Entrada destacada

Wanted 100 arratiars for the croud founding of Juanjo Elezkano's CD

40 arratiar batu gara; beste 60 lagunen konpromisoaren bila gabiz 1.000 €ko helburua betetzeko. Azken eguna abenduak 31.

sábado, 7 de octubre de 2017

Jaunaren egunean, kristau batzarrak

Jaunaren egunean, kristau batzarrak: XXX. urteurrena Arratian

Hogeta hamar urte beteten dira Arratia bailaran laikoak Jaunaren egunean kristau batzarrak egiten hasi ziranetik. Hau dala-eta, Arratiako Eleizak, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuagaz (ETPI) batera, Ana Berrizbeitiaren hitzaldi bikain btegaz hasi dau egun hau gogoratu eta ospatzen.
Atzotik datorren ekintza honen nondik norakoak eta jatorri biblikoak azaldu ditu hasieran.
Mundu zabalera be begirada itxaropentsu bat egin dogu, Aparecida-ko dokumentuak gogoratuz: Hitza dogu bizigai!
Gaurkoan, gaurko erronkak kontuan hartu doguz, ahuleziak eta ahalmenak.

Azkenik ospatzaileen lana gorapaitu dau bertsotan:



Ebanjelioaren araberako Jesusen lau presentziak:

Jesus non dago? Itaundu eustan
neskatxi batek kalean.
Lau leku edo egoeratan
dinosku Barri Onean:
Eukaristian, eta lagunak
batzen bere izenean,
bere Berbean, ta pobreagan
senidea ikustean.

Jaunaren Eguna bizi

Andran mezea, meza sikua
ederra asmakizuna,
hobeto esan abade bako
domeka ospakizuna.
Hogei ta hamar urte honetan
erronka bete doguna,
poz eta kantaz, alkarteagaz
biziz Jaunaren Eguna.

Herrigintzan be eragina

Arratiako herritxo baten
meza ostean berbetan:
eskola barik, mediku barik,
herri txikiez penetan.
Etorkizuna ez da argia,
ez daigun galdu benetan
abadeagaz, abade barik,
alkartzea domeketan.

Amaitzeko, eskerrak ospatzaileei

Ezinezkoa hiru bertsotan
eskertzea zuen lana,
hogei ta hamar urte luzeko
izerdi eta afana.
Hartu eizue, danon partetik,
bertsoz azaltzen ez dana:
hartu eizuez hamaika txalo
eta besarkada bana.





Seglarrak zuzendutako ospakizunak

Seglarren nagusitasuna onartzea eskatzen zan eta eskatzen da elizan, eta, eskatu be, arrazoituta. Izan be, gaurko seglarra heldua da, eta bizitzan agertzen dauan heldutasuna Eleizan onartzea be bidezkoa zan eta da. Ezin da gaurko Eleizea abadeakan bakarrik oinarritu, fededun guztiek erantzukidetasunez osatzen daben alkartean baino.

Ospakizunak egiten hastea, seglarrak buru, Eleizea eta fede bizitza era barri baten ulertzea zala ikusten zan, egon eitekezan arazoei be begirik kendu barik. Baina, edozelan be, ahaleginak merezi ebala uste eben sasoiko Arratiako Eleizan.

Seglarrak fede ospakizuna zuzentzean emoten dauan testigantza guztiz garrantzitsua da. Eginkizun barri horretatik itaun bereziak sortzen dira, eta kristau herriak erantzun barriak eraikitzen ditu. Erlijioa eta fedea ez da abade edo erlijioso “profesionalen” gauza.

Bide horretatik, seglarrari bere nagusitasuna eta duintasuna baieztatzen jakoz; ebanjelizazinoari aukera barria zabaltzen jako; Eleizeak daukazan ondasunetatik bat gehiago erabiltzeko erea emoten da; eta, ondorioz, mezearen zentzun sakon eta berezia bere tokian jartzen da.

Guzti horretatik, ospakizunak toki guztietan egitea ebatzi zan, ez ermitetan bakarrik. Ermitetan ospakizunak egin eta parrokietan mezak jarraitu ezkero, pastoral oinarri hau indar barik gelditzeko arriskuan ikusi zan.

Hasierako planteamendua ospakizunak toki eta ordu guztietan hilero egitea zan, Parrokietako meza Nagusian izan ezik; hori beti ospatu behar zala uste zan sasoi haretan.

Gero egoerea asko aldatu da. Sasoiko 44 meza haretatik, 10 bat ospatzen dira gaur egun, eta errekeak bere bidea egin dau: parrokietan meza bakarra geratu danez, hortxe be, hilean behin, ospakizuna egitea ebatzi da. 


Publicar un comentario