Gabon zorion, zorion gabon!

miércoles, 16 de febrero de 2022

`Sinestun eta lagunak´, Xabier Lete abeslari eta olerkariari eskainitako liburua

 


  

Sebas Gartzia Trujillo Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko (ETPI) laguntzaileak ‘Sinestun eta lagunak’ liburuaren argitalpena koordinatu dau. Bertan, Oiartzuneko Xabier Lete abeslari eta olerkariaren erlijiotasunean sakontzen da. 2020an, Leteren heriotzaren hamargarren urteurrenean hasi ziran liburuan pentsatzen. Gartzia Trujilloren esanetan, “ia beti ahaztu egiten dan Leteren alderdi erlijiosoa nabarmentzeko une egokia zala pentsatu genduan”.

 

ETPIaren euskerazko argitalpena da

Bai, ‘Hemen’ aldizkariaren bidez egiteko asmoa genduan baina, zoritxarrez, argitaratzeari itzi deutse. Bat etorren Institutuaren helburuagaz: erlejinoa eta gaur egungo mundua hartu-emoean jarri euskereaz baliatuz.

Lete, sinisteduna eta lehenengo profeta euskaldun posmodernoa dala dinozu. Zertan datza baieztapen hori?

Ez dot erabat baieztatzen, baina bai uste dodala Xabier Lete izan daitekela lehenengo euskal profeta erlijioso posmodernoa. Eta aitagarria da hori, laikoa dalako eta bere burua agnostikotzat eta, bere bizitzaren azken aldian, materialista filosofikotzat definitzen ebalako. Posmodernotzat joten dot, Xabier ez zalako kristau federa batez be bide arrazionaletik –modernitatearen bereizgarri- zabaldu, arrazoia alde batera itzi barik, otoitzaren, edertasunaren miresmenaren eta besteen aldeko errukiaren bidez baino. Seguruenik egongo zan antzeko lekukorik edo hoberik Euskal Herrian, baina edo ez ziran agertzera emon edo ez behintzat Xabierrek lako adierazkortasun eta eskuzabaltasunagaz.

Leteren hainbat gutun eta bere gaixotasuna be jasoten dira liburuan. Zer eskaintzen deuskue?

Xabier Lete eta sasoi haretan (2004-2009 bitartean eta Lete 2010ean hil zan) Hemen aldizkariaren zuzendari zan Joxe Arregik alkarri bialdu eutsezan gutunak dira, gaixo larriak jota, une erabakigarriak bizi ebazan sasoi haretan Xabierrek bizi eban esperientzia erlijiosoari buruzkoak. Alkarri gutunak bialtzen eutsezan aldi horretan, gainera, Leteren bikote zan Lourdes Iriondo hil zan. Gutun honeek Xabierren espiritualtasunik sakonena islatzen dabe bere helduaroan.

Ze ikasbide eskainten deuskue fede gaurko fede bizitzarako Xabier Leteren esperientziok?

Irakurle bakotxak bereak atarako ditu, bakotxak bizi dauan egoeratik egiten daualako irakurketa, baina nik neuk, bat-batean, otoitzaren garrantzia nabarmenduko neuke, baita sinisgogortasuna nagusi dan uneetan be, alkartasuna eta errukia behartsuenen alde, gizon eta emakumeen oinarrizko galderetan arreta jartea, edertasunaren miresmena, Lourdesi eutsan maitasuna… eta, gaztaroan, kritika Eleiza zaharkituari, zurrunduari. Hainbat gauza itziko dot aitatu barik… Berreskuratuko ahal ditu irakurleak liburua hartu eta irakurten dauanean!

 Iturria: bizkeliza.org





No hay comentarios: