Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

viernes, 6 de febrero de 2015

Dotrina ez, arroza behar dute: Jose Luis Garaioa misiolaria

Mexikon eta Costa Rican ibili ondoren, Sierra Leonan hamar urte egin ditu misiolari Garaioak. Iruñera itzuli da, baina ez da geratuko. Osasuna dela eta, Afrikara ez, baina Mexikora joanen da. BERRIA egunkarian agertu den alkarrizketa hau hona dakargu Gosearen aurkako kanpainaren arira.

Lemoako KT Manos Unidas alkarteagaz bat
Bizimodu erromantikoa daramala dio Jose Luis Garaioak (Faltzes, Nafarroa, 1952). 24 urterekin hasi zen misiolari lanetan, eta han eta hemen ibili ondoren, Espainian irakasle izan zen. Sierra Leonan eman ditu azken hamar urteak, hara ailegatu zen lehenbiziko aldian bahitu bazuten ere. Abenduan Iruñera itzuli zen, ebolaren prebentziorako berrogeialdia igaro ondoren. Baina ez da hemen geratuko.

Zergatik Sierra Leona?

Harroa naizelako, Iruñekoa. Nire bizitzan pobreen alde egitea hautatu nuen, eta giza garapenaren indizearen azken postuan da Sierra Leona. Erronka pertsonala ez ezik, nire bizitza aukerarekin koherente izateko modua ere izan da. Han %80 musulmanak dira; beraz, gizarte garapenari lotutako lana egiten dugu apaizaren lana baino gehiago.

1998an Sierra Leonara ailegatu eta RUF taldeak bahitu zintuen.

Beti badakit non dudan ipurdia. Giza ezkutu gisa erabili nindutenean ere banekien non nuen ipurdia: arma europar eta azerbaijandarren gainean. Hirugarren mailako armak lehenbiziko mailako diamanteen truke. Europa, AEB eta indar handiko multinazionalak gerraren atzean ziren. [Mendebaldekook] Tribuen aitzakiarekin, borrokatzera bideratzen ditugu, eta, bitartean, haien diamanteak eraman. Gerra hura, argi eta garbi, komertziala zen. Ez ninduten arazo politiko edo erlijioso batengatik bahitu. Argi esan ziguten: «NBEk hiriburua inbaditzeari uzten ez badio binaka hilko zaituztegu».

Esperientzia gogorra.

Matxinoekin izandako esperientzia horrek arrasto handia utzi zuen nire bizitzan, baina tira, hara joanda, gerta zitekeen. Otsailaren 25ean goizaldeko ordu bietan fusilatu behar ninduten. Bizirik jarraitzea miraria da. Hil aurretik Ramonen Letyana tabernan kafesnea eta croissanta jan nahi nituen. Txorakeria bat da, baina txorakeria horiek dira bukaeran faltan izanen dituzunak: San Nikolasen basoerdi batzuk hartzea, sanferminak, Osasuna... film azkar bat igarotzen da, eta bat-batean ez duzu denborarik. Hori izugarri mingarria da.

Hala ere, itzultzea erabaki zenuen.

Nafarra naiz, eta, beraz, burugogorra. Hara joan nintzen urte batzuk igarotzera, baina bahiketak dena eten zuen. Nik konpromisoa hartu nuen: onik ateratzen banaiz, bost urte emanen ditut herrialde honetan, eta anitz otoitz eginen dut. Ezin nuenez hainbeste otoitz egin, hamar urte eman nituen.

Gaixotasunak ez dira oztopo izan.

Diamanteak kenduta, denetarik izan dut: sukar tifoidea, 21 malaria, fungus tropikala, birus ezezagunak...

Ebola inguruan izan duzu. Batik bat Mendebaldera iristean hasi ziren hemen horri buruz solasean.

Gizarte hau berekoiegia da, soilik gure familiaren ongizatea inporta zaigu, eta ez gaitu bizilagunak kezkatzen. Baina norbaitek nire erosotasuna eta segurtasuna mehatxatzen baditu, orduan kezkatu eta borrokatzen naiz. Hemen, ebolarekin beldurturik zeundeten. Han, arazo handiena ez ziren ebolak eragindako heriotzak, beste gaixotasunek eragindako heriotzen kopurua hamar aldiz biderkatzea baizik. Ospitaleak itxi zituzten. Haur batek malaria bazuen, nora jo?

Egoera horretan zaila da Jainkoarengan sinestea?

Errazagoa da. Batetik, misioaren helburua ez da zuri Jainkoari buruz hitz egitea, Jainkoari zure berri ematea baizik. Bigarrenik, niri berdin zait zuk Jainkoarengan sinesten duzunetz. Askotan ez dut deus ulertzen. Nire otoitzak galderaz beterik daude. Gero ez bada erantzunik, zertan ari naiz ebola artean edo zergatik hiltzen da Ibrahim ahotik odola eta kaketan harrak botaz?

Jainkoak hainbat azalpen eman behar dizkizu, beraz.

Noski, nik ez dut ulertzen ezagutu izan dudana. Zentzurik gabeko hainbeste heriotza... gutxieneko garapena duen edozein gizartetan aurrera aterako lirateke. Herrialde hain aberatsa, baina zapaldua. 5 urte bete aurretik hamar haurretik lau hiltzen dira. Azalpen bat behar dut. Gizakiena badakit: oso geurekoiak gara. Multinazionalen berekoikeriak eragin du Afrikak egun duen egoera. Jainkoa ona eta aita bada, zergatik onartzen du hori dena? Nire bizitza mugatua bada, absurdoa litzateke. Baina nire bizitza ez bada hemen bukatzen eta bilakatzen bada, agian bada betiereko arrazoi bat.

Misiolarien lana paternalista da?

Izan daiteke, Espainiako aita paternalista baten gisan jokatzen baduzu. Nik inoiz ez dut egin Mister Marshallek Espainian bezala, ez diet esan: «Oso aberatsak diren lagunak ditut eta burdina eman didate putzu bat egiteko; beraz, lasai egon zaitezkete». Haiek egiten dute, putzuak eta eskolak eraikitzen ikasten dute. Giza garapena ez dut erabiltzen tresna gisa. Sierra Leonan, gaur, arroza behar dute katixima baino gehiago. Badakigu zer den paternalismoa eta oso argi dugu zer den arroza bataioaren truke ematea. Egun, ez dago hori egiten duen misiolaririk.

No hay comentarios: