Gabon zorion, zorion gabon!

viernes, 19 de abril de 2024

Aste Santua eta ramadana

 


Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu du horrek, batzuentzat kutsu erlijiosoa duten ospakizunek ez luketelako gurea bezalako antolakunde laiko batean lekurik izan behar. Gorka Menendez ARGIA astekarian.

Erlijioarena gai zinez interesgarria da eta kontraesan ugari azaleratzen ditu gurean. Aurten ramadan gosaria ospatu dugu, gure kide musulmanekiko lotura indartzeko, baita hori bezalako tradizio baten atzean interesgarriak iruditzen zaizkigun balioak daudelako ere: komunitatearen sendotzea, kidetasunaren indartzea… Zentzu horretan, nik argi daukat erlijio guztiek eduki dominatzaile eta zapaltzaileak dituztela, baina, aldi berean, askapen borroka bultzatu dezaketen balioak gordetzen dituztela beraien barruan. Ikus Askapenaren Teologia, langile mugimendua eta apaiz gorrien arteko lotura, ENAMen kristautasunak izandako garrantzia, deskolonizazio prozesuetan zenbait erlijiok izan duten garrantzia… Edozelan ere, horrelakoetan tentuz ibili behar gara, elkartasun eta ahizpatasun ariketa dena erlijio jakin baten apologia bilakatu ez dadin.



Erraza da islamarekin izaera erlijiosoa duten elementuak seinalatzea. Baina euskaldun “natiboak” kulturalki erabat kristauak gara

Bestalde, geure burua laikotzat dugunontzat erraza da islamarekin izaera erlijiosoa duten elementuak seinalatzea, kulturalki erabat arrotzak egiten zaizkigulako. Baina betaurreko etnozentriko-kolonialak kentzen baditugu konturatuko gara euskaldun “natiboak”, laikotasunak laikotasun, kulturalki erabat kristauak garela. Eta modu inkontzientean erreproduzitzen ditugula izaera kristaua duten jokabideak. Urrunegi joan gabe, Aste Santuan ez da egin sindikatuko batzarrik, gure jai guztiek santu kristauen izenak daramatzate…

Onar dezagun: orain arteko euskaldunok, oro har, erro kristauak ditugu eta gaur egun oraindik kulturalki kristau-katolikoak gara erabat. Aberri Eguna bera Pazko egunean ospatzen da, atera kontuak. Gakoa hemen ez da erro horiek erabat ukatzea eta zakarrontzira botatzea: islamarekin eta gainontzeko erlijioekin bezala, oskol kontserbadoretik harago gure tradizio kristauetan badaude potentzial eraldatzailea duten balioak eta ohiturak.

Ukaezina da euskalduntasuna gero eta izaera multikulturalagoa eta multierlijiosoagoa hartzen ari dela. Eta hala bedi! Bestela, euskalduntasuna agortua egongo da hamarkada gutxitan. Horrek esan nahi du erlijiotasunak euskalduntasunaren berreraikitze prozesuan pisu handia izango duela eta komeni zaigula gai irristakor honen inguruan hausnartzen hastea.

No hay comentarios: