtutako jendeari laguntzen diete, edo haur eta gazteen heziketan dena ematen dute, edo guztiok albora utzitako zaharrak zaintzen dituzte, edo giro ezkorretan balioak komunikatzen  saiatzen dira, edo era askotara eskaintzen dute bere burua Jainko gizon eginak agertu digun gizadiarekiko maitasun neurrigabearen adierazle. Eskertzen dut bere bizitza eta denbora alaitasunez eskaintzen duten hainbeste kristauek ematen didaten eredu ederra. On asko egiten dit testigantza horrek eta norberekeria garaiturik besteei eskainiago bizitzeko dudan gogoan eusten nau.
77. Hala ere, garai honetako seme-alaba bezala, denok bizi dugu egungo kultura globalizatuaren eragina, eta horrek balioak eta aukera berriak eskaintzeari utzi gabe, muga gaitzake, baldintzatu eta baita gaixoarazi ere. Aitortzen dut, pastoralgileentzat bultzagarri eta sendagarri izango diren guneak sortzea behar dugula, «Jesu gurutziltzatu eta piztuarekiko fedea bere onera ekartzeko guneak, galderarik sakonenak eta kezkarik ohikoenak partekatu ahal izateko guneak, norbere izateari eta bizipenei buruzko irizpide ebanjelioak sakon bereizteko guneak, norbere aukerak zein gizartearen aukerak ongira eta edertasunera bideratzeko asmoarekin»[62]. Aldi berean, arreta piztu nahi dut, egun bereziki pastoralgileei eragiten dieten tentaldi batzuei buruz.

Espiritualtasun misiolari baten erronkari, baiezkoa

78. Gaur egun pastoralgileengan antzeman daiteke, eta baita sagaratutako pertsonengan ere, autonomia eta aisialdi denbora pertsonalekiko gehiegizko kezka, eginkizunak bizitzaren eranskin bezala ikustera daramatzana, beraien nortasunaren zati ez balira bezala. Aldi berean, barne-bizitza nahastu egiten da, halako lasaitu bat eskaintzen duten, baina besteekiko topo egitea, munduarekiko konpromisoa eta ebanjelizatze garra bultzatzen ez duten une erlijioso batzuekin. Horrela, zenbait pastoralgileetan antzeman daiteke, nahiz eta otoitz egin, indibidualismoaren areagotze bat, identitate-krisi bat, eta epelkeria bat. Elkar eusten eta indartzen duten hiru gaitz dira.
79. Kultura mediatikoak eta zenbait giro intelektualek, Elizaren mezuarekiko mesfidantza nabaria eta halako haustura transmititzen dituzte. Ondorio bezala, otoitz egin arren, bere kristau-nortasuna erlatibizatzera edo ezkutatzera daramatzan gutxiagotasun uste bat bizi dute pastoralgile askok. Etengabeko soka luzatzen da orduan, horrela ez baitira zoriontsu direnarekin edo egiten dutenarekin eta ez baitira identifikatuak sentitzen ebanjelizatze misioarekin; eta horrek guztiak ahuldu egiten du eskaintza. Denak bezalakoak izan beharrak eta denek dutena eduki beharrak obsesio bat bailitzan ito egiten du bere poztasun misiolaria. Horrela, zeregin ebanjelizatzaileak behartuak bilakatzen dira eta ahalegin gutxi eta denbora gutxiago eskaintzen zaizkie.
80. Erlatibismo doktrinala bera baino arriskutsuagoa den beste erlatibismo bat garatzen da pastoralgileengan, bere estilo espirituala edo pentsamendu ildoa zein den kontuan izan gabe. Bizitza-era bat eratzen duten aukera sakon eta zintzoenekin du zerikusia. Erlatibismo praktiko hau Jainkorik ez balego bezala jokatzea da, behartsuak egon ez balira bezala erabakiak hartzea, gainerakoak egongo ez balira bezala amestea, iragarpena jaso ez duenik ez balego bezala lana egitea. Atentzioa ematen du, uste dokrinal eta espiritual sendoak dituztenek ere, segurtasun ekonomikoei heltzera, edo botereko nahiz eta giza loriako guneetara jotzea, misio-egintzan besteengatik bizitza eman beharrean. Ez diezagutela misio-gogoa ostu!

Adoregabetasun norberekoiari, ezezkoa

81. Mundura gatza eta argia eramango duen misiolari bizitasuna gehien behar dugunean, laiko askok beldurra sentitzen du norbaitek eginkizun apostolikoren bat egitera gonbidatuko ote duen, eta beraien asti librea kenduko dioten edozein konpromisori ihes egiten diote. Gaur zaildu egin da, adibidez, parrokietarako prestatuta dauden katekistak lortzea eta beraien eginkizunean urte luzez irautea. Baina antzeko zerbait gertatzen da apaizekin, itsu-itsu zaintzen baitute beraien denbora pertsonala. Hau, askotan pertsonek duten autonomia esparruak zaindu beharrak sortzen du, zeregin ebanjelizatzailea pozoi arriskutsu bat balitz bezala eta ez misiora deitzen eta erabateko eta emankor egiten gaituen Jainkoaren maitasunari emandako pozezko erantzun bat. Batzuk aurka egiten diote misio-egintza erabat probatzeari eta geldiarazten dituen adoregabetasunean barneratzen dira.
82.  Arazoa ez da beti jarduera gehiegi edukitzea, motibazio egokirik eta egintzak desiragarri egingo dituen barne-bizitzarik gabe gaizki bizi diren jarduerak baizik. Hortik, eginkizunek behar baino gehiago nekatzea eta batzuetan gaixoaraztea. Ez da neke zoriontsu bat, tirabiratsua, asetzen ez duena eta azken finean, onartua ez dena baizik. Adoregabetasun pastoral honek abiapuntu ezberdinak izan ditzake. Batzuk horretan erortzen dira, proiektu gauza-ezinei eusteagatik eta egin ahal zezaketena gogoz ez egiteagatik. Beste batzuk, gauzak egitearen nekea onartu ez eta dena bere kaxa gertatzea nahi izateagatik. Beste batzuk, bere harrokeriaz irudikatutako proiektuetara nahiz arrakasta-ametsetara lotzeagatik. Beste batzuk herriarekin benetako harremana galdu eta pastoraltzaren pertsonalizazio-ezak antolakuntzaz pertsonez baino gehiago kezkarazten dituelako, eta orduan gehiago adoretzen ditu «ibilbide-orriak», bideak berak baino. Itxaroten ez dakitelako adoregabetzen dira beste batzuk, eta bizitzaren erritmoa menperatu nahi dutelako. Gaur egungo berehalako irrikak kontraesanak, itxurazko porrota, kritika bat edo gurutze bat ez onartzera daramatza pastoralgileak.
83. Honela ernetzen da mehatxurik handiena, «Elizaren eguneroko bizitzaren jardunbide epela, dena normaltasunez gertatzen dela dirudien arren fedea gastatuz eta zikoizkeria bihurtuz doana»[63]. Hilobiko psikologia garatzen da, kristauak, pixkanaka, museo-momia bihurtzen dituena. Errealitatearekin, Elizarekin edo beraien buruarekin ilusioa galduta, tristura gozo eta itxaropen-gabeko batera lotzeko etengabeko tentaldian bizi dira, eta hau bihotzaz jabetzen da «deabruaren elixir preziatuena» balitz bezala.[64] Argia ematera eta bizitza komunikatzera deituak direlarik, barne-iluntasuna eta -nekea sorrarazten duten eta bizitasun apostolikoa zulatzen duten gauzez liluratuak dira azkenean. Honengatik guztiagatik diot, behin eta berriz: ez diezagutela poztasun ebanjelizatzailea ostu!

Ezkortasun antzuari, ezezkoa

84. Ezerk eta inork kendu ezin digun poza da Ebanjeliokoa (ik. Jn 16,22). Gure munduaren —eta Elizaren— gaitzak ez lukete izan behar gure eskaintza eta gogoa murrizteko aitzakia bat. Gainera, begirada fededuna gai da Espiritu Santuak ilunaren erdian beti egiten duen argia sumatzeko, ahaztu gabe «bekatua ugaldu zenean, are ugariago izan zela Jainkoaren onginahia» (Erm 5,20). Ardoa ur bihur daitekeela sumatzeko erronka eta irakaren artean garia hazten dela ikustekoa du begi aurrean gure fedeak. Vatikanoko II. Kontziliotik berrogeita hamar urtera, nahiz eta gure garaiaren miseriek min ematen diguten eta baikortasun inozo batetik urrun gauden, errealismo handiagoak ez garamatza Espirituagan konfiantza gutxiago izatera edota eskuzabaltasun gutxiagoz bizitzera. Zentzu horretan, 1962ko urriak 11 hartan Joan XIII.a dohatsuak esandako hitzak berriro entzuten ditugu: «Maiz iristen zaizkigu gure entzumena mintzen duten hotsak. Ezbai gabe erlijioaz kezkaturik dauden pertsonak dira, baina ez dituzte gauzak alderdikeriarik gabe eta zuhurtasunez epaitzen. Izan ere, pertsona hauek, oraingo gizartearen egoeran, zorigaitzak eta hondamendiak ikusteko baizik ez dira gai [...] Guk uste dugu, munduaren azkenaren aurrean bagina bezala beti txarrena iragartzen duten zorigaitzen profeta hauekin ez dagoela bat etortzerik. Aitzitik, oraingo gertaeren joanean, gizakiak gauzen ordena berri batean sartzen direla dirudienean, Jainkoaren probidentziaren asmo misteriotsuak antzeman behar dira. Hark, denboraren joanean, gizakien ekintza bitarte dela eta gehienetan hauek uste ez dutela, burutzen du bere asmoa. Hark, bere jakinduriaz, gauzak eta baita gizakiaren porrotak ere, Elizaren onerako izan daitezela egiten du».[65]
85. Gogo bizia eta ausardia itotzen dituzten tentaldi serioenetakoa porrota da, ezkor kexati eta ozpin-aurpegia duten lilura-gabeko bihurtzen baikaitu. Inork ezin dio borroka bati ekin, aldez aurretik garaipenarekin erabat fidatzen ez bada. Fidatu gabe hasten denak aldez aurretik galtzen du guduaren erdia eta bere talentuak lurperatzen ditu. Baita norbere ahultasuna handia dela minez jabetuta ere, aurrera egin behar da etsi gabe, Jaunak San Paulori esan ziona gogoratuz: «Nahikoa duzu nire laguntza, nire indarra ahulezian agertzen baita» (2Ko 12,9). Kristau garaipena beti da gurutze bat, baina aldi berean irabazi-ikur den gurutze bat, gaitzaren joaldien aurrean samurtasun borrokalariz eramaten dena. Porrotaren espiritu txarra, garia eta iraka garaia baino lehen bereizteko tentaldiaren antzekoa da, konfiantza falta grinatsu eta egozentrikoaren fruitu.
86. Egia da, Jainkorik gabe eratu nahi duten edo bere kristau erroak hondatzen dituzten gizarteek duten egitasmoaren ondorioz, «basamortutze» espiritual bat gertatu zela zenbait tokitan. Han, «kristau giroa antzu bilakatzen ari da, eta hondar bihurtzen den lur gainustiatu bezala ahitzen da»[66]. Beste herrialde batzuetan, kristautasunaren aurkako erresistentzia bortitzak, maite duten herrian bere fedea ia ezkutuan bizitzera daramatza kristauak. Beste basamortu-era mingarri bat da hau. Norbere familia edo lantokia ere izan daitezke fedea zaindu eta zabaltzen saiatu beharreko giro idor. Baina «basamortu —hutsune— honen esperientziatik abiatuta topa dezakegu berriz, hain zuzen, sinestearen poza eta honek guretzat, gizon-emakumeontzat, duen berebiziko garrantzia. Basamortuan aurkitzen da berriro ere bizitzeko funtsezkoa dena; honela, mundu garaikidean, asko dira Jainko-egarriaren ezaugarriak, bizitzaren azken zentzuzkoak, sarri era inplizitu edota ezkorrean agertzen dienak. Eta basamortuan fedea duten pertsonak behar dira batez ere, bere bizitzarekin, Agindutako lurra daraman bidea ager dezaten, itxaropena bizirik iraunaraziz».[67] Edonola ere, deituak gaude pertsona-pegarrak izatera, besteei edaten emateko. Gurutze astun bihurtzen da batzuetan pegarra. Baina gurutzea izan zen, hain zuzen, Jauna —zulatuta— ir biziaren iturri modura eskaini zitzaigun tokia. Ez diezagutela itxaropena ostu!

Jesu Kristok sorrarazten dituen harreman berriei, baiezkoa

87. Gaur, giza komunikazioaren sare eta tresnek egundoko garapena iritsi dutelarik,  elkarrekin bizitzearen mistika aurkitu eta ezagutarazteko erronka sentitzen dugu, nahasteko, topo egiteko, elkar besarkatzeko, elkarri laguntzeko erronka; pixka bat kaotikoa izanagatik ere, egiazko senidetasun-esperientzia, jende andana solidario eta erromesaldi santu bihurtu daitekeen jendalde horretan parte hartzeko erronka. Honela, komunikazio aukera handiagoak, elkarren arteko topo-egite eta elkartasun aukera gehiago bihurtuko dira. Bide horri jarraitu ahal izango bagenio, hain ona izango litzateke, hain sendagarria, hain askatzailea, hain itxaropentsua! Beste batzuekin elkartzeko norberagandik ateratzeak on egiten du. Norberegan ixtea immanentziaren pozoi mingotsa probatzea da, eta egiten dugun aukera egoista bakoitzarekin gizadia galtzen aterako da.
88. Ideal kristauak beti egingo du gonbidapena, susmoa, etengabeko mesfidantza, indarrez hartuak izateko beldurra eta egungo munduak ezartzen dizkigun babeserako jarrerak gainditzeko. Asko saiatzen dira besteengandik pribatutasun erosora edota intimoenen zirkulu txikira ihes egiten, eta uko egiten diote Ebanjelioaren gizarte-alderdiak duen errealismoari. Honela, batzuk haragi eta gurutze gabeko Kristo espirituala bakarrik nahi luketen bezala, beste batzuk gailu sofistikatu, pantaila eta nahi bezala piztu eta itzali daitezkeen sistemen bidezko elkarren arteko harremanak nahi lituzkete. Bitartean, Ebanjelioak beti gonbidatzen gaitu arriskatzera, bestearekin aurpegiz aurpegi topo egitera, eragiten digun bere presentzia fisikoarekin, bere min eta eskabideekin, ondo-ondoan egotean kutsatzen den pozarekin topo egitera. Haragi hartu zuen Jainkoaren Semearengan egiaz sinestea bereizezina da, norbere dohainarekin, elkarte bateko kide izatearekin, zerbitzuarekin, besteen haragiarekin adiskidetzearekin. Jainkoaren Semeak, bere haragi-hartzeaz, samurtasunaren iraultzara gonbidatu gintuen.
89. Isolamendua, immanetismoaren agerpen denez, adieraz daiteke Jainkoa kanpo uzten duen gezurrezko autonomia baten bidez, baina aurki dezake erlijioan espirituzko halako kontsumismo bat, bere indibidualismo gaizberaren neurrira. Gure garaiaren erakusgarri diren sakratura itzultzea eta bilaketa espiritualak gertakari bitarikoak dira. Ateismoa bera baino gehiago, jende askoren Jainko-egarriari egoki erantzutea da gaur dugun erronka, proposamen besterentzaileetan edota haragi-gabeko eta besteekiko konpromiso-gabeko Jesu Kristo batengan egarri hori asetzen saia ez daitezen. Sendatzen, askatzen, bizitzaz eta bakez betetzen eta batasun solidariora eta emankortasun misiolarira deitzen dituen espiritualtasuna Elizan aurkitzen ez badute, gizatasuna ematen ez duten eta Jainkoaren aintzarako ez diren proposamenetan engainatuak izango dira.
90. Erlijiotasun herrikoiaren berezko formak hezurmamituak dira, kristau fedea kultura herrikoi batean hezurmamitzetik sortu direlako. Horregatik harreman pertsonal bat dute berekin, ez energia harmoniatsuekin, Jainkoarekin, Jesu Kristorekin, Mariarekin edota santu batekin baizik. Haragia dute, aurpegia dute. Harremanerako aukerak sortzeko gai dira, eta ez ihesi indibidualistak sortzeko. Gure gizarteetako beste esparru batzuetan estimua hazten ari da elkarte gabeko «ongizatearen espiritualtasun» ezberdinekiko, senide-konpromisorik gabeko «oparotasunaren teologia» batekiko, edota barne-bilaketa inmanentista batera mugatzen diren aurpegi-gabeko bizipen subjektiboekiko.
91. Erronka garrantzitsua zera adieraztea da: konponbidea ez dela Jainkoarekiko harreman pertsonal eta konprometitu bati eta aldi berean besteekin lotzen gaituen bati ihesi egitea. Hori gertatzen da gaur, fededunak ezkutatzen eta besteak ondotik saihesten saiatzen direnean edota sotiltasunez toki batetik bestera, lan batetik bestera, ihesi ibiltzen direnean, lotura sakon eta egonkorrik gabe geratzen direlarik: «Imaginatio locorum et mutatio multos fefellit»[68]. Bihotza —batzutan gorputza ere bai— gaixotzen duen gezurrezko konponbidea da. Bide bakarra besteekin topo egitea —jarrera egokia izanez— dela aitortzen laguntzea falta da; besteak balioestea eta haiek barne-borrokarik gabe bidelagun bezala onartzea da jarrera egoki hori. Hobeto oraindik, Jesus besteen aurpegian, ahotsean eta eskabideetan aurkitzen ikastea da kontua. Eraso bidegabeak edo esker txarra jasotzen ditugunean Jesus gurutziltzatuarekin bat eginez sufritzen ikastea ere bada, senidetasuna aukeratzeaz inoiz nekatu gabe[69].
92. Horretan da egiazko sendatzea, gaixotu beharrean sendatzen gaituen besteekin harremana izateko era, senidetasun mistikoa, kontenplatzailea baita, hurkoari handitasun sakratuz begiratzen dakiena, Jainkoa senide bakoitzean aurkitzen dakiena, elkarbizitzaren eragozpenak Jainkoaren maitasunari estuki lotuz eramaten dakiena, bere Aita onak bezala besteen zoriona bilatzeko jainkozko maitasunari bihotza zabaltzen dakiena. Garai honetan, hain zuzen, eta baita «artaldetxo» (Lk 12,32) diren tokian ere, Jaunaren ikasleak deituak daude lurraren gatz eta munduaren argi izatera (ik. Mt 5,13-16). Beti berria den kidetasun ebanjelizatzaile baten testigantza ematera deituak dira[70]. Ez diezagutela elkartea ostu!

Mundutarkeria espiritualari, ezezkoa

93. Mundutarkeria espirituala —erlijiozkotasun-itxuretan eta baita Elizarekiko maitasun-itxuretan ezkutatzen dena— Jaunaren aintza bilatu beharrean, gizakien aintza eta norbere ongizatea bilatzea da. Horixe leporatzen zien Jaunak farisearrei: «Nola sinetsiko duzue zuek, elkarri ohore ematen ahalegintzen bazarete eta Jainko bakarrarengandik datorren ohoreaz arduratzen ez?» (Jn 5,44). Honela, era sotilean «norbereaz arduratzen dira denak eta ez Jesu Kristorenaz» (Flp 2,21). Forma asko hartzen ditu, pertsona klasearen arabera eta errotzen den gizarte-mailaren arabera. Itxurakeriarekin zerikusia duenez, ez da beti ageriko bekatuekin lotua egoten, eta kanpotik begiratuta dena txukun ikusten da. Baina Eliza menperatuko balu, «morala bakarrik den beste edozein mundutarkeria baino askoz ere kaltegarriagoa izango litzateke»[71].
94. Mundutarkeria hau, sakonki lotuak dauden bi eratan pizten da. Gnostizismoarekiko lilura, subjektibismoan itxitako fedea da era bat, bizipen zehatz bat bakarrik edota balizko indarberritze- edo argitze-iturri diren arrazonamendu eta ezagutza batzuk interesatzen direlarik. Bestea pelagianismo berri bat, autorreferentziala eta prometeikoa dena, bere indarrean bakarrik uste ona jartzen dutenena; besteak baino gehiago direla uste dute, arau jakin batzuk betetzeagatik edota iraganari dagokion katoliko izateko eraren batekin leialtasun hautsezina dutelako. Elitismo narzisita eta autoritario bat dakarren ustezko segurtasun doktrinal eta diziplinarioa da; ebanjelizatu beharrean besteak aztertu eta sailkatzen dira, eta graziarekiko bidea erraztu beharrean besteak neurtzen agortzen dira indarrak. Kasu batean zein bestean, Jesu Kristok eta besteek ez dute egiazko interesik. Ezin da pentsatu ere egin urardotutako kristautasun era hauetatik egiazko indar ebanjelizatzailerik sor daitekeenik.
95. Mundutarkeria ilun hau itxuraz kontrajarriak diren jarrera askotan agertzen da, denek dutelarik «Elizaren espazioa menderatzeko» asmo bera. Liturgiaren, doktrinaren eta Elizaren izenaren ardura arranditsua dago batzuengan, baina ez dira batere kezkatzen Ebanjelioa Jainkoaren Herri fededunean eta historiaren behar zehatzetan errotzeaz. Horrela, Elizaren bizitza museo-pieza bat bilakatzen da edota gutxi batzuen jabego. Beste batzuengan, lorpen sozial eta politikoak erakusteko lilurak estaltzen du mundutarkeria espiritual bera, edota gauza praktikoen kudeaketari lotutako harrokeriak, edota buru-laguntza dinamikekiko zoramenak. Norbere burua agertu nahia ere azaltzen du, irtenaldiz, bileraz, afariz eta harreraz beteriko bizitza sozial bete baten bidez. Edota enpresa-funtzionalismoan agertzen da, estatistikaz, plangintzaz eta ebaluazioz beterik, baina onuradun nagusia Jainkoaren Herria izan beharrean Eliza erakundea delarik. Kasu guztietan ere, ez darama gizon-egin, gurutziltzatu eta piztutako Kristoren ezaugarria; talde elitistetan ixten du bere burua, ez da galduta daudenen bila eta Kristoren egarri den jende-andanaren bidera ateratzen. Dagoeneko ez dago ebanjelioarekiko jarrera sutsurik, auto-atseginkeria egozentriko baten sasi-gozamena baizik.
96. Testuinguru honetan, botereren bat edukitzearekin konformatzen direnen harrokeria indartzen da, nahiago baitute garaituak izan diren armaden jeneral izatea, borroka egiten jarraitzen duten eskuadroien soldadu arruntak izatea baino. Zenbat aldiz egiten dugu amets, garaitutako jeneralei dagozkien egitasmo apostoliko hedatzaile, zorrotz eta ongi zehaztutakoekin! Honela ukatzen dugu gure Eliz historia, aintzatsua dena, eskaintzaren historia delako, eguneroko ahaleginarena, zerbitzuan akitutako bizitzarena, nekatzen duen lanean izandako iraunkortasunarena, lan oro delako «gure kopetako izerdi». Ordea, harroputz eran jarduten gara «egin beharko litzatekeenaz» hitz eginez —«beharlukekeria» bekatua—, kanpotik erakusten duten maisu-espiritual eta pastoraltza-aditu bezala. Gure irudimen mugagabea lantzen dugu eta gure herri fededunaren eraman handiko errealitatearekiko harremana galtzen dugu.
97. Mundutarkeria honetan erori denak goitik eta urrundik begiratzen du, anai-arreben profeziari uko egiten dio, eztabaidatzen duena gaitzesten du, besteren akatsak nabarmentzen ditu etengabe eta itxuragatik obsesionatzen da. Bere immanentziaren eta interesen helmuga itxian hesitu du bihotza eta, horren ondorioz, ez du ikasten bere bekatuetatik eta ez dago benetan irekia barkamena onartzeko. Itxura zintzoko izugarrizko ustelkeria da. Hori saihestu behar da, Eliza, beretik irteteko, Jesu Kristorengan zentratutako misiorako eta behartsuekiko eskaintzarako irteera lekuan jarriz. Jainkoak gorde gaitzala jantzi espiritual edo pastoralen azpian gordetako Eliza mundutar batetik. Mundutarkeria itogarri hau Espiritu Santuaren aire garbira ohituz sendatzen da, Jainkorik gabeko itxurazko erlijiotasun batekin geure baitan itxiak egotetik askatzen baikaitu. Ez diezagutela Ebanjelioa ostu!

Gure arteko gerrari, ezezkoa

98. Jainkoaren Herriaren baitan eta elkarte ezberdinetan, zenbat gerra! Auzoan, lantokian, kristauen artean ere zenbat gerra inbidia eta bekaitzengatik! Mundutarkeria espiritualak beste kristau batzuekin gerran egotera eramaten ditu kristau batzuk, oztopo direlako beraien botere, ospe, plazer eta segurtasun ekonomikoaren bilaketan. Gainera, batzuk Elizako partaidetza maitekorra bizitzeari uzten diote, eztabaida-espiritu bat indartzeko. Bere aniztasun aberatsa duen Eliza osoaren kide baino gehiago, ezberdin eta berezi sentitzen den talde honen edo haren kide dira.
99. Mundua gerra eta indarkeriaz sarraskitua dago edo gizakiak banatzen eta norbere ongizatearen bila elkarren kontra jartzen dituen norberekeria lauso batek zauritua. Ustez gaindituak zeuden liskar eta zatiketa zaharrak berragertzen dira zenbait herrialdeetan. Erakargarria eta distiratsua bilakatuko den senide-batasun baten testigantza eskatzen dizuet era berezian, munduko elkarte guztietako kristauei. Guztiek mirets dezatela nola zaintzen duzuen batak bestea, nola adoretzen duzuen elkar, nola elkarri laguntzen diozuen: «Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean» (Jn 13,35). Hori da Jesusek hainbesteko gogoz Aitari eskatzen ziona: «Bat izan daitezela gurekin [...] munduak sinets dezan» (Jn 17,21). Kontuz inbidiaren tentaldiarekin! Ontzi berean gaude eta portu berera goaz! Eska dezagun besteen fruituekin pozteko grazia, guztienak baitira.
100. Zatiketa historikoek zaurituta daudenei, zaila egiten zaie barkamenera eta adiskidetzera gonbidatzen ditugula onartzea, beraien mina ezagutzen ez dugula ateratzen baitute hortik edota oroimena eta idealak galarazi nahi dizkiegula. Baina benetan senide eta adiskidetuak diren elkarteen testigantza ikustea beti da erakar ditzakeen argi bat. Baina, hainbeste min ematen dit ikusteak nola zenbait kristau elkartetan, baita sagaratutako pertsonen artean ere, onartu egiten ditugun gorrotoak, zatiketak, gezur beltzak, difamazioak, mendekuak, bekaitzak eta edozeren gainetik norbere ideiak inposatzeko gogoak, eta baita sorgin-ehiza zorrotza diruditen zapalkuntzak ere. Nor ebanjelizatu behar dugu jarrera horiekin?
101. Eska diezaiogun Jaunari maitasunaren legea ulertaraz diezagula. Zein ona den lege hau izatea! Zer on egiten digu gauza guztien kontra batak bestea maitatzeak! Bai, gauza guztien kontra! Gutako bakoitzarentzat da Pauloren burubidea: «Ez zaitzala gaitzak mendera, baizik eta menderatu gaitza ongiaz» (Erm 12,21). Eta beste hau: «Ez gaitezen aspertu on egiten!» (Ga 6,9). Denok ditugu kidetasunak eta ezinikusiak, eta behar bada orain bertan norbaitekin haserre gaude. Esan diezaiogun, gutxienez, Jaunari: «Jauna, honekin edo harekin haserre nago. Beraren alde eskatzen dizut». Erresuminduta gauden haren alde otoitz egitea maitasun urrats eder bat da, eta ebanjelizatze ekintza bat. Egigun gaur bertan! Ez diezagutela elkar maitasunaren ideala ostu!

Elizaren beste erronka batzuk

102. Jainkoaren Herriaren gehiengo nagusia dira laikoak. Zerbitzari ordenatuen gutxiengoa beraien zerbitzura dago. Laikoaren identitatearen eta Elizan duen egitekoaren ezaguera hazi egin da. Bada laiko ugari, behar adina ez izan arren, elkarte-sentipen errotua duena eta karitatezko konpromisoan, katekesian eta fedearen ospakizunean leialtasun handia duena. Baina Bataiotik eta Sendotzatik datorren laiko ardura honen ezaguera ez da berdina toki guztietan. Batzuetan erantzukizun garrantzitsuak bere gain hartzeko hezibidea hartu ez zutelako, besteetan, erabakietatik kanpo uzten dituen gehiegizko klerikalismo baten ondorioz, beraien Eliza partikularretan adierazteko eta ekiteko tokirik aurkitu ez dutelako. Laiko ministeritzetan parte hartze handiagoa nabaritu arren, konpromiso hau ez da agertzen kristau balioak mundu sozial, politiko eta ekonomikoan txertatzean. Elizaren barneko zereginetara mugatzen da sarritan, Ebanjelioa gizartearen eraldaketarako aplikatzeko egiazko konpromisorik gabe. Laikoen heziketa eta talde profesional eta intelektualen ebanjelizatzea erronka pastoral garrantzitsua dira.
103. Elizak aitortzen du emakumeak gizartean egiten duen ezinbesteko ekarpena, sentimen, sena eta gaitasun bereziekin; hauek gizonenak baino gehiago emakumeenak direlarik. Adibidez, emakumeak duen besteekiko ardura berezia, aparteko eran —baina ez bakarrean— amatasunean adierazten dena. Pozik aitortzen dut nola emakume askok ardura pastoralak partekatzen dituzten apaizekin, pertsonen, taldeen nahiz familien bide-laguntzan nola parte hartzen duten eta hausnarketa teologikoan ekarpen berriak nola egiten dituzten. Baina oraindik beharrezkoa da, emakumearen presentzia sarkorragoari Elizan toki gehiago egitea. «Emakumearen izaera beharrezkoa baita giza bizitzaren adierazpen guztietan; horregatik, bermatu egin behar da emakumearen presentzia lan-munduan ere»[72] eta erabaki garrantzitsuak hartzen diren tokietan ere bai, bai Elizan eta baita gizarteko egituretan ere.
104. Gizon nahiz emakumek duintasun bera dutela benetan uste izanik egiten diren emakumearen bidezko eskubideen eskabideak, erronka gertatzen diren eta arinki saihestu ezin diren galderak sortzen dizkio Elizari. Eukaristian eskaintzen den Kristo Senarraren ezaugarri bezala, gizonentzat bakarrik gordetako apaizgoa, eztabaidan ez dagoen kontua da, baina bereziki arazotsua bihur daiteke, eskumen sakramentala boterearekin gehiegi bat egiten bada. Ez dugu ahaztu behar, apaiz ahalmenaz ari garenean «betekizunari buruz ari garela, eta ez duintasunari edo santutasunari buruz»[73]. Apaizgo ministeriala Jesusek bere herriaren zerbitzuan erabiltzen duen bitarteko bat da, baina duintasuna Bataiotik dator, eta hori guztion eskura dago. Apaiza Kristo Buruarekin itxuratzeak —hau da, graziaren iturri nagusi bezala— ez du berekin gainontzekoen gainetik jartzen duen gorapenik. Elizan egitekoek «ez dute batzuen nagusitasuna eragiten besteen gainean»[74]. Izan ere, emakume bat, Maria, gotzainak baino garrantzitsuagoa da. Apaizgo ministerialaren betekizuna «hierarkikoa» dela kontuan izan arren, ez da ahaztu behar «Kristoren Gorputz mistikoaren atalak santutzera erabat zuzendua dagoela»[75]. Bere gakoa eta ardatza ez da nagusitze bezala ulertutako boterea, Eukaristia sakramentua emateko eskumena baizik; hortik dator aginpidea, beti herriaren zerbitzu bat dena. Artzainentzat eta teologoentzat berealdiko erronka dago hemen, lagun baitezakete hobeto aitortzen, horrek zer suposatzen duen Elizaren esparru ezberdinetan, erabaki garrantzitsuak hartzen diren tokian, emakumearen balizko tokiari dagokionez.
105. Gazte pastoraltzak —hau lantzeko genuen ohiko erak— gizarteko aldaketen enbata jasan du. Gazteek, egungo egituretan ez dute erantzunik aurkitzen bere kezka, behar, arazo eta zaurientzat. Helduoi kosta egiten zaigu beraiei pazientziaz entzutea, beraien kezka eta eskabideak ulertzea eta beraiek ulertzen duten hizkeran mintzatzen ikastea. Arrazoi horrexegatik, hezkuntza-proposamenek ez dute ematen itxarondako fruiturik. Gazteez bereziki osaturiko elkarte eta mugimenduak ugaritu eta haztea har daiteke bide berriak zabaltzen dituen Espirituaren ekintza bezala; bide horiek bat datoz espiritualtasun sakonaren eta partaidetza zehatzagoaren itxaropen eta bilaketarekin. Beharrezkoa da, halere, Elizaren pastoraltza zabalean gehiago parte har dezaten ahalegintzea[76].
106. Gazteei heltzea beti erraza ez bada ere, bi alderditan hobekuntza izan da: elkarte osoak ebanjelizatzen eta hezten dituela konturatzean, eta beraiek protagonismo handiagoa izatearen premiaz jabetzean. Aitortu beharra dago, konpromisoaren eta elkarteko loturen egungo krisiaren baitan egonik, asko direla munduko gaitzen aurrean solidarizatu eta militantzia- eta boluntariotza-era ezberdinetan murgiltzen diren gazteak. Batzuk Elizaren bizitzan parte hartzen dute eta zerbitzuzko eta ekimen misiolari ezberdinetako taldeak osatzen dituzte beraien elizbarrutietan edo beste toki batzuetan. Zein ona den gazteak «fedearen kalezale» izatea, Jesu Kristo izkina bakoitzera, plaza bakoitzera, munduko bazter bakoitzera eramateaz zoriontsu!
107.  Leku askotan urri dira apaizgorako eta bizitza sagaraturako bokazioak. Askotan, hori, elkarteetan apostolu-gar kutsakorra falta delako gertatzen da, ez baitu horrek ez adoretzen ez erakarpenik sortzen. Bizitza, garra, Kristo besteei eramateko gogoa dagoen tokian sortzen dira benetako bokazioak. Apaizak gutxi emanak eta alaitasun urrikoak diren tokietan, elkartearen senide-bizitza gartsua da Jainkoari eta ebanjelizatzeari eskaintzeko gogoa pizten duena, bereziki elkarte biziak atergabe bokazioen alde otoitz egiten duenean eta sagarapen bereziko bidea gazteei proposatzen ausartzen denean. Bestalde, bokazio-urritzea egon arren, gaur garbi dago apaizetarako hautagaiak hobeto aukeratu beharra dagoela. Ezin dira bete apaizgaitegiak edonolako motibazioekin, eta gutxiago hauek segurtasun afektibo faltarekin lotuta daudenean, edo botere eraren baten bilaketarekin, edo giza ospe eta ongizate ekonomikoarekin.
108. Lehenago esan bezala, ez naiz saiatu erabateko diagnosia egiten, baina dei egiten diet elkarteei ikuspegi hauek osatu eta aberastera, norbere erronkak eta gertukoak abiapuntutzat hartuz. Espero dut, egiten dutenean kontuan izatea, aldien ezaugarriak ikusten saiatzean gazteei eta adinekoei entzutea komeni dela. Biak ala biak dira herrien itxaropena. Adinekoek oroimena eta esperientziaren jakinduria eskaintzen dute, iraganeko hutsegiteak era inozoan berriz ez errepikatzen lagunduz. Gazteek itxaropena esnatzeko eta areagotzeko deia egiten digute, gizadiaren joera berriak beraiekin dituztelako eta etorkizunera bideratzen gaituztelako, egungo munduan bizi-bide ez diren egitura eta ohituren oroimenean lotuak gera ez gaitezen.
109. Erronkak garaitzeko dira. Izan gaitezen errealistak, baina poza, ausardia eta eskaintza itxaropentsua galdu gabe. Ez diezagutela misio-indarra ostu!



HIRUGARREN KAPITULUA

EBANJELIOAREN IRAGARPENA


110. Egungo errealitatearen erronka batzuk kontuan hartu ondoren, edozein garaitan eta tokitan lehentasunezkoa dugun egitekoa gogora ekarri nahi dut orain, «ezin da [eta] egiazko ebanjelizatzerik egon Jesus Jauna dela esplizituki hots egin gabe» ezta «ebanjelizatze ekintza guztietan Jesu Kristo aldarrikatzeak lehentasuna»[77] ez badu ere. Joan Paulo II.ak, Asiako gotzainen kezkak jasoz adierazi zuen: Elizak «bere egiteko probidentziala ebanjelizatzea, Jesu Kristoren heriotza eta piztuera salbagarria era alai, eramankor eta progresiboan aldarrikatzea badu, zuen erabateko lehentasuna izan behar du»[78].

I. Jainkoaren Herri guztiak hots egiten du ebanjelioa

111. Ebanjelizatzea Elizaren zeregina da. Baina ebanjelizatzearen subjektua erakunde organiko eta hierarkiko bat baino gehiago da, Jainkoarengana erromes doan herri bat delako batez ere. Hirutasunean errotutako misterio bat da benetan, baina herri erromes eta ebanjelizatzaile batean bere gauzatze historikoa duena, beharrezkoa den edonolako egituratze instituzionalen gainetik dagoelarik. Jainkoaren ekimen aske eta doanekoan oinarri duen Eliza ulertzeko era honi arreta pixka-bat eskaintzea proposatzen dut.

Herri bat guztientzat

112. Jainkoak eskaintzen digun salbamena bere errukiaren lana da. Ez dago giza egintzarik, onena izanik ere, hain dohain handia merezi izatea ematen digunik. Jainkoak, bere eskuzabaltasun hutsez, erakarri egiten gaitu Berarekin bat egiteko[79]. Bere Espiritua bidaltzen du gure bihotzetara bere seme-alaba egiteko, gu eraldatzeko eta gure bizitzarekin maitasun horri erantzuteko gai izan gaitezen. Jesu Kristok bidalia da Eliza, Jainkoak eskaintzen digun salbamenaren sakramentu bezala[80]. Elizak, bere ebanjelizatze ekintzen bidez, ikuskatze guztien gainetik etengabe ari den Jainkoaren graziaren tresna bezala lan egiten du. Ongi adierazi zuen Benedikto XVI.ak Sinodoko hausnarketak hastean: «Garrantzitsua da jakitea, lehen hitza, egiazko ekimena, egiazko jarduera Jainkoarengandik datorrela eta Jainkoaren ekimen horretan barneratzen bagara bakarrik, ekimen hori aztertzen baldin badugu, izan ahalko garela Berarekin eta Berarengan ebanjelizatzaile»[81]. Graziaren nagusitasuna deituriko printzipioak ebanjelizatzeari buruzko gure hausnarketak etengabe argituko dituen itsasargi izan behar du.
113. Jainkoak gauzatzen duen eta Elizak pozarren hots egiten duen salbamen hau, guztientzat da[82], eta Jainkoak bide bat eratu du garai orotako gizaki guztiekin bat egiteko. Herri bezala biltzea aukeratu du eta ez bakarrik dauden gizaki bezala[83]. Inor ez da bakarrik salbatzen, hots, ez banakako gizaki bezala, ezta nor bere indarrez ere. Jainkoak bereganatu egiten gaitu, giza elkarte batean bizitzeak berekin duen elkarren arteko harreman sare handia kontuan izanik. Jainkoak beretzat aukeratu eta bildu duen herria Eliza da. Jesusek Apostoluei ez die esaten talde berezi bat, eliteko talde bat osatzeko. Jesusek esaten du: «Zoazte eta egin herri guztiak nire ikasle» (Mt 28,19). San Paulok dio Jainkoaren Herrian, Elizan, ez dagoela «judu edo judu ez denik [...] zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan» (Ga 3,28). Jainkoarengandik eta Elizatik urrun sentitzen direnei, beldurti edo hotzepel direnei, hauxe esan nahi diet: Jaunak zuri ere dei egiten dizu Bere herriaren kide izan zaitezen eta begirune eta maitasun handiz deitzen gainera!
114. Aitaren maitasun egitasmo handiaren arabera Jainkoaren Herri izatea da Eliza izatea. Horrek gizadiaren erdian Jainkoaren legami izatea eskatzen du. Jainkoaren salbamena hots egitea eta eramatea esan nahi du, sarritan galtzen den mundu honetara, adoretuko duten erantzunak behar baititu, itxaropena emango dioten hitzak, biderako indar berria ematen dutenak. Debaldeko errukiaren tokia izan behar du Elizak, mundu guztia onartua, maitatua eta barkatua izango den tokia, Ebanjelioaren bizi onaren arabera bizitzera adoretua izango den tokia.

Herri bat aurpegi askorekin

115. Jainkoaren Herri hau munduko herrietan hezurmamitzen da, bakoitzak bere kultura propioa duelarik. Kultur nozioa lanabes baliotsua da Jainkoaren Herrian ematen diren kristau-bizitzaren agerpen ezberdinak ulertzeko. Gizarte jakin batek duen bizitza-estiloa da, bertako kideek elkarrekin, gainontzeko izakiekin eta Jainkoarekin harremana izateko duten era propioa. Honela ulertuta, herriaren bizitza osoa hartzen du kulturak[84]. Herri bakoitzak, historian zehar izan duen ibilbidean bere kultura propioa eratzen du bidezko autonomiaz[85]. Hau gertatzen da, pertsonak «bere izaeraz gizarte-bizitzaren premia duelako»[86] eta bizi den gizarteari lotua dago beti, han bizi baitu errealitatearekin harremana izateko modu zehatz bat. Pertsona beti kulturalki kokatua dago: «natura eta kultura estu-estu loturik daude»[87].
       Graziak kultura kontuan du eta Jainkoaren dohainak hartzen duen haren kulturan haragi hartzen du.
116. Kristautasunaren bi mila urte hauetan, ezin konta ahala herrik jaso du fedearen grazia, fruitu emanarazi dio bere eguneroko bizitzan eta bere berezko kultur moldeen arabera eskualdatu du. Elkarte batek salbamenaren iragarpena onartzen duenean, Espiritu Santuak bere kultura emankor egiten du Ebanjelioaren indar eraldatzailearen bidez. Beraz, Elizaren historian ikus dezakegun bezala, kristautasunak ez du modu kultural bakarra, baizik eta «ebanjelioaren iragarpenarekin eta eliz tradizioarekin erabat leial iraunez, berekin eramango ditu onartua eta errotua izan den hainbeste kultur eta herriren aurpegia»[88]. Bere kultura propioaren arabera Jainkoaren dohainaren bizipena duten herri ezberdinetan, Elizak bere katolikotasun jatorra adierazten du eta «forma askoko aurpegi honen edertasuna»[89] agertzen. Ebanjelizatua izan den herri baten kristau agerpenetan, Espiritu Santuak Eliza edertzen du, Agerpenaren alderdi berriak azalduz eta aurpegi berri bat oparituz. Inkulturazioan, Elizak «bere elkartean barneratzen ditu herriak bere kulturekin»[90], «kultura orok proposatzen baititu Ebanjelioa hots egin, ulertu eta bizitzeko moduak aberats ditzaketen balio eta molde zuzenak»[91]. Honela «Eliza, kultura ezberdinen balioak bereganatuz, “sponsa ornata monilibus suis” bilakatzen da, hau da, “bitxi ederrez apaintzen den andregaia” (ik. Is 61,10)»[92].
117. Ondo ulertuta aniztasun kulturalak ez du Elizaren batasuna arriskuan jartzen. Aitak eta Semeak bidalitako Espiritu Santua da gure bihotzak eraldatu eta gauza guztiei bere batasuna ematen dien Hirutasun Santuarekin elkartasun betean egoteko gai egiten gaituena. Berak eratzen du Jainkoaren Herriaren elkartasuna eta harmonia. Espiritu Santua bera da harmonia, Aitaren eta Semearen arteko maitasun lokarri den bezala[93]. Bera da dohainen aberastasun anizkun eta ezberdina sorrarazten duena eta aldi berean batasun bat eratzen du, uniformetasuna ez baizik eta harmonia formaniztun erakargarria den batasuna. Ebanjelizatzeak pozik onartzen ditu Espirituak Elizan sorrarazten dituen aberastasun ugari hauek. Kristautasun kultur bakarreko eta beti-batekoa ez litzateke bat etorriko gizon egitearen logikarekin. Kultura batzuk Ebanjelioaren predikuarekin eta pentsaera kristau batekin oso lotuak egon badira ere, mezu errebelatuak ez du horietako inorekin bat egiten, baizik eta eduki transkulturala du. Horregatik, kultura berriak edo kristau predikua jaso ez duten kulturak ebanjelizatzerakoan ez da ezinbestekoa Ebanjelioaren proposamenarekin batera kultur molde jakin bat inposatzea, oso ederra eta antzinakoa izanik ere. Iragartzen dugun mezuak beti du era kulturalen bat, baina Elizan batzuetan geure kulturaren sakralizatze handiustetsuan erortzen gara, eta horrekin fanatismoa ager dezakegu benetako ebanjelizatze garra baino gehiago.
118. Ozeaniako gotzainek eskatu zuten Elizak han «garatu dezala lurraldeko tradizio eta kulturetatik abiatuko den Kristoren egiaren ulermen eta aurkezpen bat», eta deitu zituzten «misiolari guztiak kristau indigenekin bat eginda ekitera, fedea eta Elizaren bizitza kultura bakoitzari egokitutako bidezko eratan adieraztea bermatzeko»[94]. Ez dugu saiatu behar kontinente guztietako herriak, bere kristau fedearen adierazpenean, Europako herriek historiaren une zehatz batean bilatu zituzten moduak imitatu ditzaten, fedea ezin baita itxi kultura baten ulermenaren eta adierazpenaren mugetan[95]. Eztabaidaezina da kultura bakar batek ez duela agortzen Kristoren erospenaren misterioa.

Denok gara ikasle misiolariak

119. Bataiatu guztietan ari da hasi lehenengotik eta azkenekora— ebanjelizatzera bultzatzen duen Espirituaren indar santutzailea. Jainkoaren Herria santua da, «in credendo» hutsezina egiten duen gantzutze horren bidez. Horrek esan nahi du, sinesten duenean ez duela huts egiten, bere fedea adierazteko hitzik aurkitzen ez badu ere. Espirituak gidatzen du egian eta bideratzen du salbamenera[96]. Gizadiarekiko bere maitasun-misterioaren parte bezala, Jainkoak fedezko senasensus fidei delakoa— ematen die fededun guztiei egiaz Jainkoarengandik datorrena bereizten laguntzen diena. Espirituaren presentziak jainkozko gauzekiko berezko joera ematen die kristauei, eta horiek intuizioz bereganatzen laguntzen dien jakinduria ere bai, zehaztasunez adierazteko tresna egokiak ez badituzte ere.
120. Hartutako Bataioari esker, Jainkoaren Herriko kide bakoitza ikasle misiolari bihurtua izan da (ik. Mt 28,19). Bataiatu bakoitza, edozein izanik ere Elizan duen egitekoa edo fedean jantzia dagoen maila, eragile ebanjelizatzaile bat da, eta ez da egokia ebanjelizatzearen eskema bat irudikatzea, gai diren batzuk aurrera eramango dutena, gainontzeko fededunak horien egintzen hartzaile huts diren bitartean. Ebanjelizatze berriak bataiatu guztien protagonismo berri bat izan behar du berekin. Uste hau kristau bakoitzari egindako dei bihurtzen da, inork ez dezan geroko utzi ebanjelizatzearekin duen konpromisoa. Batek egiaz egin badu salbatzen duen Jainkoaren maitasunaren esperientzia, ez baitu behar prestaera aldi luzerik iragartzera joateko, ezin baitu egon ikastaro asko eta jarraibide luzeak hartu zain. Kristau oro da misiolaria Kristo Jesusengan Jainkoaren maitasuna aurkitu duen heinean; jada ez dugu esaten «ikasleak» eta «misiolariak» garela, beti «ikasle misiolariak» garela baizik. Argi ikusten ez badugu, begira diezaiegun lehenengo ikasleei, Jesusen begirada ezagutu eta berehala pozik ateratzen baitziren hots egitera: «Mesias aurkitu dugu!» (Jn 1,41). Emakume samariarra, Jesusekin izan zuen elkarrizketa bukatu bezain laster, misiolari bihurtu zen, eta samariar askok sinetsi zuten Jesusengan «emakumeak esandako testigantzagatik» (Jn 4,39). Paulo ere, Jesu Kristorekin topo eginda segituan «predikatzen hasi zen, Jesus Jainkoaren Semea dela hots eginez» (Eg 9,20). Zeren zain gaude gu?
121. Noski, denok ebanjelizatzaile bezala haztera deituak gaude. Heziketa hobe bat izaten saiatzen gara, gure maitasunean sakontzen eta Ebanjelioaren testigantza argiagoa ematen. Zentzu honetan, denok utzi behar dugu besteek etengabe ebanjelizatu gaitzaten; baina horrek ez du esan nahi ekintza ebanjelizatzailea geroko utzi behar dugunik, baizik eta bilatu egin behar dugu Jesusen berri emateko modua, bizi dugun egoera kontuan izanik. Edonola ere, denok gaude deituak Jaunaren maitasun salbatzailearen testigantza esplizitua besteei eskaintzera, gure akatsen gainetik Bere gertutasuna, Bere Hitza, Bere indarra eskaintzen baitigu eta gure bizitzari zentzua ematen baitio. Zure bihotzak badaki Bera gabe bizitza ez dela gauza bera; orduan, aurkitu duzun hori, bizitzen laguntzen dizun eta itxaropena ematen dizun horixe da besteei agertu behar diezuna. Gure itzalak ezin daitezke aitzakia bat izan; aitzitik, erdipurdikotasunean ez geratzeko eta hazten jarraitzeko etengabeko bultzada bat da misioa. Kristau orok eskaini behar duen fedezko testigantzak San Paulorekin hauxe esatea eskatzen du: «Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan […] atzean gelditu denaz ahazturik, aurrera jotzen dut» (Flp 3,12-13).

Jaiera herrikoiaren ebanjelizatze-indarra

122. Berdin, pentsa dezakegu Ebanjelioa inkulturatua izan den herri ezberdinak elkarteko subjektu aktiboak direla: ebanjelizatze eragile. Hau honela da, herri bakoitza baita bere kulturaren sortzaile eta bere historiaren protagonista. Kultura bizirik dagoen zerbait da, herri batek etengabe birsortzen duena eta belaunaldi bakoitzak bizitzaren egoera ezberdinen aurrean izateko jarrera sistema bat eskualdatzen dio hurrengo belaunaldiari, honek bere erronken arabera berriz gauzatu behar duena. Gizakia «parte hartzen duen kulturaren seme-alaba eta guraso da aldi berean»[97]. Herri batean Ebanjelioa inkulturatu denean, kultura eskualdatzeko prozesuan fedea ere eskualdatu egiten du, beti berriak diren moldeetan; hortik, inkulturazio bezala ulertutako ebanjelizatzearen garrantzia. Jainkoaren Herriaren zati bakoitzak, bere izaera propioaren arabera Jainkoaren dohaina bere bizitzara ekartzean, jaso duen fedearen testigantza ematen du eta aipagarriak diren adierazpen berriekin aberasten du. Esan daiteke «herriak bere burua ebanjelizatzen duela etengabe»[98]. Horretan hartzen du garrantzia jaiera herrikoiak, Jainkoaren Herriaren berezko misio jardunaren egiazko adierazpen baita. Garapen etengabean dagoen errealitate bat da, eta Espiritu Santua du eragile nagusia[99].
123. Jaiera herrikoian antzeman daiteke jasotako fedea nola hezurmamitu zen kultura batean eta nola gaur ere eskualdatuz doan. Garai batean mesfidantzaz ikusia zena, berriz ere aintzat hartua izan da Kontzilio-ondoko hamarkadetan. Paulo VI.a izan zen, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz apostolikoarekin zentzu honetan bultzada erabakigarria eman zuena. Han azaltzen da jaiera herrikoiak «behartsuek eta apalek bakarrik ezagutu dezaketen Jainko-egarria islatzen duela»[100] eta «fedea adierazteari dagokionean, heroitasunerainoko eskuzabaltasun eta sakrifiziorako gai egiten duela»[101]. Gure egunetatik gertuago, Benedikto XVI.ak Latinoamerikan esan zuen «Eliza katolikoaren altxor preziatu bat» dela eta bertan «herri latinoamerikarren arima azaltzen» dela[102].
124. Aparecidako agirian Espiritu Santuak bere dohaineko ekintzaz jaiera herrikoian agerrarazten dituen aberastasunak azaltzen dira. Kontinente maite horretan, kristau askok eta askok adierazten dute beraien fedea jaiera herrikoiaren bidez, gotzainek «espiritualitate herrikoia» edo «mistika herrikoia»[103] ere deitzen diote. «Apalen kulturan hezurmamitutako espiritualitate»[104] benetakoa da hori. Ez dago hutsa edukiei dagokienez, baizik eta bide sinbolikotik aurkitu eta adierazten ditu, arrazoi erabilgarriaren bidetik baino gehiago, eta sinesmen ekintzan gehiago azpimarratzen da credere in Deum, credere Deum baino[105]. «Fedea bizitzeko bidezko era bat [da], Elizaren parte sentitzeko bide bat eta misiolari izateko modu bat»[106]; misiolaritasunaren grazia du berekin, nor bere baitatik ateratzekoa, erromes izatekoa: «Santutegietarako bidea elkarrekin egitea eta jaiera herrikoiaren beste agerpenetan parte hartzea, bai seme-alabak eramanez edo baita beste batzuei gonbidapena luzatuz ere, egintza ebanjelizatzailea da bere horretan»[107]. Ez dezagula indar misiolari hori murriztu eta menderatu nahi izan!
125. Errealitate hau ulertzeko beharrezkoa da Artzain Onaren begiekin begiratzea, ez baitu bilatzen epaitzea, maitatzea baizik. Maitasunak ematen duen berezkotasun afektiboaren bidez antzeman dezakegu herri kristauen eta bereziki herririk behartsuenen jaieran presente dagoen bizitza teologala. Kredoko esaldiak elkar lotzen jakin ez arren, seme gaixoaren ohe-ondoan arrosariori tinko eusten dioten ama horien fede sendoan pentsatzen ari naiz, edota etxe apal batean Mariari laguntza eskatzeko pizten den kandelak adierazten duen hainbesteko itxaropenean, edo Kristo gurutziltzatuari zuzendutako maitasun eztizko begiradetan. Jainkoaren Herri santua maite duenak, ezin ditu ikusi ekintza hauek jainkozko bilaketa naturala bezala bakarrik. Gure bihotzetara isuria izan den Espiritu Santuaren (ik. Erm 5,5) egintzak bultzatutako jainkozko bizitzaren agerpena dira.
126. Jaiera herrikoian inkulturatutako Ebanjelioaren fruitu delakoindar eraginkor ebanjelizatzailea gordea dago, gutxietsi ezinekoa: Espiritu Santuaren lanaren berri ez izatea bailitzateke hori. Adoretu eta indartzera deituak gaude, inkulturazio prozesuan sakontzeko, inoiz amaitzen ez den errealitatea baita. Jaiera herrikoiaren agerpenek asko dute erakusteko, eta ulertzen dakienarentzat gune teologiko dira, ebanjelizatze berria pentsatzerakoan, bereziki, arreta merezi dutenak.

Pertsonatik pertsonara

127. Elizak misio-eraberritze sakona bizi nahi duen honetan, bada denoi eguneroko eginkizun bezala dagokigun prediku era bat. Harremaneko pertsonei bakoitzak Ebanjelioa eramatea da kontua, bai gertukoei baita ezezagunei ere. Elkarrizketa baten erdian egin daitekeen predikazio informala da, baita misiolari batek etxe bat bisitatzean egiten duena ere. Ikasle izatea, Jesusen maitasuna besteei eramateko jarrera iraunkorra izatea da eta hori edozein tokitan nahi gabe sortzen da: kalean, plazan, lanean, bidean.
128. Beti begirunezkoa eta adeitsua den prediku honetan, elkarrizketa pertsonala da lehenengoa, solaskideak azaldu eta partekatu ditzan bere pozak, bere itxaropenak, maite dituenekiko kezkak edo bihotzean dituen hainbat gauza. Lehenengo elkarrizketa horren ondoren bakarrik aurkez dakioke Hitza, txatalen bat irakurriz nahiz kontatuz, baina beti oinarrizko iragarpena zein den gogoratuz: gizon egin zen, gugatik bere burua eman zuen eta salbamena eta adiskidetasuna eskainiz bizirik dagoen Jainkoaren maitasun pertsonala. Apaltasun eta testigantza jarreraz partekatzen den iragarpena da, beti ikasten dakienak egiten duena, mezu honen aberastasunak eta sakontasunak beti gainditzen gaituela jakinik. Batzuetan era zuzenagoan aurkezten da, besteetan bizipen pertsonal baten bidez, kontakizun baten bidez, keinu baten bidez edo Espiritu Santuak egoera zehatzean argi emandako eran. Egoki irizten bada eta egoerak laguntzen badu, ona da senitarteko eta misiolaria den bilkura hau pertsona horrek adierazi dituen kezkekin lotutako otoitz labur batekin bukatzea. Honela, hobeki konturatuko da entzuna eta ulertua izan dela, bere egoera Jainkoaren eskuetan jarria izan dela, eta aitortuko du Jainkoaren Hitza benetan mintzo zaiola bere bizipenari.
129. Ez da pentsatu behar ebanjelioaren iragarpena ikasitako esapide batzuk errepikatuz egin behar denik beti, ezta erabat aldaezina den eduki bat adierazten duten hitz jakin batzuk esanez ere. Hainbeste eratara transmititzen da, oso zaila bailitzake azaltzea eta sailkatzea; era horietan  guztietan Jainkoaren Herria, bere mila ezaugarri eta keinurekin subjektu kolektiboa da. Beraz, Ebanjelioa kultura batean hezurmamitu bada, jada ez da jakinarazten pertsonatik pertsonara iragarriz bakarrik. Horrek pentsarazi egin behar digu, kristautasuna gutxiengoa den herrialdeetan, bataiatu bakoitza Ebanjelioa hots egitera bultzatzeaz gain, tokian tokiko Elizek eraginkorki sustatu behar dituztela inkulturazioaren lehen pausoak era ezberdinetan. Landu behar dena, azken finean zera da: iragartzen den kulturako kategorietan egindako Ebanjelioaren predikuak, kultura horrekin sintesi berri bat eragitea. Bide hauek motelak badira ere, beldurrak gehiegi geldiarazten gaitu batzuetan. Zalantza eta beldurrei ausardia arnasgabetzen uzten badiegu, behar bada, sormen handikoak izan beharrean eroso geratuko gara eta ez dugu aurrerapenik bultzatuko. Hori horrela izanik ez dugu gure laguntzarekin prozesu historikoetan parte hartuko, baizik eta Elizaren gelditasun antzu baten ikusle bakarrik izango gara.

Batasun ebanjelizatzailearen zerbitzura dauden karismak

130. Espiritu Santuak Eliza ebanjelizatzailea ere aberasten du karisma ezberdinekin. Eliza eraberritzeko eta eraikitzeko dohainak dira[108]. Ez dira talde bati zain dezan emandako ondare itxi bat; baizik Espirituaren opariak dira, eliz gorputzean bateratuak, erdigunea den Kristorengana erakarriak, bertatik bideratzen baitira bultzada ebanjelizatzaile batean. Karisma baten benetakotasuna azaltzen duen ezaugarri garbi bat bere eliztartasuna da, Jainkoaren Herri santuan denen onerako egoki bateratzeko duen gaitasuna. Espirituak eragindako egiazko berritasun batek, ez du behar beste espiritualtasun eta dohainei itzal egitea bera sendotua izateko. Ebanjelioaren bihotzera bere begirada hobeto zuzentzen duen heinean, are eliztarragoa izango da karisma horren jarduna. Elkartasunean bihurtzen da karisma bat, min emanik ere, egiazkoagoa eta misteriotsuki emankorragoa. Erronka hau bizi badu, bake-eredu izan daiteke Eliza munduaren erdian.
131. Pertsonen eta elkarteen gorabeherak deserosoak izaten dira batzuetan, baina aniztasuna sustatzen duen Espiritu Santuak, denetik atera dezake zerbait ona eta bihur dezake erakarmenez jardungo den bultzada ebanjelizatzaile. Aniztasunak, Espiritu Santuaren laguntzaz adiskidetua izan behar du beti; berak bakarrik susta ditzake aniztasuna, pluraltasuna, ugaritasuna eta aldi berean batasuna gauzatu. Ordea, aniztasuna nahi dugunak geu garenean eta gure berezitasunetan, gure esklusibismoetan itxi eta zatiketa sortzen dugunean eta, bestalde, geu gure giza egitasmoekin batasuna eratu nahi dugunak geu garenean, uniformetasuna eta homologazioa ezartzen ditugu. Horrek ez dio laguntzen Elizaren egitekoari.

Kultura, gogoeta eta hezkuntza

132. Kulturari berri ona hots egiteak, kultura profesionalei, zientifikoei eta akademikoei ere hots egitea eskatzen du. Fedearen, arrazoiaren eta zientzien elkartzea da, sinesgarritasunaren jardun berri batean saiatuko dena, apologetika[109] jator batean; horrek lagundu egingo du Ebanjelioa denek entzun dezaten baldintzak sortzen. Arrazoiaren eta zientziaren kategoria batzuk mezua hots egiteko onartzen direnean, kategoria horiek berak ebanjelizatze tresna bilakatzen dira; ardo bihurtzen den ura da. Onartzean askatua bakarrik ez, baizik eta Espirituaren lanabes bilakatzen dena hura da, mundua argitzeko eta berritzeko.
133. Ebanjelizatzaileak pertsona bakoitzarengana iristeko duen kezka nahikoa ez denez eta Ebanjelioa kulturei bere osotasunean ere iragartzen zaienez, teologiak —ez teologia pastoralak bakarrik— beste giza zientzia eta -bizipenekin elkarlanean, garrantzia handia du Ebanjelioaren proposamena kultura eta hartzaile ezberdinei nola helarazi pentsatzeko[110]. Ebanjelizatzen saiatzen den Elizak estimatzen eta bultzatzen du, teologoen karisma eta hauek teologia-ikerketarako egiten duten ahalegina, kulturen eta zientzien munduarekin elkarrizketa izatea bultzatzen baitu horrek. Dei egiten diet teologoei zerbitzu hau bete dezatela Elizaren salbamen-egintzaren parte denez. Baina, horretarako beharrezkoa da Elizaren eta baita teologiaren helburu ebanjelizatzailea bihotzean izatea, eta bulegoko teologiarekin ez konformatzea.
134. Unibertsitateak toki ezin hobea dira ahalegin ebanjelizatzaile hau era interdisziplinario eta bateratzailean pentsatu eta aurrera eramateko. Kristau-eskolak, hezkuntza eta Ebanjelioaren iragartze esplizitua bateratzen saiatzen direnak, ekarpen baliotsua dira kultura ebanjelizatzeko, baita kontrako egoera dela eta bide egokiak bilatzeko gure sormena lantzea zaila den herrialde eta hirietan ere[111].

II. Homilia

135. Gogoeta egin dezagun orain liturgiaren barruan egiten den predikuaz, Artzainek egin beharreko ebaluazio serioa eskatzen baitu. Bereziki aztertuko dut, zehatz-zorrotz egin ere, homilia eta beronen prestaketa, asko baitira ministeritza eder honi egindako eskabideak eta ezin dugu ez-entzun geratu. Homilia da Artzain batek bere herriarekin duen gertutasuna eta topo egiteko gaitasuna neurtzeko frogagarria. Izan ere, badakigu fededunek garrantzia handia ematen diotela; eta beraiek, ministro ordenatuek bezalaxe, asko sufritzen dute: batzuk entzutean eta besteek predikatzean. Tamalgarria da hori. Homilia izan daiteke egiaz Espirituaren esperientzia bizi eta zoriontsua, Hitzarekin topo-egite bizkorgarria eta berrikuntza- eta hazkunde-iturri etengabea.
136. Berri dezagun predikuan dugun konfiantza, horren oinarrian baitago predikatzailearen bidez Jainkoak besteengana iritsi nahi duela eta Berak giza hitza bitarteko dela bere indarra helarazten duela sinestea. San Paulok oso garbi hitz egiten du predikuaren beharraz, Jaunak gure hitzaren bidez ere iritsi nahi izan baitu besteengana (ik. Erm 10,14-17). Hitzaren bidez, gure Jaunak jendearen bihotzak bereganatu zituen. Alde guztietatik etortzen ziren Berari entzutera (ik. Mk 1,45). Harriturik geratzen ziren Haren irakaspenak jasoz (ik. Mk 6,2). Aginpidea duenaren modura mintzo zitzaiela sentitzen zuten (ik. Mk 1,27). Hitzaren bidez «berarekin bizitzeko eta berri ona hots egitera bidaltzeko» (Mk 3,14) izendatu zituen Apostoluek Elizara erakarri zituzten herri guztiak (ik. Mk 16,15.20).

Testuinguru liturgikoa

137. Gogoratu beharra dago hau: «liturgian egiten den Jainkoaren Hitzaren aldarrikapena, bereziki Eukaristi batzarrean egiten dena, ez da hainbeste hausnarketa- eta katekesi-unea, Jainkoaren eta Bere herriaren arteko elkarrizketa baizik, bertan salbamenaren harrigarriak hots eginak baitira eta itunaren eskakizunak berriz proposatuak»[112]. Bada homiliarekiko estimu berezi bat Eukaristiaren testuingurutik datorrena: katekesi oro gainditzen du, sakramentuzko jaunartzearen aurretik egiten den Jainkoaren eta Bere herriaren arteko elkarrizketaren une gorena delako. Jaunaren eta Bere herriaren artean hasia dagoen elkarrizketa berriz ekitea da homilia. Predikua egiten duenak ezagutu egin behar du bere elkartearen bihotza, Jainkoarekiko gogo bizia eta sutsua non dagoen bilatzeko, baita maitasunezkoa zen elkarrizketa hori itzalia non izan den edo fruiturik ematerik non izan ez zuen bilatzeko ere.
138. Homiliak ezin du izan ikuskizun entretenigarri bat, ez dio erantzuten baliabide mediatikoen logikari, baina ospakizunari behar duen gogo bizia eta zentzua eman behar dizkio. Genero berezia da, liturgi ospakizun baten baitan egiten den predikua delako; horregatik, laburra izan behar du eta hitzaldi edo eskola tankera saihestu behar da. Predikaria izan daiteke jendearen arreta ordubetez pizteko gai, baina era horretan bere hitza fede-ospakizuna baino garrantzitsuagoa bilakatzen da. Homiliak, gehiegi luzatuz gero liturgi ospakizunaren bi berezitasuni eragiten die: bere zatien arteko harmoniari eta erritmoari. Predikua liturgi ospakizunaren baitan egiten denean, Aitari egindako eskaintzarekin bat egiten du eta Kristok ospakizunean isurtzen duen graziaren bitarteko egiten. Testuinguru horrek berak eskatzen du, predikuak batzarra eta predikaria bera bideratzea, bizitza aldatuko duen batasuna iritsi dezaten Kristorekin Eukaristian. Horrek predikariaren hitzak gehiegizko lekua ez hartzea eskatzen du, Jaunak Bere zerbitzariak baino distira gehiago egin dezan.

Amaren elkarrizketa

139. Esan dugu Jainkoaren Herria bere burua etengabe ebanjelizatzen ari dela, Espiritu Santuaren ekintza iraunkorragatik. Zer eskakizun du uste horrek predikariarentzat? Eliza ama dela, eta berri ona ama batek semearekin hitz egiten duen bezala hots egiten duela, jakinik, semeak uste duela erakusten dion guztia onerako izango dela, maitatua sentitzen baita. Gainera, ama onak badaki Jainkoak bere semearengan erein duen guztia aitortzen, bere kezkak entzuten ditu eta berarengandik ikasten du. Familia batean nagusitzen den maitasun-espirituak ama zein semea gidatzen ditu erakusten nahiz ikasten, zuzentzen nahiz ona aintzat hartzen den beraien arteko elkarrizketetan; horixe gertatzen da homilian. Ebanjelioa inspiratu zuen eta Jainkoaren Herriarengan diharduen Espirituak erakusten du herriaren fedea nola entzun behar den eta Eukaristia bakoitzean predikua nola egin behar den ere. Kristau-predikuak, beraz, herriaren kultur bihotzean aurkitzen du ur bizizko iturri bat zer esan behar duen eta nola esan behar duen jakiteko. Geure ama hizkuntzan hitz egin diezaguten atsegin dugun bezala, fede-mailan ere «ama kulturan» hitz egin diezaguten gustatzen zaigu, etxekoa zaigun hizkeran (ik. 2M 7, 21.27), eta honela bihotza arreta gehiagoz entzuteko prestatzen da. Adorea, arnasa, indarra eta bultzada helarazten dituen doinua da hizkera.
140. Jaunak bere herriarekin elkarrizketa duen eliz eta ama giro hau bultzatu eta zaindu behar da predikariaren gertutasun maitekorraren bidez, bere ahotsaren gozotasunez, bere esaldien otzantasunez eta bere keinuen alaitasunez. Homilia aspergarria denean ere, eliz eta ama espiritu hori baldin badu, beti izango da emankorra, amaren burubide aspergarriek denborarekin seme-alaben bihotzetan fruitu ematen duten modu berean.
141. Harrituta geratzen da bat Jaunak bere herriarekin mintzatzeko, bere misterioa guztiei agertzeko, jende hain apala hain gorengoak diren eta hainbesteko eskakizuna duten irakaspenekin erakartzeko zenbat baliabide zituen ikustean. Uste dut, ahultasun eta eroraldiak baino haratago ikusiz, Jesusek herriari begiratzen zion moduan dagoela gakoa: «Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak Erreinua zuei ematea» (Lk 12,32); Jesusek gogo horrekin hots egiten du berri ona. Espirituak eraginda pozik bedeinkatzen du txikiak erakartzen dituen Aita: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu». (Lk 10,21). Jauna egiaz pozten da bere herriarekin elkarrizketa izateaz eta predikariari dagokio Jaunaren atsegin hori Bere jendeari helaraztea.

Bihotzak sutan jartzen dituzten hitzak

142. Egia bat jakinaraztea baino askoz gehiago da elkarrizketa bat. Hitz egiteko zaletasunaz eta elkar maite dutenen artean jakinarazten den on zehatzaz gauzatzen da hitzen bidez. Gauzetan oinarri ez duen ondasun bat da, solasean bata bestearentzat eskaintzen diren pertsonetan baizik. Moralista edo doktrinatzailea soilik den predikuak, edota exegesi eskola bat bihurtzen denak, murriztu egiten du erabat homilian ematen den bihotzen arteko komunikazio hau, ia sakramentuzkoa dena: «Predikutik dator sinestea, eta predikua Kristoren berri ematea da» (Erm 10,17). Homilian, edertasunaren eta ongiaren eskutik doa egia. Kontua ez da egia abstraktuak edo silogismo hotzak erabiltzea, on egitea bultzatzeko Jaunak erabiltzen zituen irudien edertasuna ere komunikatzen baita. Kristau-herriaren oroimenak Jaunaren harrigarriez gainezka geratu behar du, Mariarena bezala. Herriaren bihotza jabetzen da —jasotako maitasunaren bizipen alaiaren eta daitekenaren itxaropenez— Eskritura dohaina dela eskakizuna baino lehenago.
143. Kulturan txertatutako predikuaren erronka osotasuna ebanjelizatzea da, ez ideia edo balio solteak. Zure sintesia non, han dago zure bihotza. Sintesia argitzetik burutapen solteak argitzera dagoen aldea, aspermenaren eta bihotzeko garraren arteko alde bera da. Elkar maite duten bihotzak —Jaunarena eta bere herriarena— batzearen egiteko eder bezain zaila du predikariak. Jainkoaren eta bere herriaren arteko elkarrizketak bien arteko ituna sendotzen du eta maitasun lokarria estutzen. Homilia ari den unean, fededunak isiltasunean egoten dira, Berari hitz egiten utziz. Jaunak eta herriak mila eratara hitz egiten dute elkarrekin, bitartekorik gabe. Baina homilian norbaitek bitarteko egitea eta sentipenak azaltzea nahi dute, bakoitzak aukera dezan gero nola bidetatik jarraitu elkarrizketa. Hitza bitartekoa da funtsean eta beharrezkoa du, elkarrizketan ari diren biez gain, horixe adieraziko dien predikaria, honetaz konbentziturik dagoena: «Ez gara geure buruak predikatzen ari, Jesu Kristo Jauna dela baizik, eta gu ez gara zuen zerbitzari besterik Jesusen maitasunagatik» (2Ko 4,5).
144. Bihotzetik hitz egiteak, hau sutsu edukitzea ez ezik, Errebelazioaren osotasunak eta Hitz horrek Elizaren eta kristau-herriaren bihotzean historian zehar egin duen ibilbideak argitua egotea eskatzen du. Aitak txikitan eman zigun bataio-besarkada den kristau nortasunak, seme hondatzaile —eta Mariaren kutun— modura beste besarkada baten gogoz biziarazten gaitu, Aita errukitsuak bere aintzan emango digun besarkadaren zain, alegia. Gure herria bi besarkada hauen artean bezala biziaraztea da Ebanjelioa hots egiten duenaren eginkizun zail baina ederra.

III. Predikuaren prestaera

145. Predikuaren prestaera hain da eginkizun garrantzitsua, horretarako ikerketako, otoitzeko, hausnarketako eta sormen pastoraleko aldi luze bat eskaintzea komeni baita. Maitasun osoz eskaini nahi dut homilia prestatzeko bide baten proposamena. Batzuentzat jakinak diren aholkuak dira, baina iradokitzea komenigarri ikusten dut, ministeritza eder honi behar adina denbora eskaintzearen beharra oroitarazteko. Parroko batzuk esan ohi dute hori ezinezkoa dela, egin behar dituzten milaka eginkizun direla eta; hala ere zera eskatzera ausartzen naiz: eskainia izan dadila astero denbora pertsonala eta elkartekoa jardun honetarako, baita hori dela eta beste gauza garrantzitsu batzuei denbora kendu behar bazaie ere. Predikuan jarduten den Espiritu Santuagan izan behar den konfiantza ez da pasiboa, aktiboa eta sormenezkoa baizik. Bitarteko bezala eskaintzea eskatzen du (ik. Erm 12,1), norbere gaitasun guztiekin, Jainkoak erabili ahal izan ditzan. Prestatzen ez den predikaria ez da «espirituala»; zintzotasunik eta ardurarik gabea da hartu dituen dohainekiko.

Egiaren gurtza

146. Lehenengo pausoa, Espiritu Santuari dei egin ondoren, arreta guztia Bibliako testuan jartzea da, bera baita predikuaren oinarria. Testuaren mezua zein den ulertzen saiatzean «egiaren gurtza»[113] egiten du predikariak. Hitzak beti gainditzen gaituela aitortzen duen bihotzaren apaltasuna da, ez baikara «jabeak, ezta epaileak ere, gordailuzainak, mezulariak, zerbitzariak baizik»[114].
       Hitzarekiko apaltasun eta harridurazko gurtza-jarrera hau, Hitza arreta handiz eta ezer aldatzeko begirune santuz aztertzeko tartea hartuz agertzen da. Bibliako testu bat interpretatzeko beharrezkoa da pazientzia, estutasunak uztea eta denbora, arreta eta doaneko ardura ematea. Gainditzen gaituen kezka oro alboratu behar da, patxadazko arreta giroan murgiltzeko. Bibliako testu bat irakurtzeak ez du merezi, helburua ondorio azkar, erraz eta berehalakoak iristea baldin bada. Horregatik, predikuaren prestaerak maitasuna behar du. Maite diren gauzei edo pertsonei bakarrik eskaintzen zaie doaneko eta presarik gabeko denbora; eta hemen, hitz egin nahi izan duen Jainkoa maitatzea da kontua. Maitasun horretatik abiatuta, behar adina denbora gera gintezke ikaslearen jarrerarekin: «Mintza, Jauna, adi duzu zeure morroi hau» (1Sm 3,9).
147. Ezer baino lehen, irakurtzen ditugun hitzen esanahia ongi ulertzen dugula ziur egotea komeni da. Jakina dirudien baina beti kontuan hartzen ez den zerbait azpimarratu nahi dut: aztertzen dugun Bibliako testuak bi mila edo hiru mila urte ditu, bere hizkera oso ezberdina da guk gaur darabilgunetik. Gure hizkuntzara itzuliak dauden hitzak ulertzen baditugu ere, horrek ez du esan nahi idazle santuak adierazi nahi zuen guztia ondo ulertzen dugunik. Ezagunak dira azterketa literarioak agertzen dituen baliabideak: errepikatzen edo nabarmentzen diren hitzei arreta eskaini, testuaren egitura eta bizitasuna ezagutu, pertsonaiek duten tokia kontuan izan, e.a. Baina eginkizuna ez da testu baten xehetasun txiki guztiak begiratzea, garrantzitsuena mezu nagusia —testuari egitura eta batasuna ematen diona— zein den konturatzea da. Predikariak ahalegin hau egiten ez badu, litekeena da bere predikua ere batasun eta ordenarik gabekoa izatea; bere jarduna, inor mugiarazten ez duen elkarren arteko loturarik gabeko burutapen multzo bat izango da. Mezu nagusia, idazleak lehenengo helarazi nahi izan duen hura da, eta horrek ez du eskatzen ideia bat jakitea, idazleak horrekin lortu nahi izan duen eragina ezagutzea baizik. Testu bat kontsolatzeko idatzia izan bazen, ez litzateke erabili behar akatsak zuzentzeko; idatzi bat aholkatzeko idatzi bazen, ez da erabili behar doktrinatzeko; Jainkoari buruz zerbait erakusteko idatzi bazen, ez litzateke erabili behar iritzi teologiko ezberdinak agertzeko; gorespena edota misio egintza eragiteko idatzia izan bazen, ez dezagun erabili azken gertaerei buruz berri emateko.
148. Egia da, testu baten mezu nagusia egoki ulertzeko, beharrezkoa dela Elizak erakusten duen Biblia osoaren irakaspenarekin lotzea. Bibli interpretazioaren printzipio garrantzitsua da hau, kontuan baitu Espiritu Santuak ez zuela zati bat bakarrik inspiratu, Biblia osoa baizik eta, batzuetan, izandako bizipenaren arabera hazi dela herriagan Jainkoaren nahiarekiko ulermena. Honela saihesten dira Eskritura horietan bertan dauden beste irakaspen batzuk ukatzen dituzten interpretazio okerrak edo partzialak. Prediku aspergarri eta eragin-gabearen akatsetako bat, hain zuzen, aldarrikatu den testuaren berezko indarra helarazi ezina da.

Hitza pertsonalizatzea

149. Predikariak «lehenengoa izan behar du Jainkoaren Hitzaren ezagutza pertsonal handia izaten: ez du nahikoa bere alderdi linguistikoa edo exegetikoa ezagutzearekin, hau beharrezkoa bada ere; bihotz otzan eta otoizlariarekin Hitzarengana gerturatzea behar du, berau pentsamendu eta sentipenetan barnera dakion eta barruan pentsamolde berri bat sor dezan»[115].  On egiten digu, egunero, igandero, homilia prestatzerakoan, gure gogo bizia berritzeak eta hots egiten dugun Hitzarekiko maitasuna gugan hazten ote den egiaztatzeak. Ez da komeni ahaztea: «zerbitzariaren santutasun handiago nahiz txikiagoak eragina du, bereziki, Hitzaren iragarpenean»[116]. San Paulok dioen moduan, «hitz egiten dugu, ez gizakiei atsegin emateko, gure bihotzak aztertzen dituen Jainkoari baizik» (1Tes 2,4). Hots egin behar den Hitza lehenengo guk geuk entzuteko gogoa bizirik baldin badago, helduko zaio Hitza, nola edo hala, Jainkoaren Herriari: «ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu» (Mt 12,34). Igandeko irakurgaiek oihartzun bikaina izango dute herriaren bihotzean, Artzainaren bihotzean lehenik oihartzun izan bazuten.
150. Jesus haserretu egiten zen besteekin zorrotzak ziren sasi-maisuekin, Jainkoaren Hitza irakatsi bai, baina beraiek ez zuten Hitzaren argirik jasotzen: «Zama astunak lotu eta besteei leporatzen dizkiete, baina beraiek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi» (Mt 23,4). Santiago Apostoluak aholku hau ematen zuen: «Senideok, ez zaitezte ibil denok maisu izan nahian; jakizue maisuok auzi zorrotzagoa izango dugula» (3,1). Prediku egin nahi duenak prest egon behar du, lehenengo Hitzak bera hunki dezan eta berarengan hezurmamitu dadin. Honela, predikua jardun indartsu eta emankorra izango da, «norberak begietsi duena besteei helaraztea»[117], alegia. Honegatik guztiagatik, predikuan esan behar duena zehatz prestatu baino lehen, prest egon behar du besteak zaurituko dituen Hitzak lehenengo bera zauri dezan, Hitz bizi eta eraginkorra baita, ezpata baten modura «gogo eta espirituaren sakon-sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu» (Heb 4,12). Horrek balio pastorala du. Garai honetan ere jendeak nahiago du testiguei entzutea: «egiazkotasun egarria du [...]. Ezagutzen duten eta ikusiko balute bezala etxekotzat duten Jainkoari buruz hitz egiteko eskatzen die ebanjelizatzaileei»[118].
151. Ez zaigu eskatzen orbangabeak izatea, bai ordea beti hazten egotea, Ebanjelioaren bidean hazteko gogo sakona izatea, besoak ez jaistea. Ezinbestekoa dena zera da, predikariak ziur jakitea Jainkoak maite duela, Jesu Kristok salbatu duela, bere maitasunak duela beti azkeneko hitza. Hainbesteko edertasunaren aurrean, sumatuko du behar bezalako aintza ez diola ematen, eta horrenbesterainoko maitasunari egokiago erantzun nahi izango dio egiaz. Baina egiazko irekitasunez Hitz hori entzutera geratzen ez bada, bere bizitza uki dezan, galdegin diezaion, burubide eman diezaion, mugiaraz dezan uzten ez badu, orduan bai izango dela sasi-profeta bat, iruzurgile bat eta hitzontzi huts bat. Inondik ere, bere beharraz jabetuz eta gehiago konprometitu nahian, beti eskaini ahal izango du Jesu Kristo, Pedrok bezala esanez: «Ez dut ez urrerik, ez zilarrik, baina dudana emango dizut» (Eg 3,6). Izaki bizi, aske, eta sortzaile bezala erabili nahi gaitu Jaunak, inori helarazi baino lehen Hitza beraiengan sar dadin uzten duten izaki bezala; predikariaren bidez igaro behar du bere mezua benetan, baina ez arrazoiaren bidez bakarrik, bere izate osoaren jabe eginik baizik. Hitza inspiratu zuen Espiritu Santua bera da «gaur, Elizaren hastapenetan bezala, Berak hartu eta gida dezan uzten dion ebanjelizatzailearengan ari dena, eta berak bakarrik aurkituko ez lituzkeen hitzak jartzen dizkio ezpainetan»[119].

Irakurketa espirituala

152. Bada Jaunak bere Hitzean esan nahi diguna entzuteko eta Espirituak alda gaitzan uzteko era zehatz bat. «Lectio divina» deitzen dioguna da. Jainkoaren Hitza otoitz une batean irakurtzea da, argi gaitzan eta berrizta gaitzan utziz. Bibliaren otoitzezko irakurketa hau ez dago banandua predikariak testuaren mezu nagusia aurkitzeko egiten duen irakurketatik; aitzitik, bertatik abiatzen da, mezu horrek berak bere bizitzarako zer esaten dion igartzeko. Testu baten irakurketa espiritualak hitzez hitzeko bere zentzua izan behar du abiapuntu. Bestela, komenientziaren arabera esanaraziko zaio testuari, norbere erabakiak sendotzeko balio duena, norbere buruko eskemei egokitzen zaiona. Hori, azken finean, sakratua dena norbere onurarako erabiltzea da eta Jainkoaren Herria nahastea. Ez da sekula ahaztu behar batzuetan «Satanasek berak argizko aingeru-itxurak hartzen» (2Ko 11, 14) dituela.
153. Testuaren irakurketa Jaunaren aurrean patxadaz eginez, komeni da galdetzea, adibidez: «Jauna, zer esaten dit niri testu honek? Zer aldatu nahi duzu nire bizitzan mezu honen bidez? Zerk gogaitarazten nau testu honetan? Zergatik hau ez zait interesatzen?», edota: «Zergatik dut gustuko? Zerk adoretzen nau? Zergatik erakartzen nau?». Batek Jaunari entzuteko saiakera egiten duenean, tentaldiak izaten dira. Horietako bat, sinpleki, gogaitua edo gainditua sentitu eta ixtea da; oso ohiko beste tentaldi bat testuak bestei zer esaten dien pentsatzea da, norbere bizitzarako kontuan hartu beharrean. Gertatzen da, testu baten mezu zehatza ezerezteko aitzakiak bilatzen hastea re. Inoiz pentsatzen dugu Jainkoak erabaki handiegia eskatzen digula eta ez gaudela prest oraindik horretarako. Hitzarekin topo egiteak ematen duen poza galarazten die horrek pertsona askori, eta Aita Jainkoak inork baino pazientzia gehiago duela ahaztea litzateke hori, inork ez duela Berak bezala ulertzen eta itxaroten. Pauso bat gehiago ematera deitzen gaitu beti, baina ez du erabateko erantzuna eskatzen, hori posible egiten duen bidea oraindik egin ez badugu. Baina gure bizitzari zintzoki begiratzea nahi du, eta bere aurrean gezurrik gabe aurkeztea, hazten jarraitzeko prest egotea, eta oraindik lortu ezin duguna Berari eskatzea.

Belarri bat herrian

154. Predikariak beharrezkoa du herrian belarri bat jartzea, fededunek behar dutena zer den jakiteko. Predikari bat Hitzaren kontenplatzaile bat da, eta baita herriaren kontenplatzaile bat ere. Honela, jakiten ditu «giza talde bat edo bestea bereizten dituen helburuak, aberastasunak, mugak, otoitz egiteko, maitatzeko eta bizitzari eta munduari begiratzeko erak», arreta eskainiz «bere ezaugarri eta sinboloak dituen herri zehatzari, eta azaltzen dituen galderei erantzunez»[120]. Bibliako testuaren mezua giza egoeraren batekin lotzea da kontua, beraiek bizi duten zerbaitekin, Hitzaren argia behar duen bizipen batekin. Kezka honek ez dio erantzuten jarrera oportunista eta zuhur bati, baizik eta egiaz erlijiosoa eta pastorala da. «Gertakarietan Jainkoaren mezua irakurtzeko sentsibilitate espiritual bat»[121] da funtsean eta esateko zerbait interesgarria aurkitzea baino askoz gehiago da hori. «Egoera jakin batean Jaunak esan nahi duena»[122] da bilatu nahi dena. Orduan, predikuaren prestaera bereizmen ebanjeliko jardun bat bilakatzen da, bertan ezagutzen saiatuz —Espirituaren argitan— «egoera historiko jakin batean Jainkoak entzunarazten duen mezua; horretan eta horren bidez deitzen dio Jainkoak fededunari»[123].
155. Bilaketa honetan posible da ohikoa den giza esperientziaren batera jotzea: berria biltzearen poza, desilusioak, bakardadearen beldurra, besteen minarekiko errukia, etorkizunarekiko zalantza, maite den batekiko kezka, e.a.; baina sentiberatasun gehiago behar da beraien bizitzarekin egiazko zerikusia duena ezagutzeko. Gogora dezagun ez dela sekula erantzun behar inork egiten ez duen galderarik; ez da komeni interesa pizteko gaurkotasun kronikarik egitea ere: horretarako daude telebistako programak. Izatekotan, posible da gertakariren batetik abiatzea, oihartzun handiagoa izan dezan Hitzak egiten duen deiak: bihotz-berritzeko, gurtzarako, senidetasun eta zerbitzu egintza zehatzetarako, e.a., errealitateari buruzko komentarioak entzuten gozatzen baitute batzuk, baina bere bizitzari eragiten utzi gabe.

Baliabide pedagogikoak

156. Zer esan behar duten badakitelako predikari onak izan daitezkeela uste dute batzuk, baina ez dute zaintzen nola esan, predikua zein eratan zehaztu. Kexu azaltzen dira entzunak edo baloratuak ez direnean, baina behar bada, mezua helarazteko erarik onena bilatzen ez dira saiatu. Gogora dezagun: «edukiaren garrantzia jakinak, ez du ahaztu behar ebanjelizatzearen modu eta bideen garrantzia»[124]. Predikua egiteko eraz kezkatzea, jarrera espirituala da benetan. Jainkoaren maitasunari erantzutea da, Berak emandako egitekorako gure gaitasun guztiekin eta gure sormen guztiarekin geure buruak emanez: baina hurkoarekiko maitasun-egintza bikain bat ere bada, ez baitiegu eskaini nahi besteei kalitate gutxiko zerbait. Biblian, adibidez, gomendio bat aurkitzen dugu, predikua prestatzean bere luzapena kontuan izateko: «Labur hitz egin, hitz gutxitan asko esanez» (Si 32,8).
157. Ereduren bat jartzegatik, gogora ditzagun predikua aberastu eta erakargarri bilakatu dezaketen baliabide erabilgarri batzuk. Ahalegin beharrezkoena, predikuan irudiak erabiltzen ikastea da, hau da, irudien bidez hitz egitea. Adibideak erabiltzen dira batzuetan, azaldu nahi dena ulergarriago egiteko, baina adibide horiek adimenari zuzenduak egoten dira; irudiek berriz lagundu egiten dute helarazi nahi den mezua balioetsi eta onartzen. Irudi erakargarri batek lagundu egiten du mezua etxeko zerbait bezala, gertukoa, posible dena, bizitzarekin lotua sentitzen. Ondo aukeratutako irudiak lagun dezake helarazi den nahi mezua gustuko izaten eta borondatea Ebanjelioaren norabidera zuzentzen. Aspaldiko maisu batek esan ohi zidan bezala, homilia on batek, «ideia bat, sentipen bat, irudi bat» izan behar ditu berekin.
158. Paulo VI.ak esan zuen moduan fededunek «asko espero dute prediku horretatik eta fruitua atera diezaiokete erraza, argia, zuzena eta egokia baldin bada»[125]. Erraztasunak zer ikusia du erabilitako hizkerarekin. Hartzaileek ulertzen duten hizkera izan behar du, alferrik jarduteko arriskurik ez izateko. Sarritan gertatzen da, predikariek ikasketetan edo giro jakin batean ikasitako hitzak erabiltzea, entzuten ari direnen hizkeraren parte ez diren hitzak, alegia. Badira teologiari edo katekesiari dagozkion zenbait hitz, kristau gehienentzat ulergarriak ez direnak. Predikariaren arrisku handiena bere hizkerarekin ohitu eta beste guztiek ere erraz erabili eta ulertzen dutela pentsatzea da. Hitza haiengana iritsarazteko gainontzekoen hizkerari egokitu nahi zaionak, asko entzun behar du, jendearekin bizitza partekatu beharra dauka eta gogozko arreta jarri behar die. Erraztasuna eta argitasuna bi gauza ezberdin dira. Izan daiteke oso hizkera erraza, baina predikua batere argia izan ez. Bihur daiteke ulergaitza ordena edo logika faltagatik, edo gai bat baino gehiago aldi berean erabiltzeagatik. Beraz, beste egin behar bat predikuak gai aldetik batasuna izan dezan ahalegintzea da, ordena argia izan dezan eta esaldien arteko lotura bat, entzuleek erraz jarrai dezaten predikariak esaten duena eta esandakoaren logika jaso dezaten.
159. Beste ezaugarri bat mintzaira baikorra da. Ez du esaten hainbeste zer ez den egin behar, baizik eta hobeto egin genezakeena proposatzen du. Hala ere, zerbait ezkorra aipatzen badu, beti saiatzen da erakargarri izango den alderdi baikorren bat ikusarazten, kexan, aienean, kritikan edo ausikian ez geratzeko. Gainera, prediku baikorrak beti pizten du itxaropena, etorkizunera bideratzen gaitu eta ez gaitu ezkortasunean itxiak uzten. Ze ona den apaiz, diakono eta laikoak noizean behin biltzea, predikua erakargarriagoa egiten duten baliabideak elkarrekin aurkitzeko!

IV. Kerygmaren sakontzerako ebanjelizatze bat

160. Jaunaren misiora-bidaltzeak berekin du fede hazkuntzarako deia, esaten duenean: «nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz» (Mt 28,20). Honela garbi geratzen da lehenengo iragarpenak hezkuntza eta heltze bide bat sorrarazi behar duela. Ebanjelizatzeak hazkundea ere bilatzen du, eta horrek pertsona bakoitza eta Jainkoak harentzat duen egitasmoa kontuan hartzea eskatzen du. Gizaki bakoitzak gero eta gehiago behar du Kristo, eta ebanjelizatzeak ez luke utzi inor behar gutxirekin konformatzen, baizik eta esan dezala bete-betean: «Honezkero ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan» (Ga 2,20).
161. Ez litzake zuzena izango hazkunderako dei hori heziketa doktrinal bezala bakarrik edo nagusiki ulertzea. Helburua, Bere maitasunari erantzunez Jaunak adierazi diguna «betetzea» da, gainontzeko bertuteekin batean, lehenengoa eta handiena den agindu berri hura nabarmentzen baita adierazitakoen artean, horixe izanik ikasle bezala hobekien ezagutarazten gaituena: «Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala» (Jn 15,12). Argi dago, Itun Berriaren idazleek kristau-mezu morala azken sintesira, funtsezkora, laburbildu nahi dutenean, hurkoa maitatzearen eskakizun saihestezina aurkezten digutela: «Lagun hurkoa maite duenak bete du legea [...]. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea» (Erm, 13,8.10). Honela dio San Paulok, berarentzat maitasun aginduak ez baitu legea laburbiltzen bakarrik, baizik eta bere bihotza eta izateko arrazoia osatzen du: «Lege osoa betetzen baita agindu bakar hau betez gero: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Ga 5,14). Eta kristau bizitza maitasunez hazteko bide bezala proposatzen die bere elkarteei: «Jaunak gero eta handiago egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna» (1Tes 3,12). Santiagok ere burubide ematen die kristauei bete dezaten «Liburu Santuaren arabera lege nagusia: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (2,8), inongo agindutan hutsik ez egiteko.
162. Bestalde, erantzun eta hazkunde bide honek dohaina du beti aurretik, Jaunaren beste dei hura baitago lehenengo: «...izenean bataiatuz» (Mt 28,19). Aitak doan oparitzen duen seme-alabatza eta bere graziaren dohainaren ekimena dira (ik. Ef 2,8-9; 1Ko 4,7) Jainkoari atsegin zaion eta aintza ematen dion etengabeko santutze hau posible egiten duten baldintzak. Kristogan itxuraldatzen uztea da helburua, aurrera doan «Espirituaren baitako» (Erm 8,5) bizitzarekin.

Kerygmatikoa eta mistagogikoa den katekesia

163. Hezkuntza eta katekesia hazkunde horren zerbitzura daude. Baditugu katekesiari buruzko irakaspen-testuak eta lagungarriak Aulki Santuak eta Gotzain batzar ezberdinek eskainiak. Gogoan ditut Catechesi tradendae (1979) Aholku-hitz apostolikoa, Katekesirako Direktorio nagusia (1997) eta hemen bere edukia aipatzea beharrezkoa ez den beste idazki batzuk. Azpimarratzea komenigarria iruditzen zaidan alderdi batzuei bakarrik begiratuko diet.
164. Konturatu gara, katekesian ezinbesteko eginkizuna duela lehenengo iragarpen edo «kerygma» izenekoak, horrek egon behar baitu egintza ebanjelizatzailearen eta eliz berrikuntza ororen erdi-erdian. Kerygma Hirutasunarekin lotua dago. Mihi-itxuran ematen den Espirituaren sua da, Jesu Kristorengan sinestarazten diguna; eta Honek bere heriotza eta piztueraz agertzen eta ezagutarazten digu Aitaren erruki amaigabea. Katekistaren ahotik lehenengo iragarpena entzuten da beti, behin eta berriz: «Jesu Kristok maite zaitu, Bere bizia eman zuen zu salbatzeko eta orain bizirik dago eta zure ondoan egunero, zu argitzeko, zu sendotzeko, zu askatzeko». Lehenengo iragarpen honi «lehenengo» deitzen zaionean, ez du esan nahi hasieran dagoenik eta gero ahaztu edo gainditzen duten beste eduki batzuez ordezkatu behar denik. Zentzu kualitatiboan da lehenengoa, iragarpen nagusia delako, katekesian zehar, berriz ere, bere aro eta une guztietan, era batera edo bestera, beti iragarri behar dena, alegia[126]. Horrexegatik «apaizak, Elizak bezala, hazi egin behar du ebanjelizatua izan beharraren kontzientzian»[127].
165. Ez da pentsatu behar katekesian kerygma alboratua denik, «sendoagoa» den balizko heziketa bat dela eta. Ez da ezer sendoagorik, sakonagorik, seguruagorik, trinkoagorik, jakintsuagorik, iragarpen hori baino. Kristau-heziketa oro, gero eta hobeto hezurmamitzen doan kerygma horren sakontzea da ezer baino gehiago, ez baitio inoiz uzten katekesi-eginkizuna argitzeari, eta lagundu egiten baitu katekesian lantzen den edozein gairen zentzua hobeki ulertzen. Giza bihotz orok duen betikotasun-gogoari erantzuten dion iragarpena da. Kerygmaren nagusitasunak gaur edonon beharrezkoak diren ezaugarriak eskatzen ditu iragarpenerako: betebehar moral edo erlijiosoak baino lehen Jainkoaren maitasun salbatzailea adieraztea, egia ez inposatzea eta askatasuna baliatzea, poz, bultzada, bizitasun zantzuak edukitzea, eta doktrina batzuen predikura mugatzen ez den osotasun harmoniatsu bat izatea; doktrina horiek gehiago baitute askotan filosofiatik ebanjeliotik baino. Iragarpena hobeto onartzen laguntzen duten zenbait jarrera eskatzen dizkio horrek ebanjelizatzaileari: gertutasuna, elkarrizketara zabalik egotea, pazientzia, gaitzesten ez duen harrera maitekorra.
166. Azken hamarkadetan landu den katekesiaren beste alderdi bat, sarbide mistagogikoa[128] da, bi gauzetan adierazten dena: hain beharrezkoa den eta elkarte osoak parte hartzen duen heziketa esperientzia areagotzea eta kristau sarbidearen ezaugarri liturgikoen balioeste berritua. Gidaliburu eta egitasmo askok ez dute oraindik bereganatu eraberritze mistagogiko honen beharra; era asko har ditzake eraberritze horrek, heziketa-elkarte bakoitzaren bereizmenaren arabera. Katekesiko topaketa Hitzaren iragarpen bat da eta bera du erdigunea, baina beharrezkoa da girotze egoki bat eta motibazio erakargarri bat, ezaugarri esanguratsuak erabiltzea, hazkunde-prozesu zabal batean txertatzea eta pertsonaren alderdi guztiak elkarteko entzute- eta erantzute-bide batean txertatzea.
167. Ona da katekesi orok «edertasun bideari» (via pulchritudinis)[129] arreta berezia eskaintzea. Berarengan sinestea eta Berari jarraitzea egiazkoa eta zuzena bakarrik ez, baizik ederra ere badela esan nahi du Kristo hots egiteak, bizitza distira berri batez eta egiazko pozez betetzeko gai den edertasuna, baita zailtasunen erdian ere. Ildo honetan, egiazko edertasunaren agerpen guztiak Jesus Jaunarekin topo egiteko bide bat bezala aitor daitezke. Ez du esan nahi, egiaren, ongiaren eta edertasunaren arteko lokarri hautsezina lausotuko duen erlatibismo estetiko[130] bat bultzatu behar dugunik, baizik eta edertasunarekiko zaletasuna berreskuratu behar dugula giza bihotzera iritsi ahal izateko eta berarengan Berpiztuaren egia eta ongiak distira dezan ahalbideratzeko. San Agustinek dioen bezala, guk ederra dena baizik ez badugu maite[131], gizon egin den Semeak, amaigabeko edertasunaren agerpen denak, eta zeharo adeitsua denak, Berarengana erakartzen gaitu maitasun lokarriz. Orduan, beharrezkoa gertatzen da, via pulchritudinis delakoan heztea, fede-eskualdatzean txertatua egotea. Desiragarria da Eliza partikular bakoitzak artaren erabilera bultzatzea bere egintza ebanjelizatzailean, iraganeko aberastasunaren jarraipen bezala, baina baita egungo adierazpen kontaezinen ugaritasunean, fedea «parabolen hizkuntza»[132] berri batean eskualdatzeko. Ausartu beharra dago ezaugarri berriak, sinbolo berriak aurkitzera, Hitza eskualdatzeko haragi berri bat aurkitzera, kultur gune ezberdinetan balioesten diren edertasun forma ezberdinak, baita konbentzionalak ez diren edertasun moduak ere, ebanjelizatzaileentzat oso esanguratsuak ez direnak, baina beste batzuentzat bereziki erakargarriak bilakatu direnak.
168. Katekesiaren proposamen moralari dagokionez, Ebanjelioko bizitza-estiloarekiko leialtasunean hazteko deia egiten duenez, nahi litzatekeen ona eta bizitza-, heldutasun-, betetze-, emankortasun-proposamena agertzea komeni da beti, horien argira ulertzen baita, itzal dezaketen gaitzak guk salatzea. Diagnosi apokaliptikoetan aditu bezala edota arriskua eta desbideratzea non dagoen bilatzen lehiatzen diren epaile ilun bezala baino hobeto, ikus gaitzatela proposamen hobetzaileak egiten dituzten mezulari alai modura, Ebanjelioarekin leiala den bizitzari darion onaren eta edertasunaren zaintzaile modura.

Hazkunde prozesuen laguntze pertsonala

169. Alde batetik izengabetasunak zauritu duen, baina, paradoxikoki, jakin-min kaltegarri batek gaixoturik besteen bizitzaren zehaztasunekin itsuturik dagoen gizartean, gertuko begiratua behar du Elizak, besteri so egiteko, onginahiz begiratzeko eta haren aurrean behar adina aldiz gelditzeko. Mundu honetan, zerbitzari ordenatuek eta gainontzeko pastoralgileek presente egin dezakete Jesusen gertutasunaren eta bere begiratu pertsonalaren usain ona. «Bide-laguntzaren artean» hezi beharko ditu Elizak bere kideak —apaiz, erlijioso-erlijiosa eta laikoak—, denek ikas dezaten besteen lur santuan oinetakoak kentzen (ik. Ir 3,5). Geure ibilbideari hurkotasunaren neurri sendatzailea eman behar diogu, begirunezko eta onginahizko begiradarekin, baina aldi berean osasuna eta askatasuna eman eta kristau-bizitza heltzen laguntzen duen begiradarekin.
170. Jakina dirudien arren, laguntze espiritualak Jainkoarengana gero eta gehiago bideratu behar gaitu, Berarengan iritsi baitezakegu egiazko askatasuna. Jainkoarengandik banatuta dabiltzanean aske direla uzten dute batzuk, bere bizimoduan umezurtz, babesgabe eta beti itzul daitezkeen etxerik gabe geratu direla ohartu gabe. Erromes izateari utzi eta bere buruari bueltaka inora iristen ez diren helburu-gabe bilakatzen dira. Bide-laguntza txarra litzateke, Kristorekin egiten den Aitarenganako erromesaldi izateari utzita, eta pertsonak bere inmanetzian gehiago ixtea bideratuko lukeen terapia-moduko bat balitz.
171. Inoiz baino gehiago behar ditugu, bide-laguntza bizipenari esker zuhurtasuna, ulermen gaitasuna, itxaroteko erraztasuna eta Espirituari otzan izatea gainezkatzen diren prozesuak ezagutzen dituzten gizon-emakumeak, gure esku jarriak izan diren ardiak zain ditzaten guztien artean, artaldea sakabanatzen saiatzen diren otsoetatik. Arretaz aditzearen gaitasuna landu behar dugu, entzute hutsa baino gehiago baita. Bestearekin komunikatzean,  gertutasuna bideratzen duen bihotzaren gaitasuna da lehenengoa, hori gabe ez baita egiazko espirituzko-topaketarik. Aditzeak laguntzen digu ikusle huts lasaiak izatetik mugiarazten gaituen keinu eta hitz egokia bilatzen. Begirunezko eta onginahizko aditze honetatik bakarrik bila daitezke egiazko hazkunderako bideak, esna daiteke ideal kristauarekiko nahia, Jainkoaren maitasunari oso-osorik erantzuteko gogoa eta Jainkoak bakoitzaren bizitzan erein duen onena ernarazteko ametsa. Baina, beti ere, Akinoko San Tomasek irakasten zuen hura ondo dakienaren pazientziarekin: batek izan dezakeela grazia eta maitasuna, baina bertuteak ongi landu ez, irauten duten «kontrako joera batzuk direla eta»[133]. Beste era batera esanda, bertuteen antolakuntza organikoa beti gertatzen da «in habitu» nahitaez, baldintzek ohitura bertutetsuak gauzatzea zaildu badezakete ere. Hortik, «pertsonak, apurka-apurka misterioaren erabateko onarpenera eramango dituen pedagogia»[134] behar izatea. Heldutasun une batera iristeko, hau da, pertsonak erabaki aske eta arduratsuak hartzeko gai izateko, beharrezkoa da, pazientzia oso handiarekin, denbora ematea. Pedro Fabro dohatsuak esan ohi zuen bezala: «Denbora Jainkoaren mezularia da».
172. Bidelagunak jakin behar du ezagutzen, bakoitzak Jainkoaren aurrean duen egoera eta bere graziazko bizitza kanpotik inork oso-osorik ezagutu ez dezakeen misterio bat dela. Ebanjelioak proposatzen digu, bere egintzen gaiztotasun objektibotik abiatuta pertsona zuzentzea eta hazten laguntzea (ik. Mt 18,15), baina bere arduraren eta erruduntasunaren inguruko iritzirik eman gabe (ik Mt 7,1; Lk 6,37). Hala ere, bidelagun onak ez du onartzen ezkortasun eta herabetasunik. Beti gonbidatzen du sendatu nahi izatera, esku-ohea hartzera, gurutzea besarkatzera, dena uztera, Ebanjelioa hots egitera behin eta berriz ateratzera. Laguntzen gaituenaren aurrean gure bizitza osoa zintzotasunez agertzeko gai izanez, laguntzen eta sendatzen uztean bakoitzak duen bizipenak erakusten digu besteekin jasankor eta bihozbera izaten, eta gai egiten gaitu bere konfiantza, irekiera eta hazteko prestutasuna esnarazteko bideak bilatzeko.
173. Egiazko bide-laguntza espirituala beti hasi eta garatzen da ebanjelizatze-egitekoaren baitan. Paulok Timoteo eta Titorekin duen harremana, apostolu-lanen erdian egindako bide-laguntzaren eta emandako heziketaren adibide da. «Dena konpontzeko» (Tit 1,5; ik. 1Tim 1,3-5) hirian geratzeko eginkizuna ematen dien bitartean, bizitza pertsonalerako eta pastoralgintzarako irizpideak ematen dizkie. Hori erabat ezberdina da era intimistan eta norbere buruari begira bakarrik egindako bide-laguntza mota guztiekin. Ikasle misiolariak, ikasle misiolarien bidelagun dira.

Jainkoaren Hitzaren inguruan

174. Homiliak bakarrik ez du edan behar Jainkoaren Hitzetik. Ebanjelizatze oro horretan oinarritu behar da, berarengan entzun, hausnartu, bizi, ospatu eta testigantza eman. Eskritura Santuak ebanjelizatzeren iturri dira. Beraz, beharrezkoa da Hitzaren entzumenean etengabe heztea. Elizak ez du ebanjelizatzen bera etengabe ebanjelizatua ez bada. Ezin bestekoa da Jainkoaren Hitza «gero eta gehiago eliz egintzaren bihotza izatea»[135]. Entzundako eta ospatutako Jainkoaren Hitzak bereziki Eukaristian entzun eta ospatutakoak kristauak elikatu eta barne-indartzen ditu eta gai egiten ditu eguneroko bizitzan egiazko testigantza ebanjeliokoa emateko. Gainditu dugu Hitzaren eta Sakramentuaren arteko kontrajartze zahar hura. Bizia eta eraginkorra den hots egindako Hitzak, Sakramentuaren onarpena prestatzen du eta Sakramentuan iristen du Hitz horrek bere gorengo eraginkortasuna.
175. Eskritura Santuak ikasteak fededun guztientzat eskura egon behar luke[136]. Oinarrizkoa da, errebelatutako Hitzak katekesia eta fedea eskualdatzeko ahalegin guztiak sakonetik emankor egitea[137]. Ebanjelizatzeak beharrezkoa du Jainkoaren Hitza ongi ezagutzea eta horrek Bibliaren ikerketa serio eta iraunkor bat eskaintzea eta bere irakurketa pertsonal nahiz elkartekoa bultzatzea eskatzen die elizbarrutiei, parrokiei eta elkarte katoliko guztiei[138]. Guk ez dugu itsumustuka bilatzen eta ez dugu egon behar Jainkoak bere Hitza guri zuzendu zain, egiaz esan dezakegulako: «Jainkoa mintzatu da, jada ez da ezezagun handi bat, baizik eta agertu egin da»[139]. Onar dezagun errebelatutako Hitza den gorengo altxorra.






LAUGARREN KAPITULUA

EBANJELIZATZEAREN GIZARTE ALDERDIA


176. Jainkoaren Erreinua munduan presente egitea da ebanjelizatzea. Baina «inongo definizio atalkako edo zatikakoak ez du islatzen ebanjelizatzeak berekin duen errealitate aberats, konplexu eta bizia, pobretzeko edo baita murrizteko arriskuarekin ere ez bada»[140]. Ebanjelizatzearen gizarte alderdiari buruzko nire kezkak partekatu nahi ditut orain, hain zuzen ere, alderdi hau behar bezala zehaztua ez badago beti duelako ekintza ebanjelizatzailearen zentzu benetakoa eta osoa desitxuratzeko arriskua.

I. Kerygmaren elkarte- eta gizarte-eraginak

177. Saihestezina den gizarte-edukia du kerygma delakoak: Ebanjelioaren muinean dago elkarte bizitza eta besteekiko konpromisoa. Lehen iragarpenaren edukiak berehalako eragin morala du, karitatea delarik bere erdi-muina.

Fede aitorpena eta gizarte-konpromisoa

178. Gizaki bakoitza neurrigabe maite duen Aita aitortzeak, bakoitzari «horrekin duintasun amaigabea ematen diola»[141] aurkitzea dakar. Jainkoaren Semeak gure giza haragia onartu zuela aitortzeak, gizaki bakoitza Jainkoaren bihotzera bertara jasoa izan dela esan nahi du. Jesusek bere odola gugatik eman zuela aitortzeak, gizaki oro goratzen duen maitasun mugagabeari buruz zalantzaren bat izatea galarazten digu. Bere erospenak gizarte-esanahia du, «Jainkoak, Kristogan, ez baitu giza banakoa bakarrik berrerosten, baizik eta baita gizakien arteko harremanak ere»[142]. Espiritu Santua guztiengan ari dela aitortzeak berekin du, giza egoera guztietan eta gizarte-lotura guztietan barneratzen saiatzen dela aitortzea: «Espiritu Santuak asmamen amaigabea du, jainkozko buruari dagokiona, giza gertaeren korapiloak askatzen laguntzen duena, baita korapilo zailenak eta barnera-ezinenak ere»[143]. Espirituaren eragin askatzaile horrekin lankidetzan jarduten saiatzen da ebanjelizatzea. Hirutasunaren misterioak berak oroitarazten digu jainkozko batasun horren irudira eginak izan ginela, eta horregatik ezin dugu bakarka geure burua gauzatu, ezta bakarka salbatu ere. Ebanjelioaren bihotzetik aitortzen dugu ebanjelizatzearen eta giza sustapenaren artean dagoen barne-lotura, ebanjelizatze-ekintza orotan ezinbestez adierazi eta garatu behar dena. Jainkoak maite izaten uzteak eta Berak helarazten digun maitasunez Bera maitatzera gonbidatzen gaituen lehen iragarpena onartzeak lehenengo eta funtsezko erreakzioa eragiten du pertsonaren bizitzan eta bere ekintzetan: besteen onura desiratzea, bilatzea eta zaintzea.
179. Salbamen-gertakariaren iragarpena onartzeak senide-maitasun eraginkorrarekin duen lotura Eskriturako zenbait testutan adierazia dago; komeni da testu horiek aintzakotzat hartu eta patxadaz hausnartzea, berauetatik ondorioak ateratzeko. Maiz ohitzen garen mezu bat da, ia mekanikoki errepikatzen duguna, baina ez gara egiaz saiatzen gure bizitzetan eta gure elkarteetan egiazko eragina izan dezan. Zein arriskutsua eta kaltegarria den ohitze hau: harridura eta lilura galtzera, senidetasunaren eta justiziaren Ebanjelioa bizitzeko gogo beroa galtzera baikaramatza. Jainkoaren Hitzak erakusten du, senidearengan dagoela gutako bakoitzarentzat Gizakundearen luzapena: «Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten» (Mt 25,40). Besteengatik egiten dugunak badu harandikotasun alderdi bat: «Zuek zein neurriz neurtu, neurri beraz neurtuko zaituzte» (Mt 7,2); eta Jainkoak gurekin duen errukiarekin zerikusia du: «Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala. Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue; eman, eta emango dizue [...]. Zuek zein neurri neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak» (Lk 6,36-38). «Norberetik senidearengana irtetea» zeharo garrantzitsua dela adierazten dute testu hauek, arau moral guztien oinarria diren bi agindu nagusietako bat islatzen baitu; eta debalde eman zaigun Jainkoari erantzunez dihardugun bide espiritualean hazten asmatzeko ezaugarri argi bat da. Horrexegatik, «karitatearen zerbitzua Elizaren egitekoaren alderdi osatzailea da eta bere izatearen adierazpen ezin uko eginezkoa»[144].
       Eliza izatez misiolaria den bezala, izate horretatik dator era saihestezinean, hurkoarekiko karitate eraginkorra, ulertzen, laguntzen eta eragiten duen errukia.

Deika dugun Erreinua

180. Eskritura irakurriz, argiago geratzen da Ebanjelioko proposamena ez dela Jainkoarekin harreman pertsonala izatea bakarrik. Gure maitasunezko erantzunak ez luke izan behar zenbait behartsuri eskainitako laguntzatxoen batuketa hutsa «gure neurrira egindako karitatea» izaten bailiteke hori, gure kontzientzia lasaitzeko joera bakarrik duten ekintza multzo bat, alegia. Proposamena Jainkoaren Erreinua da (ik. Lk 4,43); munduan errege den Jainkoa maitatzea da kontua. Bere erregetza gure artean ezartzea lortzen duen heinean, gizarte-bizitza senitarte, justizia, bake eta duintasun gune izango da guztiontzat. Era horretan, bai iragarpenak eta baita kristau esperientziak ere gizarte-ondorioak sortzen dituzte. Bere Erreinua bilatzen dugu: «Ardura zaitezte, betez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak» (Mt 6,33). Jesusen egitasmoa, Aitaren Erreinua finkatzea da; hala eskatzen die bere ikasleei: «hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela» (Mt 10,7).
181. Aurreratzen den eta gure artean hazten den Erreinuak dena ukitzen du eta Paulo VI.ak egiazko garapenaren inguruan ezarritako bereizmen irizpidea ekartzen digu gogora: «Gizaki guztiak, eta gizaki osoa»[145]. Dakigunez, «ebanjelizatzea ez litzateke osoa izango, denboraren poderioz Ebanjelioaren eta gizakiaren bizitza zehatz, pertsonal eta gizartekoaren artean elkarren arteko interpelaziorik ez balego»[146].
       Unibertsaltasun irizpide bat da, Ebanjelioari dagokiona, Aitak gizaki guztiak salba daitezen nahi baitu eta bere salbamen egitasmoa hauxe da: «gauza guztiak, nola zerukoak hala lurrekoak, Kristo buru dela, batean biltzea» (Ef 1,10). Agindua hau da: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei» (Mk 16,15), izan ere «izadia bera ere irrikaz dago, zain-zain, Jainkoak noiz agertuko zer den beraren seme-alaba izatea» (Erm 8, 19). Izadi osoa esateak, giza bizitzaren alderdi guztiak aipatzea ere esan nahi du, era honetan agerian utziz «Jesu Kristoren Berri Ona iragartzearen eginkizunak helburu unibertsala duela. Bere karitate-aginduak bizitzaren alderdi guztiak harten ditu, pertsona  guztiak, elkarbizitza-giro guztiak eta herri guztiak. Ez da ezer gizakiarenik, arrotz gerta dakiokeenik»[147]. Gertatzekoa den Erreinua bilatzen duen, kristau itxaropena, beti da historiaren sortzaile.

Elizaren irakaspena gizarte gaiei buruz

182. Gerta daitezkeen egoeren aurrean Elizak duen irakaspena gertagarri handiagoei edo garapen berriei lotua dago eta eztabaidagai gerta daiteke, baina ezin dugu zehatz izatea ekidin —xehetasunetan sartu gabe—, gizarte-printzipio nagusiak inorengana heltzen ez diren orokortasun huts gerta ez daitezen. Ondorio praktikoak aurkitu beharra dago, «egungo egoera zailetan ere eragin ahal izan dezaten era eraginkorrean»[148]. Artzainek, zientzia ezberdinen ekarpenak bereganatuz, pertsonen bizitzan eragina duten gauza guztien inguruan iritzia emateko eskubidea dute, ebanjelizatze-lanak berea baitu, eta beharrezkoa, gizaki bakoitzaren osoko sustapena. Dagoeneko ezin da esan erlijioa alor pribatura mugatu behar denik eta arimak zerurako prestatzeko bakarrik balio duenik. Badakigu, Jainkoak bere seme-alaben zoriona lur honetan ere nahi duena, betiko betetasunera deituak egonik ere, Berak sortu baitzituen gauza guztiak «geure gozamenerako» (1Tim 6,17), denek goza ahal izan ditzaten. Horregatik, kristau bihotz-berritzeak gauza batzuk berrikustea dakar: «bereziki gizarteari eta guztion ongizatea lortzeari dagokion guztia»[149].
183. Beraz, ezin digu inork exijitu erlijioa pertsonen intimitate gordeenera ezkutatzerik, gizarteko eta nazioko bizitzan inolako eraginik izan gabe, gizarte zibileko erakundeen egoera onaz arduratu gabe, herritarrei eragiten dieten gertakariez arduratu gabe. Nor saiatuko zen bada Asisko san Frantziskoren edota Kalkutako Teresa dohatsuaren mezua tenplu batean itxi edo isilarazten? Beraiek ezin izango zuten onartu. Egiazko fedeak —erosoa eta indibiduasta sekula ez denak— beti du berekin mundua aldatzeko gogo sakon bat, gu lurretik igaro ondoren zerbait hobea uzteko gogo bat. Jainkoak ezarri gaituen planeta zoragarri hau maite dugu, eta maite dugu bertan bizi den gizadia, bere drama eta neke guztiekin, bere irrika eta itxaropenekin, bere balio eta ahultasunekin. Egia da bai: «gizarteko eta Estatuko ordena zuzena politikaren zeregin nagusia da», baina Elizak «ezin da bazterrean geratu eta ez du bazterrean geratu behar justiziaren aldeko borrokan»[150]. Kristau guztiak, baita Artzainak ere, mundu hobe baten eraikuntzaz arduratzera deituak daude. Hori da kontua, Elizaren gizarte-gogoeta ezer baino lehen baikorra eta proposamenezkoa baita, ekintza eraldatzaile batera zuzentzen duena, eta zentzu horretan ez dio uzten Jesu Kristoren bihotz maitetsutik isurtzen den itxaropenaren ezaugarri izateari. Aldi berean bat egiten ditu «bere konpromisoa eta beste Eliza eta Eliz elkarteek gizarte arloan ari dutena, bai hausnarketa dokrinalari dagokionean baita arlo praktikoari dagokionean ere»[151].
184. Ez da unea orain egungo mundua erasaten duten gizarteko gorabehera guztiak aipatzekoa, horietako batzuk aipatu nituen bigarren kapituluan. Hau ez da gizarte-gaien inguruko idazki bat, eta gai ugari horiez hausnartzeko badugu lanabes oso egoki bat Elizan Irakaspen Sozialaren laburpena deiturikoa; biziki gomendatzen dut bere erabilera eta azterketa. Gainera, ez Aita Santuak ezta elizak ere ez du gizarte-egoeraren interpretazioa egiteko monopoliorik edota egungo arazoen konponketaren proposamenik ere. Paulo VI.ak argi asko esandakoa errepika dezaket hemen: «Hain ezberdinak diren arazoen aurrean, zail zaigu hitz bakar bat esatea, edota balio unibertsala izan dezakeen konponbide bat proposatzea ere. Ez da hau gure asmoa, ezta gure egitekoa ere. Kristau elkarteei dagokie, bizi diren herrialdeko egoeraren azterketa objektiboa egitea»[152].
185. Historiaren aldi honetan oinarrizkoak iruditzen zaizkidan bi gai nagusiri begiratuko diet ondoren. Era zabalean landuko ditut, gizadiaren etorkizuna erabakiko dutela uste baitut. Behartsuak gizartean barneratzea da lehenengoa eta bakea eta gizarte-elkarrizketa bestea.

II. Behartsuak gizartean barneratzea

186. Behartsu egin zen eta behartsu eta baztertuekin beti gertuko izan zen Kristogan dugun fedetik sortzen da gizarteko ahaztuenak erabat garatu daitezen dugun kezka.

Jainkoarekin bat eginda deiadar bat entzuten dugu

187. Kristau bakoitza eta elkarte bakoitza Jainkoaren bitarteko izatera deitua dago behartsuen askatasunerako eta sustapenerako, gizartean erabat barneratu ahal izan daitezen; horrek behartsuaren deiadarra entzuteko eta berari laguntzeko esaneko izatea eskatzen digu. Nahikoa da Liburu Santuari begiratzea, Aita onak behartsuen deiadarra entzun nahi duela konturatzeko: «Ongi ikusi dut nire herriaren atsekabea Egipton eta entzuna nuen haien oihua zapaltzaileen zigorpean; bai, ohartu naiz haien oinazeaz [...]. Libratzera etorri naiz [...]. Zoaz, bada, nik bidaltzen zaitut...» (Ir 3,7-8.10), eta artatsu agertzen da haien beharrekiko: «Orduan, israeldarrek Jaunari dei egin eta Jaunak salbatzailea sorrarazi zuen haientzat» (Ep 3,15). Behartsuari entzuteko Jainkoaren bitarteko izanik deiadar horri ez entzun egiteak, Aitaren gogotik eta bere egitasmotik kanpo uzten gaitu, zeren eta «deiadar egingo baitio behartsuak Jaunari zuen aurka, eta bekatutzat hartuko zaizue zeuen jokabidea» (Dt 15,9). Eta beraien beharren aurrean solidaritate falta izateak, Jainkoarekiko gure harremanari eragiten dio zuzenean: «Ozpinduta dagoela-eta madarikatzen bazaitu, Egileak entzun egingo baitio madarikazioa» (Si 4,6). Behin eta berriz azaltzen da aspaldiko galdera: «Norbaitek lur honetako ondasunak baditu eta, bere senidea premian ikusirik, ez badio errukiz laguntzen, nola izan dezake bere baitan Jainkoaren maitasunik?» (1Jn 3,17). Gogora dezagun zapalduen deiadarra zer nolako irmotasunez aipatzen zuen Santiago Apostoluak: «Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da» (5,4).
188. Deiadar hori entzuteko eskakizuna graziaren indar askatzaileak gugan ari duen lanetik sortzen dela aitortu izan du Elizak, beraz ez da gutxi batzuei gordetako eginkizuna: «Elizak, errukiaren Ebanjelioak eta gizakiarekiko maitasunak gidaturik entzuten du justiziaren aldeko deiadarra eta bere indar guztiz erantzun nahi dio»[153]. Inguru honetan ulertzen da Jesusek ikasleei egindako eskabidea: «Eman zeuek jaten!» (Mk 6,37), eta horrek lankidetza eskatzen du pobrezia sortzen duten egiturazko arrazoiak konpontzeko eta behartsuen garapen osoa bultzatzeko, eta eskatzen dizkigu aurki ditzakegun miseria zehatzen aurrean solidaritate-keinu apal eta egunerokoak ere. «Solidaritate» hitza gastatu xamarra dago eta gaizki ulertzen da batzuetan, baina noizbehinkako eskuzabaltasun egintza batzuk baino askoz gehiago da. Elkarte ikuspegia izango duen pentsaera berri bat sortzea da kontua, batzuk ondasunak bereganatzeren gainetik guztien bizitzari lehentasuna emango dion ikuspegia.
189. Funtsaren egiteko soziala eta ondasunen erabilera unibertsala jabego pribatuaren gainetik daudela aitortzen duenaren berezko erantzuna da solidaritatea. Guztien onerako balio dezaten zaintze- eta hobetze-aldera onartzen da ondasunen jabetza pribatua. Orduan, behartsuari dagokiona itzultzeko erabaki moduan bizi behar da solidaritatea. Solidaritateari buruzko uste eta ohitura hauek, hezurmamitzen direnean, egiturazko beste eraldaketei bidea zabaltzen diete eta bideragarri egiten dituzte. Uste sendo eta jarrera berriak sortu gabe egiturak aldatzeak, egitura horiek berak ustelak, astunak eta ez-eraginkorrak bihurtzea ekarriko du lehenago edo geroago.
190. Herri osoen deiadarra entzutea da kontua batzuetan, lurreko herri behartsuenena, alegia, «gizakiaren eskubideen oinarri gainean bakarrik ez, baizik eta herrien eskubideen oinarri gainean ere eraikitzen baita»[154] bakea. Zoritxarrez, giza eskubideak erabil daitezke, norbanakoaren edota herririk aberatsenen eskubideak era estuan defendatzea babesteko ere. Nazio bakoitzaren independentzia eta kultura errespetatuz, planeta gizadi osoarena dela gogoratu behar da; baliabide gutxiago dituen edota garapen txikiagoa izan duen toki batean jaio izana ezin da izan pertsona batzuk duintasun gutxiagorekin bizitzeko aitzakia. Hauxe errepikatu beharra dago: «ondoen bizi direnek uko egin behar diote bere eskubideren bati eskuzabaltasun handiagoz beraien ondasunak besteen zerbitzura jartzeko»[155]. Gure eskubideez egoki hitz egiteko, begiratua zabaldu eta belarriak ireki beharra dugu beste herrien deiadarra edota geure herriko beste herrialdeena entzun ahal izateko. «Herri guztiei bere etorkizunaren eragile izatea ahalbideratuko dien»[156] solidaritatean sakondu beharra dugu, «gizaki bakoitza garatzera deitua dagoen moduan»[157].
191. Kristauak, toki eta egoera bakoitzean, bere Artzainek adoreturik behartsuen deiadarra entzutera deituak daude, Brasilgo Gotzainek ongi asko esan zuten bezala: «Brasilgo herriaren pozak eta itxaropenak, larritasunak eta tristurak egunez egun geureganatzeko gogoa dugu, bereziki aldirietako herritarrenak eta landa-guneetakoenak —lurrik gabe, etxerik gabe, ogirik gabe, osasunik gabe—, eskubideak kaltetuak dituztelarik. Beraien behartasun gorria ikusirik, beraien deiadarrak entzunik eta beraien sufrimena ezaguturik, guztientzat adina elikagai badela eta gosea ondasunen eta errentaren banaketa txarra dela eta sortzen dela jakitea eskandalagarri egiten zaigu. Arazoa areagotu egiten da zabaldua dagoen alferrik galtzearen ohitura dela eta»[158].
192. Baina gehiago nahi dugu oraindik, gure ametsak haratago doaz. Ez gara ari guztiei janaria edo «itxurazko mantenua» bermatzeari buruz bakarrik, baizik eta izan dezatela «goraldia ondasunik salbuetsi gabe»[159]. Horrek berekin eskatzen du heziketa, osasunaren zaintza eskuragarri egitea eta bereziki lana; lan aske, sortzaile, parte-hartzaile eta solidarioan adierazten eta areagotzen baitu gizakiak bere bizitzako duintasuna. Lansari zuzenak, denon erabilerarako dauden beste ondasunak eskuragarri egiten ditu.

Ebanjelioarekin leial izan, bidea alferrik ez egiteko

193. Behartsuen deiadarra entzuteko beharra, besteen minak barrua dardarazten digunean gauzatzen da gugan. Irakur ditzagun errukiari buruzko Jainkoaren Hitzaren irakaspenak, Elizaren bizitzan indarrez oihartzun izan dezaten. Ebanjelioak dio: «Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango» (Mt 5,7). Besteekiko errukiak azken auzian garaile ateratzen lagunduko digula dio Santiago Apostoluak: «Hitz egin eta joka ezazue, askatasuna ematen duen legeak epaitu behar dituenak bezala. Zeren errukirik izan ez duenak, errukirik gabeko epaia izango baitu; errukitsu izan dena, ordea, garaile aterako da auzian» (2,12-13). Testu honetan, erbeste-ondorengo judutar espiritualitate aberatsaren oinordeko agertzen zaigu Santiago, errukiari balio salbagarri berezia ematen baitzitzaion: «Utzi zeure bekatuak zuzenbide eginez, uko egin gaiztakeriari, behartsuekin errukitsu izanez. Agian, luzaroan eta zoriontsu biziko zara» (Dn 4,24). Ildo horretan, jakinduriazko literaturak behartsuekiko erruki-egintza bezala aipatzen du limosna bera: «Limosnak heriotzatik gorde eta bekatu ororen barkamena ematen du» (Tb 12,9). Are garbiago adierazten du Siraken liburuak: «Urak sugarra itzaltzen du, limosnak bekatua ezabatzen» (3,30). Lotura bera agertzen da Itun berrian: «Gorde ezazue bizi-bizi elkarrenganako maitasuna, maitasunak bekatu askoren barkamena lortzen baitu» (1P 4,8). Arrazoi hori Eliz gurasoetan erabat barneratu zen eta norberekoitasun hedonista jentilaren aurkako jarrera profetiko alternatiboa izan zen haiengan. Jaso dezagun adibide bat: «Sute arriskuan, itzaltzeko ur bila joango ginatekeen bezala [...] berdin bekatuaren garra gure lastotik sutuko balitz ere, —eta horregatik asaldatzen gara— errukiz betetako egintza baten aukera eskaintzen bazaigu poztu gaitezen, sutea itzaltzeko eskaintzen zaigun iturria balitz bezala»[160].
194. Hain da mezu argia, zuzena, erraza eta adierazgarria, ez baitago eliz hermeneutikarik garrantzia ken diezaiokeenik. Testu hauen inguruan Elizak egin dezaken hausnarketak ez luke beraien aholku-zentzua ahuldu behar, baizik eta ausardiaz eta gogo biziz onartzen lagundu beharko luke. Zertarako zaildu hain erraza dena? Tresna kontzeptualak, argitu nahi duten errealitatearekin harremana bideratzeko daude, eta ez gu haietatik urruntzeko. Honek balio berezia du bibliako aholkuentzat, indar handiz gonbidatzen baikaituzte maitasunera, zerbitzu apal eta eskuzabalera, zuzentasunera, behartsuekiko errukira. Bestea aintzat hartze hau ber hitz eta egiteen bidez irakatsi zigun Jesusek. Zertarako ilundu hain argia dena? Ez gaitezen ardura doktrina-hutsegiteak ez egiteaz bakarrik, bizitza eta jakinduriazko bide argi honetan leial irauteaz baizik. Zeren eta «“ortodoxiaren” fedazainei, zuzengabekeria onartezinekiko eta horiek iraunarazten dituzten agintera politikoekiko geldotasuna, barkaberatasuna eta errudun egiten dituen gaizkidetasuna leporatzen baitzaie»[161].
195. San Paulo Jerusalemgo Apostoluengana joan zen, berak esan bezala «ez nuen nahi oraingo eta orduko nire ahaleginak alferrikako gertatzea» (Ga 2,2), apostoluek eman zioten egiazkotasun irizpide nagusia behartsuez ez ahaztea izan zen (ik. Ga 2,12). Pauloren elkarteak jentilen bizitza norberezaleak jan ez zitzan balio zuen irizpide bikain hau, gaurkotasun handikoa da egun ere, jentil tankerako norberezalekeria berri bat areagotzen ari denean. Ebanjelioaren edertasuna bera ez dugu beti ongi adieraziko noski, baina bada inoiz huts egin behar ez duen ezaugarri bat: azkenen aldeko apustua, gizarteak arbuiatu eta baztertzen dituenen aldekoa alegia.
196. Bihotzez eta gogoz gogorrak gara batzuetan, ahaztu egiten gara, arreta galtzen dugu, gizarteak eskaintzen dizkigun kontsumo eta denbora-pasa aukera ugarik gogoa bahitzen digute. Honela, guztioi eragiten digun nolabaiteko besterentze bat gertatzen da, zeren eta « bere giza, ekoizpen eta kontsumo antolamenduan, gizakien arteko eskaintza egitea eta solidaritatea gauzatzea zailtzen duen gizartea besterendua dago»[162].

Behartsuen toki pribilegiatua Jainkoaren Herrian

197. Behartsuek toki berezia dute Jainkoaren bihotzean, eta Bera «behartsu egin zen» (2Ko 8,9). Gure erospen-bide osoa haiek markatua baitago. Inperio handi baten periferiako herrixka batean bizi zen neskatxa apal batek «bai» esanda etorri zen gugana salbamen hori. Salbatzailea aska batean jaio zen, abere artean, behartsuenen umeak jaio ohi ziren bezala; bi usakume eskainita aurkeztua izan zen tenpluan, hori baitzen arkumea ordaintzerik ez zutenen eskaintza (ik. Lk 2,24; Lb 5,7); langile soilen etxean hazi zen eta bere eskuen lanaz irabazi zuen ogia. Erreinua hots egiten hasi zenean, ezeukien jendaldeek jarraitzen zioten, eta honela agertu zuen berak esandakoa: «Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko» (Lk 4,18). Minez lepo zeudenei, behartsu izatearen itomenez zeudenei, Jainkoak bere bihotzaren erdian zituela ziurtatu zien: «Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege» (Lk 6,20); haiekin bat egin zuen: «Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten» eta haienganako errukia zeruko giltza zela erakutsi zuen (ik. Mt 25,35hur.).
198. Behartsuen aldeko hautua kategoria teologikoa da Elizarentzat, kategoria kulturala, soziologikoa, politikoa edo filosofikoa baino gehiago. Jainkoak ematen die «bere aurreneko errukia»[163]. Jainkoak gogoen dituela erakuste honek baditu bere ondorioak kristau guztion fede-bizitzan, «Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak» (Flp 2,5) izatera deituak direnez. Horretan oinarriturik, Elizak behartsuen aldeko hautua egin zuen, «Eliz tradizio guztiak erakusten duen moduan, kristau-karitatea bizitzeari lehentasuna emateko era bezala»[164] ulertzen dena. Aukera hau —Benedikto XVI.ak erakusten zuen moduan— «berekin dakar, bere behartsu izateaz gu aberasteko behartsu egin zen Jainkoaganako fede kristologikoak»[165]. Horregatik nahi dut behartsuentzat izango den eliza behartsu bat. Asko dute guri erakusteko. Sensus fidei delakoan parte hartzeaz gain, bere minetan Kristo sufritzailearen minak ezagutzen dituzte. Beharrezkoa da behartsuek ebanjelizatu gaitzaten uztea. Ebanjelizatze berria beraien bizitzak duen indar salbatzailea aitortzeko eta Elizaren bidearen erdian jartzeko gonbidapen bat da. Beraiengan Kristo aurkitzera eta beraien arazoen ahots izatera deituak gara, baita beraien lagun izatera ere, beraiek entzutera eta beraien bidez Jainkoak agertu nahi digun ezkutuko jakinduria onartzera.
199. Gure eginbidea ez da sustapen- eta laguntza-ekintzak bultzatzea soilik; Espirituak eragiten duena ez da gainezkada ekintzaile bat, «norberarekin bat sentituz»[166] bestearengan arreta jartzea baizik. Maitasunezko arreta hau bestearekiko benetako kezkaren hasiera da, eta hortik pizten da egiaz bere ona bilatzeko gogoa. Horrek behartsuak duen berezko ontasuna balioestea eskatzen du, bere izateko erarekin, bere kulturarekin, fedea bizitzeko bere moduarekin. Egiazko maitasuna kontenplalatzailea da beti, bestea zerbitzatzen laguntzen digu ez beharrez edo hantukeriaz, itxuraren gainetik bestea ederra delako baizik: «Beste pertsona atsegina sentiarazten duen maitasunaren baitan dago doan zerbait ematea»[167]. Behartsua, maitatua denean «gorengo balio moduan aintzat hartua da»[168], eta horrek bereizten du behartsuen aldeko egiazko hautua edozein ideologiarekin, behartsuak edonolako interes pertsonal edo politikoen zerbitzura erabiltzeko ahaleginekin. Egiazko eta bihotzeko gertutasun horretatik abiatuta bakarrik lagun ditzakegu bere buruaren askatasun bidean. Horrek bakarrik erraztuko du «kristau elkarte bakoitzean behartsuak etxeko sentitzea. Ez ote litzateke era hau Erreinuaren Berri Ona ikusarazteko era bikain eta eraginkorrena?»[169]. Behartsuen aldeko lehentasunezko hauturik gabe «Ebanjelioaren iragarpenak, onena izanik ere, ez ulertua izateko arriskua du, edo egungo gizartea egunero mendean hartzen duen hitz-jario bilakatzekoa»[170].
200. Aholku-hitz hau Eliza katolikoaren kideei zuzendua dagoenez, minez adierazi nahi dut, behartsuek jasaten duten bazterketarik larriena espirituzko arretarik eza dela. Behartsu gehienek badute fedearekiko barne-irekiera bat; Jainkoa behar dute, eta ezin diogu utzi haren adiskidetasuna, haren bedeinkapena, haren Hitza, Sakramentuen ospakizuna eta fedearen haztea eta heltzea dakarren bidea eskaintzeari. Behartsuen aldeko lehentasunezko hautua, abantailazko eta lehentasunezko arreta erlijiosoan antzeman behar da.
201. Inork ez luke esan behar bere bizitzako aukerek beste gorabehera batzuei arreta handia eskaintzera behartzen dutelako behartsuengandik urruti bizi denik. Giro akademiko, nahiz enpresa- edo langile-giroan, baita eliz giroan ere ohiko aitzakia da hau. Fededun laikoen berariazko misioa, giza jarduera guztiak Ebanjelioak eralda ditzan, munduko errealitate ezberdinak eraldatzea baldin bada ere[171], inork ez du bere burua behartsuekiko kezkatik eta gizarte zuzentasunetik salbuetsia sentitu behar: «Guztioi eskatzen zaigu bihotz-berritzea, Jainkoa eta lagun hurkoa bizitasunez maitatzea, zuzentasunarekiko eta bakearekiko ardura eta behartsuekiko eta pobretasunarekiko ebanjeliozko zentzua»[172]. Egiazko eragin praktikorik gabe, hitz hauek ere komentario hutsen bat egiteko bakarrik erabiltzearen beldur naiz. Hala ere, kristauen irekitzearen eta jarrera onaren konfiantza badut, eta elkarte bezala proposamen berritu hau onartzeko moduak bilatzea eskatzen dizuet.

Ekonomia eta irabazien banaketa

202. Pobreziaren kausa estrukturalak konpontzeko beharra ezin da gehiago luzatu, ez emaitzak lortu eta gizartea konpontzea bera eskakizun pragamatikoa gertatzen zaigulako bakarrik, baita ahula eta duintasun-gabea bilakatzen duen gaixotasunetik gizartea sendatzeko ere, horrek krisialdi berrietara eraman besterik ez baitzukeen egingo. Zenbait larrialdiri erantzutea besterik egiten ez duten laguntza egitasmoak, bolada baterako bakarrik pentsatu behar lirateke. Merkatuen erabateko autonomiari eta finantza espekulazioari uko eginik eta zuzengabekeria[173] sortzen duten kausa estrukturalei aurre eginda behartsuen beharrak errotik konpondu ezean, ez dira munduko arazoak konponduko eta azken batean ez da inongo arazorik konponduko. Zuzengabekeria gizarteko gaitzen erroan dago.
203. Gizaki bakoitzaren duintasunak eta guztion ongiak, politika ekonomiko ororen bizkarrezur izan behar lukete, baina batzuetan jardun politiko bat osatzeko kanpotik ezarritako eranskin besterik ez dira, egiazko garapen osoaren inongo ikuspegi eta egitasmorik gabe.
       Zenbat hitz bihurtu ote dira deseroso sistema honentzat! Traba egiten du etikaz hitz egiteak, traba munduko solidaritateaz mintzatzeak, traba egiten du ondasunen banaketaz jarduteak, traba lanpostuak zaintzeaz mintzatzeak, traba egiten du ahulen duintasunaz hitz egiteak, traba egiten du zuzentasunaren aldeko konpromisoa eskatzen duen Jainkoaz hitz egiteak. Beste batzuetan zera gertatzen da: hitz hauek, desohoratzen dituen erabilpen txar batek baliatzen ditu. Gai hauen guztien aurrean erosokeriaz axolagabe izateak, gure bizitza eta gure hitzak zentzurik gabe uzten ditu. Enpresariaren bokazioa eginkizun jatorra da, bizitzaren zentzu zabalago batek interpelatu dezan uzten badu; horrek uzten dio, guztien ongiaren zerbitzuan egoten, mundu honetako ondasunak denontzat ugari eta eskuragarri egiten ahaleginduz.
204. Dagoeneko ezin gara fidatu ezkutuko indarrez eta merkatuaren esku ikusezinaz. Zuzentasunezko hazkundea, hazkunde ekonomikoa baino gehiago da, eta horrek erabakiak, egitasmoak, baliabideak eta prozesuak eskatzen ditu. Horiek behar dira irabazien banaketa hobea, lanpostuen sorkuntza, eta laguntza hutsa gainditzen duen behartsuekiko erabateko sustapena lortzeko. Ez dut inondik populismo arduragabe bat proposatu nahi, baina ekonomiak ezin du jo pozoi berri bat izango diren konponbideetara; hori gertatzen da lan merkatua murriztuz errentagarritasuna handitu nahi denean, horrek baztertu berriak sortzen baititu.
205. Jainkoari eskatzen diot, gero eta gehiago izan daitezela sustrai sakonak sendatzera eraginkorki bideratuko den benetako elkarrizketarako gai izango diren politikariak eta ez gure munduko gaitzen azalera begira egongo direnak. Hain gutxietsia den politika, bokazio ederra da berez, karitatea egiteko erarik ederrenetarikoa da, guztien ongia bilatzen duelako[174]. Garbi izan dezagun: karitatea «ez da soilik mikro-erlazioen oinarria, esaterako, adiskide, familia eta talde txikien artekoena, baita makro-erlazioena ere, esaterako, harreman sozial, ekonomiko eta politikoena»[175]. Jaunari eskatzen diot eman diezazkigula gizartearen egiaz, herriaz, behartsuen bizitzaz kezkatuko diren politikariak! Premiazkoa da agintariek eta fidantza botereek begirada altxatu eta ikuspegia zabaltzea, hiritar guztientzat duintasunezko lana eta osasunaren zaintza bideratzen saiatzea. Eta, zergatik ez jo Jainkoarengana egitasmo horiek eragin ditzan? Ziur nago harindikotasunari zabalik biziz gero pentsaera politiko eta ekonomiko berri bat eratuko litzakeela, ekonomiaren eta gizarteko guztien ongiaren arteko erabateko dikotomia gainditzen lagunduko lukeena.
206. Ekonomiak, hitzak berak dioen moduan, guztion etxea den mundu osoa egoki kudeatzea lortzeko artea izan behar luke. Munduko toki batean egindako garrantzizko ekintza ekonomiko batek, mundu osoan du eragina; horregatik inongo gobernuk ez luke jokatu behar elkarrekiko ardura aintzat hartu gabe. Izan ere, gero eta zailagoa gertatzen da kontraesan globalentzat irtenbide lokalak aurkitzea, horrela, politika, konpondu beharreko arazoz betetzen delarik. Munduko ekonomia egoki bat iritsi nahi badugu, historiaren une honetan beharrezkoa da, nazioen burujabetasuna gorderik, herrialde guztien —eta ez gutxi batzuena bakarrik— ongizate ekonomikoa ziurtatuko duen elkarlanerako modu eraginkorrago bat.
207. Behartsuak duintasunez bizi daitezen eta denak aintzat hartuak gerta daitezen sormenez arduratu gabe lasai irautea helburu duen Elizako edozein elkartek, desagertzeko arriskua ere izango du, baita gizarte gaiez hitz egin eta gobernuak kritikatzen baditu ere. Jarduera erlijiosoez, bilera antzuez edo hitzaldi hutsez estalitako mundutarkeria espiritualean murgilduko da.
208. Nire hitzek inor mintzen badute, jakin dezala bihotzez esanak direla eta asmorik onenez, inongo interes pertsonal edo ideologia politikotik kanpo. Nire hitza ez da etsai edo aurkari batena. Pentsamolde indibidualista, axolagabe eta norberekoi baten morrontzapean bizi direnak, merezi ez dituzten kate horietatik askatu eta bizimodu eta pentsamolde gizakoiago, jatorrago eta emankorragoa lortzea bakarrik da nire gogoa, lur honetako beraien bizialdia duintasun gehiagoz beteko dituena.

Ahultasuna zaindu

209. Ebanjelizatzaileen artean nagusia den Jesus, bera Ebanjelioa dena, txikienekin bat etortzen da era berezian (ik. Mt 25,40). Horrek gogoratzen digu, kristauok, munduko ahulenak zaintzera deituak gaudela bereziki. Baina «arrakastaren» eta «eskubide pribatuen» egungo ereduan, badirudi motelek, ahulek, edo gaitasun gutxiagokoek bizitzan aurrera egin dezaten saiatzeak ez duela zentzurik.
210. Ezinbestekoa da adi egotea pobrezia eta ahultasun era berrietatik gertu egoteko, sufritzen duen Kristo, horiengan ezagutzeko deia jaso baitugu, horrek, itxuraz, onura nabarmen eta berehalakorik emango ez badigu ere: etxegabeak, droga menpekotasuna dutenak, errefuxiatuak, herri indigenak, gero eta bakarrago eta bertan behera utziago dauden adinekoak, e.a. Migratzaileek erronka berezia jotzen didate, guztien ama sentitzen den mugarik gabeko Eliza baten Artzain naizelako. Horregatik irekiera eskuzabala izan dezaten eskatzen diet herrialde guztiei, bertako nortasuna suntsituko den beldurrik gabe, kulturen arteko sintesi berriak sortzeko gai izateko. Bai ederrak direla mesfidantza gaizbera gainditu eta ezberdinak gizarteratzen dituzten hiriak, eta gizarteratze hori garapen eragile berri bihurtzen dutenak! Bai politak bere egituratze arkitektonikoan ere, lotzen, harremanak bideratzen eta bestea aintzat hartzea errazten duten esparruz beteak dauden hiriak!
211. Beti larritu izan nau pertsonen trafikoa jasaten dutenen egoerak. Guztioi galdegiten digun Jainkoaren deiadarra entzutea nahi dut: «Non da anaia?» (Has 4,9). Non da zure anaia esklaboa? Non da ezkutuko lantegian, prostituzio sarean, eskerako erabiltzen dituzun haurretan, paperik ez duelako isilpean lanean dabilenarengan egunero hiltzen duzun hori? Ez dezagun beste aldera begiratu. Gogo-kidetasun handia dago. Guztiontzat da galdera! Mafiako bidegabekeria itxuragabea gure hirietan barneratua dago, eta asko dira gogo-kidetasun eroso eta isila dela eta eskuak odoletan gorrituak dituztenak.
212. Are behartsuagoak dira baztertzea, tratu txarra eta indarkeria jasaten duten emakumeak, beraien eskubideak defendatzeko aukera gutxiago izaten baitute sarritan. Baina, beraiengan aurkitzen ditugu egunero, etengabeko heroitasun seinaleak familiaren ahultasuna babestu eta zaintzerakoan.
213. Elizak maitasun bereziz zaindu behar dituen ahul horien artean ditugu jaiotzeko dauden haurrak ere; halakoak dira denetan babesgabe eta errugabeenak, beren giza duintasuna ukatu nahi baitiete, halakoei nahi dutena eginez, bizia kenduz eta hori ezin eragotziko duten legeak bultzatuz. Halakoen bizia defendatzen duelako Eliza nolanahi barregarri utzi nahirik, Elizaren jarrera ideologikoa dela, ilunzale eta kontserbatzailea dela esan ohi dute maiz. Jaiotzeko dagoen bizia defendatzea, ordea, mamiki lotua dago edozein giza eskubide defendatzearekin. Gizakia, edozein egoeratan eta bere garapeneko edozein unetan, sakratua eta bortxaezina dela konbentziturik egotea esan nahi du. Xede da gizakia bere izatean, eta inoiz ere ez beste arazo batzuk konpontzeko medio. Konbentzimendu hori gabe, ez legoke oinarri sendo eta iraunkorrik giza eskubideak defendatzeko; eskubide horiek aldian aldiko ahaltsuen noiz nolako komenientzien esanetara makurturik geldituko lirateke. Adimena bera aski da edozein giza biziaren balio bortxaezina aitortzeko; baina, horretaz gainera, fedearen ikuspegitik begiratzen badiogu, «gizaki bakoitzaren duintasuna bortxatzen duen ekintza orok mendekua eskatzen du Jainkoaren aurrean, eta gizakiaren Sortzailearen aurkako ofentsa da»[176].
214. Ezin da pentsatu gai honetaz jarrera aldatuko duenik, gizakiaren balioaz dugun mezuaren barne koherentzia baitago, hain zuzen, jokoan. Zeharo prestua izan nahi nuke gai honetaz. Hau ez da ustezko gure eraberritze edota «modernizatzearen» arabera erabaki daitekeen arazoa. Ez da aurrerakoia giza bizia suntsituz arazoak konpondu nahia. Hala ere, egia da ezer gutxi egin dugula egoera oso larrian diren emakumeei egoki lagun egiteko, halakoei aurkezten baitzaie abortua beraien larritasun sakonei irtenbide bizkortzat, batik bat emakume horien baitan hazten ari den bizia bortxaketaren ondorioa denean edota pobrezia-egoera oso larria bizi dutenean. Nork ez ulertu hain saminak diren egoera horiek?
215. Badira beste izaki ahul eta babesgabeak ere, interes ekonomikoen edo edonolako erabileraren menpean askotan geratzen direnak. Kreazioari buruz ari naiz. Gizakiok ez gara onuradun hutsak, beste izakien babesleak baizik. Geure gorpuzkeragatik Jainkoak hainbeste lotu gaitu inguratzen gaituen mundura, lurraren basamortutzea gaixotasun modukoa baita bakoitzarentzat eta espezi baten desagertzea elbarritze bat bailitzan nozitu baitezakegu. Ez dezagula utzi gu igarotako tokian suntsipen eta heriotza zantzurik, gure bizitza eta etorriko direnena eragingo duenik[177]. Honi buruz, neure egiten dut duela urte batzuk Filipinako Gotzainek adierazitako lantu eder eta profetikoa: «Mota askotako intsektu pila basoan bizi zen eta era guztietako ekintzetan lanpetuta zeuden (...). Txoriak hegan zebiltzan, haien luma distiratsuek eta txio ezberdinek kolorez eta doinuz betetzen duten basoko berdetasuna (...). Jainkoak guretzat, bere sorkari berezientzat, nahi izan zuen lur hau, baina ez suntsitzeko eta eremu bihurtzeko (...). Euri-gau baten ondoren begira iezaiozu zure herriko ibai marroi-ilunei eta gogora ezazu itsasora daramatela lurraren odol bizia (...). Nola egingo dute igeri arrainek estolda bilakatu dugun Pasig ibaian edo kutsatu ditugun beste ibaietan? Nork bilakatu du itsas azpi zoragarria bizirik eta kolorerik ez duen ur-azpiko hilerri?»[178].
216. Kristau guztiok, Asisko San Frantziskoren antzera txiki baino Jainkoaren maitasunean indartsu garenez, bizi garen herriko eta munduko ahultasuna zaintzera deituak gaude.

III. Guztien ongia eta gizarteko bakea

217. Asko hitz egin dugu pozari buruz eta maitasunari buruz, baina Jainkoaren Hitzak bakearen fruitua ere aipatzen du (ik. Ga 5,22).
218. Gizarteko bakea ezin da nahastu irenismo batekin edo alde batekoak besteen gainetik jarrita inposatutako indarkeria ezarekin. Behartsuenak isilarazi edo lasaitzen dituen gizarte-antolakuntza baten aitzakia den bakea ere faltsua litzateke, onura gehien dutenek bere bizi mailari eutsiko bailioteke inongo arazorik gabe, besteak al duten moduan bizirauten duten bitartean. Gizarteko eskabideak, zerikusi handia dute irabaziaren banaketarekin, behartsuak gizartean barneratzearekin eta giza eskubideekin eta ezin dira isilarazi mahai bulego batean lortzen den adostasun baten aitzakiarekin edo gutxiengo bat zoriontsu edukitzeko iraupen gutxiko bake batekin. Gizakiaren duintasuna eta guztion ongia, bere abantailei uko egin nahi ez dieten batzuen lasaitasunaren gainetik dago. Balio hauek kaltetuak direnean, beharrezkoa da profeta-hitz bat.
219. Bakea ez «da indarren oreka ez-egonkor batetik etorritako gerra ez egote bat. Bakea egunez egun eraikitzen da, gizakien arteko zuzentasun perfektuagoa dakarren Jainkoak nahi duen ordena finkatuz»[179]. Azken finean, guztien erabateko aurrerabidearen fruitu ez den bakeak ez du etorkizunik eta beti sorraraziko ditu gatazka berriak eta indarkeria era ezberdinak.
220. Nazio bakoitzean, herri baten baitan hiritar arduratsu moduan eratuz lantzen dute bertako biztanleek bere gizarte-alderdia, ez indar nagusiek herrestan eramandako giza multzo bezala. Gogora dezagun: «hiritar zintzo izatea bertute bat da eta bizitza politikoan parte hartzea betebehar moral bat»[180]. Baina herri bilakatzea zerbait gehiago da, etengabeko prozesu bat eskatzen du, belaunaldi berri bakoitza tartean sartuz egin beharrekoa. Lan geldi eta nekeza da eta barnerat eta ikasi nahi izatea eskatzen du topo egitearen kultura bat bideratu arte, forma askoko armonia batean.
221. Bakezko, justiziazko eta senidetasunezko herriaren eraikuntzan aurrera egiteko, badira lau oinarri, gizarte ororen bi aldetako tirabirekin harremana dutenak. Elizaren Irakaspen Sozialaren oinarrietatik sortzen dira, horiek baitira «erreferentziazko neurgailu nagusi eta oinarrizkoa gizarteko gertakarien interpretazioa eta balioespena egiteko»[181]. Horien argitan lau oinarri horiek proposatu nahi ditut, horiek gidatzen baitute zehazki elkarbizitza eta ezberdintasunak egitasmo berean orekatuko diren herriaren eraketa. Oinarri horien aplikazioa nazio bakoitzaren baitan eta mundu osoan bakerako bide benetakoa izango dela sinetsiz egiten dut proposamena.

Denbora espazioaren gainetik dago

222. Bi aldeko tirabira dago osotasunaren eta mugaren artean. Osotasunak dena izan nahia sortzen du eta muga da begi-aurrean ezartzen zaigun horma. Zabal hartuta, «denborak» osotasuna gogora ekartzen digu zabaltzen zaigun helmugaren adierazpen bezala, eta unea da toki hesitu batean bizitzen den mugaren adierazpena. Gizakiek tirabira bizi dute unearen egokieraren eta denboraren argiaren artean, hau baita helmuga nagusia, azken arrazoi erakargarria den etorkizunera zabaltzen gaituen utopia. Hemendik sortzen da herri bat eraikitzen jarraitzeko lehen oinarria: denbora espazioaren gainetik dago.
223. Oinarri honek, berehalako emaitzekin itsutu gabe, epe luzeko lana ahalbideratzen du. Egoera zail eta desegokiak, nahiz errealitateak sorrarazten dituen egitasmo aldaketak pazientziaz eramaten laguntzen du. Osotasunaren eta mugaren arteko tirabira onartzeko dei bat da, denborari lehentasuna emanez. Jarduera soziopolitikoan antzematen den bekatu nagusietako bat zera da: botere guneak lehenestea, prozesuen denbora lehenetsi beharrean. Espazioa lehenesteak orainean dena konponduta izan nahia eta boterearen eta norbere buruaren baieztapena bereganatzearen gogo eroa ekar dezake. Prozesuak gauzatu eta bere horretan utzi nahia da hori. Denbora lehenestea prozesuak hasten saiatzea da, espazioen jabe egin nahi izatea baino gehiago. Denborak espazioak zuzentzen ditu, argitu egiten ditu eta itzulbiderik ez duen etengabeko hazkundearen kate maila bilakatzen. Gizartean bizitasuna sortzen duten ekintzak bultzatzea da kontua, landuko dituzten pertsona eta taldeak murgilaraziz, gertakari historiko garrantzitsuak sorrarazteko. Estutasunik ez, baina uste oso argiak eta iraunkortasuna bai.
224. Neure buruari galdetu ohi diot nor ote diren egungo munduan herria egiten duten prozesuak sorrarazteaz arduratzen direnak, giza osotasunik ez dakarten irabazi politiko erraz, azkar eta iragankorrak sorrarazten dituzten berehalako emaitzez baino gehiago. Romano Guardinik aipatzen zuen irizpidearekin epaitua izango da historia, beharbada: «Garai bat baloratzen asmatzeko neurri bakarra galdera hau egitea da: zenbateraino lantzen eta lortzen da garai horretan giza izatearen osotasun izatearen egiazko arrazoia, garai jakin horretako berezitasun eta aukerak kontuan izanik»[182].
225. Ebanjelizatzerako ere oso egokia da irizpide hau; ebanjelizatzeak helburua ezagutzea eskatzen baitu, eta eman daitezkeen urratsez nahiz bide luzeaz jabetzea. Jaunak berak, bere bizitzaldian askotan eman zien aditzera ikasleei, bazirela oraindik uler ez zitzaketen gauzak eta beharrezkoa zela Espiritu Santuari itxoitea (ik. Jn 16,12-13). Gariaren eta olo gaiztoaren parabolak (ik. Mt 13,24-30) ebanjelizatzearen alderdi garrantzitsu bat agertzen du: beharrezkoa baita jakitea etsaiak har dezakeela Erreinuaren tokia eta olo gaiztoarekin min egin, baina garaitua izango dela denborarekin agertzen den gariaren ontasunarekin.

Batasuna gatazkari gailentzen zaio

226. Gatazkarekin ezin daiteke ezikusiarena egin edo beste aldera begiratu. Nork bere gain hartu behar du. Baina harrapatzen bagaitu, ikuspegia galtzen dugu, helmuga murrizten zaigu eta errealitatea bera zatikatua geratzen da. Egoera istilutsuaren aurrean jartzen garenean, errealitatean batasun sakonaren zentzua galdu egiten dugu.
227. Gatazkaren aurrean, ezer ez balitz bezala begiratu eta aurrera egiten dute batzuk, eskuak garbitzen dituzte beraien bizitzarekin jarraitu ahal izateko. Beste batzuk gatazkan murgiltzen dira, harrapatuta geratuz, ikuspegia hondatuz, erakundeei ematen diete bere nahasmendu eta atseginik ezaren errua eta era honetan ezinezko bilakatzen da batasuna. Baina bada hirugarren era bat gatazkari aurre egiteko eta hori da egokiena: gatazka sufritzea onartzea, konpontzea eta ibilbide berri baten kate maila bilakatzea da. «Zorionekoak bakegileak!» (Mt 5,9).
228. Honela ahalbideratzen da batasuna ezberdintasunen artean. Hori gatazkaren azala baino barrurago joateko eta besteei duintasunezko begiradaz begiratzeko gogoz dauden pertsona handiek bakarrik erraz dezakete. Horregatik, gizarteko adiskidetasuna eraikitzeko ezinbestekoa den oinarri bat babestu beharra dago: batasuna gatazkari gailentzen zaio. Elkartasuna, zentzu sakon eta erronka jotzailean ulertuta, bizitzeko modu bat bihurtzen da bizigune batean. Bizigune horietan gatazkak, tirabirak eta kontra egoteak, bizitza sorrarazten duten era askotako batasun bihur daitezke. Kontua ez da sinkretismo baten alde egitea edota batak bestea beretzea, horiek goragoko mailan konpontzea baizik, ezbaian dauden polaritateek gordetzen dituzten aukera baliotsuak zainduz.
229. Ebanjelioko irizpide honek oroitarazten digu Kristok dena bat egin duela Berarengan: zerua eta lurra, Jainkoa eta gizakia, denbora eta betikotasuna, haragia eta espiritua, pertsona eta gizartea. Berarengan dena batzearen eta adiskidetzearen ezaugarria bakea da. Kristo «da gure bakea» (Ef 2,14). Ebanjelioaren iragarpena bake agurrarekin hasten da beti, eta bakeak burutzen eta lotzen ditu uneoro ikasleen arteko harremanak. Bakea posible da Jaunak mundua eta Bere betiko izaera gatazkatsua garaitu dituelako, Berak gurutzean isuritako odolaz bakea ekarriz» (Kol 1,20). Bibliako testu hauen muinera jotzen badugu, konturatu beharko dugu baketze hori lortu beharreko lehenen esparrua norbere barrua dela, dialektikaren sakabanatzeak beti mehatxatzen duen norbere bizitza, alegia[183]. Mila puska egindako bihotzekin zaila izango da gizartean egiazko bakea eraikitzea.
230. Bakearen iragarpena ez da negoziatutako bakerena, Espirituaren batasunak aniztasun guztiak uztartzen dituela sinestea baizik. Edozein gatazka garaitzen du berria eta etorkizun handikoa den sintesi batean. Aniztasuna ederra da etengabeko baketze bide batean murgiltzen denean, «aniztasun adiskidetu» bat sorrarazten duen itun kultural moduko bat eginez, Kongoko Gotzainek ederki irakatsi bezala: «Gure etnien aniztasuna aberastasun bat da [...]. Batasunarekin, bihotz-berritzearekin eta adiskidetzearekin bakarrik egingo dugu aurrera gure herrian»[184].

Errealitatea ideia baino garrantzitsuagoa da

231. Bada bi aldetako tirabira bat ere ideiaren eta errealitatearen artean. Errealitatea izan egiten da, eta ideia berriz landu. Bien artean etengabeko elkarrizketa baten beharra dago, ideia errealitatetik urrundu ez dadin lan eginez. Arriskutsua da hitz bakarraren, irudiaren, sofismaren erreinuan bizitzea. Horregatik beharrezkoa da hirugarren printzipio baten alde egitea: errealitatea ideia baino garrantzitsuagoa da. Errealitatea ezkutatzeko era ezberdinak saihestea eskatzen du horrek: aingeru-ustezko garbizalekeriak, erlatiboaren totalitarismoak, adierazpenkerien nominalismoak, errealak baino formalagoak diren egitasmoak, historiaz kanpoko fundamentalismoak, ontasunik gabeko etizismoak, jakinduriarik gabeko intelektualkeriak.
232. Ideia —kontzeptuzko egintzak—, errealitatea ulertzearen, aditzearen eta gidatzearen arabera dago. Errealitatetik urrundutako ideiak ezertara ez daramaten idealismo eta nominalismoak sortzen ditu Horiek gehienez sailkatu edota definitu egiten dute, baina bildu ez. Arrazonamenduak argitutako errealitatea da biltzen duena. Formazko nominalismotik objektibotasun harmoniatsura igaro beharra dago. Bestela, egia manipulatzen da, kirola kosmetikaz iruzurrez ordezten den bezala[185]. Badira politikariak —baita gidari erlijiosoak ere— herriak zergatik ulertu eta jarraitzen ez dituen bere buruari galdetzen diotenak, bere proposamenak logikoak eta argiak badira. Ideia hutsaren erreinuan bizi direlako eta politika nahiz fedea erretorika hutsera murriztu dutelako gertatzen da hori, behar bada. Beste batzuk xalotasuna ahaztu zuten eta jendearentzat arrotza zen arrazionaltasuna bereganatu zuten kanpotik.
233. Errealitatea ideia baino garrantzitsuagoa da. Irizpide horrek Hitzaren hezurmamitzea eta gauzatzea ekartzen du gogora: «Honela jakingo duzue norbaitek Jainkoaren Espiritua duen ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen duenak Jainkoaren Espiritua du» (1Jn 4,2).  Dagoeneko hezurmamitu den eta beti hezurmamitu nahi duen Hitz baten errealitate irizpidea, oinarrizkoa da ebanjelizatzerako. Alde batetik, Elizaren historia salbamen historia bezala hartzera garamatza horrek, gure herrietako bizitzan Ebanjelioa inkulturatu zuten santuak oroitzera, Elizaren bi mila urteko tradizio aberatsa jasotzera garamatza horrek, altxor horretatik bereizitako pentsamendu bat landu nahi izan gabe, Ebanjelioa asmatu nahiko bagenu bezala. Bestalde, Hitza bizitzara eramatera bultzatzen gaitu irizpide horrek, Hitza emankorra izango den zuzentasun eta karitate egintzak burutzera. Hitza ez gauzatzea, bizitzara ez eramatea, hondar gainean eraikitzea bezala da, ideia hutsean geratzea eta fruiturik emanez ez eta bere aukera antzutzen duten intimismo eta gnostizismoetan erortzea bezala.

Osotasuna zatiaren gainetik dago

234. Globalizazioaren eta tokian tokikoaren artean ere bada tirabira bat. Globaltasunari begiratu behar zaio, ohiko zekenkerian ez erortzeko. Aldi berean, tokian tokikoa ez da ahaztu behar, horrek laguntzen baitigu oinak lurrean izaten. Biak kontuan izateak laguntzen digu bi muturretara ez joaten: bata, hiritarrak unibertsalismo abstraktu eta globalizatzaile batean bizitzea, atzetik doazen bidaiari berdin-berdinak bezala, beste batzuena den munduko su artifizialekin liluratuta aho-zabalik eta antolatutako txaloak joz; bestea, beren tokiari lotuta dauden ermitauen folklore-museo bihurtzea, beti gauza bera eginez, ezberdina denak esango diona bereganatzeko gaitasunik gabe, ezta bere mugatik kanpora Jainkoak isurtzen duen edertasuna baloratzeko ere.
235. Osotasuna zatia baino gehiago da eta zatien batuketa hutsa baino gehiago ere bai. Orduan, ez da gehiegi itsutu behar gauza mugatu eta partikularrekin. Begiratu zabala behar da denontzat hobea izango den on handiagoa badela aitortzeko. Baina ihesi gabe egin behar da, arrotz bihurtu gabe. Beharrezkoa da sustraiak lur emankorrean, Jainkoaren dohain den norbere tokian errotzea. Txikian, gertukoan lan egiten da, baina begiratu zabalagoarekin. Berdin, elkarte baten kide denean pertsona batek bere berezitasun pertsonala gordetzen du eta ez du nortasuna ezkutatzen, ez da baliogabetzen, baizik eta bultzada berriak hartzen ditu bere garapenerako. Ez da baliogabetzen duen eremu globala, ezta antzutzen duen alderdikoitasun bakartua ere.
236. Eredua ez da esfera, ez baita zatia baino gehiago. Bertan puntu guztiek alde bera dute erdigunearekin eta ez dago elkarren arteko ezberdintasunik. Eredua poliedroa da, berezko izatea gordetzen duten zati ezberdinen batura baita. Ekintza pastoralak zein ekintza politikoak poliedro horretan jaso nahi dute bakoitzaren onena. Han sartzen dira behartsuak beraien kulturarekin, egitasmoekin eta gaitasunekin. Erruren bat izan dezaketenek ere badute zer eskainia, galdu behar ez dena. Mundu mailan, bere berezitasunak gordetzen dituzten herrien bateratzea da; gizarte batean denak egiaz bilduko dituen elkarren ona bilatzen duten pertsonen multzoa da.
237. Irizpide honek Elizak eskualdatzen digun Ebanjelioaren osotasuna ere azaltzen digu kristauoi. Ebanjelio horixe hots egitera bidaltzen gaitu Elizak. Bere bete-beteko aberastasunak biltzen ditu akademikoak eta langileak, enpresariak eta artistak, denak. Herriaren mistikak bere erara jasotzen du Ebanjelio osoa eta otoitz-, senidetasun-, zuzentasun-, borroka- eta jai-adierazpenetan azaltzen du. Bere txikietako bat ere galtzerik nahi ez duen Aitaren poza da Berri Ona. Honela sortzen da galdutako ardia aurkitu eta artaldera itzultzen duen Artzain Onaren poza. Ore guztia harrotzen duen legamia eta herri guztiak argitzeko mendi gainean dagoen hiria da Ebanjelioa. Ebanjelioak badu berezkoa duen osotasun irizpide bat: ez da benetako Berri Ona guztiei hots egina ez den artean, gizakiaren alderdi guztiak ernarazi eta sendatu artean, eta gizaki guztiak Erreinuko mahaian bildu artean. Osotasuna zatiaren gainetik dago.

IV. Gizarte-elkarrizketa bakerako ekarpen bezala

238. Ebanjelizatzeak elkarrizketa bide bat ere beharrezkoa du. Gaur egun, elkarrizketarako hiru arlo dira Elizarentzat bereziki landu beharrekoak, gizakiaren erabateko garapenean zerbitzu bat egiteko eta guztion ona bideratzeko: Estatuekin, gizartearekin —hor sartzen dira kulturarekin eta zientziekin elkarrizketa izatea— eta Eliza katolikoko kide ez diren beste fededunekin elkarrizketa. Kasu guztietan «fedeak eskaintzen dion argiarekin mintzo da Eliza»[186], bi mila urtetako bere esperientzia eskaintzen du eta gizakien bizitza eta sufrimenduak beti gogoan izaten ditu. Giza arrazoia gainditzen du horrek, baino badu sinesten ez dutenak aberats ditzakeen esanahi bat eta arrazoiaren ikuspegia handitzeko gonbidapena egiten du.
239. Elizak «bakearen ebanjelioa» (Ef 6,15) hots egiten du eta irekirik dago lankidetza egiteko nazio barruko nahiz nazio arteko agintariekin, bakearen ondasun unibertsala zaintzeko. Bakea den Jesu Kristo aldarrikatzean (ik. Ef 2,14), ebanjelizazio berriak animatzen du bataiatu oro bakegintzarako tresna eta biziera adiskidetuaren testigu sinesgarri izatera[187]. Topaketa bideen artean elkarrizketari abantaila emango dion kultura batean, adostasunak eta hitzarmenak bilatzeko ordua dugu, baina gizarte zuzen, oroimendun eta bazterketarik gabeko baten kezka alde batera utzi gabe. Prozesu honen subjektua edo eragile nagusia jendea eta bere kultura dira eta ez klase, zati, talde edo elite bat. Ez dugu behar gutxi batzuk gutxi batzuentzat egindako proiektu bat, ezta gutxiengo eskoladun edo erakuskari batek guztien sentipena bereganatzerik ere. Elkarrekin bizitzeko hitzarmen bat behar da, gizarteko itun bat, itun kultural bat.
240. Estatuari dagokio gizartean guztien ona zaintzea eta bultzatzea[188]. Ordezkatzailetza eta solidaritate oinarrien gain eta elkarrizketa politikorako eta adostasunak sortzeko ahalegin handia eginez, ordezkatu ezin den oinarrizko eginkizun bat betetzen du, guztien garapen osoaren alde. Eginkizun honek, egungo egoeran, gizarte-apaltasun sakona eskatzen du.
241. Estatuarekin eta gizartearekin duen elkarrizketan, Elizak ez du kontu zehatz guztietarako erantzunik. Baina gizarteko indar ezberdinekin batera giza duintasunari eta guztien ongiari hobeki erantzungo dioten proposamenak bultzatzen ditu. Hori egitean, giza izatearen oinarrizko baloreak argitasunez proposatzen ditu, ekintza politiko bihur daitezkeen uste sendoak helaraziz.

Fedearen, arrazoiaren eta zientzien arteko elkarrizketa

242. Zientziaren eta fedearen arteko elkarrizketa baketzen duen ekintza ebanjelizatzailearen parte da[189]. Zientismoak eta posibismoak uko egiten diote «zientzia positiboek berezkoak dituzten ezagutza eratatik ezberdinak direnak baliodun bezala onartzeari»[190]. Elizak beste bide bat proposatzen du, zientzia enpirikoen metodologia propioak arduraz erabiltzearen eta beste jakintzen arteko sintesia eskatzen duena, dela filosofia, dela teologia, dela fedea bera, hauxe delarik natura eta giza adimena gainditzen dituen misteriora gizakia altxatzen duena. Fedeak ez dio beldurrik arrazoiari; bestela baizik, bilatu egiten du eta uste ona du berekiko, zeren eta «arrazoiaren eta fedearen argia Jainkoagandik datoz»[191], eta ezin dute elkar gezurtatu. Ebanjelizatzea zientzi aurrerapenekiko adi dago fedeaz eta lege naturalaz argitzeko, gizakiaren erdiko izatea eta gorengo balioa bere izatearen maila guztietan errespetatua izan dadin. Gizarte osoa aberats daiteke pentsamenduari muga berriak zabaltzen eta arrazoiari aukerak ugaritzen dizkion elkarrizketa honi esker. Hau ere harmonia eta baketze bide  bat da.
243. Elizak ez du zientzien garapen harrigarria geldiarazteko asmorik. Bestela baizik, poztu egiten da eta baita gozatu ere, Jainkoak giza buruari eman dion ahalmen handia aitortuz. Zientzien garapenak, bere berariazko ikerketaren alorrean zehaztasunez jardutean, ondorio jakin bat arrazoiak ezin ukatu ahal izateko moduan ageriko uzten badu, fedeak ez du ezeztatzen. Fededunek ere ezin dute onartu, kontrakoa duten eta behar bezala frogatua izan ez den iritzi zientifiko batek fedeko dogma baten garrantzia izaterik. Batzuetan, ordea, zenbait zientzialarik bere jakintza adarraren mugak gainditu eta bere zientziaren alorretik ateratzen diren baieztapen eta ondorioak ematen dituzte. Orduan, ez da arrazoia proposatzen, egiazko elkarrizketa baketsu eta emankor bati bidea ixten dion ideologia jakin bat baizik.

Elkarrizketa ekumenikoa

244. Jesus Jaunaren erreguari erantzuten dio ahalegin ekumenikoak, Hark eskatu baitzuen «guztiak bat izan daitezela» (Jn 17,21). Kristau mezua askoz sinesgarriagoa izango litzateke, kristauek zatiketak gainditu eta Elizak «berea duen katolikotasunaren betea bere seme-alabengan» gauzatuko balu, «haiek bataioaren bidez berari itsatsiak egon arren, haren elkartasun betetik banatuak baitaude»[192]. Erromes garela oroitu behar dugu beti, eta elkarrekin goazela erromes bidean. Horretarako, bidelagunari bihotza zabaldu behar zaio susmo txarrik gabe, mesfidantzarik gabe eta bilatzen dugunari bereziki begiratuz: Jainko bakarraren aurpegiko bakea. Artisau lana da besteari bihotza zabaltzea, bakea artisau lana da. Jesusek esan zigun: «Zorionekoak bakegileak!» (Mt 5,9). Ahalegin honetan, geuregan ere betetzen da profezia zaharra: «Ezpatak golde bihurtuko dituzte» (Is 2,4).
245. Horren argitan, giza familiaren batasunerako ekarpen bat da ekumenismoa. Konstantinoplako Patriarka, bere Santutasun Bartolome I.a eta Canterbury-ko Artzapezpikua, bere Grazia Rowan Douglas Williams, Sinodoan egon izana Jainkoaren egiazko dohaina da eta kristau-lekukotza baliotsua[193].
246. Aurkako testigantza larria den Kristauen arteko zatiketak, bereziki Asian eta Afrikan, presazkoa egiten du batasun bideak bilatu beharra. Kontinente hauetako misiolariek behin eta berriz aipatzen dituzte, kristauen zatiketaren eskandalua dela eta jasotzen dituzten kritika, kexu eta isekak. Batzen gaituzten sineste sendoetan bilduz gero, eta egiak maila ezberdina dutela gogoratzen badugu, elkarrekin egin ahal izango dugu erabakimenez, hots egite, zerbitzu eta testigantza adierazpenak dakartzan bidea. Jesu Kristoren iragarpena jaso ez duen jendalde handiak ezin gaitu axolagabe utzi. Beraz, Jesu Kristo onartzea bideratuko duen batasunaren alde saiatzea, diplomazia huts edo behartutako betekizun izateari utzi eta ebanjelizatzeko bide saihestezin bihurtuko da. Indarkeriak dagoeneko suntsitu dituen herrialdeetan agertzen diren kristauen arteko zatiketek, gatazka areagotzen dute bakezko legami erakargarri izan behar genukeenon aldetik. Hainbeste eta hain baliotsuak dira batzen gaituzten gauzak! Eta Espirituaren egintza aske eta eskuzabala egiaz sinesten badugu, zenbat gauza ikas genezake batak besteagandik! Kontua ez da besteak hobeto ezagutzeko haiei buruzko informazio gehiago izatea, Espirituak haiengan erein duena jasotzea baizik, guretzat dohain bat denez. Adibide bat ematearren, senide ortodoxoekin elkarrizketa izanez, gotzainen arteko elkargo-izaerari buruz eta beraien bizipen sinodalari buruz zerbait ikas genezake.

Judaismoarekin harremanak

247. Begiratu berezia zuzentzen diogu judu-herriari, Jainkoarekiko Ituna sekula ez baita baliogabetua izan, «behin eta betikoak baitira Jainkoaren dohainak eta deia» (Erm 11,29). Elizak, Eskritura Santuen zati garrantzitsu bat Judaismoarekin partekatzen duenak, kristau nortasunaren sustrai sakratutzat du Itunaren herria eta bere fedea (ik. Erm 11,16-18). Kristauok ezin dugu judaismoa erlijio arrotz bat balitz bezala ikusi, eta ez ditugu juduak sartzen idoloak utzi eta egiazko Jainkoagana itzultzeko deia jasotzen dutenen artean (ik. 1Ts 1,9). Historian ari den Jainko bakarrean sinesten dugu haiekin batera, eta haiekin batera onartzen dugu errebelatutako Hitz bera.
248. Israelgo seme-alabekin elkarrizketa eta adiskidetasuna izatea, Jesusen ikasleen bizitzako parte da. Nahitasun horrek, jasan dituzten eta jasaten dituzten pertsekuzioak zintzo eta saminki deitoratzera garamatza, bereziki kristauek eragin dituztenak edo zituztenak.
249. Jainkoak Itun Zaharraren herrian lanean jarraitzen du eta jakinduriazko altxorrak sorrarazten ditu haiengan Jainkoaren Hitzarekin duten harremanean. Horregatik, Judaismoaren balioak bereganatzean ere aberastu egiten da Eliza. Kristauen sineste sendo batzuek juduentzat onartezinak badira ere, eta Elizak Jesus Jaun eta Mesias bezala hots egiteari ezin utzi badio ere, bada elkar osatze bat, Biblia hebrearra elkarrekin irakurtzera eragiten gaituena eta Hitzaren aberastasunak argitzen elkarri laguntzen diguna, etikaren inguruko uste sendo asko eta zuzentasunaren eta herrien aurrerabidearekiko kezka bat bera elkarbanatzera ere eragiten gaitu.

Erlijioen arteko elkarrizketa

250. Egian eta maitasunean oinarri duen jarrera irekiak bereizi behar du kristauak ez diren erlijioetako fededun izandako elkarrizketa, nahiz eta oztopo eta zailtasunak izan, bereziki bi aldeetako fundamentalismoak. Erlijioen arteko elkarrizketa hori beharrezko baldintza da munduko bakerako, eta horregatik kristauontzat betebehar bat da, baita beste elkarte erlijiosoentzat ere. Elkarrizketa hau, giza bizitzari buruzko elkarrizketa bat da ezer baino lehen edo soilik «haiekiko zabalik egotea, bere pozak eta penak partekatuz»[194] Indiako Gotzainek proposatzen duten moduan. Honela ikasten dugu besteak bere izateko, pentsatzeko eta adierazteko modu ezberdinean onartzen. Era honetan, geure egin ahal izango dugu elkarrekin zuzentasunaren eta bakearen zerbitzari izateko eginkizuna, truke ororen oinarrizko irizpidea horrek izan beharko duelarik. Gizarteko bakea eta zuzentasuna bilatzen dituen elkarrizketa, alderdi pragmatiko ororen gainetik, gizarte-baldintza berriak sortzen dituen eginbide etikoa da berez. Gai zehatz baten inguruan egindako ahaleginak, ibilbide bihur daitezke, bertan, elkarri entzunez bi aldeek arazte eta aberaste bat bil dezaketelarik. Beraz, ahalegin horiek izan dezakete egiarekiko maitasun zentzu bat ere.
251. Beti adeitsua eta maitekorra izan behar duen elkarrizketa honetan, ez da inoiz ahaztu behar elkarrizketaren eta iragarpenaren arteko funtsezko lokarria, horrek baitarama Eliza kristau ez direnekin harremanak izatera eta biziagotzera[195]. Sinkretismo bateratzailea totalitarismo era bat litzateke azken batean gainditzen dituzten eta bereak ez diren baloreak alboratuz adostasuna iritsi nahi luketenen aldetik. Egiazko irekitzeak norbere uste sendoetan tinko irautea eskatzen du, nortasun argi eta pozgarri arekin, baina «bestea ulertzen saiatzeko prest» eta «elkarrizketak bakoitza egiaz aberats dezakeela jakinik»[196]. Ez du balio arazoak ekiditeko asmoz guztiari baiezkoa ematen dion irekitze diplomatiko batek, bestea nolabait engainatzea bailitzateke hori eta baita dohain moduan eskuzabal partekatzeko jasotako ondasuna ukatzea ere. Ebanjelizatzeak eta erlijioen arteko elkarrizketak, kontrajarri ordez, batak bestea eusten eta indartzen dute[197].
252. Garai honetan garrantzia handia du Islam erlijioko fededunekiko harremanak, gaur bereziki presente baitaude kristau tradizioko herrialde askotan, bere kultua askatasunez ospatu eta gizartean integratu daitezkeelarik. Ez da inoiz ahaztu behar, beraiek «Abrahamen fedeari atxikitzen zaizkiola aitortuz, gurekin batera, Jainko bakarra, errukitsua, azken egunean gizakiak epaituko dituena gurtzen dutenak»[198] direla. Islameko idazki santuek zenbait kristau irakaspen jasotzen dituzte; Jesu Kristok eta Mariak egiazko gurtza jasotzen dute, eta miresgarria da ikustea nola Islameko gazte eta adinekoek, andre nahiz gizonek otoitzari denbora eskaintzen dioten egunero eta beraien ohikune erlijiosoetan parte hartzen duten. Aldi berean, beraietako askok egiaz sinesten dute norbere bizitza oso-osorik Jainkoarena eta Jainkoarentzat dela. Hari erantzun etiko batekin eta behartsuenganako errukiarekin erantzun beharra ere aitortzen dute.
253. Islamarekin elkarrizketa izateko ezinbestekoa da solaskidearen heziketa egokia, bai bere identitatean sendo eta pozik errotuak egon daitezen eta baita besteen balioak aitortzeko, beraien eskabideetan gordetzen diren kezkak ulertzeko eta elkarren uste sendoak argitara ekartzeko gai izan daitezen ere. Kristauok bihotzez eta begirunez onartu behar genituzke gure herrialdeetara etortzen diren islamdar etorkinak, eta era berean islamadar tradizioko herrialdeetan onartuak eta errespetuz tratatuak izatea itxaron eta eskatzen dugu. Erregutzen dut, apaltasunez arren eskatzen dut, herrialde horiek eman diezaietela kristauei askatasuna beraien kultua ospatu eta fedea bizi ahal izateko, mendebaldeko herrialdeetan islamdar fededunek duten askatasuna gogoan hartuz! Kezkatzen gaituzten fundamentalismo gertaeren aurrean, islamdar fededunekiko nahitasunak orokortze gorrotagarriak ekiditen lagundu behar digu, egiazko Islama eta Koranaren interpretazio egokia indarkeria ororen aurkakoak baitira.
254. Kristau ez direnak, Jainkoak hala nahirik, eta bere kontzientziarekin leial izanez, «Jainkoaren graziaren bidez zuzenetsiak»[199] bizi daitezke, eta «Jesu Kristoren pazko-misterioarekin elkartuta»[200]. Baina santutzen duen graziaren alderdi sakramentala dela eta, jainkozko-ekintza ezaugarri, ohikune eta adierazpen sakratuak sortzen joaten da, beste batzuek ere Jainkoarenganako bideren bizipena elkarrekin egitera biltzen dituelarik[201]. Ez dute Kristok eratutako Sakramentuen zentzu eta eraginkortasunik, baina izan daitezke Espirituak piztutako bideak, inmanentismo ateotik nahiz norberezale hutsak diren erlijio bizipenetatik kristau ez direnak askatzeko. Espiritu berak sorrarazten ditu alde guztietan jakinduria praktikoa adierazten duten era ezberdinak, bizitzaren behartasun larriak jasaten eta bake eta harmonia gehiagoz bizitzen laguntzen dutenak. Mendeetan sendotutako aberastasun hori ere baliatu genezake kristauok, geure sinesteak hobeki bizitzen lagundu gaitzakete eta.

Gizarte-elkarrizketa, erlijio askatasuna dagoen inguru batean

255. Sinodoko gurasoek erlijio-askatasuna errespetatzearen garrantzia gogorarazi zuten, oinarrizko giza eskubide bat denez[202]. «Egiazkotzat hartzen den erlijioa aukeratzeko eta norbere sinestea publikoki adierazteko askatasuna»[203] eskatzen du horrek. Ezberdinak egiaz errespetatu eta diren bezala aintzat hartuko dituen gaitzik gabeko pluraltasun batek, ez du zertan ekarri erlijioen pribatizazio bat, isilarazteko eta norbere kontzientziara ezkutatzeko nahiarekin edo tenplu, sinagoga nahiz meskitatako esparru itxira baztertzeko gogoarekin. Hori, azken finean, bereizkeria eta nagusikeria era berri bat izango litzateke. Agnostikoen nahiz sinesgabeen gutxiengoei dagokien errespetua ez dago zertan edonola ezarri gehiengo fededunen uste sendoak isilaraziz edo tradizio erlijiosoen aberastasunari ez ikusiarena eginez. Horrek erresumina sustatuko luke epe luzera, onarpena eta bakearen ordez.
256. Erlijioaren eragin publikoari buruz galdegitean, bizitzeko era ezberdinak bereizi behar dira. Bai intelektualek eta baita kazetari-oharrek ere zehaztasunik gabeko eta estilo akademiko gutxiko orokortzeak egiten dituzte erlijioei buruz hitz egitean eta askotan ez dakite bereizten fededun guztiak —ezta agintari erlijioso guztiak ere— ez direla berdinak. Zenbait politikarik nahaste hau erabiltzen dute zenbait baztertze-ekintza zuritzeko. Inoiz fededun esparru jakin batean sortutako idatziren bat gutxiesten da, idatzi erlijioso klasikoek garai guztietarako esanguratsu den edukia eskain dezaketela ahaztuta; idatzi horiek helmuga berrietara zabaltzen duen, pentsamoldea eragiten duen eta gogoa zein sentsibilitatea irekitzen duen indar eragilea dute. Arrazionalismoek duten ikuspegi itxiaren eraginez mespretxatuak dira. Zentzuzkoa eta kultua al da ilunpera zokoratzea, sineste erlijioso baten esparruan sortu izanagatik bakarrik? Erabat gizakoiak diren printzipioak dituzte, ezaugarri eta irakaspen erlijiosoez kutsatuta egon arren balio arrazionalez beteak.
257. Fededunok gertuko sentitzen gara, bere burua tradizio erlijioso jakin bateko aitortu ez arren, egia, ongia eta edertasuna zintzotasunez bilatzen dutenekin, guk Jainkoari aitortzen diogularik horien adierazpen gorena eta iturria izatea. Giza duintasunaren defentsan aliatu bikain bezala ikusten ditugu, baita herrien arteko bizikidetza eraikitzerakoan eta kreazioa zaintzerakoan ere. Esparru berezia dira Areopago berriak deiturikoak, «Gentilen Ataria» esaterako, bertan «fededunak eta ez fededunak elkarrekin mintza daitezke etikaren, artearen eta zientziaren gai nagusiei buruz eta haraindikotasunaren bilaketari buruz ere»[204]. Bakezko bide bat da hau ere gure mundu zaurituarentzat.
258. Gizadiaren etorkizunerako garrantzitsuak diren gizarteko zenbait gairen bidez, Ebanjelioaren iragarpenak berekin duen gizarte-alderdi saihestezina zehazten saiatu naiz, kristau guztiak bere hitz, jarrera eta ekintzen bidez alderdi hori adieraztera bultzatu nahirik.





BOSGARREN KAPITULUA

ESPIRITUA DUTEN EBANJELIZATZAILEAK


259. Espiritua duten ebanjelizatzaileak izatea, Espiritu Santuaren eraginari beldurrik gabe barrua zabaltzen dioten ebanjelizatzaileak izatea esan nahi du. Mendekoste egunean, Apostoluak bere baitatik aterarazten ditu Espirituak eta Jainkoaren harrigarrien hots egile bilakatzen ditu, bakoitzak bere hizkuntzan ulertzen dituelarik. Ebanjelioaren berritasuna ausardiaz (parresia) hots egiteko indarra ematen du, gainera, Espiritu Santuak; ozen hots egiteko, edozein garai eta tokitan, baita kontrako giroa dagoenean ere. Dei egin diezaiogun gaur, otoitza euskarri dugula, hori gabe ekintza orok huts geratzeko arriskua baitu eta aldarrikapena bihotzik gabea gera baitaiteke. Hitzez bakarrik ez, baizik eta Jainkoaren presentzian antzaldatutako bizitzarekin Berri Ona hots egingo duten ebanjelizatzaileak nahi ditu Jesusek.
260. Azken kapitulu honetan ez dut kristau espiritualitatearen laburpen bat egingo, ezta otoitza, eukaristi gurtza edo fede ospakizuna bezalako gai nagusirik landuko ere, horiei buruz badugu eliz irakaspenaren testu baliotsu aski eta autore nagusienen idatzi ezagun nahikoa. Ez dut horien aberastasuna ordezkatzeko edota gainditzeko asmorik. Ebanjelizatze berriaren espirituari buruzko hausnarketa batzuk proposatu besterik ez dut egingo.
261. Zerbaitek «espiritua» duela esaten denean, jarduera pertsonala nahiz elkartekoa sustatzen, eragiten, adoretzen eta zentzuz betetzen duten barne mugimenduak aipatzen ditugu. Espiritua duen ebanjelizatzea oso ezberdina da ozta-ozta jasaten den pisuzko betebehar bezala bizi dugun lan multzo batekin edota norbere joera edo gogoak kontrajartzen dituen zerbait bezala pairatzen ditugunekin. Nahi nuke ba benetan kartsuagoa, alaiagoa, eskuzabalagoa, ausartagoa, azkengabeko maitasunez eta kutsakorra den bizitzaz betea dagoen ebanjelizatze aldi bat eragiteko hitz egokiak bilatzea! Baina badakit edozein ahalegin gutxi izango dela bihotzetan Espirituaren surik ez badago. Azken batean espiritua duen ebanjelizatzea, Espiritu Santua duen ebanjelizatzea da, Bera baita Eliza ebanjelizatzailearen arima. Motibazio eta iradokizun espiritual batzuk proposatu aurretik de egiten diot beste behin Espiritu Santuari; ausardiaz bere baitatik irten eta herri guztiak ebanjelizatu ditzan, Eliza berritu, astindu eta bultzatzera etortzeko eskatzen diot.

I. Misio-bulkada berritu baterako motibazioak

262. Espiritua duten ebanjelizatzaileak, otoitz eta lan egiten dutenak dira. Ebanjelizatzearen ikuspuntutik ez dute balio gizarte- eta misio-konpromiso benetakorik gabeko proposamen mistikoek ezta bihotza eraldatzen duen espiritualtasuna falta duten gizarteko nahiz pastoraltzako hitz eta jardunek ere. Alde bakarrekoak diren eta bateratzaileak ez diren proposamen horiek zenbait talde mugatuetara bakarrik iristen dira eta ez dute barnera iristeko behar adina indar, Ebanjelioa murriztu egiten baitute. Beharrezkoa da konpromisoari eta jardunari kristau zentzua emango dion barne-lana egitea[205]. Gurtza une lasairik gabe, Hitzarekin otoitz egin gabe, Jaunarekin elkarrizketa zintzoa izan gabe, jardun guztiek erraz  galtzen dute zentzua, neke eta arazoen ondorioz nekatu egiten gara eta adorea itzaltzen zaigu. Elizak inoiz baino gehiago behar du otoitzaren arnas hartzea, eta biziki pozten nau eliz erakunde guztietan otoitz eta bitartekotza eta Hitzaren irakurketako taldeak nahiz Eukaristiaren Gurtza iraunkorrerako egitasmoak ugaritzeak. Aldi berean «muzin egin behar zaio ezkutukoa den eta norbanakoari begira bakarrik dagoen espiritualtasunari, zerikusi gutxi baitu horrek karitatearen eskakizunekin eta Gizon-egitearen logikarekin»[206]. Arriskua dago, zenbait otoitzaldi aitzakia bihurtzea misioari bizitza ez eskaintzeko, bizitza estiloa pribatizatzeak kristauak gezurrezko espiritualtasun batera tolestea ekar baitezake.
263. On egiten digu lehenengo kristauak eta baita historian zehar pozez gainezka, adorez beteta, hots egitean nekaezin eta iraupen aktiborako gai izan diren senideak ere gogoan izatea. Badira, gaur zailagoa dela esanez bere buruak kontsolatzen dituztenak; baina, aitor dezagun, erromatar Inperioaren egoera ez zela batere erraza Ebanjelioa hots egiteko, justiziaren alde lan egiteko, giza duintasuna babesteko. Historiaren garai guztietan aurkitzen dira giza ahultasuna, norbere buruari era erigarrian begiratzea, norberekeria erosoa eta, azken batean, denok atzetik dugun irritsa. Hau beti aurki daiteke, era batera nahiz bestera; giza mugetatik dator, inguruko eraginetik baino gehiago. Ez dezagun esan, beraz, gaur zailagoa denik; ezberdina da. Baina ikas dezagun gure aurretik bizi izan diren eta bere garaiko zailtasunei aurre egin behar izan zieten santuetatik. Horretarako, haiei jarraitzeko motibazio batzuk berreskuratzen saiatzeko proposamena luzatzen dizuet[207].

Salbatzen gaituen Jesusen maitasunarekin pertsonalki topo egitea

264. Ebanjelizatzeko lehen motibazioa Jesusengandik jasotako maitasuna da, Berak salbatuak izatearen esperientzia: Bera gero eta gehiago maitatzera garamatzana. Baina, zer maitasun klase da maitatuari buruz hitz eginarazten, agertarazten, ezagutarazten ez diguna? Bere berri emateko gogo sutsua sumatzen ez badugu, otoitz egin beharra dugu, Berari berri lilura gaitzan eskatuz. Egunero dei egiteko beharra dugu, Bere grazia eskatzeko beharra, gure bihotz hotza zabal dezan eta gure azaleko bizitza epela astindu. Bere aurrean bihotza zabalduz, Berak begira gaitzan utziz, Jesusek aurkitu zuenean Natanaelek sumatu zuen maitasun begirada sumatzen dugu eta hitz bera entzuten: «Pikupean zeundela ikusi zintudan» (Jn 1,48). Bai gozoa gurutzearen aurrean edo Jaunaren aurrean belauniko egotea, edota Haren begien aurrean izatea! Zeinen ona zaigun Berak gure izatea bereganatu eta bere bizi berria iragartzera bidaltzea! Orduan gertatzen da, azken finean, «ikusi eta entzun duguna iragartzea» (1Jn 1,3). Ebanjelioa iragartzea erabakitzeko motibazio onena berau maitasunez kontenplatzea da, bere orrialdeak arretaz aztertu eta bihotzarekin irakurtzea. Honela eginez gero, bere edertasunak txunditu egiten gaitu, behin eta berriz liluratzen gaitu. Horregatik, beharrezkoa dugu kontenplazio-espiritua berreskuratzea, horrek lagunduko baitigu gizatasunez betetzen gaituen eta bizi berria bizitzen laguntzen gaituen ondasun baten jabe garela konturatzen. Ez dago besteei helarazteko ezer hoberik.
265. Jesusen bizitza osoa, behartsuak hartzeko era, bere keinuak, bere koherentzia, ohiko bere eskuzabaltasun laua eta bere erabateko eskaintza, dena da baliotsua eta norbere bizitzari mintzo zaio. Norbaitek berriz aurkitzen duenean, besteek ere horixe behar dutenaz jabetzen da, aitortzen ez badute ere: «Zuek ezagutu gabe gurtzen duzuena, horixe iragartzen dizuet nik» (Eg 17,23). Misiorako gogo beroa galtzen dugu batzuetan, ahaztu egiten zaigulako Ebanjelioak pertsonen behar sakonenei erantzuten diela, denok izan garelako Ebanjelioak proposatzen digun horretarako: Jesusen adiskide izan eta elkar maitatu. Ebanjelioaren funtsezko edukia egoki eta edertasunez adieraztea lortzen denean, seguru asko mezu hori bihotzen bilaketa sakonenei mintzatuko zaie: «Misiolaria konbentzitua dago, badela dagoeneko Espirituaren eraginez pertsonengan eta herriengan itxarote bat, konturatu gabe baldin bada ere, Jainkoari buruzko, gizakiei buruzko, bekatutik eta heriotzatik askatzen duen bideari buruzko egia ezagutzeko. Kristo hots egiteko gogo beroa itxaropen horri erantzuteko uste osotik dator»[208].
            Ebanjelizatzeko gogo beroa uste oso horretan oinarritua dago. Badugu bizitza eta maitasun altxor bat engainurik ez duena, manipulatu eta ilusioa kendu ezin duen mezua. Gizakiaren barru-barruan dagoen eta eusten eta altxatzen duen erantzuna da. Beste ezer iristen ez den tokira sartzeko gai delako, zaharkitzen ez den egia da. Gure tristura amaigabea, amaigabeko maitasunez bakarrik senda daiteke.
266. Uste oso honek, etengabe berritzen den norbere bizipena du oinarri: bere adiskidetasuna eta mezua dastatzearen bizipena. Ezin daiteke gogo sutsuzko ebanjelizatze batean iraun, norbere bizipenez bakoitza jabetzen ez bada ez dela gauza bera Jesus ezagutzea edota ez ezagutzea, ez dela gauza bera Berarekin bidea egitea edota itsumustuka ibiltzea, ez dela  gauza bera Berari entzutea edo Haren Hitza ez ezagutzea, ez dela gauza bera kontenplatzea, gurtzea eta Berarengan atseden hartzea, eta hori guztia ezin egin ahal izatea. Ez da gauza bera mundua Bere Ebanjelioarekin eraikitzea edo norbere arrazoiarekin egitea. Badakigu Berarekin bizitza beteagoa bihurtzen dela eta Berarekin errazagoa dela gauza guztiei zentzua bilatzea. Horregatik zabaltzen dugu ebanjelioa. Egiazko misiolariak, ikaslea izateari inoiz uzten ez dionak, badaki Jesus berarekin doala, berarekin hitz egiten duela, berarekin arnas hartzen, berarekin lan egiten. Misio-eginbeharraren erdian Jesus bizirik antzematen du bere ondoan. Batek misio-eskaintzaren muinean bertan aurkitzen ez badu, laster galtzen du gogo beroa eta iragartzen duenarekin seguru egoteari uzten dio, indarra eta adorea falta zaizkiolarik. Eta konbentzituta, adoretuta, darabilenarekin ziur, maiteminduta ez dagoen pertsonak ez du inor konbentzitzen.
267. Jesusekin bat eginik, Berak bilatzen duena bilatzen dugu, Berak maite duena maitatzen. Azken finean, Aitaren aintza bilatzen dugu; «eman digun dohain zoragarria berarentzat gorespen-kantu bihur dadin» (Ef 1,6) bizi gara eta lan egiten dugu. Buru-belarri eta iraupenez geure burua eskaini nahi badugu, beste edozein motibazio baino sakonago joan behar dugu. Hori da bultzada erabatekoa, sakonena, handiena, beste guztiaren arrazoia eta zentzu betea. Aitaren aintza, alegia, Jesusek bere izate osoan bilatu zuena. Bera da bere izate osoa «Aitaren baitan» (Jn 1,8) izanik betiko zoriontsu den Semea. Misiolariak gara, bereziki Jesusek esan digulako: «Zuek fruitu asko ematean azaltzen da nire Aitaren aintza» (Jn 15,8). Komeni edo ez, interesa piztu edo ez, balio edo ez, gure gogoen, ulermenaren edo motibazioen muga txikien gainetik, maite gaituen Aitaren aintzarako hots egiten dugu ebanjelioa.

Herri izatearen espirituzko gogoa

268. Jainkoaren Hitzak herri garela aitortzera ere dei egiten digu: «Garai batean herri ere ez zinetenok, orain Jainkoaren herri zarete» (1Pe 2,10). Benetako ebanjelizatzaile izateko beharrezkoa da jendearen ondoan egoteko gogoa izatea ere, horrek goragoko poza ematen duela konturatzeraino. Misioa Jesusenganako grina da, baina aldi berean herriarekiko grina ere bai. Jesus gurutziltzatuaren aurrean jartzen garenean, duintzen gaituen eta eusten digun Bere maitasun guztia aitortzen dugu, baina, aldi berean, itsu ez bagaude konturatzen gara Jesusen begirada hori zabaldu egiten dela eta txera eta garrez bere herri osoari iristen zaiola. Honela konturatzen gara bere herri maitearengana gero eta gertuago iristeko bitarteko nahi gaituela. Herriaren erditik hartzen gaitu eta herrira bidaltzen gaitu, kide izate hori gabe ez baitago geure nortasuna ulertzerik.
269. Jesus bera da herriaren bihotzean murgiltzen gaituen ebanjelizatze aukera honen eredua. Zer on egiten digun guztiekin gertuko ikusteak! Norbaitekin hitz egiten zuenean, begietara begiratzen zaion maitasunezko arreta sakonez: «Jesus maitasunez begira jarri zitzaion» (Mk 10,21). Bideko itsuarengana hurbiltzean xalo ikusten dugu (ik. Mk 10,46-52), baita bekatariekin jan eta edaten duenean ere (ik Mk 2,16), tripazain eta mozkortzat hartzen badute axola ez diolarik (ik. Mt 11,19). Hurbil-erraz ikusten dugu emagalduari oinak gantzutzen uzten dionean (ik. Lk 7,36-50) edo Nikodemo ikustera joaten zaionean (ik. Jn3,1-15). Jesusen gurutzeko eskaintza ez da bere bizitza osoko estiloa azken-muturrera eramatea baino. Eredu horrek liluraturik, gizartean murgildu nahi dugu, denekin bizitza partekatzen dugu, guztien kezkak entzuten ditugu, materialki eta espiritualki laguntzen diegu beraien beharretan, pozik daudenekin pozten gara, negarrez daudenekin negar egiten dugu eta mundu berri baten eraikuntzan konprometitzen gara, besteekin batera elkar harturik. Baina, ez behartuta, ez higatzen gaituen neke bezala, pozez betetzen gaituen eta nortasuna ematen digun aukera pertsonal gisa baizik.
270. Jaunaren zaurietatik tarte burutsu bat utziz kristau izateko tentazioa izan ohi dugu batzuetan. Jesusek, ordea, giza miseria uki dezagun nahi du, lagun hurkoaren haragi minberatua uki dezagun. Giza zurrunbiloaren begitik urruti egon ahal izatea ematen diguten babesleku pertsonal nahiz komunitarioei uko egingo diegula espero du Jesusek, eta harremanetan jarriko garela benetan lagun hurkoaren egoera zehatzarekin eta ikusiko dugula samurtasunaren indarra. Hori egitean, bizitza nahasi egingo zaigu era zoragarrian, eta herri izateko esperientzia sutsua biziko dugu, herri bateko kide izatearen esperientzia.
271. Egia da, mundurekin dugun harremanean, gure itxaropenaren arrazoia emateko prest egotea eskatzen zaigula, baina ez seinalatu eta kondenatzen duten etsai bezala. Garbi asko esaten zaigu: «Egizue apaltasunez eta errespetuz» (1Pe 3,16), eta «zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin» (Erm 12,18). «Gaitza ongiaz» (Erm 12,21) garaitzeko ahalegina egitea ere eskatzen zaigu, «on egiten» (Gal 6,9) aspertu gabe eta inoren gainetik gure burua agertu nahi izan gabe, «besteak hobeak direla pentsatuz» (Flp 2,3) baizik. Hain zuzen, Jaunaren Apostoluek «herri osoaren estimazioa» zuten (Eg 2,47; 4,21.33; 5,13). Garbi dago Jesu Kristok ez gaituela nahi besteak gutxiesten dituen printze, herriko gizon eta emakume baizik. Hau ez da Aita Santu baten iritzia, ezta besteen artean egindako aukera pastoral bat; Jainkoaren Hitzaren irakaspenak dira, hain argiak, zuzenak eta sendoak izanik ez baitute indarra gutxitzen dioten interpretaziorik behar. Bizi ditzagun «sine glossa», komentariorik gabe. Honela, bizitza Jainkoaren herriarekin partekatzearen misiolari-poza biziko dugu, munduaren bihotzean sua pizten ahaleginduz.
272. Jainkoarekin oso-osorik topo egitea bideratzen duen espirituzko indarra da jendearekiko maitasuna, horregatik senidea maite ez duena «ilunpetan dago» (1Jn 2,11), «heriotzaren menpe dago» (1Jn 3,14) eta «ez daki deus ere Jainkoaz» (1Jn 4,8). Benedikto XVI.ak esan du «lagun hurkoaren aurrean begiak ixtea Jainkoaren aurrean itsu bihurtzea dela»[209] maitasuna da funtsean argi bakarra «etengabe mundu ilun batean argi egiten duena eta bizitzeko eta jarduteko indarra ematen diguna»[210]. Beraz, besteengana gerturatu eta beraien ongia bilatzearen mistika bizi dugunean, gure barrua zabaltzen dugu Jaunaren dohain ederrak jasotzeko. Maitasunez gizaki batekin topo egiten dugun bakoitzean, Jainkoari buruz zerbait berria ikasteko gai gertatzen gara. Bestea ezagutzeko begiak irekitzen zaizkigun bakoitzean, fedea gehiago argitzen zaigu Jainkoa ezagutzeko. Horren ondorioz, espiritu bizitzan hazi nahi badugu, ezin diogu utzi misiolari izateari. Ebanjelizatze lanak burua eta bihotza aberasten du, espirituaren bideak zabaltzen dizkigu, Espirituaren egintza aitortzeko gaitzen gaitu, gure eskema espiritual mugatuetatik ateratzen gaitu. Aldi berean, bere burua eskaintzen duen misiolariak, gainezka egin eta guztiak freskatzen dituen iturbegi izatearen esperientzia gozatzen du. Besteen ona bilatuz, besteen zoriona desiratuz gustura dagoena bakarrik izan daiteke misiolari. Bihotza zabaltze hori bera zorion-iturri da, zeren eta «zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eg 20,35). Besteengandik ihes eginda, ezkutatuta, partekatzeari uko eginda, ezin emanda, erosotasunean geure buruak itxita, ez gara hobeto bizi. Hori poliki-poliki buruaz beste egitea besterik ez da.
273. Herriaren bihotzean dudan egitekoa —misioa— ez da kendu dezakedan nire bizitzaren zati bat edo apaingarri bat; ez da nire bizitzako eranskin edo une bat. Nire burua ezereztu gabe nigandik kendu ezin dudan zerbait da. Ni egiteko misio bat naiz lurrean, eta horregatik nago mundu honetan. Argitzeko, bedeinkatzeko, biziarazteko, altxatzeko, sendatzeko, askatzeko zeregin horretarako suz markatua bezala aitortu behar du bakoitzak bere burua. Hor azaltzen da benetako erizaina, benetako hezitzailea, benetako politikaria, besteekin eta besteentzat sakon-sakonean izatea erabaki duten horiek. Baina, egitekoa alde batetik eta norbere pribatutasuna bestetik bereiziz gero, dena lausotzen da eta besteen txaloa bilatzen edo bere beharrak defendatzen igaroko du denbora guztia. Herri izateari utziko dio.
274. Jendearekin gure bizitza partekatzeko eta geure buruak eskuzabaltasunez eskaintzeko, aitortu egin behar dugu pertsona bakoitzak merezi duela gure eskaintza. Ez bere edertasunagatik, bere gaitasunengatik, bere hizkeragatik, bere pentsaeragatik edo ematen dizkigun pozengatik, Jainkoak egindako sorkari delako baizik. Berak sortu zuen bere antz eta irudiko, bere aintza islatzen du neurri batean. Gizaki orok jasotzen du Jaunaren amaigabeko samurtasuna eta Jauna bera berarengan bizi da. Jesu Kristok pertsona horrengatik isuri zuen gurutzean bere odol baliotsua. Itxura guztien gainetik, bakoitza neurrigabe sakratua da eta gure txera eta eskaintza merezi ditu. Horregatik, pertsona bakar bati hobeto bizitzen laguntzen badiot, garbi geratuko da merezi zuela neure burua eskaintzeak. Ederra da Jainkoaren herri izatea. Betetasuna iristen dugu mugak hautsi eta gure bihotza aurpegiz eta izenez betetzen zaigunean!

Berpiztuaren eta Haren Espirituaren misteriozko ekintza

275. Bigarren kapituluan hausnartu genuen espiritu-bizitzaren gabezia sakonak dakarren ezkortasun, fatalismo eta konfiantza faltari buruz. Misioari bere burua eskaintzen ez dioten zenbaitzuk ezer ez daitekeela aldatu pentsa dezakete eta beraientzat alferrik da ahalegintzea. Honela pentsatzen dute: «Zertarako nire buruari erosotasunak eta plazerak kendu emaitza handirik antzemango ez badut?». Jarrera horrekin ezinezkoa da misiolari izatea. Erosokerian, ahulkerian, aseezinezko tristezian, eta ezerez egoistan itxita geratzeko aitzakia gaizto bat da hain zuzen jarrera hori. Geure burua suntsitzen duen jarrera bat da, zeren eta «gizakia ezin da bizi itxaropenik gabe: bere bizitza, hutsal izanik, jasan ezina bihurtuko litzateke»[211]. Gauzak aldatuko ez direla pentsatzen badugu, gogora dezagun Jesu Kristok bekatua eta heriotza garaitu dituela eta ahalmenez betea dagoela. Jesu Kristo bizi da egiaz. Beste era batera esanda, «Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua» (1Ko 15,14). Ebanjelioak kontatzen digu, nola lehenengo ikasleak predikura abiatu zirenean «Jauna bera ari zen haiekin, mezua baietsiz» (Mk 16,20). Gaur ere gertatzen da hori. Kristo piztu eta aintzatsua da gure itxaropenaren iturri sakona, eta eman digun egitekoa betetzeko Bere laguntzarik ez dugu faltako.
276. Bere piztuera ez da iraganeko zerbait; munduan barneratuta dagoen bizi-indar bat du berekin. Dena hilda dagoela ematen duen tokian, toki guztietatik azaltzen dira berriz piztueraren kimuak. Indar geldiezina da. Egia da, askotan Jainkorik ez dela ematen duela: ikusten ditugu injustiziak, gaitzak, axolagabekeriak eta ankerkeriak. Baina egia da, iluntasunaren erdian beti zerbait berria ernetzen dela ere, lehenago edo beranduago fruitu ematen duen zerbait. Suntsitutako zelai batean ere hazten da berriz bizitza, era setati eta garaiezinean. Izango dira aldarte ilunak, baina ongia beti ernetzen eta hedatzen da. Edertasuna birsortzen da egunero munduan, historiaren ekaitzen gainetik eraldatuta pizten dena.
277. Zailtasun berriak ere azaltzen dira etengabe, porrotaren bizipena, hainbeste min egiten diguten giza txikikeriak. Ondo asko dakigu denok, zeregin batek ez duela batzuetan nahi genukeen pozbiderik ematen, fruituak mugatuak dira eta aldaketak motelak eta nekatzeko tentaldia izan genezake. Baina, ez da gauza bera nekeagatik lanari une batez uztea, pozbiderik eza etengabea delako edo adoregabetasunak barrua akitzen digulako lana betirako uztea. Gerta daiteke bihotza nekatzea, azken finean bere burua bilatzen duelako aitorpen, txalo, sari eta postuen bilaketa egarritu batean; orduan batek etsi egiten du, indarrik ez duelako, piztuera falta zaiolako. Honela, mundu honek duen mezurik ederrena —Ebanjelioa— aitzakia askoren pean azpiratua geratzen da.
278. Fedea Berari sinestea ere bada, maite gaituela egia dela sinestea, bizi dela, era misteriotsuan parte hartzen duela, ez gaituela eskutik uzten, gaitzetik ongia ateratzen duela bere ahalmenez eta bere neurrigabeko sormenez. Bera historian garaile doala sinestea da, «deitu eta aukeratu dituenak eta leial zaizkionak» (Ap 17,14) Berekin dituela. Sinets diezaiogun Jainkoaren Erreinua munduan presente dagoela eta han eta hemen era askotara gauzatzen ari dela dioen Ebanjelioari: zuhaitz handi bat bihur daitekeen hazi txikia bezala (ik. Mt 13,31-32), ore handi bat harrotzen duen legami apurra bezala (ik. Mt13,33) eta iraka artean hazten den (ik. Mt 13,24-30) eta beti harritu gaitzakeen hazi ona bezala. Hor dago, berriz ere badator eta berriro loratzeko borrokatzen da. Kristoren piztuerak mundu berri horren kimuak sorrarazten ditu alde guztietan; eta moztuta ere, berriz sortzen dira, Jaunaren piztuera barneratua baitago historiaren bilbe ezkutuan, Jesus ez da eta alferrik piztu. Ez gaitezen geratu abian den esperantza bizi horretatik kanpo!
279. Kimu horiek beti ikusten ez ditugunez, barne zurtasun bat behar dugu, eta hori Jainkoak edozein egoeratan ekiten duela sinestetik dator, baita itxurazko porroten erdian ere, «altxor baliotsu hau buztinezko ontzietan daramagu» eta (2Ko 4,7). Zurtasun hori da «misterio-zentzua» deritzana. Jainkoari bere burua eskaini eta ematen diona seguru emankorra izango dela ziur jakitea da (ik. Jn 15,5). Emankortasun hori ikusezina da askotan, harrapaezina, kontaezina. Batek ongi daki bere bizitzak fruituak emango dituena, baina nola, non eta noiz izango den jakiten saiatu gabe. Ziur dago, maitasunez egindako bere lanetako bat ere ez dela alferrik galduko, besteekiko arreta zintzoa ez dela alferrik galduko, Jainkoari eskainitako maitasun egintzarik ez dela alferrik galduko, neke eskuzabalik eta itxarote mingarririk ez dela alferrik galduko. Horrek guztiak, bizi-indar bezala bira ematen dio munduari. Batzuetan iruditzen zaigu gure jardunak ez duela inongo emaitzarik iritsi, baina misioa ez da negozio bat edo enpresa-egitasmo bat, ezta giza antolakuntza bat ere, ez da ikuskizun bat, gure publizitateari esker zenbat jende hurbildu den neurtzen ibiltzeko; zerbait sakonagoa da, neurtze guztiei ihes egiten dien zerbait. Baliteke Jaunak gure eskaintza baliatzea, geu joango ez garen munduko beste toki batean bere bedeinkapena helarazteko. Espiritu Santuak nahi duen bezala, nahi duenean eta nahi duen tokian egiten du lan; guk geure buruak eskaintzen ditugu baina emaitza deigarririk ikusten saiatu gabe. Ikas dezagun eskaintza sortzaile eta eskuzabalaren bidez, Aitaren besoen samurtasunean atseden hartzen. Egin dezagun aurrera, eman dezagun dena, baina utz diezaiogun Berari gure ahaleginak emankorrak egin ditzan Berak nahi duen moduan.
280. Misio-garra bizirik zaintzeko beharrezkoa da Espiritu Santuarengan konfiantza izatea, Bera «baitatorkigu gure ahulezian lagun» (Erm 8,26). Baina konfiantza eskuzabal hori zaindu egin behar da eta horretarako etengabe dei egin behar diogu. Misio ahaleginean ahultzen zaigun guztia berak senda dezake. Egia da, ikusten ez den horretan konfiantza izate hori zorabiagarri gerta dakigukeela: zer aurkituko dugun ez dakigun itsaso batean murgiltzea bezala da. Nik neuk ere bizi izan dut hori hainbeste aldiz. Baina ez dago Espirituari gidatzen uztea baino askatasun handiagorik, dena neurtzea eta menderatzeari uko egin eta Berari utzi argi gaitzan, gida gaitzan, zuzen gaitzan eta nahi duen tokira bultza gaitzan. Ongi daki Berak garai eta une bakoitzean zer den beharrezkoa. Hori da misteriotsuki emankorrak izatea!

Bitartekotzaren misio-indarra

281. Bada ebanjelioa zabaltzeko gure buruak eskaintzera eta besteen ongia bilatzera garamatzan otoitz era bat: besteen alde, bitarteko, egiteko otoitza. Une batean, begira diezaiogun arretaz san Paulo ebanjelizatzaile handiari, bere otoitza nolakoa zen ikusteko. Gizakiek betetzen zuten bere otoitza: «Pozik egiten dut zuen guztion alde otoitz beti [...] barru-barruan baitzaramaztet» (Flp 1,4.7.). Honela konturatzen gara bitarteko egiteak ez gaituela egiazko kontenplaziotik aldentzen, besteak kanpo uzten dituen kontenplazioa ez baita benetakoa.
282. Besteengatik Jainkoari eskerrak emateko modu bihurtzen da jarrera hau: «Lehenengo, zuek guztiongatik eskerrak ematen dizkiot neure Jainkoari Jesu Kristoren bitartez, zuen sinesmena mundu guztian goraipatzen delako» (Erm 1,8). Etengabeko eskerrak ematea da: «Eskerrak ematen dizkiot etengabe neure Jaungoikoari zuengatik, Jesu Kristoren bidez agertu dizuen onginahiagatik» (1Ko 1,4); «Zuetaz oroitzen naizen bakoitzean eskerrak ematen dizkiot neure Jaungoikoari» (Flp 1,3). Ez da begirada sinesgabe, ezkor eta itxaropenik gabe bat, fedez beteriko espirituzko begirada bat baizik, beraiengan Jainkoa egiten ari dena aitortzen duena. Aldi berean, besteekiko benatako arreta duen bihotzetik sortzen den eskerrona da. Honela, otoitzean jardun den ebanjelizatzaileari bihotza eskuzabalago bilakatu zaio, bakandutako kontzientziatik askatu da eta on egiteko eta bizitza besteekin partekatzeko gogotsu dago.
283. Jainkoaren gizon eta emakume garrantzitsuenak bitartekari handiak izan ziren. Bitarteko otoitza «legamia» bezalakoa da Hirutasunaren baitan. Egoera zehatzak argitu eta aldatzen dituzten dimentsio berriak aurkitzeko Aitarengan barneratzea bezalakoa da. Esan daiteke Aitaren bihotza hunkitu egiten dela besteen aldeko otoitzarekin, baina egia esan Hark aurrea hartzen digu, eta Bere boterea, maitasuna eta leialtasuna herriaren aurrean garbiago adieraztea lortzen dugu besteen aldeko otoitzarekin.

II. Maria, ebanjelizatzearen ama

284. Espiritu Santuarekin, Maria beti herriaren erdian dago. Berak biltzen zituen ikasleak Espirituari dei egiteko (Eg 1,14), eta honela bideratu zuen Mendekoste egunez gertatu zen eztanda misiolaria. Bera da Eliza ebanjelizatzailearen Ama eta bera gabe ezin dugu ongi ulertu ebanjelizatze berriaren espiritua.

Jesusek bere herriari egindako oparia

285. Gurutzean, munduaren bekatuak eta Jainkoaren errukiak era lazgarrian bat egitea Kristok bere gorputzean sufritu zuenean, bere oinetan ikusi ahal izan zuen Amaren eta adiskidearen presentzia kontsolatzailea. Une erabakigarri horretan, Aitak bere esku utzitako egintza burutu aurretik, Jesusek esan zion Mariari: «Emakume, horra hor zure semea». Gero esan zion maite zuen adiskideari: «Horra hor zure ama» (Jn 19,26-27). Jesusek hilzorian esandako hitz hauek ez dute lehenengo eta behin amarekiko gupida bat agertzen, baizik eta egiteko salbatzaile baten errebelazio-adierazpen dira. Jesusek bere ama gure amatzat uzten digu. Hori egin ondoren bakarrik esan ahal izan zuen Jesusek «betea da dena» (Jn 19,28). Gurutzearen oinetan, kreazio berriaren ordu gorenean, Kristok Mariarengana garamatza. Berarengana garamatza ez baitu nahi gu amarik gabe ibiltzerik, eta herriak ama-irudi horretan irakurtzen ditu Ebanjelioaren ezkutuki guztiak. Jaunak ez du gogoko Elizan emakume-irudia faltatzea. Hainbeste fedez sortu zuenak, laguntzen ditu «Jainkoaren aginduak bete eta Jesusen testigantza leial egiten dutenak» (Ap 12,17) ere. Mariaren, Elizaren eta fededun bakoitzaren arteko lotura estua, —bakoitzak bere erara Kristoren haragi-hartzea bideratzen dutenez— ederki adierazia utzi zuen Stellako Isaak dohatsuak: «Jainkoaren goi-argia duten Eskrituretan birjina eta ama den Elizarentzat orokorrean esaten dena Maria Birjinari buruz uler daiteke era zehatzean [...]. Esan daiteke gainera, arima leial bakoitza Jainkoaren Hitzaren emazte dela, Kristoren ama, alaba eta arreba, birjina eta ama emankorra [...]. Kristo bederatzi hilabetez egon zen Mariaren erraietan; Elizaren fedearen tabernakuluan egongo da munduaren azkenera arte; eta arima leialaren ezaupidean eta maitasunean gizaldi eta gizaldietan»[212].
286. Maria da abereen kobazuloa Jesusen etxe bihurtzen dakiena, pixoihal apal batzuekin eta gainezka egiten duen samurtasunez. Bera da gorespenean ikaratzen den Aitaren mirabetxoa. Bera da gure bizitzetan ardoa falta ez dadin beti arretaz dagoen laguna. Bera da pena guztiak ulertzen dituena, ezpataz bihotza irekia duena. Guztion ama bezala, zuzentasunaren zain erdiminez dauden herrientzat itxaropen ezaugarri da. Bera da bizitzan zehar laguntzeko gerturatzen zaigun misiolaria, bihotzak federa eta bere ama-samurtasunera zabaltzen dituelarik. Benetako ama denez, gurekin dator bidean, gurekin borrokatzen da eta Jainkoaren maitasunaren gertutasuna isurtzen du etengabe guregan. Gehienetan santutegietara lotuak dauden berarenganako jaiera edo izen ezberdinen bidez, Ebanjelioa jaso duen herri bakoitzaren historiak partekatzen ditu, eta bere nortasun historikoaren parte bihurtzen da. Guraso kristau askok eskatzen du beraien haurrentzat bataioa Mariaren santutegiren batean, Jainkoarenganako ume berriak sortzen dituen Mariaren amatasun ekintza fedez aitortzen dutelarik. Hantxe, santutegi horietan, antzematen da Mariak nola biltzen dituen bere inguruan, berari begiratzeko eta berak begira ditzan, ahalegin handiz erromes joan diren seme-alabak. Han aurkitzen dute bizitzaren oinaze eta nekeak jasateko Jainkoaren indarra. San Juan Diegori bezala, Mariak amatasun-pozbidearen fereka egiten die eta belarrira esaten: «Ez bedi zure bihotza asaldatu [...]. Ez al nago ni hemen, zure Ama izanik?[213]».

Ebanjelizatze berriaren Izarra

287. Ebanjelio biziaren amari eskatzen diogu, ebanjelizatze garai berri honetarako deia eliz elkarte osoak bere egiteko bitarteko egin dezan. Bera da fedezko emakumea, fedean bizi eta dabilena[214] eta «bere fedezko erromesaldi bikaina etengabeko eredu da Elizarentzat»[215]. Fede ibilbide batean zehar Espirituak zerbitzuzko eta emankortasunezko helmuga batetarantz gida zezan utzi zuen berak. Guk gaur berari begiratzen diogu, guztiei salbamen mezua iragartzen lagun diezagun, eta jarraitzaile berriak ebanjelizatze eragile bihur daitezen[216]. Ebanjelizatze erromesaldi honetan ez dira falta elkortasun eta ezkutapen uneak, baita nolabaiteko nekea ere, Mariak Jesus hazten zen bitartean Nazareten nozitu zituen bezala: «Hau da Ebanjelioaren hasiera, hots, berri on eta atseginarena. Ez da zaila, beraz, hasiera honetan bihotzeko neke berezi bat sumatzea, “fedezko gau” moduko bati lotua —Gurutzearen Joan santuaren esapidea baliatuz—, Ikusezinarengana gerturatzeko eta misterioarekin barrukotasunean bizitzeko zeharkatu behar den “oihal” baten moduan. Honelaxe, Maria, urte askotan zehar, bere Semearen misterioarekin barrukotasunean bizi izan zen eta aurrera egiten zuen bere fedezko ibilbidean»[217].
288. Elizaren ebanjelizatze-lanak badu Andre Mariaren estilokoa den zerbait. Izan ere, Mariari begiratzen diogun bakoitzean, samurtasunak eta txerak indar iraultzailea duela sinesten dugu. Mariari begiratzean ikus dezakegu apaltasuna eta samurtasuna ez direla ahulen bertuteak, indartsuenak baizik. Halakoek ez dute inor gaizki tratatu beharrik beraien buruak handi ikusteko. Hari begiratuz konturatzen gara, «ahaltsuak goi-postuetatik bota» eta «ezerezak gora jaso» (Lk 1,52.53) zituelako Jainkoa goresten zuena bera dela gure zuzentasun-bilketan etxe-giroa jartzen duena. Bera da arretaz gauza «guztiak gogoan hartzen zituena, bere barruan hausnartuz» (Lk 2,19). Mariak badaki Jainkoaren Espirituaren aztarnak gertakari handietan aurkitzen, baita antzeman ezinak direnetan ere. Munduan, historian eta bakoitzarengan eta guztiengan aurkitzen den Jainkoaren misterioaren kontenplatzaile da. Nazareteko emakume otoizlari eta langilea da eta lastertasunaren Andre Maria ere bada, bere herritik besteei laguntzera «arin-arin» (Lk 1,39) ateratzen dena. Zuzentasun eta samurtasun, kontenplatze eta bidean jartze dinamika honek bilakatzen du bera ebanjelizatzerako eliz eredu. Bera ama-otoitzez lagun diezagun eskatzen diogu, Eliza askorentzat etxe eta herri guztientzat ama izatera iritsi dadin eta mundu berri baten sortzea bidera dezan. Berpiztua da konfiantza handiz eta itxaropen sendoz betetzen gaituena honako hau esanez: «Hara, gauza guztiak berri egiten ditut» (Ap 21,5). Uste osoz promesa horretarantz goaz Mariarekin eta esaten diogu:
Ama Maria Birjina,
zuk, Espirituaren eraginez,
zeure burua Betierekoari erabat eskainita,
biziaren Hitza onartu zenuen
zure fede apalaren barne-barnean;
Jesusen Berri Ona entzunaraztea
inoiz baino beharrezkoagoa denean,
erakuts iezaguzu gure «baiezkoa» ematen.

Zuk, Kristoren presentziaz beterik
Joan Bataiatzaileari alaitasuna eraman zenion
bere amaren sabelean salto eginaraziz.
Zuk, pozez beterik,
Jaunaren harrigarriak goratu zenituen.
Zuk, fede urra-ezinez
gurutzearen aurrean zutik egon
eta piztueraren indar pozgarria hartu zenuen horrek,
Espirituaren zain bildu zenituen ikasleak
Eliza ebanjelizatzailea sor zedin.

Lagun iezaguzu orain, piztutakoen irrika berria iristen,
heriotza garaitzen duen
biziaren Ebanjelioa denei helarazteko.
Emaguzu ausardia santua bide berriak urra ditzagun,
itzaltzen ez den edertasunaren dohaina
denengana hel dadin.

Zuk, entzuten eta kontenplatzen duzun Birjina horrek,
maitasunaren ama eta betiko ezteietako emazte zaren horrek,
egizu Elizaren alde, zu baitzara bere ezaugarri garbiena,
ez dadin bere baitan itxi, ezta geldirik geratu ere
zure Erreinua ezartzeko eginkizunean.

Ebanjelizatze berriaren izar horrek,
lagun iezaguzu batasunaren,
zerbitzuaren eta fede sutsu eta eskuzabalaren,
behartsu aldeko justizia eta maitasunaren testigantzan
distira egiten,
Ebanjelioaren poza lurraren muga guztietara irits dadin,
eta bazterrik gera ez dadin bere argirik gabe.

Ebanjelio biziaren Ama,
txikientzat poz-iturri zarena,
otoitz gure alde.
Amen. Aleluia.

     Erroman, San Pedrorenean, 2013ko azaroaren 24an, Jesu Kristo diren guztien Erregearen festaburuan, Fedearen Urtea amaitzean, nire Aitasantutzako lehen urtean.



 










AURKIBIDEA

Ebanjelioaren poza..................................................................................... 2
I. Berritzen eta komunikatzen den poza..................................................... 3
II. Ebanjelizatzearen poz ezti eta pizgarria................................................. 6
Etengabeko berritasuna............................................................................ 7
III. Ebanjelizatze berria fedearen aldarrikapena egiteko............................ 8
Aholku-hitz honen proposamena eta mugak............................................ 10

LEHENENGO KAPITULUA
ELIZAREN ERALDATZE MISIOLARIA............................................................. 11
I. Kanpora irteten den Eliza........................................................................ 11
Lehenetsi, murgildu, lagundu, fruitu eman eta ospatu............................. 12
II. Bihotz-berrituz doan pastoraltza.......................................................... 13
Eliz eraberritze atzeraezina...................................................................... 14
III. Ebanjelioaren bihotzetik...................................................................... 17
IV. Giza mugetan hezurmamitzen den misioa........................................... 19
V. Bihotz irekiko ama bat.......................................................................... 21

BIGARREN KAPITULUA
ELKARTEKO KONPROMISOAREN KRISIAN.................................................. 25
I. Gaurko munduaren zenbait erronka...................................................... 25
Bazterketaren ekonomia bati, ezezkoa.................................................... 26
Diruaren jainkotze berri bati, ezezkoa...................................................... 27
Zerbitzatu beharrean agintzen duen diru bati, ezezkoa........................... 27
Indarkeria sortzen duen zuzengabekeriari, ezezkoa................................. 28
Zenbait kultur erronka............................................................................ 29
Fedea inkulturatzearen erronkak............................................................ 32
Hirietako kultur erronkak........................................................................ 33
II. Pastoralgileen tentaldiak....................................................................... 35
Espiritualtasun misiolari baten erronkari, baiezkoa.................................. 36
Adoregabetasun norberekoiari, ezezkoa................................................. 37
Ezkortasun antzuari, ezezkoa.................................................................. 38
Jesu Kristok sorrarazten dituen harreman berriei, baiezkoa..................... 40
Mundutarkeria espiritualari, ezezkoa...................................................... 42
Gure arteko gerrari, ezezkoa................................................................... 44
Elizaren beste erronka batzuk................................................................. 45

HIRUGARREN KAPITULUA
EBANJELIOAREN IRAGARPENA.................................................................. 50
I. Jainkoaren Herri guztiak hots egiten du ebanjelioa............................... 50
Herri bat guztientzat............................................................................... 50
Herri bat aurpegi askorekin...................................................................... 51
Denok gara ikasle misiolariak................................................................... 54
Jaiera herrikoiaren ebanjelizatze-indarra................................................. 55
Pertsonatik pertsonara........................................................................... 57
Batasun ebanjelizatzailearen zerbitzura dauden karismak........................ 58
Kultura, gogoeta eta hezkuntza.............................................................. 59
II. Homilia.................................................................................................. 60
Testuinguru liturgikoa............................................................................ 60
Amaren elkarrizketa................................................................................ 61
Bihotzak sutan jartzen dituzten hitzak.................................................... 62
III. Predikuaren prestaera......................................................................... 63
Egiaren gurtza........................................................................................ 64
Hitza pertsonalitzatzea........................................................................... 65
Irakurketa espirituala.............................................................................. 67
Belarri bat herrian................................................................................... 67
Baliabide pedagogikoak.......................................................................... 68
IV. Kerygmaren sakonketarako ebanjelizatze bat.................................... 70
Kerygmatikoa eta mistagogikoa den katekesia......................................... 71
Hazkunde prozesuen laguntze pertsonala................................................ 73
Jainkoaren Hitzaren inguruan.................................................................. 75

LAUGARREN KAPITULUA
EBANJELIZATZEAREN GIZARTE ALDERDIA................................................. 78
I. Kerygmaren elkarte- eta gizarte-eraginak............................................. 78
Fede aitorpena eta gizarte-konpromisoa................................................. 78
Deika dugun Erreinua.............................................................................. 80
Elizaren irakaspena gizarte gaiei buruz.................................................... 81
II. Behartsuak gizartean barneratzea........................................................ 82
Jainkoarekin bat eginda deiadar bat entzuten dugu................................ 82
Ebanjelioarekin leial izan, bidea alferrik ez egiteko................................... 85
Behartsuen toki pribilegiatua Jainkoaren Herrian.................................... 86
Ekonomia eta irabazien banaketa............................................................ 88
Ahultasuna zaindu................................................................................... 91
III. Guztien ongia eta gizarteko bakea...................................................... 93
Denbora espazioaren gainetik dago........................................................ 94
Batasuna gatazkari gailentzen zaio.......................................................... 95
Errealitatea ideia baino garrantzitsuagoa da........................................... 97
Osotasuna zatiaren gainetik dago........................................................... 98
IV. Gizarte-elkarrizketa bakerako ekarpen bezala.................................... 99
Fedearen, arrazoiaren eta zientzien arteko elkarrizketa......................... 100
Elkarrizketa ekumenikoa........................................................................ 101
Judaismoarekin harremanak.................................................................. 102
Erlijioen arteko elkarrizketa................................................................... 103
Gizarte-elkarrizketa, erljio askatasuna dagoen inguru batean................. 105

BOSGARREN KAPITULUA
ESPIRITUA DUTEN EBANJELIZATZAILEAK................................................ 107
I. Misio-bulkada berritu baterako motibazioak....................................... 108
Salbatzen gaituen Jesusen maitasunarekin pertsonalki topo egitea........ 109
Herri izatearen espirituzko gogoa........................................................... 111
Berpiztuaren eta Haren Espirituaren misteriozko ekintza........................ 113
Bitartekotzaren misio-indarra................................................................ 116
II. Maria, ebanjelizatzearen ama.............................................................. 116
Jesusek bere herriari egindako oparia..................................................... 117
Ebanjelizatze berriaren Izarra................................................................. 118



[1] Paulo VI.a, Gaudete in Domino Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko maiatzak 9), 22: AAS 67 (1975), 297.
[2] Ib. 8: AAS 67 (1975), 292.
[3] Benedikto XVI.a, Deus caritas est Gutun-entziklika (2005eko abenduak 25), 1: AAS 98 (2006), 217.
[4] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 360.
[5] Ib.
[6] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 80: AAS 68 (1976), 75.
[7] Cántico espiritual, 36, 10.
[8] Adversus haereses, IV, c. 34, n. 1: PG 7, 1083: «Omnem novitatem attulit, semetipsum afferens».
[9] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 7: AAS 68 (1976), 9.
[10] Ik. Propositio 7.
[11] Benedikto XVI.a, Gotzainen Sinodoaren XIII. Ohiko Batzar Orokorra bukatzeko Meza Santuan egindako homilia (2012ko urriak 28): AAS 104 (2012), 890.
[12] Ib.
[13] Benedikto XVI.a, «La Aparecida» Santutegian egindako Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorraren hasierako Eukaristian egindako homilia (2007ko maiatzak 13): AAS 99 (2007), 437.
[14] Joan Paulo II.a, Redemptoris missio Gutun-entziklika (1990ko abenduak 7), 34: AAS 83 (1991), 280.
[15] Ib., 40: AAS 83 (1991), 287.
[16] Ib., 86: AAS 83 (1991), 333.
[17] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 548.
[18] Ib., 370.
[19] Ik. Propositio 1.
[20] Joan Paulo II.a, Christifideles laici sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1988ko abenduak 30), 32: AAS 81 (1989), 451.
[21] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 201.
[22] Ib., 551.
[23] Paulo VI.a, Ecclesiam suam Gutun-entziklika (1964ko abuztuak 6), 3: AAS 56 (1964), 611-612.
[24] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Unitatis redintegratio, ekumenismoari buruzko Dekretua, 6.
[25] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Oceania sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2001eko azaroak 22), 19: AAS 94 (2002), 390.
[26] Joan Paulo II.a, Christifideles laici sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1988ko abenduak 30), 26: AAS 81 (1989), 438.
[27] Ik. Propositio 26.
[28] Ik. Propositio 44.
[29] Ik. Propositio 26.
[30] Ik. Propositio 41.
[31] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Christus Dominus, Gotzainek elizan duten zeregin pastoralari buruzko Dekretua, 11.
[32] Benedikto XVI.a, Ad Gentes Dekretuaren 40. urteurrena dela eta egindako Kongresu bateko partaideei emandako hitzaldia (2006ko martxoak 11): AAS 98 (2006), 337.
[33] Ik. Propositio 42.
[34] Ik. 460-468: 492-502; 511-514; eta 536-537 kanonak.
[35] Joan Paulo II.a, Ut unum sint Gutun-entziklika (1995ko maiatzak 25), 95: AAS 87 (1995), 977-978.
[36] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 23.
[37] Joan Paulo II.a, Apostolos suos Motu proprioa (1998ko maiatzak 21): AAS 90 (1998), 641-658.
[38] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Unitatis redintegratio, ekumenismoari buruzko Dekretua, 11.
[39] Ik. Summa Theologiae I-II, q. 66, art. 4-6.
[40] Summa Theologiae I-II, q. 108, art. 1.
[41] Summa Theologiae II-II, q. 30, art. 4. Ik. ib. q. 30, art. 4, ad 1: «Jainkoa ez dugu Beragatik gurtzen sakrifizio eta ageriko dohainekin, gugatik eta hurkoagatik baizik. Berak ez du gure sakrifizioen beharrik, baina eskaintzea nahi du gure debozioz eta hurkoaren onuraz. Horregatik, errukiak besteen hutsuneak laguntzen ditu, hori baita gehien atsegin zaion sakrifizioa, gertuagotik lortzen baitu hurkoaren onura».
[42] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Dei Verbum, Errebelazioari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 12.
[43] Socialium Scientiarum Motu proprioa (1994ko urtarrilak 1): AAS 86 (1994), 209.
[44] Akinoko San Tomasek azpimarratzen zuen, ugaritasuna eta aldaera «lehen eragilearen asmotik datorrela», hark nahi izan baitzuen «jainkozko ontasuna adierazteko gauza bakoitzak falta zuena besteek ordezkatu ahal izatea», bere ontasuna «ezin baitzitekeen egoki adierazi sorkari bakarrean» (Summa Theologiae I, q. 47, art. 1). Horregatik, guk beharrezkoa dugu gauzen barietateaz jabetzea euren harreman ezberdinetan (ik. Summa Theologiae I, q. 47, art. 2. ad 1; q. 47, art. 3). Arrazoi bera dela eta, beharrezkoa dugu elkarri entzutea eta errealitateaz eta Ebanjelioaz jabetzean elkar osatzea.
[45] Joan XIII.a, Hitzaldia Vatikanoko II. Kontzilioaren inaugurazio ospetsuan (1962ko urriak 11): AAS 54 (1962), 792: «Est enim aliud ipsum depositum fidei, seu veritates, quae veneranda doctrina nostra continentur, aliud modus, quo eadem enuntiatur».
[46] Joan Paulo II.a, Ut unum sint Gutun-entziklika (1995ko maiatzak 25), 19: AAS 87 (1995), 933.
[47] Summa Theologiae I-II, q. 107, art. 4.
[48] Ib.
[49] 1735. zkia.
[50] Joan Paulo II.a, Familiaris consortio sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1982ko azaroak 22), 34: AAS 74 (1982), 123.
[51] Ik. San Anbrosio, De Sacramentis, IV, 6, 28: PL 16, 464: «Beti hartu behar dut, beti barka ditzan nire bekatuak. Etengabe bekatu egiten badut, beti eduki behar dut sendabide bat»; ib. IV, 5, 24: PL 16, 463: «Mana jan zuena hil egin zen; gorputz honetatik jaten duenak bere bekatuen barkamena iritsiko du»; Alexandriako San Zirilo, In Joh. Evang. IV, 2; PG 73, 584-585: «Nire burua aztertu dut eta ez nahiz gai aurkitu. Honela hitz egiten dutenei esaten diet: Eta noiz izango zareten gai? Noiz aurkeztuko zarete orduan Kristoren aurrean? Eta zuen bekatuek gerturatzea eragozten badizuete eta erortzeari sekula utziko ez badiozue —nork ezagutzen ditu bere erruak? dio salmoak—, betiko biziarazten duen santutzean parte hartu gabe geratuko al zarete?».
[52] Benedikto XVI.a, Brasilgo gotzainekin Sao Pauloko Katedralean izandako topaketan egindako hitzaldia (2007ko maiatzak 11), 3: AAS 99 (2007), 428.
[53] Joan Paulo II.a, Pastores dabo vobis sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1992ko martxoak 25), 10: AAS 84 (1992), 673.
[54] Paulo VI.a, Ecclesiam suam Gutun-entziklika (1964ko abuztuak 6), 19: AAS 56 (1964), 632.
[55] San Joan Krisostomo, De Lazaro Concio II, 6: PG 48, 992D.
[56] Ik. Propositio 13.
[57] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Africa sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1995eko irailak 14), 52: AAS 88 (1996), 32-33. Id, Sollicitudo rei socialis Gutun-entziklika (1987ko abenduak 30), 22: AAS 80 (1988), 539.
[58] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Asia sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1999ko azaroak 6), 7: AAS 92 (2000), 458.
[59] Amerikar Estatu Batuetako Gotzain Katolikoen Batzarra, Ministry to Persons with a Homosexual Inclination: Guidelines for Pastoral Care (2006), 17.
[60] Frantziako Gotzainen Batzarra. Familia eta Gizarte kontseilua, Élargir le mariage aux personnes de même sexe? Ouvrons le débat! (2012ko irailak 28).
[61] Ik. Propositio 25.
[62] Italiako Ekintza Katolikoa, Mesaggio della XIV Assemblea Nazionale alla Chiesa ed al Paese (2011ko maiatzak 8).
[63] J. Ratzinger, Situación actual de la fe y la teología. Guadalajaran (Mexiko) 1996an egindako Latinoamerikako Fedearen doktrinarako Gotzain Komisioetako Presidenteen Topaketan emandako Hitzaldia. L’Osservatore Romano aldizkarian argitaratua, 1996ko azaroak 1ean. Ik. Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 12.
[64] G. Bernanos, Journal d’un curé de champagne, Paris 1974, 135. or.
[65] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoaren inaugurazio hitzaldia (1962ko urriak 11), 4, 2-4: AAS 54 (1962), 782.
[66] J.H. Newman, Letter of 26 Januari 1933, The Letters and Diaries of John Henry Newman, III, Oxford 1979, 204.
[67] Benedikto XVI.a, Fedearen Urtearen hasierako Meza Santuan eginiko homilia (2012ko urriak 11): AAS 104 (2012), 881.
[68]Kempengo Tomas, De Imitatione Christi, Liber Primus, IX, 5: «Lekuen irudimen eta aldatzeak asko engainatu zituen».
[69] Baliagarria da Lisieux-ko Santa Teresaren testigantza, bereziki ezatsegina zitzaion ahizpa batekin zegoela, barne-bizipen batek eragin berezia izan baitzuen berarengan: «Neguko arrats batean, ohi nuenez, neure zeregintxoa [ahizpa San-Pedrori laguntzea] betetzen ari nintzen; hotz zegoen, gaua zetorkigun... bat-batean, urrunera, musika-tresna baten soinu harmoniatsua entzun nuen. Orduan ongi argitutako areto bat etorri zitzaidan irudimenera, guztia urre-distiraz beterik, dotore jantzitako neskatilak elkarri kunplimenduak eta mundutar milikeriak egiten. Gero, neuk eusten nion gaixo errukarriarengan ezarri nituen begiak. Melodia baten ordez, noizbehinka negar-intziriak entzuten nituen […] Ezin dut adierazi zer gertatu zen nire ariman; nik dakidana, Jaunak argitu zuela egiaren izpiz; hauek lurreko jaien distira ilunbetsua hainbesteraino gainditzen zuten, non ezin bainuen sinetsi neure zoriona» (C eskuizkribua, 29i-30ª, Idazlan guztiak, Markina-Xemein 1996, 224. or.).
[70] Ik. Propositio 8.
[71] H. de Lubac, Méditation sur l’Eglise, Paris 1968, 231.
[72] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 295.
[73] Joan Paulo II.a, Christifideles laici sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1988ko abenduak 30), 51: AAS 81 (1989), 493.
[74] Fedearen Doktrinarako Kongregazioa, Inter Insigniores adierazpena, emakumeak apaizgo ministerialera onartzearen auziari buruz (1976ko urriak 15), VI: AAS 69 (1977) 115, hemen aipatua: Joan Paulo II.a, Christifideles laici sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1988ko abenduak 30), 51, 190. oharra: AAS 81 (1989), 493.
[75] Joan Paulo II.a, Mulieris dignitatem Gutun Apostolikoa (1988ko abuztuak 15), 51: AAS 80 (1988), 1718.
[76] Ik. Propositio 51.
[77] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Asia sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1999ko azaroak 6), 19: AAS 92 (2000), 478.
[78] Ib., 2: AAS 92 (2000), 451.
[79] Ik. Propositio 4.
[80] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 1.
[81] Gotzainen Sinodoaren Ohiko XIII. Batzar Nagusiaren lehen Kongregazio orokorrean egindako meditazioa (2012ko urriak 8): AAS 104 (2012), 897.
[82] Ik. Propositio 6; Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Gaudium et spes, Eliza gaurko munduan Konstituzio Pastorala, 22.
[83] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 9.
[84] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen III. Batzar Orokorra, Pueblako Agiria (1979ko martxoak 23), 386-387.
[85] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Gaudium et spes, Eliza gaurko munduan Konstituzio Pastorala, 36.
[86] Ib., 25.
[87] Ib., 53.
[88] Joan Paulo II.a, Novo millennio ineunte Gutun Apostolikoa (2001eko urtarrilak 6), 40: AAS 93 (2001), 294-295.
[89] Ib., 40: AAS 93 (2001), 295.
[90] Joan Paulo II.a, Redemptoris missio Gutun-entziklika (1990ko abenduak 7), 52: AAS 83 (1991), 300. Ik. Catechesi tradendae Aholku-hitz Apostolikoa (1979ko urriak 16), 53; AAS 71 (1979), 1321
[91] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Oceania sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2001eko azaroak 22), 16: AAS 94 (2002), 384.
[92] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Africa sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1995eko irailak 14), 61: AAS 88 (1996), 39.
[93] Ik. Akinoko San Tomas, Summa Theologiae, I, q. 39, art. 8 cons. 2: «Espiritu Santua baztertuta, bera baita bien arteko lotura, ezin da ulertu Aitaren eta Semearen arteko batasun elkarbidea»; ik. baita ere ib., I, q. 37, art. 1, ad 3.
[94] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Oceania sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2001eko azaroak 22), 17: AAS 94 (2002), 385.
[95] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Asia sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (199ko azaroak 6), 20: AAS 92 (2000), 478-182.

[96] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 12.
[97] Joan Paulo II.a, Fides et ratio Gutun-entziklika (1998ko irailak 14), 71: AAS 91 (1999), 60.
[98] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen III. Batzar Orokorra, Pueblako Agiria (1979ko martxoak 23), 450; Ik. Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 264.
[99] Ik. Joan Paulo II.a, Ecclesia in Asia sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1999ko azaroak 6), 21: AAS 92 (2000), 482-484.
[100] 48. zkia: AAS 68 (1976), 38.
[101] Ib.
[102] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorraren Irekitze-bileran egindako hitzaldia (2007ko maiatzak 13), 1: AAS 99 (2007), 446-447.
[103] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 262.
[104] Ib., 263.
[105] Ik. Akinoko San Tomas, Summa Theologiae, II-II, q. 2, art. 2.
[106] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 264.
[107] Ib.
[108] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 12.
[109] Ik. Propositio 17.
[110] Ik. Propositio 30.
[111] Ik. Propositio 27.
[112] Joan Paulo II.a, Dies Domini Gutun Apostolikoa (1998ko maiatzak 31), 41: AAS 90 (1998), 738-739.
[113] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 78: AAS 68 (1976), 71.
[114] Ib.
[115] Joan Paulo II.a, Pastores dabo vobis sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1992ko martxoak 25), 26: AAS 84 (1992), 698.
[116] Ib., 25: AAS 84 (1992), 696.
[117] Akinoko San Tomas, Summa Theologiae, II-II, q. 188, art. 6.
[118] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 76: AAS 68 (1976), 68.
[119] Ib., 75: AAS 68 (1976), 65.
[120] Ib., 63: AAS 68 (1976), 53.
[121] Ib., 43: AAS 68 (1976), 53.
[122] Ib.
[123] Joan Paulo II.a, Pastores dabo vobis sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1992ko martxoak 25), 10: AAS 84 (1992), 672.
[124] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 40: AAS 68 (1976), 31.
[125] Ib., 43: AAS 68 (1976), 33.
[126] Ik. Propositio 9.
[127] Joan Paulo II.a, Pastores dabo vobis sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1992ko martxoak 25), 26: AAS 84 (1992), 698.
[128] Ik. Propositio 38.
[129] Ik. Propositio 20.
[130] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Inter mirifica, Gizarteko komunikabideei buruzko Dekretua, 6.
[131] Ik. De musica, VI, XIII, 38: PL 32, 1183-1184; Confessiones, IV, XIII, 20: PL 32, 701.
[132] Benedikto XVI.a, «Artea eta fedea – via pulchritudinis» izeneko dokumentalaren proiekzioa dela eta egindako hitzaldia (2012ko urriak 25): L’Osservatore Romano (2012ko urriak 27), 7.
[133] Summa Theologiae I-II q. 65, art. 3, ad 2: «propter aliquas dispositiones contrarias».
[134] Joan Paulo II.a, Ecclesia in Asia sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1999ko azaroak 6), 20: AAS 92 (2000), 481.

[135] Benedikto XVI.a, Verbum Domini sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2010eko irailak 30), 1: AAS 102 (2010), 682.
[136] Ik. Propositio 11.
[137] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Dei Verbum, Errebelazioari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 21-22.
[138] Benedikto XVI.a, Verbum Domini sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2010eko irailak 30), 86-87: AAS 102 (2010), 757-760.
[139] Benedikto XVI.a, Gotzainen lehen Kongregazio orokorrean egindako Hitzaldia (2012ko urriak 8): AAS 104 (2012), 896.

[140] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 17: AAS 68 (1976), 17.
[141] Joan Paulo II.a, Ahalmen urrikoei mezua, Angelusa (1980ko azaroak 16): Insegnamenti 3/2 (1980), 1232.
[142] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 52.
[143] Joan Paulo II.a, Katekesia (1991ko apirilak 24): Insegnamenti 14/1 (1991), 856.
[144] Benedikto XVI.a, Intima Ecclesiae natura Motu proprioa (2012ko azaroak 11): AAS 104 (2012), 996.
[145] Populorum progressio Gutun-entziklika (1967ko martxoak 26), 14: AAS 59 (1967), 264.
[146] Paulo VI.a, Evangelii nuntiandi Aholku-hitz Apostolikoa (1975eko abenduak 8), 29: AAS 68 (1976), 25.
[147] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorra, Aparecidako Agiria (2007ko ekainak 29), 380.
[148] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 9.
[149] Joan Paulo II.a, Ecclesia in America sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1999ko urtarrilak 22), 27: AAS 91 (1999), 762.
[150] Benedikto XVI.a, Deus caritas est Gutun-entziklika (2005eko abenduak 25), 28: AAS 98 (2006), 239-240.
[151] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 12.
[152] Paulo VI.a, Octogesima adveniens Gutun Apostolikoa (1971ko maiatzak 14), 4: AAS 63 (1971), 403.
[153] Fedearen Doktrinarako Kongregazioa, Libertatis nuntius Jarraibidea (1984ko abuztuak 6), XI, 1: AAS 76 (1984), 903.
[154] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 157.
[155] Paulo VI.a, Octogesima adveniens Gutun Apostolikoa (1971ko maiatzak 14), 23: AAS 63 (1971), 418.
[156] Populorum progressio Gutun-entziklika (1967ko martxoak 26), 65: AAS 59 (1967), 289.
[157] Ib. 15: AAS 59 (1967), 265.
[158] Brasilgo Gotzainen Batzar Nazionala, Exigências evangélicas e éticas de superação da miseria a da fome agiria (2002ko apirila), Sarrera, 2.
[159] Joan XXIII.a, Mater et Magistra Gutun-entziklika (1961eko maiatzak 15), 3: AAS 53 (1961), 402.
[160] San Agustin, De Catechizandis Rudibus, I, XIV, 22: PL 40, 327.
[161] Fedearen Doktrinarako Kongregazioa, Libertatis nuntius instrukzioa (1984ko abuztuak 6), XI: AAS 76 (1984), 907-908.
[162] Joan Paulo II.a, Centesimus annus Gutun-entziklika (1991ko maiatzak 1), 41; AAS 83 (1991), 844-845.
[163] Joan Paulo II.a, Santo Domingon, herrien ebanjelizatzerako Mezan egindako homilia (1984ko urriak 11), 5: AAS 77 (1985), 358.
[164] Joan Paulo II.a, Sollicitudo rei socialis Gutun-entziklika (1987ko abenduak 30), 42: AAS 80 (1988), 572.
[165] Latinoamerika eta Karibeko Gotzainen V. Batzar Orokorraren Irekitze-bileran egindako hitzaldia (2007ko maiatzak 13), 3: AAS 99 (2007), 450.
[166] Akinoko San Tomas, Summa Theologiae, II-II, q. 27, art. 2
[167] Ib. I-II, q. 110, art 1.
[168] Ib. I-II, q. 26, art 3.
[169] Joan Paulo II.a, Novo millennio ineunte Gutun Apostolikoa (2001eko urtarrilak 6), 50: AAS 93 (2001), 303.
[170] Ib.
[171] Ik. Propositio 45.
[172] Fedearen Doktrinarako Kongregazioa, Libertatis nuntius Jarraibidea (1984ko abuztuak 6), XI, 18: AAS 76 (1984), 908.
[173] Horrek «mundu mailako ekonomiak dituen gabezien kausa estrukturalak ezabatzea» eskatzen du: Benedikto XVI.a, Diplomatikoen kideriari hitzaldia (2007ko urtarrilak 8): AAS 99 (2007), 73.
[174] Ik. Frantziako Gotzainen Gizarte gaietako Batzordea, Réhabiliter la politique adierazpena (1999ko otsailak 17); Pio XI, Mezua (1927ko abenduak 18).
[175] Benedikto XVI.a, Caritas in veritate Gutun-entziklika (2009ko ekainak 29), 2: AAS 101 (2009), 642.
[176] Joan Paulo II.a, Christifideles laici sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (1988ko abenduak 30), 32: AAS 81 (1989), 461.
[177] Ik. Propositio 56.
[178] Filipinako Gotzain Katolikoen Batzarra, What is Happening to our Beautiful Land? Gotzain idazkia (1988ko urtarrilak 29).
[179] Populorum progressio Gutun-entziklika (1967ko martxoak 26), 14: AAS 59 (1967), 294-295.
[180] Amerikar Estatu Batuetako Gotzain Katolikoen Batzarra, Forming Consciences for Faithful Citizenship Pastoral Idazkia (2007), 13.
[181] «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 161.
[182] Das Ende der Neuzeit, Würzburg 19659, 30-31
[183] Ik. I. Quiles, S.I., Filosofía de la educación personalista, Buenos Aires, 1981, 46-53.
[184] Kongoko Gotzainen Batzarraren Batzorde Iraunkorra, Message sur la situation sécuritaire dans le pays (2012ko abenduak 5).
[185] Ik. Platon, Gorgias, 465.
[186] Benedikto XVI.a, Erromako Kuriari hitzaldia (2012ko abenduak 21): AAS 105 (2013), 51.
[187] Ik. Propositio 7.
[188] Ik. Eliza Katolikoaren Kristau-ikasbidea, 1910; «Justizia eta Bakea» Aita Santuaren  Kontseilua, Elizaren Irakaspen Sozialaren laburpena, 168.
[189] Ik. Propositio 54.
[190] Joan Paulo II.a, Fides et ratio Gutun-entziklika (1998ko irailak 14), 88: AAS 91 (1999), 74.
[191] Akinoko San Tomas, Summa contra Gentiles, I, VII; Ik. Joan Paulo II.a, Fides et ratio Gutun-entziklika (1998ko irailak 14), 43: AAS 91 (1999), 39
[192] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Unitatis redintegratio, ekumenismoari buruzko Dekretua, 4.
[193] Ik. Propositio 52.
[194] Indiako Gotzain Katolikoen Batzarra, XXX. Batzar Nagusiaren amaierako adierazpena: The Church’s Role for a Better India (2012ko martxoak 8), 8.9.
[195] Ik. Propositio 53.
[196] Joan Paulo II.a, Redemptoris missio Gutun-entziklika (1990ko abenduak 7), 56: AAS 83 (1991), 304.
[197] Ik. Benedikto XVI.a, Erromako Kuriari hitzaldia (2012ko abenduak 21): AAS 105 (2013), 51. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Ad gentes, Elizaren misio-ekintzari buruzko Dekretua, 9. Eliza Katolikoaren Kristau-ikasbidea, 856.
[198] Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, 16.
[199] Nazioarteko Batzorde Teologikoa, Kristautasuna eta erlijioak (1996): Ench. Vat. 15, 1061. zkia.
[200] Ib.
[201] Ik. ib., 81-87: Ench. Vat. 15, 1070-1076. zkiak.
[202] Ik. Propositio, 16.
[203] Benedikto XVI.a, Ecclesia in Medio Oriente sinodo-ondoko Aholku-hitz Apostolikoa (2012ko irailak 14), 26: AAS 104 (2012), 762.
[204] Ik. Propositio, 55.
[205] Ik. Propositio 36.
[206] Joan Paulo II.a, Novo millennio ineunte Gutun Apostolikoa (2001eko urtarrilak 6), 52: AAS 93 (2001), 304.
[207] Ik. V.M. Fernandez, «Itxaropen aktiborako espiritualtasuna». Elizaren irakaspen sozialaren I. Nazio-kongresua, Rosario (Argentina), 2011: UCActualidad 142 (2011), 16.
[208] Joan Paulo II.a, Redemptoris missio Gutun-entziklika (1990ko abenduak 7), 45: AAS 83 (1991), 292.
[209] Benedikto XVI.a, Deus caritas est Gutun-entziklika (2005eko abenduak 25), 16: AAS 98 (2006), 230.
[210] Ib. 39: AAS 98 (2006), 250.
[211] Gotzainen Sinodoaren Europarako Ezohiko II. Batzar Nagusia, Bukaerako Mezua, 1: L’Osservatore Romano (1999ko urriak 23), 5.
[212] Stellako Isaak, Sermo 51: PL 194, 1863.1865.
[213] Nicam Mopohua,118-119.
[214] Ik. Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa, Lumen Gentium, Elizari buruzko Konstituzio dogmatikoa, VIII. kap., 52-69.
[215] Joan Paulo II.a, Redemptoris Mater Gutun-entziklika (1987ko martxoak 25), 6: AAS 79 (1987), 366.
[216] Ik. Propositio, 58.
[217] Joan Paulo II.a, Redemptoris Mater Gutun-entziklika (1987ko martxoak 25), 17: AAS 79 (1987), 381.

No hay comentarios: