Garizuma 2020

domingo, 10 de agosto de 2014

Alkate -batzuen- arrazakeria

Jon Mirena Landa, Zigor Zuzenbideko irakaslea, EHUn
 
1 Duela 5 urte inguru, 2009ko udan hain zuzen ere, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak —bere 2. aretoaren bitartez, oso polemikoa, eta argigarria— suertatu zen epaia ezagutzera eman zuen. «Féret versus Belgika» izeneko kasuan honako hau zegoen auzitan: Feret jauna, eskuin muturreko alderdi baten (alegia, Front National-aren) buruzagia zelarik, zigor penala ezarri zioten arrazakeria eta diskriminazioa bultzatzeagatik. 1999ko uztaila eta 2001eko urria bitartean kondenatuak hainbat ibilbide orri sakabanatzeari ekin zion, bai eta alderdiko web orriaren bitartez ere, etorkinen eskubideen kontrako adierazpenekin. Funtsean, etorkinak —haren ustez— ari omen ziren bertokoen lepora bizitzen, gizarte-laguntzetatik probetxua ateratzen, eta aditzera ematen zuen, hortaz, hobe etorkinak Belgikara etorri(ko) ez balira edota joango balira.

Feret jaunak, Belgikako auzitegi penalek kondenatu ondoren, Estrasburgora jo zuen; izan ere, bere adierazpen-askatasuna urratua ikusten zuen-eta, bere iritziz, zigor penala ez ei zioten ezarri delitu bat egiteagatik, ideia eta iritzi jakin batzuk edukitzeagatik baizik, eta, jakina denez, Estatu demokratikoetan, hitzek ez dute delitua egiten: egitateak dira epaitu beharrekoak, ez esanak.

Estrasburgok, ordea, 2009ko uztailaren 19an hain zuzen ere, ez zion Fereti arrazoia eman. Ez aho batez, ordea. Gaiaren inguruko zalantzak argi eta garbi islatzen, 4 magistratuk 3 magistraturen gainetik aldarrikatu zuten Fereten adierazpen askatasuna (Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 10. artikulua) ez zela inolaz ere urratu, etorkinen aurka esandakoaren oinarrian kondena penala ezarri ziotenean.

Fereten antzeko kasu ugari dira Europan, ugari ere diren bezala Estrasburgo aurrera eraman ostean Giza Eskubideen Auzitegiak arrazakeriaren aurkako kondena penala ontzat jotakoak. Baina, kasu honetan, berezi xamarra suertatu zena hurrengo zera izan zen: Auzitegira Fereten kontra jotzera eraman zuena Feret politikari bat izatearekin zuen zerikusi zuzen-zuzenekoa. Laburbildurik, Feret ez zen edozein pertsona, demokraziaren ideien borroka zibilizatuan bere iritzia botatzen ari zena, baizik eta obligazio bereziak edukitzen dituen politikaria, bere ideiak defendatzeko orduan bereziki tentuz ibili beharrekoa talde jakin batzuen aurkako gorroto, diskriminazio edota indarkeriara ez probokatzekotan.

2 Euskal Herrian denbora tarte laburrean bi kasu, besteen artean, zalapartatsu xamar suertatu dira, bi alkatek etorkinen aurka izandako adierazpenak direla eta. Sestaoko alkateak, 2014ko maiatzean, oso hitz gogor eta iraingarriak erabili zituen etorkinen aurka. Adierazpenak zirkulu semi-pribatuan egin arren, hiritar batzuekin elkarrizketa jakin baten testuinguruan, azkenik herri-plazara zabaldu ziren, eta, gainera, komunikabideak direla tarteko, ikaragarrizko hedapena izan dute, eta populazioaren gehiengo handi bat jadanik horren jakitun da. Adierazpenok ez ziren, gainera, etorkinen aurka egiteko moduan isilbidezkoak izan, oso-oso gordinak eta esanbidezkoak baizik: Feret kasuan adierazi zena baino gordinagoa duda barik.

Ildo beretik, Gasteizko alkateak, joan den uztailetik aurrera, etorkinek gizarte-laguntzez abusatzen omen dutela ere esan zuen. Sestaoko alkatearekin alderaturik, diskurtsoa ez da gordina: alegia, ez da etorkinen aurka modu iraingarri argi eta garbian aritzen, zeharkako eran baizik. Fereten kasuan bezalaxe, etorkinak gure lepora omen direla bizi, kolektibo gisa, iradokitzen du.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ikuspegitik, mugan daude bi kasuak —Sestaokoa areago—: alegia, nekez babestuko lituzke alkateok Europako Auzitegiak, Estatu Espainiarrean esandakoarengatik kondenatuko balituzte. Beste era batera esanda: haien adierazpenek ia ziur ez lukete mereziko Europako adierazpen-askatasunaren estalkia eta babesa. Dena dela, zalantza bakarrik sortzen da kondena penalaren inguruan: alegia, isun administratiboa, alderdi politikoaren barneko zigor diziplinarioa edo, noski, erantzukizun politikoarengatik kargutik kenduko balute, inor ez litzateke harrituko, kontrakoa baizik.

Argiago esatearren: demokrazia jator batean ezin da adierazpen publikorik egin kolektibo osoen kontra. Ez da political correctness edota estilo kontu bat, batzuetan gutxiesten den bezala. Demokraziaren elkarbizitza dago jokoan. Edo eraikitzen dugu gure gizarte modernoa guztientzat lekua eginez, edo ekiten diogu horri talde-osoak baztertuz. Horrek badu izena: diskriminazioa, arrazakeria, xenofobia. Eta horretan buruzagi politikoek ikaragarrizko garrantzia dute: beraiek badute obligazio extra eta apartekoa elkarbizitza prestatzeko. Itsua izango litzateke, guztiz, pentsatzea azken batean jendeak alkateoi arrazoia ematen omen dietela. Batetik, hori argi ez dagoelako: hori nola neurtzen da? Eta, besteti,k kaltea, elkarbizitzaren kaltea, bai epe motzean, baina bai —eta batez ere— ertaineko epe eta epe luzean gauzatzen baita. Kolektibo osoaren irudi negatiboa egonkortzen badugu gure gizartean, nolatan txertatuko ditugu normaltasunez kanpotarrak gure gizartean? Eta ez bagara gauza kanpotarrak gizarteratzeko, baztertuak bilakatuko ditugu, injustizia eta arazo ikaragarriak sortuz: etorkizuna pozoituz.

Aipatu alkateak suarekin ari dira jolasten, laster gu guztiok —sutean harrapaturik— erre ahal izatekoa. Pentsa dezagun, bestela, Algortan izan zen talde etniko kide batzuen aurkako erasoen kontuan. Eta, kontuz, ez nabil esaten alkateek sortu duten giroaren ondorioz Algortakoa gertatu dela, terrorismo gaietan pentsamolde hori askotan erabiltzen bada ere erantzukizun penala ezartzeko. Esaten ari naizena, bada, herri-plaza eraikitzen alkateek kale egin dutela, eta kalte ikaragarria egiten ari direla. Ez, agian, erantzukizun penala ezartzeko adina; baina, duda barik, beraien alderdi politikoetatik bakartuak izan daitezen. Diskurtso xenofoboak mozten ez badira errotik, horiek bukatuko dute alderdi politiko osoak zanpatzen: Europa adibide.

No hay comentarios: