Abenduko izarrak

jueves, 21 de diciembre de 2017

Abenduko arbolea, parkamenaren arbolea



ABENDU ALDIA 2017

ALKARTE PENITENTZIA

Lurra zainduz, pobreziaren aurka gabiz!




SARRERAKO OHARRA

Anai-arrebok: Ondo etorri! Gaur arratsaldez, benetan sentitzen dogu Jaungoiko errukitsuak onartu egiten gaituana. Bere besoak zabaldu eta errukiz besarkatzen gaituala sentitzen dogu. Geure zain egoan eta bere deiari erantzun egin deutsagu, bere parkamena behar-beharrezkoa dogulako.
Unetxo batez begiratu daiogun Abenduko arbolari. Astez aste apaintzen goaz arbola hau, kanpotik bai. Eta barrutik.
Emon deiogun hasiera penitentzia ospakizunari, zutik eta abestuz.

SARRERAKO ABESTIA

Abestia: Zatoz Jauna

ABADEAREN AGURRA

Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
Beti gure bizitzetara datorren Jaungoiko gure Aitaren eta Jesukristo bere semearen grazia, parkamena eta bakea, zuekin.

OTOITZA

Uste osoz, egin daigun otoitz. (isilunea)

Aita on eta errukitsua:
Zugana gatoz, zure parkamena behar dogu,
zure Seme Jesukristo gure bizitzara
eten barik datorrela ospatu ahal izateko.
Jakin badakizu gure bihotzetan, eragozpenak ipinten deutsaguz zure Semeari eta gehien sufritzen dabenei.
Zure egia, itxaropen eta maitasunaren indartzea behar dogu.
Lagundu eiguzu ezinbestekoa dogun bihotz-barritzea bizitzen.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
IRAKURGAIAK

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik       (Mk 13, 33-37)

Aldi haretan, Jesusek esan eutsen bere ikasleei: Begira, zagoze zuhur, ez dakizue-eta sasoia noiz dan. Gizon bat urrunera joatean lez da: etxea iztean, morroiei emoten deutse agintea, bakotxari bere eginkizuna jarriz, eta atezainari zuhur egoteko agintzen deutso.
Zagoze, beraz, zuhur; ez dakizue-eta etxeko nagusia noiz etorriko dan: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotean nahiz egunsentian. Ez zagiezala lotan aurkitu, ezustean etorrita.
Zuei esaten deutsuedan hau guztiei esaten deutset: Zagoze zuhur.

HOMILIA
KONTZIENTZIA-AZTERKETA

Pekatari autortzen dot neure burua ala harrokeriaz jokatzen dot?
Apala naz, autortzen dodaz nire hutsegiteak eta eskatzen dot parkamena horreengaitik?
Zelan ikusten dot Jaungoikoa? Akatsak akats, parkamena eskatzera hurreratzen banaiako parkatu eta maitatu egiten nauan Norbait ete da?
Lurra, planeta, mundua, danon etxea dala sentitzen dot? Holan jagoten dot?
Elizaren atezain sentitzen naz, arduradun eta ez eliztar lokartu eta pasiboa ea abadeak zer esango dauan?
 (Isilunea)

Kanta: Erruki Jauna, pekatu egin dogu ta

IRAKURGAIAK

Salmoa (Sal 79, 2a eta 3acd. 15-16. 18-19)

Jauna dot artzain…

Israelgo Artzain, entzun egiguzu,
Kerubin gainean jesarri ohi zara-eta,
egizu dirdai, zure indarrari eragiozu,
zatoz eta salbatu gagizuz.

Emoiozu eskua aukeratu dozun gizonemakumeari,
Zeuk indartu dozun gizasemeari.
Ez gara Zugandik urrunduko,
bizirik gaukazuz eta zure izenari
egingo deutsagu dei. 

HOMILIA
KONTZIENTZIA-AZTERKETA

Bateoan guztiok, gutarrak eta bestetarrak, emeak eta arrak, baltzak zein zuriak, Jainkoaren seme-alaba garela ospatzen dogu. Egunean egunean holan bizi dot ala ezbardintasunak sortzen dodaz inguruan, familian, gizartean, elizan?
Gero hori onartu eta praktikatzea egunaro asko kostetan jaku bizitzan.
Bateoa eta zuzentasuna, fedea eta justizia eskutik joan beharko litzatekez. Egingo dogu ahalegin hau abendualdi honetan? Gure bihotzean jaio gura dauan umetxoak lagunduko deusku horretan!
Bateoaren indarra eukaristian, mezatan bizi dot? Astean zehar astia hartzen dot alkarteagaz bat egiteko, Jaunari entzuteko, ospakizunean senideagaz egoteko?
Jauna dot artzain ala beste abots batzuei egiten deutsiet kasu gehiago?

IRAKURGAIAK

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 1, 26-38)

Aldi haretan, Gabriel aingerua bialdu eban Jainkoak, Nazaret eritzon Galileako herri batera, birjina bategana; birjineak Maria eban izena eta Jose eritzon Daviden jatorriko gizon bategaz ezkontzeko berbea emonda egoan.
Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan eutsan: “Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna Zugaz”.

HOMILIA
KONTZIENTZIA-AZTERKETA

Bere arazoak arren (umedun dago) bidaia luzea egiten dau Mariak Isabel bisitateko.
Guk be bidea egin behar dogu, etxetik urten, gure arduretatik urten, bestearengana urreratzeko, bere lekuan jartzeko, bere ondoan egoteko.
Gaur egun be asko dagoz gure bisitaren zain: egoitzetako zaharrak, etxeetako gaixoak, persona bakartuak eta baztertuak.
Bisita egitea, errespetoz eta karinoz, bai gauza ederra!
Ba bisita hori egin gura dau Jainkoak guregana, bere handitasunetik gure txikitasunera.
Bisita hori gauza pozgarria da, sinistu ezinezkoa, miresgarria.
Eskertu daigun Jesusen bisitea guk be sufritzen dagoan batan bat bisitatuz, lagunduz, ondotxoan egonez.
Eskertu dagiguzan baztertu, gaixo eta zaharren ondoan dagozen pertsona guztien fedea eta maitasuna!
      Eskertu daigun Jaunak dakarskun poza gure otoitza, errezuak, eleizkizunak ugarituz eta sakonduz.

Kanta:  Maitasuna non han Jainkoa, maitatu daigun lagun hurkoa


ADISKIDETZEA

·        AUTORTZA OROKORRA

Orain, autortu dagigun pekatari garala.

Nik autortzen deutsat…

·        BAKARKAKO AUTORTZAK

(Musika jarrita egin edo salmoak abestuz)

·        GURE AITA

Salbatzaileak agindu eta irakatsiari jarraituz, bildur barik esan dagigun.
Gure Aita…

ESKER ONA

Jaungoikoak bere salbamena barritu dau gaur guregan.
Amaitu aurretik, adierazo daigun esker ona abestuz:

Eskerrik asko, Jauna, bihotz-bihotzetik;
eskerrik asko, Jauna, orain eta beti.

Eskerrik asko, Jauna, gugan zaudelako
eta zure biziaz, bizi garelako.

AZKEN OTOITZA

(Danon artean pantailan ipinita)

Zatoz, Jauna, sartu gure etxera!
Zatoz guregana gizon‑emakume guztiak
euren begiekin Jainkoaren aurpegia ikusi dagien!
     Zatoz gurekin geratzeko,
itxaropena galdu
eta iluntasunari bildurra deutsagu ta.
     Zatoz, behartsuak euren duintasunera heldu daitezan.
Zatoz, zure hitzak gure bihotzetan
Jainkoaren maitasun handia kanta dagien.
     Zatoz guregana,
eta sortu gugan gose diranekin banatzeko guraria.
Zatoz, ahulak altzatu daitezan,
eta gorrotoa betirako desagertu daiten.

Zatoz, Jauna, gu salbatzera!.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.


BEDEINKAPENA ETA AGURRA 

Jauna zuekin.

Bedeinkatu zaiezala Jaungoiko ahalguztidunak,
Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.

Jaunak parkatu ditu zuon pekatuak. Zoaze Jaunaren bakean!

No hay comentarios: