Bermeoko kanposantuan

viernes, 7 de noviembre de 2025

Sinodoa 01

 




Esperantzari leiho bat
Zabaldu omen diote
Bizi ote den
Ikusteko ere.

Baina nekez ikusi dute
Esperantzarik.

Desilusio usai bat
Erten omen da leihotik.

(Bitoriano Gandiaga)

Aspaldiko olerkia dugu hau. Oskarbi taldeak oraindik ere kantatzen du. Zeri zabaldu zaio leihoa? Hamaika erantzun badira. Baina sinodoari buruz hizketan, Espirituari zabaldu zaiola esan dezakegu. Jainko Herria den Elizari Espirituaren hitza, arnasa, adorea eta eragina eskatuz. Olerkian gertatzen den moduan, sinodoaren bidea aurrera doala, desilusio usai edo hatsa zabaltzen denaren susmoa ere bada.

Esperantza kontuan hartzen badugu, argi eta garbi esan behar dugu Vatikanoko II. Kontzilio geroztik, hauxe da gure Eliza Katolikoaren unerik garrantzitsuena. Aita Santua eta gotzainak bakarrik ez, Jainko Herri osoa deitua izan da parte hartzera. Azken idazkiak zer esango duen ez jakin arren, pausu hau atzera ezina da.

Bizkaian, Bizkaiko Elizaren Batzar Nagusia gogorazi digu sinodo aldi honek. Inoiz eman den parte hartze handiena, bai kopuruan, bai iraupenean. Azkenean ebatzi zehatz batzuekin. Gotzainek onartu zutena. Erromara bidali. Eta Erromak batzuk ukatu. Gure Elizan gertatu den desilusio edo traiziorik handiena behar bada. Batzuk ezkutatu edo ukatu gura dutena. Ahaztu beharko ez genukeena.

OHARRA:

Astiro astiro sinodoari buruzko ohar batzuk argitara emongo doguz. Laburrak. Kate bat osatzen dabenak.

Eta hona bertso batzuk:

Profetak ziran Jainko berbaren
mamia eta azala,
gaur egun ere Jauna berbetan
oraintxe lehen bezala.
Jaso doguna, ezin ukatu,
oso barri ona dala:
danon artean landu dagigun
Abendua: sinodala.
....
Hamaika behar esku artean
ihesi doa denpora,
erne, itzarrik bizi gaitezen
barri onak gaur gogora,
sinodoaren itxaropena
ez daigun bota zulora:
argi, kresala, indar, iparra
holan badakigu nora.


No hay comentarios: