Gabon zorion, zorion gabon!

domingo, 11 de octubre de 2020

Begoñako Andra Mari pandemia sasoian.


 Gure Jai hau domekaz ospatzen dogu aurten. Alaitasunez. Begoña izena daukazuonok zorionduz. Aldi berean, aldi ilun eta triste honetan, gaixo larri honen eraginpean.

         Umearentzat ama da dana. Eredu eta babes. Larrialdian be ai ama! Esaten dogu. Jainkoaren opari ederra da ama ona. Handiago egiterakoan, amaren hutsak be ikusten doguz. Eta inoiz ama jagotea be toketan jaku.

         Fedean be ibilbide antzekoa dagigu. Umetan dana ixten dogu Jainkoaren esku. Fede heldua badaukagu, Jainkoaren lankide egiten gara. Inoren gainean gure erantzukizunak bota beharrean, norberak hatzen dogu gure gain.

         Pandemian be antzeko zeozer jaso jaku. Sinistuta egon gara Ama estatuak dana konponduko ebala, eta… Estatuaren ezina eta guzurrak, ezagutu doguz. Batzuk, herritar ume lez, beste batzuengan bota gura doguz errua eta erantzukizuna. Herritar helduak, egoeraren larriaz jabeturik, ardura pertsonala gehitzen deutsoe kritika eta salaketari.

         Jainkoak ez deusku huts egiten. Ez magiaz gure arazoak konponduz. Bai argia eta indarra emonaz arazoei aurre egiteko. Holan izan eban fedea Mariak Jainkoarengan. Fede heldua, zintzoa, erabatekoa. Bere Jai honetan lagundu deiskula Jesusengan jartzen gure konfiantza, sinismena, fedea.

No hay comentarios: