Benedika Jauna!

sábado, 9 de septiembre de 2017

Iraila: udazkena eta San Migel: Urtaro 11


Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren atal barri bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana irailari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. Oraingoan idibatearen ingurukoak, Iraileko Andra Mariaren jaiotze Jaiak, Artea Lemoa eta  Arantzazun eta San Migel. Eskerrik asko Manu!  




 Más artículos de la serie Urtaro clic aquí. 



IRAILA, GAROILA, AGORRILA

Naturaren emoitzak agortuz datoz eta euren artean basoko ida edo irak orbeltzen beste zuhaitz hostoerorkorretako orrien antzera.
Sasoi honetarik aurrera, orbela batu, idak ebagi, meta edo idapiloak egin eta abarretan ziarduten gure aurrekoek. Helburua, satsa lortzeko aurre-lanak egitea.
Gaur egun, lurrerako abonu edo ongarri kimikoak nagusitu jakuz eta abonuez trataturiko lurrak erosi ere egiten dira zertarako hartarako.
Baina lehenago, gure baserrietan, satsa zen abonu bakarra eta hori lortzeko oinarrizko ekintza bihurtu zen idebate, azpigarri batze eta abar guztia.
Esaera zaharrak dinosku: “ sats bako ereitzea eta diru bako ezkontzea berdinak”. Eta hala izaten ei da, lurrak satsa eta gizakiak bizitzeko lain diru beharrezko duen bezalaxe.
Basoetako ida, orbel eta azpigarria korta-ganaduei azpiak egiteko erabiltzen ziran. Azpigarriok sats egin ahala atara egiten ziran kanpora eta sats-piloak egin, fermentatu eta behar zanerako prest eukiteko.
Labrantza lurretarako erabiltzen ez zan satsa, landetan zabaltzen zan belartzak lortzeko.
Chileko nitratoa edo txori-satsa lehenengo eta gero abonu kimikoak etorri ahala, desagertzen joan da lan neketsu hau eta gaur egun korta modernoei esker, ia-ia satsik egin ere ez da egiten. Nolako aldaketa!

IDEBATEAK  HERRI-BASOETAN

Etxagunek euren basoak zituzten satsgaietarako baina errentadoreak ez, ugazabak emon ezik bere basoetakoa.
Baina, ia herri guztietan dagoz herri-basoak edo komunalak, eta horrelako danetan, ida garaian banaketa egiten zan. Nola? Ikusi daigun Arratiako ohitura hau:

Udaletxeak baso arloak izendatzen ebazan eta herriko plazan alkartu interesatu guztiak, errentadore zein etxagun.
Iraileko egun bat aukeratzen zan eta agintariak adarra joten ebanean, danak hasten ziran galapan basoko arloa harrapatzeko. Igitaia lehenengo sartzen ebanarentzat izaten zan ha arloa. Eta, jakina, nor nagusi? Hanka bizkorrak zituena eta esaerak dinoskunez, ezeukia zer dan dakiena bizkorrago ibiltzen ei da eta etxagun asko bekoki astunduta ikusten ei ziran errentoreen bizkortasunaren aurrean.

Behar astun honen ondoan jai ospetsuak ere badagoz hilabete honetan. Aipatu dagiguzan batzuk:

SANDONIAK EDO ANDOLIN DEUNA

Irailaren bian hasita, herri askotan ospatzen dira jaiok baina urteak joan urteak etorri herri batzuk entzutetsuago egin jakuz, esate baterako Lekeitio, bertoko antzar joko edo “ antzarrada” kontutan hartzen badogu. Igorre be badauka bere ermitea santu honek.



AMA BIRJINAREN JAIOTZA - OSPAKIZUNAK


Irailaren zortzian, Ama Birjinaren jaiotza ospatzen da hainbat eta hainbat herritan, Lemoan eta Artean lekuko.
Bizkaian, Urduña gainean, hantxe daukagu Antiguako Ama Euskal Herriari begira.
Txiki txikitatik ezagutzen izan dogu jai honen berri etxeko supazterretan abestu egiten euskuelako abesti hau:

“ Arre-arre mandako
bihar Urduñarako
handik zer ekarriko
zapata ta garriko,
eraztun bat eriko!”.


ARANTZAZUKO AMABIRJINA


Irailaren bederatzian ospatzen da Arantzazuko Amabirjinaren egun handia.
Oñatetik Urbiarako bidean, hantxe daukagu Frantziskotarren egoitza ederra, inon ederrik bada.
Sineskerak dioskunez, artzaitxo bati agertu omen zitzaion Amabirjina arantza baten gainean. Agerpenean, baseliza txiki txiki bat egiteko agindu ei eutson eta hasieran hasierakoa eta gaur gaurkoa Arantzazu Euskal Herri osoko erreferentzia bihurtu jaku, bai sinismen eta bai kultura leku. Gogoratu dagigun abesti eder hau:

“ Zuk zer dezu Arantzazu?
amets kabi, otoitz leku,
Euskal Herria oso osorik
kantari jartzen dakizu.
Izena bera Arantzazu
kantu ederrena dezu
hitz bakar hori mintza orduko
kantari jartzen gaituzu”.




UDAGOIENA EDO UDAZKENA

Ospakizunak ospakizun, urteko egutegia aurrera doa eta irailaren 21ean udagoien edo udazkeneko ekinozioan sartzen gara.


UDAGOIENA EDO UDAZKENEKO ESAERAK


1-. Udagoieneko loreak indar gutxi
2-. Udazkeneko loreak fruta gutxi
3-. Udazkenean uso pasea izateko, aurrena txoriak pasa behar.
4-. Udagoienean batzeko aurretik egin behar.
5-. Udazkenean orbela lurrean.


UDAZKENEKO EKINTZAK


Etimologiara bagoz, euskaldunok UDA erroa hiru urtaro edo estaziotarako darabilgu: UDAberri, UDA eta UDAgoien edo azken, NEGUrekin kontrajarriz. Hots, udaberrian natura berpiztu, udan garatu eta udagoienean heldu egiten da.
Esaera zahar batek  diosku , “udagoienean batzeko, aurretik egin behar”.  Egia esan, Euskal Herrian, udan bertan hasten dira batzen, garia eta abarrak baina gainetiko uztak udagoienean zehar.

Naturaren zikloko lau aroak hartuz, beharbada, udazkena dogu ozpakizun aldetik urriena, uda eta neguaren arteko zubia delako.
Baina, baserri mundura bagoaz, pisu handiko estazioa dugu nekazaritza eta artzaintzan, itsasoa ahaztu gabe.
Euskal Herriko baserrietan, udagoiena uztaroa da. Urtean zehar ereindako hazien eta fruta-arbolen frutuak batzeko sasoia dogu. Horra hor, laboreak, linua, artoa, mahatsa, sagarra-madariak, gaztaina, intxaurrak, hurrak eta abar luze bat.
Uzta batze horrek, beste hainbat ekintza ekarriko ditu, hala nola, gari eta artoaren prozesua, galburu edo eta artaburutik hasi eta urun egin arte, linuaren lanak eta penak, mahats eta sagarrarekin egiten dan ardo, txakolin edo sagardoa etab.
Urtean zehar hazi eta loditutako abere batzuk ere txarriki edo zezin gatzituetarako aukeratzen dira negurako jaki bezala.
Ganbaretan, sagarrak, intxaurrak, hurrak, indabak, gaztainak, madariak eta abar gorde egiten dira etxekoen beharrizanak betetzeko.
Udagoienean, uzta batu bakarrik ez, hurrengo urterako ere pentsatu behar da eta horretarako hurrengo urteari begira hazirik onenak aukeratu eta hazitarako gordetzen dira, hazeguna heltzen danean ereiteko, batzuk sabi edo mintegietan lehenengo, piper-tomateak esaterako, gero  ernaro on baten ostean ortuetan landatzeko eta beste batzuk zuzenean lur landuetan, gari-artoak adibidez.
Aipatu ditugun ekintzak, txandakatzen joango gara udagoieneko hiruhilabeteotan zehar.


HURRAK ETA INTXAURRAK

Gaur egun, era guztietako gozokiak ditugu edozein lekutan, baina lehenago, gure baserrietan ez zegoen holakorik eta hur-intxaurrak ziran nagusi gabonetako intxaursaltsa  zein urtean zeharko agilando guztietarako.
Horrexegatik, udagoienean, batu egiten ziren fruitu sikuok eta gorde artza, zakuto edo otzaretan.
“ Umeak Madrilen ere ume”  dinosku esaerak eta holantxe izaten zan, eta deskuidatuz gero, fruituok zoruratu ahala jan egiten ziran. Horregaitik, mehatxupean eukiten ebezen umeak zein bat ere barik geratu.



GAZTAINAREN KULTURA

Euskal Herrian, artoa eta garia nagusitzen hasi arte, gaztaina, janari garrantzitsua izan da gure baserrietan.
Gaztaina izena latinetik datorkigu eta badirudi erromatarrak akarritakoa dela nahiz eta gero gaztaina mota bakoitzak euskal izena hartu: esaterako: edadegeak, saldaimentuak, lopetxak, ataloak, mentugorriak etab.
Udagoienean, gaztainondoa eratzi egiten zan fartika edo baranda batekin. Behin kirikiñoak lurrera bota ondoren, batu egiten ziran eta kirikinisuetan gorde edo eta etxera eroan.
Kirikinusiak harrizko edo zurezko hesiak ziran eta hesparruok kirikinoz betetzen ziran eta gero tapatu zein ganaduren batek jan.
Denborarekin, kirikiñoak usteldu egiten ziran eta errezago apartatzen ziran gaztaina garauak, jateko zein saltzeko.
Gaztainak, danborilean erreta zein lapikoan egosita jaten ziran, afarian batez ere.
Fruituaz kanpo, gaztainondoak zur preziatua ematen izan deusku, oholak, etxegintza zein altzarietarako, zurmitzak otzara, zaran eta abarretarako, egurra ikazgintza edo surterako etab.
Urteak joan urteak etorri, gaztainari gaixotasuna etorri jakon eta arazo horrek apurka-apurka azkena emon eutsn kultura honi.
Baina euskaldunon herri zaharra bizia danez, gaztaina galdu ahala beste landare mota batzuk landatzen hasi zan.
Garrantzitsuena pinua izan zen. Besteak beste, Mario Adan de Yarza (Bilbo,1846-1920) nagusitu zen basoak barritzean. Koniferak ekarri ebazan kanpotik, batez ere “ pinus insignis” eta hemen landatzen hasi.
Pinu mota honek, iritziak iritzi, beste mundu baten sartu gaitu: Papelera, zerrategi eta abarretan.
Pinu mota honen landatzetik botatzerainoko batazbestekoa berrogei urtekoa da. Landatu eta urte batzuetara entresakak egiten dira eta apeak papeleratara eraman papela egiteko. Enborra loditzen danean, oholerako balio du eta zerrategietan egiten da lan hori behar den gauzetan aplikatzeko.
Guzti honek, baserrietako etxagunen ekonomiari bultzada bat emon deutso eta belaunaldiz belaunaldi probetxua atara.
Gaztainaren kultura atzean geratu jaku eta atzerago joanda, mitoetaraino heltzen gara. Ikus dezagun, Perutxu bizkorrak nola asmatu omen zuen trontza jentilen esanetarik gaztaina orrira begiratuta: Aikomen!


PERUTXU, JENTILAK ETA BURDINGINTZA 


1
Jentil artean oso erreza
ei zen burdina lantzea
hori zen behintzat bai Perutxuren
ta herritarren ustea
lehenengotan garia eta
gero errota lortzea
herritarrentzat izan omen zen
bizi aurrerapidea,
hurrengo baten jentil ola bat
lortu zuten sorostea
ikasiz nola egiten zuten
burdinaren soldatzea
horretarako behar zelako
buztina edo area.



2
Jentil guztiak oso haserre
zeuden baso ta mendian
eta ostera pozez beterik
Perutxu eta, herrian
baina tresna bat ikusten zuten
han jentilen pagadian
trontza luzea hara ta hona
pagoaren ipurdian,
bota ta bota pago garraztak
euren ingurumarian
Perutxu eta ohartu ziren
aurrerapide handian
eta sorosten ibili ziren
gaueroko  ilargian.


3
Sorostu arren ibili ziren
gura eta ezinean
eta Perutxu oinarritu zen
herri zuhurtasunean,
ola gizon bat bialdu zuen
udako egun batean
esanaz trontza sortua dela
olagizonen artean,
hori entzunik jentil guztiak
jarri ziren ezetzean
esanaz hori ezina zela
eurekandik apartean
gaztañorria behar zelako
trontzaginak egitean.


4
Perutxuk eta gaztañorria
laster egin zuten hartu
eta haginak nola zituen
berehala begiztatu,
olara joan eta trontza bat
egin zutenean sortu
pagadui baten badaezpada
egin zuten konprobatu,
aurrerakuntza handia zela
ziren denak konturatu
baina mendian jentil guztiak
egin ziren haserretu
eta birritan pentsatu gabe
iluntzean herriratu.


5
Perutxu eta, lotan zeudela
agertu zen ilargia
eta jentilak olara sartuz
egin zuten fetxoria
trontzari guztiz oker okertu
haginadura guztia,
arin ikusi zuten herrian
iritsiz egunsentia
jentilak gabaz maltzurkeriaz
egindako okerkeria,
baina begira norainokoa
izan zen ha miraria
trontza berriaz nagusitu zen
Perutxutarren herria.




&
Mendi altura aldatza
loreak ere arantza
lur honetako bizibidean
ez baztertu esperantza.



MIGEL GOIANGERU DEUNA

Irailaren 29an ospatzen da hau jai hau eta hainbat herritan egin ere. Besteak beste, hiru leku esanguratsu  hartuko ditugu: bata Aralarrekoa, Nafarroan,  bestea Erñozarrekoa, Bizkaiko Santimamiñe gainean dagoena eta hirugarrena Iurretakoa, Durangori deutsala.
Hiruak ditugu leku mitikoak eta zer egokiagorik bateko eta besteko mitoren bat kontatzea baino.
Ereñozarreko ermitara bidean, haitzean, berezko hiru eskilara aurkitzen dira eta herritarren ustez, San Migelen hiru pausuak ei dira deabruari ihes egite ordukoak.



ARALARREKO  HERENSUGEA 


“ Behinola, San Migelen eleiza dagoen mendi tontorrean, herensuge bat bizi omen zen eta herrira joaten zen bakoitzean deskalabruak egiten omen zituen.
Horretara, herriak, herenzugea aplakatzeko, egunean pertsona bat ematea pentsatu zuen.
Egun batean, neska bati tokatu zitzaion herensugeren zain egotea. Ha neskatoa itxaroten zegoela, penitentzia betatuten zegoen Goñi zalduna hurreratu zitzaion bere katea luze batetik lotuta zeuzkan burdinazko oinetako eta guzti, eta etxera joateko agindu zion neskatoari.
Handik lasterrera, deabrua agertu zitzaion Goñiri gizon feturan eta badiotso:
-Burdinazko oinetakootatik irtetzeko, zeure gorozkiekin igurtzi beharko dituzu oinak.
Halaxe egin zuen eta libratu ere bai katea narraz eraman arren. Herensugea etorri zenean, Goñiren katea irentsiten hasi zen eta beragana hurbildu zenean:
- San Migel, lagundu! - deiadarka hasi zen.
Esaten da, zeruan entzun egin zirela berbok eta batenbatek esan ere egin ziola San Migeli:
-Mundutik deika dauzkazu, zoaz!
-Bakarriz ez, erantzun omen zuen San Migelek-, Jaungoikoa buru gainean dudala joango naiz joatekotan.
Halaxe egin omen zuen eta San Migelek bere ezpata zorrotzarekin burua egabi omen zion herensugeari eta katea Goñiri.
Gerora, hantxe bertan egin omen zen San Migel eleiza, gaur egunetan ere entzute handikoa.”


“ AITA SAN MIGEL “ IURRETAKO EZPATADANTZA

Herrian zein dantzarien artean erabiltzen da kopla nagusi hau, letra ez danean, soinua edo biak batera. Horra hor:

“ Aita San Migel Iurretako
zeru altuko lorie ( gloria)
agure zaharra dantzan ibili
hak eiten jozak barriek”.


SAN MIGEL HERRI ABESTIA

R.M. Azkuek batu euskn abesti hau bere “ Cancionero Popular Vasco “ bilduma ederrean:

“ San Migel dogu geure patroia
jarraitu ondo berari
zapalduteko zintzo burua
infernuko dragoiari
mundu (h)onetan egin eztaigun
sekula gatxik iñori”

“ Izanik aldi atan
zeruko jentea
alde bat guztiz ona
bestea deungea
esetsi gogor batek
birrindurik Luzifer
geratu zan kapitan
zeruan San Migel”.


BASO ETA GAINETIKO ZUHAITZAK

Udagoienean, gure Amalurtarrak baso eta inguruko zuhaitzei begira egozen. Zuhaitz bakoitzak bere funtzioa bete eta betetzen  dau euskal gizartean eta hona hemen kopla-kantuz euretariko batzuen aipamena:

EUSKALDUNA ZUHAITZEI KANTUKA

1-.
Oinarri sendoan haitza
basoan zutik zuhaitza,
gizakiontzat babes lekua
gure betiko haritza.

2-.
Lur goienean iparra
zeru altuan izarra,
basoan eta etxe ondoan
gizonen lagun lizarra.

3-.
Haziaren ernaroa
lur onean oparoa,
Euskal Herriko gure basoan
beti emankor pagoa.

4-.
Ur artean ugartea
arbolatsu basartea,
euskaldunontzat batzar lekua
orri iraunkor artea.

5-.
Basaloreen usaina
gozoa eta bikaina,
janari eta egurtarako
horra hor gure gaztaina.

6-.
Piperraren azal fina
batzuetan pipermina,
pozoitarako erabili da
gure basoko hagina.

7-.
Gauean zerua baltza
diz-diz keinuka izartza,
errekaldean erne ta hazten
bihotzik ez duen haltza.

8-.
Berdea zuhaitz orria
lurpeko lurra gorria,
barrutirako hesi bizia
arantzazko elorria.

9-.
Izotzetik ura hotza
gari lastotik  ahotza
etxe ondoan beti presente
sinbolozko ereinotza.

10-.
Lorez beterik maiatza
lorerik lore erletza,
lorera lehen datozen biak
otea eta saratsa.

11-.
Mahatsondotik ardoa
sagarretik sagardoa,
fruta landarez beterik dago
gizakiaren soloa.

12-.
Baso-zuhaitzak egurra
pago-haritzak ezkurra,
gizakiaren etxe ondoan
hurritza eta intxaurra.



IRAILEKO  ESAERAK

1-. Iraila, udaren buztana eta neguaren hastapena
2-. Iraileko euria, berrogei eguneko euria
3-. Iraileko euriak mahasduia ondu
4-. Agorrila idaila
5-. Garoilak neguari keinu.





Publicar un comentario