Gabon zorion, zorion gabon!

martes, 20 de octubre de 2020

Luzatu eskua pobreari. Pobreen IV. Mundu Eguneko Mezua


Pobreen IV. Mundu Eguna 2020ko azaroaren 15ean ospatuko da (Denpora Arrunteko XXXIII. domeka) eta goiburua izango dau Luzatu eskua pobreari (cf. Sir 7,32). Jarraian argitaratzen dogu Aita Santuak egun horretarako idatzi dauan mezua. 
Si prefieres en otro idimoa clic aquí.

“Luzatu eskua pobreari (cf. Sir 7, 32). Antxinako jakituriak, esaldi honetan, bizitzan jarraitu beharreko kode sakradu bat jaso dau. Berbok esanahi guztia daukie gaur, begiradea jarri daigun funtsezkoa dan horretan eta gainditu daiguzan indiferentziaren trabak. Pobreziak beti erekusten ditu aurpegi ezbardinak, eta aurpegioi arreta berezia eskeini behar deutsegu egoera bakotxean. Egoera horreetako bakotxean Jesus topatu geinke, Jauna, zeinak erakutsi euskun bere anai-arreba ahulenetan dagoala presente (cf. Mt 25, 40).

1. Hartu daigun eskuetan Eklesiastes, Ben Sirakena izena be badaukana, Testumentu Zaharreko liburuetako bat. Hartan maisu jakintsu baten berbak topatuko doguz, berrehun urte Kristo aurretik bizi zanarenak. Maisu horrek jakintza jakin bat bilatzen eban, andra-gizonak hobeak egiten dituena eta bizitzako gorabeherak sakontasunez aztertzeko gaituak. Eta bilaketa hori egin eban Israelgo herriak erronka gogorra bizi eban une batean, herrialde arrotzen zapalkuntzak eragindako min, lutu eta miseriazko unean. Fede handiko gizona zan, arbasoen tradizioetan errotutako fedea eukana, eta bere lehen gogoeta izan zan Jainkoagana jotea jakituriaren doea eskatzeko. Eta Jaunak lagundu egin eutson.

Liburuaren lehen orrietatik, Ben Sirakek aholkuak emoten ditu bizitzako egoera konkretu askotarako, eta egoera horreetako bat pobrezia da. Behin eta barriro dino Jainkoagan konfiatu behar dala larriuneetan: “Sendotu bihotza eta eutsi gogor, ez larritu estualdian. Lotu zakioz Jaunari, ez aldendu hagandik: oparotasunean amaituko dituzu egunak. Onartu eizu etorri leikizun guztia, izan jasankor zeure apalaldiko ezbeharretan; sutan probatzen dalako urrea eta apalkuntzaren arragoan Jaungoikoak begiko dituenak. Izan uste on Jaungoikoagan, eta berak lagunduko deutsu, zuzendu zeure jokabidea eta itxaron beragan. Jaunari begirunea deutsazuenok, sinistu haren errukian, ez desbideratu eta ez zarie jausiko. (2, 2-7).



2. Orriz orri, iradokinun txorta polit bat emoten deusku zelan jokatu Jaungoikoagaz hartuemon estu bat eukirik, Jaungoikoa dalako sortzaile eta sortzearen maitale, justu eta bere seme-alaba guztiakaz arduratsu. Halandabe, Jaungoikoa etengabe ikusmiran izateak ez dau kentzen andra-gizon konkretuei be begiratzea;izan be, gauza biak estu lotuta dagoz.

Hori argi erakusten dau mezu honen izenbururako hartu dogun pasarteak (cf. 7, 29-36). Jaungoikoari otoitz egitea eta pobreakaz eta sufritzen dabenakaz alkartasuna izatea banaezinak dira. Jaungoikoari gogoko jakon kultu bat egiteko, beharrezkoa da errekonozitzea eze persona guztiak, baita behartsuenak eta gutxietsienak be, beragan ezarrita daroala Jaungoikoaren irudia. Atentzino horretatik sortzen da Jaungoikoaren bedeinkazinoaren doea, zeina jasotzan dan pobreei erakusten jaken eskuzabaltasunaren neurrian. Orduan, otoitzean emoten dan denporea ezin da bihurtu lagun hurko behartsuari bizkarra emoten atxakia, ezpadaze guztiz kontrakoa: Jaungoikoaren bedeinkazinoa gugana jeisten da eta otoitzak bere helburua lortzen dau pobreei zerbitzatzeagaz batera doanean.

3. Zer gaurkotasun daukan antxinako irakatsi horrek, baita guretzat be! Izan be, Jaungoikoaren berbea harago doa espazioa, denporea, erlijioak eta kulturak baino. Eskuzabaltasun hori, ahulari laguntzen deutsana, atsekabetua kontsolatzen dauana, sufrimintuak arintzen dituana, duintasuna kendu jakenei itzultzen deutsena, ezinbestekoa da andra-gizonei zor jaken bizitzarako. Pobreen hautua egiteko eta pobreen beharrizan ugari eta askotarikoei erantzuten saiatzeko baldintza, ezin da izan denporea eukitea guretzako edo gure interesetarako, eta inon errotu bako proiektu pastoral edo sozialak bultzatzea. Jaungoikoaren graziaren indarra ezin da ahuldu, norbera beti lehenengo tokian jartzeko joera narzisisteagaz.

Gatxa da adikunea pobreagan mantentzea, baina oso beharrezkoa da norabide zuzena emoteko gure bizitza personal eta sozialari. Kontua ez da berba asko egitea, ezpadaze bizitzea gauza zehatzetan konprometitzea, Jaungoikoaren karidadeak mobiduta. Urtero, Pobreen Mundu Eguna dala ta, arreta jartzen dot Eleizearen bizitzarako funtsezkoa dan errealidade honetan, pobreak beti dagozalako eta egongo diralako gugaz (cf. Jn 12, 8), guri laguntzeko Kristori harrera egiten gure eguneroko bizitzan.



4. Pobrezia egoeran dagoenagaz topatzeak beti eragiten deusku eta galdera sorrarazten. Zelan lagundu geinke bere bazterketea eta sufrimintua ezabatzen edo besterik ezean arintzen? Zelan lagundu geinkio bere pobrezia espiritualean? Kristau komunidadea deituta dago partekatze-esperientzia honetan esku hartzera, jakinik ez jakola zilegi eginkizun hori besteei lagatzea. Eta pobreei laguntzeko, funtsezkoa da pobrezia ebanjelikoa lehen pertsonan bizitzea. Ezin gara “ondo” sentidu giza familiako kide bat bazterrean itxia eta itzal bat bihurtua dagoanean. Hainbeste pobreren deiadar isilak lehenengo lerroan aurkitu behar dau Jaungoiko herria, beti eta leku guztietan, pobreei ahotsa emoteko, pobreak defenditzeko eta pobreekin bat egiteko hainbeste itxurakeriaren eta hainbeste promes betebakoren aurrean, eta gonbidatu behar ditu pobreak komunitatearen bizitzan parte hartzen.

Egia da, Eleizeak ez daukaz konponbide orokorrak proposatzeko, baina Kristoren graziagaz bere testigantzea eta bere partekatze-keinuak eskeintzen ditu. Baita be sentitzen dau behartuta dagoala aurkeztera bizitzarako nahiko gauza ez daukienen esijentziak. Danei gogoratzea danen onaren balio handia, hori bizi-konpromiso bat da kristau herriarentzat, eta konpromiso hori gauzatzen da ahalegina jarririk ez ahazteko giza-izaera beharrizan oinarrizkoetan bortxatuta daukenetako inor.

5. Eskua luzatzeak, lehenengo, hori egiten dauanari ikusarazten deutso eze gure barruan badagoala bizitzari zentzua emoten deutsen keinuak egiteko gaitasuna. Zenbat esku luzatu ikusten dira egunero! Tamalez, gero eta gehiago gertatzen da indiferentzia-zurrunbilo baten sartzen gaituela preseak, halandaze ez dakigu ja errekonozitzen zenbat on egiten dan egunero isiltasunean eta eskuzabaltasun handiagaz. Holan, gertatzen da eze, bakarrik gure bizitzako ibilia aldatzen daben egitateak gertatzen diranean, orduan bihurtzen dira gai gure begiak ‘alboko ateko’ santuen ontasuna somatzeko, “gure ondoan bizi diranen eta Jaungoikoaren presentziaren adierazgarri diranen ontasuna” (Gaudete et exsultate Exhortazio apostolikoa, 7), baina euretaz inork be ez dau berba egiten. Barri txarrak hain dira ugariak egunkarien orrietan, Interneteko guneetan eta telebista-pantailetan, eze konbentzitzen gaitue gaizkia dala munduan nagusi. Eta ez da holan. Egia da, bai, beti dagozala presente gaizkia eta indarkeria, abusua eta ustelkeria, baina bizitzan nonahi daukaguz, baita be, errespetu eta eskuzabaltasunezko egintzak, zeinak ez bakarrik gaizkia konpentsatzen daben, ezpadaze harago joaten eta esperantzaz beterik egoteran be bultzatzen gaituen.



6. Eskua luzatzea zeinu bat da: zeinu horrek berehala dakarsku gogora hurtasuna, solidaridadea, maitasuna. Azken hilabeteetan mundu guztia egon da kikilduta lez virus bategaitik, zeinak mina eta heriotza, etsipena eta noraeza ekarri baiditu. Ba honeetan hilabeteetan, zenbat esku luzatu ikusi ahal izan doguz! Medikuaren esku luzatua, paziente bakotxari sendabide egokia topatzeko arduratuta. Erizainaren esku luzatua, bere lan orduetatik askoz harago gaixoak zaintzen geldituta. Administrazinoko langileen esku luzatua, bitartekoak eskeiniz ahalik eta bizitza gehien salbatzeko. Botikariaren esku luzatua, jenteagaz arriskuko kontaktuan eskaera asko eta askori erantzun beharrean. Abadearen esku luzatua, bihots hautsiagaz bedeinkazinoa emoten. Boluntarioaren esku luzatua, kalean bizi diranei eta aterpea euki arren jatekorik ez daukenei laguntza emoten. Andra-gizon askoren esku luzatua, oinarrizko zerbitzuak eta segurtasuna emon gurarik. Eta beste esku luzatu batzuk, on eginen letania oso bat osotzeraino deskribatu geinkezanak. Esku horreek guztiek desafiatu egin dabe kutsapena eta bildurra, babesa eta kontsolamintua emoteko.

7. Pandemia hau bapatean heldu jakun eta ezustean harrapatu ginduzan, noraez eta inpotentzia sentsasinoa itxiz. Halandabe, pobreaganako esku luzatua ez zan heldu bapatean. Esku horrek, kontrara, lekukotasuna ixten deusku zelan prestatzen garan pobrea errekonozitzeko, beharrizan egoeran lagundu ahal izan daiogun. Erruki-tresnak ez dira inprobisatzen. Beharrezkoa da egunero entrenatzea, abiapuntu lez kontziente izanik zer beharrezko dogun, guk geuk lenenengoak, gugana luzatutako esku bat.

Bizi dogun egoera honek krisian jarri ditu ziurtasun batzuk. Pobreago eta ahulago sentitzen gara, mugaren zentzua eta askatasunaren murrizketa bizi izan doguzalako. Lana galtzeak, txera maiteenak galtzeak eta ohiko hartuemon interpertsonalak galtzeak golpean zabaldu deuskuz ikusten ohitu gabe gengozan zerumugak. Gure aberastasun espiritual eta materialak zalantzan jarri izan dira eta ikusi dogu beldurra geunkala. Gure etxeen isiltasunean sartuta, barriro aurkitu dogu singletasunaren eta arreta funtsezkoenean jarrita eukitearen garrantzia. Konturatu gara anaitasun barri bat behar dogula, gai izango dana alkarri laguntzeko eta alkarri estimua erakusteko. Une honetan giro egokia daukagu “barriro sentitzeko alkarren beharra daukagula, besteakazko eta munduagazko ardura daukagula […].Luzaroan bizi izan gara desgradazino moralean, burla eginez etikaz, ontasunaz, fedeaz, zintzotasunaz…[…]. Bizitza sozialaren oinarrik guztien suntsipen honek, azkenean, batzuk besteen kontra jartzen gaitu norbere interesen defentsan, indarkeria eta krudeltasun modu barriak sorrarazten ditu eta ingurugiroa zaintzearen benetako kultura garatzea eragozten deusku” (Laudato si Entziklika gutuna, 229). Finean, krisi ekonomiko, finantzario eta politiko larriak ez dira amaituko, ixten dogun bitartean eze bakoitxak lagun hurkoagana eta pertsona bakotxagana sentidu behar dauan ardurak lozorrotuta jarraitzea.



8. “Luzatu eskua pobreari”, beraz, gonbit bat da erantzukizunerako, eta zuzeneko konpromiso bat destino beraren parte sentitzen diran guztien aldetik. Dei bat da ahulenen kargak eroateko, San Pablok gogoratzen deuskunez: “Maitasunak egin zaiezela alkarren zerbitzari. Ze lege osoa betetzen baida agindu bakar hau betez gero: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez […]  Lagundu batak besteari alkarren kargak eroaten". (Ga 5, 13-14; 6, 2). Apostoluak irakasten dau eze Jesukristoren heriotza eta berbizkundeagaz emon jakun askatasuna erantzukizun bat dala gutako bakotxarentzat besteen zerbitzuan jartzeko, batez be ahulenen zerbitzuan. Ez da aukerazko aholku bat, ezpadaze baldintzatzen dau autortzen dogun fedearen benetakotasuna.

Siraken Liburua behin eta barriro dator gure laguntzan: ekintza konkretuak iradokizun ditu ahulenei laguntzeko eta baita be erabiltzen ditu imajina gogorarazle batzuk. Lehenengo une baten, kontuan hartzen dau triste dagozanen ahultasuna: “Ez entzungor egin negarrez ari diranei” (7, 34). Pandemia egoerak isolamendura derrigortu gaitu, baita be galarazoz maite kutunak galduta nahigabetuta egozan lagun eta ezagunak konrtsolatzea eta hareen hurrean egotea. Eta aurrerago dino egile sakraduak: “Ez ahaztu gaixoak ikustea” (7, 35). Bizi izan dogu zer dan sufritzen dagozanen ondoan ezin egona, eta aldi berean jabetu gara zein hauskorra dan gure existentzia. Laburtuta, Jaungoikoaren Berbeak ez gaitu sekula lasai ixten eta jarraitzen dau gu onera bultzatzen.

9. “Luzatu eskua pobreari” goiburuak nabarmentzen dau, kontrastez, eskuak poltsikoan daukezanen eta pobreziak hunkitzen ez dituanen jarrerea, pobreziaren konplize diralarik sarritan. Indiferentzia eta zinikotasuna dira euren eguneroko hazkurria. Zer alde dagoan deskribatu ditugun zabaltasunezko eskuakaz! Izan be, esku luzatu batzuk dagoz, arin baten ordenagailuaren teklatua sakattzeko eta dirutza handiak mugitzeko munduko alde batetik bestera, hala ezarriz gitxi batzuen oligarkiaren aberastasuna eta jendetza handien miseria edo nazino osoen porrota. Esku luzatu batzuk dagoz, armak salduz dirua pilatzeko, armok beste esku batzuek, baita ume-eskuek be, erabiliko dabezalarik heriotza eta pobrezia ereiteko. Esku luzatu batzuk dagoz, ilunetan heriotza-dosiak alkartrukatzen dabezanak, aberasteko eta luxuan eta iraupen gutxiko neurrigabekerian biziteko. Esku luzatu batzuk dagoz, azpitik legez kontrako faboreak alkar trukatzen dabezanak irabazi erraz eta ustelduakaz. Eta esku luzatu batzuk dagoz, hipokrisiazko purutasunean lege batzuk ezartzen dabezanak, eurek be gero ez betetzeko.

Egoera honetan, “baztertuek itxarotzen jarraitzen dabe. Indiferentziaren globalizazino bat garatu da, beste batzuk baztertzen dabezan bizi-estilo bati eutsi ahal izateko, edo ideal egoista horrekin estusiasmatu ahal izateko. Ia ohartu barik, ezgai bihurtzen gara besteen oihuen aurrean, jada ez dogu negarrik egiten besteen dramaren aurrean eta ez jaku interesatzen beste horreek zaintzea, dana balitz lez gugandik kanpo dagoan eta ardura ez jakun erantzunkizuna” (Evangelii gaudium Exhortazio apostolikoa, 54). Ezin gara zoriontsuak izan, harik eta heriotza ereiten daben esku honeek mundo osoarentzako justizia eta bake tresna bihurtzen ez diran arte.



10. “Egiten dozun guztian, izan gogoan zeure azkena” (Sir 7,36). Hori da Ben Sirakek gero gogoeta amaitzeko daukan esaldia. Esaldi horrek interpretazino bi izan leikez. Lehenengo interpretazioan, nabarmentzen dau beti euki behar dogula presente gure existentziaren amaierea. Gure patu komunaz gogoratzeak lagundu egin leikigu bizitzan arreta gehiago jartzen pobreago danagan eta guk bezainbeste aukera euki ez dauanagan. Bigarren interpretazioan, azpimarratu daiteke zer asmo, zer helbururako joera daukan bakotxak. Gure bizitzaren helburuak, behar dau proiektu bat egiteko eta bide bat nekatu barik ibilteko. Eta hara, gure egintza bakotxaren helburua ezin da izan besterik maitasuna baino. Hori da gure helmugea eta ezerk ez gaitu distraitu behar horretatik. Maitasun hori da partekatzea, da dedikazinoa eta zerbitzua, baina hasten da deskubriduz gu garela lehehengo maitatuak eta maitasunak mugiarazoak. Helburu hori agertzen da umea amaren irribarreagaz aurkitzen dan unean eta maitatua sentitzen danean existitze hutsagatik. Pobreargaz partekatzen dogun irribarren bat bera be, maitasun-iturri da eta poztasunean bizitzen laguntzen deusku. Esku luzatua, orduan, beti aberastu daiteke lagun batek presentzia eta laguntza ordainarazo barik irribarrea eskeintzen deuskunean, lagun horrek poza erakusten deuskunean soilik Kristoren dizipuluen estiloaren arabera bizitzeaz.

Egunero pobreakaz topatzeko bide honetan, lagun dogu Jaungoikoaren Ama, zeina baida partikularzki pobreen ama. Ama Birjineak hurretik ezagutzen ditu baztertuta dagozanen zailtasunak eta sufrimintuak, berak be korta baten ekarri behar izan ebalako mundura Jaungoikoaren Semea. Herodesen mehatxuagaitik, veste herrialde batera ihes egin eban Jose senarragaz eta Jesus txikiagaz, eta errefuxiatu izaerea izan zan urte batzuetan familia sakraduaren ezaugarria. Pobreen Amari otoiz egiteak posible egin daiala bere seme-alaba kutunak eta Kristoren izenean zerbitzatzen dabenak batzea. Eta otoitz horrek komuninozko eta anaitasun barriztatuzko besarkada bihurtu daiala esku luzatua.

Erroma, Letrango San Juanen, 2020ko ekainaren 13an, Paduako San Antonioren memoria liturgikoan.

Eiskeratzailea: Jesus Mari Agirre

No hay comentarios: