Abenduko izarrak

miércoles, 25 de febrero de 2015

Jesu Kristoren Ebanjelioa bizkaieraz



“Jesu Kristoren Ebanjelioa”
Bizkaieraz lehenengo itzulpena
Euskaltzaindiaren arauak jagonda

Hona hemen Ebanjelioen argitalpen barri bat, kristau-fedea janaritu eta sendotu dagigun, eta bila dabiltzanek be Nazareteko Jesus eta Haren mezua eta bizimodua argibide eta eredu izan dagien.
Eskuratu Jakinbide liburudendan edo zure parrokian 12 eurotan.  417 or.

Egia esan, bageunkazan ebanjelioak bizkaieraz gure Jaime Kerexetak argitaratuta: “Jesukristoren Barri Ona” (lau ebanjelioak alkartuta, 1960), eta “Jesukristoren Barri Ona”(lau ebanjelioak, 1966). Eta geroago “Alkartasun Barria” (1972). Hau argitaratzeak indarra eta bultzada emon eutson, eta 1976an “Euskal-Biblia” bizkaieraz eskeini euskun, 1993an eta 1994an (azken hau formatu txikian) berrargitaratua.

Agustin Apaolaza
Horrez gain, 1972-1974 urteetan Liturgiarako “Irakurgai-Liburuak” be izan genduzan, gure eleizbarrutiko parrokietan domekero irakurriz eta Barri Onaren bidez gure buru-bihotzetan argia eta adorea ereinez.
Hurrengo une garrantzitsua Meza Liburu barria egin zanean izan genduan. Orduan argitaratu genduzan  “Meza Liburua” (Bilbao 1984) eta “Irakurgaiak” (Bilbao 1988). Ia bi mila orrialde horreetan argi ikusten da Vatikanoko II. Kontzilio ostean eleizbarruti artean Liturgiarako baliabideak eskeintzen egindako ibilbidea, eta elizako idatzien tradizinoa eta, berariaz, bizkaieran eredu antzeko eskola osotu ebenen jarduna.

Baina, hizkuntzak, gizon-emakumeak eta Eleizak be etengabe bizi izateko etengabe eguneratu beharra daukagu. Gogoan izan beharko geunke zenbat aurrerakuntza egin izan dan hizkuntza arloan (eta hor Euskaltzaindiaren lana goratu behar), zenbat aldaketa izan dogun gizon-emakumeok eretxi, jokabide eta bizimoduetan, zenbat ardura eta erantzukizun barri leporatu behar izan dituan Eleizak.

Eta kristau-mezua egoki eskeintzeko, eguneratzen ahalegindu da Eleiza be, hainbaten ustez moteltxoegi beharbada. Dana dala, azken urteotan “Meza Liburu” barria prestatu dogu Euskara Batuan (Altarako Liburua eta Irakurgaiena). Une honetan Erroman dago, eta gu baimen ofizialaren zain. Bien bitartean, gu bagabilz guzti hori bizkaieratzen. 

Horretan dihardugun artean, deia eta eskaria jaso izan da gotzaindegian, Bizkaiko abade eta laiko batzuren aldetik: “Ebanjelioak behar doguz bizkaiera gaurkotuan”. Eta Gotzainak eta gotzain kontseiluak “Euskal Baliabideak” prestatzen ditugun taldeari agindu deuskue zeregin hori. Eta gure batzarretan izen batzuk aitatu eta ahotan erabili ostean, Juan Luis Goikoetxeari eta Lontzo Zugazagari eskatu jaken lana; holan geure esku geratu zan eginkizunaren ardura eta erantzukizuna.

Jarraian, “Euskal Baliabideak” taldekoek erabagi hau hartu genduan: bizkaiera gaurkotuan itzulpen hori egiteko, Elizen Arteko Bibliako (EAB) testua izango genduala oinarrizko testu, eta horixe bizkaieratuko genduala.

Bitartean, baina, gutariko batzuk egina geunkan, gipuzkoarrekin batera, goian aitatu dodan “Meza Liburu” barria, testu barrituekin, EABko Ebanjelioen testua egokituta eta aldatuta, helburu komunikatiboaz jokatuz, zuzenean, aurrez-aurre, liturgian irakurtzeko eta aldarrikatzeko.
Jaime Kerexeta

Eta gure gotzaindegian jasotako iradokizuna aintzat hartuz, aldatu egin genduan aurreko erabagia: Meza Liburu barri horretarako prestatua dagoan testuak behar dau “lehentasuna”. Beraz, Liturgiarako Irakurgaietan agertzen diran ebanjelio atalak jaso ondoren,  EABkoekin alkartu behar izan doguz, lau ebanjelarien testu osoa lortzeko.

Oinarrizko testua era horretan osotu ondoren ekin deutsagu bizkaierazko sistemara egokitzeari. Bizkaierarako, kontuan hartu ditugu hiztun euskaldunaren ulermena, eleiz testuetako tradizinoa eta gaur eguneko bizkaiera idatzian neurri handiko adostasuna lortu dauan eredua. Euskaltzaindiaren arauak onartu doguz hizkuntzaren alderdi testualean, morfosintaktikoan, lexikalean nahiz ortografikoan (lehenengo aldiz gertatzen da hau ebanjelioen bizkaierazko argitalpenetan).

Eskuetan geunkan oinarrizko testu hori, behin eta barriz kontrastatu dogu baita testu grekoarekin, Vulgata Barrikoarekin, eta Kerexetaren eta Apaolazaren itzulpenekin, eta noizbait baita Duvoisinen eta Etchehandyrenarekin be.

Euskeratzea, bizkaieratzea ardura handiz eta zehaztasun finez egiten ahalegindu gara, gai hain delikatuak eta guretzat benetan maiteak eskatzen dauanez. Halan be, ondotxo dakigu inongo eta ezelango itzulpenek ezingo dauala agortu Liburu Santuek eskeintzen daben aberastasun hondorik gabea.

San Jeronimok esaten eban “non verbum e verbo, sed sensum exprimere de sensu” aintzat hartuz, eta baliokidetasun dinamikoa edo funtzionala kontuan izanda burutua egoan oinarrizko testua, EABkoa eta Meza Liburu barrirakoa, gaurko Bizkaia herrirako bizkaiera eguneratuan eskeintzen ahalegindu gara.

Vatikanoko II. Kontzilioak esandakoak bizkortu eta bultzatu gaitu. Herrrien pentsakeraren eta kulturaren neurrira egokitua eta ondo ulertzeko eran egiten dan Ebanjelio-adierazpena bide dala, “Espiritu Santuak egia osoraino daroaz fededunak eta eurengan sakon biziazoten dau Kristoren berbea” (Dei Verbum, 8).

Jainkoak Jesu Kristogan esandako hitzak badauko indarrik eta eraginik asko euskal hizkuntzan eta kulturan errotutako gizon-emakumeei salbamena eskeintzeko. Eta hori eginkizun eder be badogu, gure kultur balioenganako leialtasunean, Jesu Kristoren ebanjelioaren betiko maminak gaur egun be daukan balioa adierazteko erantzukizuna jaso dogun guztiok. Bizkaieraz adierazotako Jainkoaren berba hau kristau-alkartea sortzen eta bizibarritzen joango ahal da, holan sinismenean, itxaropenean eta maitasunean Jainkoagandiko salbamena iragarriko dauan “sakramentu” izan dadin gure herrian.

Liburuaren hitzaurrean esaten dogunez, Jainkoaren Hitzak itzartu, argitu, bizibarritu eta indartu begi kristau-fedea gure Bizkaiko herri maite honetan. Eta ebanjelioa irakurtzeak eta hausnartzeak lagundu deigula Jesu Kristo hobeto ezagutu daigun eta Berari zintzo jarraitu deiogun. Horixe da gure asmoa eta gurari bizia.


                                                                                  Lontzo Zugazaga




Gehiago jakiteko:


http://www.amunsa.eus/euskarazko-bibliografia/

edo





http://www.atalai.net/talaia/Fedeaetakultura/Aurkezpena/dionisio%20amundarrain%20bibliaz%20eta%20bibliez.doc

No hay comentarios: