Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

domingo, 25 de septiembre de 2016

Errukiaren urria Lukasen eskutik

Propuesta litúrgica para tres domingos de octubre con el Año de la misericordia como telón de fondo.


Hiru gai edo giltzarri:   
   

 1.- Errukiaren urtearen amaierean, aurten egindakoa kontuan hartuz, urrian arreta berezia egin gura deutsagu gai honi.

2.- Lukasen eskutik, hiru domeketako ebanjelio txatalak sakonduz, hango jokabideak gureganatu gurean konpromiso txiki batzuk hartuz.

3.- Urria hilabetea da, baina baita urritasuna, faltea, gehitu beharko gendukena. Urria ugarituz, errukiaren arbolan jarritako errukitasunak fruitua emon daben aztertzeko unea ere bai.


Hiru domeka



Urriaren 2an: gauza txikien balio handia        


Lukas 17,5-10

      Aldi haretan, apostoluak honan esan eutsen Jaunari «Gehitu eiguzu sinismena». Eta Jaunak: «Mostaza hazia adinako sinismena bazendue, masustondo honi esango zeunskioe: urten hortik eta bota susterrak itsasoan», eta egingo leuke zuon esana.
      Egin daigun zuen morroia goldaketan edo artzaintzan dabilela; kanpotik etxera etortean, nork esango deutso: "zatoz eta jarri zaitez berehala mahaian?" Ez ete deutso beste hau esango: "prestatu egidazu afaria, jantzi gerrikoa eta zerbitzatu naizu, nik jan eta edan arte; zuk gero jan eta edango dozu"? Ugazabak zor ete deutso eskerrik morroiari, agindu jakona egin daualako?
            Bardin zuok ere: agindutako guztia egiten dozuenean, esaizue : "morroi gauza ez ziran batzuk gara; egin behar genduana egin dogu"».




Hitz potoloa da errukia. Batzutan gauza handiak, erraldoiak egin gura gendukez. Erratuta dagoz. Gauza txikietan agertzen da gizakiaren handitasuna. Mostaza haziaren irudia argigarria dogu benetan: hazi txiki-txiki bat arbola baten neurriko landare bihurtuz.
            Fede handia gura dogu, mendiak mugitzeko bestekoa. Erratuta gagoz. Gauza txikietan agertzen da haren edertasuna, haren handitasuna.
            Errukia be errukitasun zehatz batzutan konkretatzen genduena. Gorputzari zein arimari dagokiozanak.
            Aste honetan aukeratu daigun holako bat eta ahalegindu gaitezen betetzen. Gure artean asko bagara hori betetzen, giroan be igarriko da.





Errukiaren urtea
Lora fruitu egitea
Errukitsuak izan gaitezen
Jesus eredu betea

Errukiaren fruitua
Asetzea gosetua
Egarri dana lagundu eta
Kanpoztarra onartua.


Erropak biluziari
Bisitatu gaixoari
Barri onaren erruki hori
Egintzetan da ageri

Hildakoa lurperatu
Etxekoari lagundu
Berba hutsetan ez geratzeko
Egiteok  gogoratu

Errukiaren urtea…






Urriaren 9an: esker onean bizi


Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk. 17, 11‑19)

     Aldi haretan, Jesus Jerusalenera bidean joian, Samaria eta Galilea artetik. Herritxo baten sartzerakoan, hamar legenardunek urten eutsoen bidera, eta urrun geldituta, deiadarka esaten eutsoen: "Jesus, Maisu, erruki zakiguz!". Jesusek ikusi ebazanean, esan eutsen: "Zoaze eta agertu abadeakana". Bidean joiazala, garbi gelditu ziran.
     Euretariko bat, bere burua osatuta ikusi ebanean, bihurtu egin zan, oihu handiz Jainkoa goresten ebala; eta Jesusen oinetan ahuspeztu eta eskerrak emoten eutsozan. Eta hau samariarra zan.
     Jesusek esan eban: "Ez ete dira hamarrak garbitu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau baino, bihurtu eta Jaungoikoa goratzeko?"
     Eta osatuari esan eutson: "Jagi zaitez, eta zoaz. Zeure sinismenak osatu zaitu".

                                               


            Parkatu gure zorrak…

Zorrik badogu ala? Besteak gugaz daukiezanak gogoan ditugu. Argi eta garbi. Gureak…?
Zorrak behar bada ez dirutan, baina bai bizia eta herria emon euskuezanakaz, gure aurretik bizi izan ziranakaz. Fedean maisu eta bidelagun izan doguzanak. Beharrean laguntza izan direnakaz.
Zorra biziaren iturri dan Jainkoagaz.
Hamar gaixo osatu eta kanpoztarra baino ez zan itzuli eskerrak emoten, zorra kitatzen esker onez. Non kokatzen dogu gure burua?
Eskerrak emotekoak gara, ingurukoekaz eta Jainkoagaz beragaz? Esker oneko otoitza ugaria da gure errezuetan?

Guk bere gure zordunei parkatzen deutsagun lez…
Jainkoa ez da nekatzen gu parkatzen. Erruki hutsa dogu-eta.
Gu bizkorregi nekatzen gara besteak parkatzen.
Aste honetan aukeratu pertsonaren bat, nogaz daukadan esker oneko zorra eta emon eskerrak, kitatu, kendu zor hori. Jainkoari eskerrak emotea be ez ahaztu!
               







Urriaren 16an: otoitzaz errukia gureganatu


Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 18,1‑8)

      Aldi haretan, Jesusek parabola hau esan eutsen bere ikasleei, beti otoitz egin behar dala eta ez dala etsi behar adierazoteko: «Bazan herri baten epaile bat; ez eukan, ez Jaungoikoaren bildurrik, ez gizonen begirunerik.
     Herri haretan bertan, bazan alargun bat ere, eta han joaten jakon, esanez: "Egidazu zuzenbidea nire arerioaren aurka". Eta luzaroan ez eutson jaramonik egin nahi izan.
     Baina gero, esan eban bere barrurako: "Ez daukat, ez Jaungoikoaren bildurrik, ez gizonen begirunerik; baina alargun hau gogaikarri jat, eta egingo deutsat zuzenbidea, azkenean betondoko bat emon ez deis­tan"».
     Eta Jaunak holan esan eban gainera: «Begira zer dinoan epaile okerrak. Eta Jaungoikoak ez ete deutse zuzenbidea egingo, gau eta egun otoitzean dabilkozan bere aukeratuei? Luzapena emongo ete deutse? Hara zer dinotsuedan Nik: behingoan egingo deutse zuzenbidea; baina Gizonaren Semeak, datorrenean, aurkituko ete dau holako sinismenik lurrean?».


          Zeozer gura dogunean, interesatzen jakunean eta inportantea jakunean, lotsa barik ekin egiten dogu lortu arte. Atsedenik barik. Ekin.
          Bestea bada preminan dagoena, orduan bizkorrago nekatzen gara gure ekinean. Egin dogu gure ahalegintxoa. Nahikoa da.
          Ebanjelioaren alargunak beste jokabide bat erakusten dausku. Justiziaren alde ez nekatu inoiz. Lotsa eta beldur barik eskatu. Gure eskubideen alde eta besteen premien alde.
           Otoitza dogu giltzarri. Errukiaren ura lasterregi agortu ez dadin gure parrokian, gure familian, nigan, otoitza behar beharrezkoa dogu. Nahi eta nahi ezkoa.
           Otoitza Jesusek erakutsi euskun moduan Gureaitan, adibidez. Pluralean,. Gurea. Danona. Alkartearena.
           Aste honetan, nire otoitzean, eskatu dagidan errukiaren iturria ez dadin agortu nigan, nire bihotza ez dadin gogortu, harritu, hau da, ez dadin harrizkoa egin.


Errukiaren Jubileoaren otoitza

Jesu Kristo gure Jauna,
Zuk, zeruko Aita bezala errukitsu izaten irakatsi diguzu,
eta Zu ikusten zaituenak Aita ere ikusten duela esan diguzu.
Erakutsi guri zeure aurpegia, eta lortuko dugu salbamena.
Maitasunezko zure begiradak libratu zituen Zakeo eta Mateo diruaren esklabo izatetik;
baita adulteriogilea eta Magdalena ere
zoriontasuna izaki huts den norbaitengan bilatzetik;
Pedrori negarra eragin zion saldukeria egin ondoren,
damututako lapurrari, berriz, Paradisua ziurtatu zion.
Egizu, gutako bakoitzak entzun dezala, geuri esandako hitza bezala,
Zuk emakume samariarrari esandakoa:
Jainkoaren dohaina zein den jakingo bazenu!

Zu zara ikusezina den Jainkoaren aurpegi ikusgarria,
ahalguztidun izatea, batez ere, barkatzean eta errukitsu izatean
erakusten duen Jainkoarena;
egizu, Eliza izan dadila, munduan, zure aurpegi ikusgarria,
Zu baitzaitu Elizak bere Jauna, piztua eta aintzatsua.
Zuk hala nahirik, argaltasunez jantziak dira zure apaizak ere,
benetako errukia senti dezaten ezjakinentzat edota oker dabiltzanentzat;
egizu, horiengana hurbiltzen denak suma dezala
zain duela Jainkoa, bera maitatzeko eta barkatzeko.

Bidali guri zeure Espiritua eta sagara gaitzazu guztiok haren igurtziaz
errukiaren Jubileua Jaunaren onginahi-urtea izan dadin
eta zure Elizak, gogo-berriturik, Berri Ona behartsuei eman diezaien,
gatibu eta zapalduei askatasuna hots egin
eta itsuei ikusmena eman diezaien.
Hala eskatzen dizugu, Ama errukitsua den Andre Mariaren otoitzarekin bat eginik,
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

Amen.       




Jubileo Urtearen Otoitza laburtua


Jesu Kristo gure Jauna,
Zuk, zeruko Aita lez errukitsu izaten irakatsi deuskuzu,
eta Zu ikusten zaituenak Aita ere ikusten dauela esan deuskuzu.
Erakutsi guri zeure aurpegia, eta lortuko dogu salbamena.

Zu zara ikusezina dan Jainkoaren aurpegi ikusgarria,
ahalguztidun izatea, batez ere, parkatzean eta errukitsu izatean
erakusten dauen Jainkoarena;
egizu, Eliza izan dadila, munduan, zure aurpegi ikusgarria.

Bialdu guri zeure Espiritua eta sagaratu gagizuz guztiok haren igurtziaz
errukiaren Jubileua Jaunaren onginahi-urtea izan dadin
eta zure Elizak, gogo-barriturik, Barri Ona behartsuei zabaldu,
katibu eta zapalduei askatasuna iragarri
eta itsuei ikusmena emon dagitsen.
Holan eskatzen deutsugu,
Ama errukitsua dan Andre Mariaren otoitzarekin bat eginik,
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin batean
errege bizi zara-ta gizaldi eta gizaldietan.

Amen.       





Ezaugarri bat parrokia legez



Ta errukia nola
azaldu hitz bitan
zer den aztuta bizi
gara gehiegitan;
behar bada ikasi
behar da egitan
ispilu bat ikusten
besteen begitan.

Beraz hori da denon
erantzukizuna:
bakoitzak ematea
emateko duna.
Errukiz azaltzea
geure erantzuna,
horixe da hurkoak
eskatzen diguna.

Beraz azken bertsoan
horren ondorena,
behar bada esateko
bistan dagoena:
inork ulertzekotan
azaldu nahi dena,
ejenplu_ematea da
biderik onena.

Aitor Mendiluze

No hay comentarios: